hezkuntzaren jabegabetzea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
hezkuntzaren jabegabetzea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020(e)ko martxoaren 16(a), astelehena

Hezkuntza… edo EZkuntza, Pedro García Olivo



Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 14. saio honetan, Volapük argitaletxearekin argitaratu dugun "Educación sin propiedad" liburuko Pedro García Olivoren ataletako baten itzulpena irakurri dugu: Me enseñó a ser árbol, Nerea Odriozolak itzulia.

Me enseñó a ser árbol, zuhaitz izaten irakatsi zidan. Pedro García Olivo (Nerea Odriozolaren itzulpena)

Eskolak eragiten dituen kalteak espainiar estatuan eta beste leku batzuetan nabarmen salatu dituen pertsonetako bat da Pedro García Olivo. Salatzea, bere kasuan, ez da diskurtso bat, bere ideologiarekin bizimodu koherentea bilatu duen pertsona da, pertsona ausarta. Eskola alternatiboen aurka ere aritzen da, ardi-larruz jantzitako otsoak baino ez baitira, kasu gehienetan behintzat; eskola bera baieztatzen baitute, metodologia berrien izenean, erakunde elitistak eratuz kasu asko eta askotan, familia berezi batzuentzat soilik balio duten eskolak izanik.

Ba Pedro García Olivoren artikulu bat ekarri nahi dizuet irratsaio honetara! Izan ere, “Educación sin propiedad” liburua Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko lehen mailan erabiltzen dugu, Lehen Hezkuntzako graduan, hau da, maisu-maistra izateko prestatzen ari diren ikasleekin, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I deritzon irakasgaian. Liburuko artikuluak eta artikulu-zatiak eztabaidatzen ditugu, interpretatu, berregituratu eta berridatzi, eta horien artean, Pedrok idatzitako artikulu bat, oso berezia: “Me enseñó a ser árbol”.

Artikulua Nerea Odriozolak itzuli du eta klaseko lan gisa entregatu du, bere baimenez argitaratu dut hemen.

ME ENSEÑÓ A SER ÁRBOL (ELEGÍA)
Pedro GARCÍA OLIVO

Hilabete honetako 8. egunean ohiz kanpoko gizon batek utzi gintuen.

Sekula ez zidan esan zer egin behar nuen; inoiz ez ninduen bultzatu inolako norabidean; inoiz ez zidan bere munduko eta bizitzako ikuspegia sustatzeko sermoirik eman; inoiz ez ninduen zigortu; inoiz ez ninduen saritu; inoiz ez zuen nire enpeinutan laguntzeari eta bertan egoteari utzi, zeinetan bere pentsamenduei aurre egiten zien baina ez bere bihotzari.

Sozialismo errealera alde egin nuenean Europara, lanik egin gabe bizitzen saiatzeko, berak, sekula ezerengandik ihes egin ez zuen gizon langileak, autoa prestatzen eta ekipajea parrilan egoki kokatzen irakatsi zidan.

Hezkuntza bertan behera utzi nuenean ahuntzain izateko, berak, irakasleen eta hauen lanaren kontzeptu egokia zuen. Ez zen guztia bertan behera utzi eta pobrezian bizitzearen aldekoa. Baina, nire animalien ukuilua eraikitzen lagundu zidan.

Kobazulo honetara joan nintzenean basapizti baten pare bizitzeko, berak, niretzat etxe erosoago bat nahiago izango zuen horrek, urte batean belarrak eta fruituak loretu ez eta, ondorioz, asko argaltzen ari nintzenez, kaiola bat oparitu zidan txoriak eta untxiak harrapatzeko. Era honetan, egoera hartan nuen desnutrizioari aurre egiteko aukera izan nuen.

Eta ni, esperientzia pertsonaletik abiatutako pedagogiaren aurkari sentitzen nintzen honek, garrantzia ematen nion nire hausnarketen dekantazioari, irakurketa zehatz batzuei. Horregatik, gaur egun onartu beharra daukat, elegia honen hasieran, nire maisu ezkutua, oharkabekoa, sakona, behin betikoa eta gaindiezina, nire aita dela. Berak irakatsi zidan zuhaitz izaten.


Paco
Antzinako ijito kantu batek dio ez dagoela maitasunik amarena bezalakoa denik, ezta aita on batena bezalako itzalik ere. Rom aita ez da Argia, Gidari, Eguzkia; baizik eta itzala, itzal ona, denboraren eta lekuaren zorroztasunaren aurkako babesa. Bere senar barik etxera heltzean, hil berri, nire amak hauxe esan zuen: << Etxe hau itzal barik gelditu da. Zein etxe itsusi eta txarra, jada ez dut gogoko.>>. Betiko maitasuna…


pAco
Pikmin Swaggerek rap kontzertua eman zuenean Albateran, bera bertan izan zen. Aitona bat zen, publikoko pertsona zaharrena, ia ezin zena zutik mantendu.

Ez zuen musika hura oso ondo ulertzen, eta zenbaitetan ez zitzaiola gustatzen adierazten zuen. Baina bertara joan zen, izan ere bere biloba Pikminek, abestu egiten zuen. Eta bera, zuhaitzen jakinduriarekin, itzala ematera joan nahi izan zuen, bultzadatxo bat, animoak ematera. 

Ez dut inoiz eszena hori ahaztuko: Paco, zutik, ixkin batean, oholtzaren eta bozgorailuen alboan, irrikarekin bere bilobari begira, bere gauzak abesten zituen, bere belarriek gustuko ez zituzten gauzak, marihuanari buruz ia debozioz kantatzen zituen gauzak adibidez, eta hori berari arinkeria iruditzen zitzaion; baina hala ere, arreta eta estimu guztiaren aditzen zuen. Nik neire aitari begiratzen nion, eta pentsatzen nuen: zuhaitza da, haritza da.


paCo
Une batzuetan elkar ikusteko desira sutsua sentitzen dugu, eta ezin dugu, ozeano batek banantzen gaituelako. Eta penatu egiten gara horregatik.

Hitzak idatzi egiten diren uneak daude eta irakurtzean pasada txarrak jokatzen dizkigu, zeren eta hitz soinutsua behar da, hitz gorpuztua, ahotik irteten dena, keinuetan eta begiradetan bilduta dagoena, eta belarrira osorik heltzen dena. Inkomunikazio partzial horren ondorioak jasaten ditugu, eta haize izoztuak gure arimatik jalgitzen diren samurtasun izpiak erretzen ditu.

Batzuetan norbanakoaren exigentzia antzematen dugu, norberak jardutekoa, baldintzapenik eta presiorik gabe, bilatuak ez diren laguntzak erabili gabe, inoren iritzitik urrun. Eta larritu egiten gaitu beste testigu baten presentziak, nahiz eta beste hori maitagarri bat izan.

Zuhaitz bezala, nire beharra daukazunean zugandik gertu egotea gustatuko litzaidake, soilik beharra duzunerako. Itzal bat ematea, babesa, ihintza badago edo eguzkiak gogor jotzen badu, eta ankerkeria horiek traba egiten badizute. Baina ez naiz zure etxean azalduko, erremedio gabe ikusi ez nazazun eta egunero egon ez gaitezen. Zuhaitza bezala, nire hazkuntzarako baliabideak ditudan lekuetan haziko naiz, zugandik gertu, zure inguruan.

<<Aske izateko, ez daukagu zertan baimena eskatu>>, esan zuten zapatistek eta joan egin ziren, besterik gabe, Gobernu Okerrekotik. Zuhaitz izateko, desira izatea nahikoa da, horixe diñotzut. Eta ni izango naiz, otsailetik, zuhaitz zure hiriko bazter batean. Bertan egongo naiz hemen nagoen bezala, zure hitz idatzien irismenean; baina bertan izango naiz hemen egon ezin dudan bezala, zure ahozkotasun eta gorpuztasun irismenean. Behar bezainbestetan izango nauzu, eta ni gabe egongo zara behar ez nauzuean.

Horregaitik, bihotz, ez dizut baimena eskatzen denboraldi bat zure herrialdean bizitzeko: zure auzunean biziko naiz, hori baita nire izateak gehien miresten duena, gorputzak eskatzen didana. Zuhaitz, bertan haziko naiz; itzala emango dizut, behar duzunean eta gertu bazaude.

Zuretzat zuhaitz izan nahi dut, eta zuhaitz izaten neure aitak irakatsi zidan.


paCo

García Olivo, Pedro (2018), Nerea Odriozolak 2019ko azaroan euskararatua.

Nerea Odriozolaren iruzkina:
 
Testu hau ziur nago hainbat eratan interpretatu daitekeela. Nik era baten ulertzen dut. 

Sarritan ama izatearen garrantzia goraipatzen da, aitarena alde batera utziz; testu honek aitak duen garrantzia ikusarazi nahi du, testuan aipatzen den mutikoarengatik egiten dituen ekintzak aipatuz. Ekintza hauek benetan hunkigarriak iruditzen zaizkit, politak. 

Aita honek ez dio esaten zer egin behar duen, guraso askok egiten duten bezala. Berak nahi dituen gauzak egiten uzten dio, hau konfunditu dadin eta bere konklusioak atera ditzan. Aita honek bide horretan laguntzen dio, behar duen sostengua emanez.

Metafora bezala ulertzen dut zuhaitz kontzeptua, eta aita honek bere semeari esan nahi dio beti egongo dela bere alboan, nahiz eta fisikoki ez izan. Pertsonak ez dira gure bizitzetatik joaten, ahazten ez baditugu. 



Honatx jatorrizko artikulua:
García Olivo, Pedro (2018). Me enseñó a ser árbol (elegía). In J. Encina, A. Ezeiza eta Emiliano Urteaga (koord.), Educación sin propiedad (455-458). Guadalajara: Volapük. Deskargatzeko: https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=1034

Artikuluaren lokuzioarekin batera entzundako musika Red Hot Chili Peppers taldearen “Snow” izan da, Nerea Odriozolaren iradokizuna.

KREDITUAK


Artikuluaren itzulpena: Nerea Odriozola

Esataria: Ainhoa Ezeiza

Sintonia: Mitxoleta - Eneritz Furyak (Eneritz Furyak, 2017)
https://youtu.be/z-l61G-8-oY

Blokeen arteko musika: "Snow" - Red Hot Chili Peppers (Stadium Arcadium)
https://youtu.be/ifXalt3MJtM

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

2020(e)ko martxoaren 14(a), larunbata

«Educación sin propiedad» liburua



Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 13. saio honetan, Volapük argitaletxearekin argitaratu dugun liburu-tetralogia aurkeztu ondoren, "Educación sin propiedad" liburuaren zertzelada batzuk emango ditu Ainhoa Ezeiza esatariak.

Liburu honekin, eguneroko bizitzaren autogestioari lotutako liburu-bilduma amaitutzat eman dugu.


Liburu hauek Volapük argitaletxearekin egin ditugu eta orokorrean, bildumako liburu guztietan mintzagai hauek izan ditugu: eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa, Boterea, kolektiboki eraikitzeko erak, elkarren arteko laguntza, horizontaltasuna... Liburuak kolektiboak dira, leku eta inguru desberdineko jendearen idatziak bildu ditugu, mundu berri bat eraikitzeko lagungarriak izan daitezkeen pentsatzeak/sentitzeak/egiteak jasotzeko asmotan, kasu guztietan harreman-moduak edukiak baino garrantzitsuagoak izan dira...
Hauek dira liburuetako izenburuak eta informazio gehiago biltzeko estekak:
"EDUCACIÓN SIN PROPIEDAD. Con escuela y sin escuela, nunca nos dejan hacer lo que queremos, y el Poder es su ley" liburuaren amaierarekin, beste fase bat itxiko dugu, zeinetan materialak biltzen, idazten, egin ditugun eta gustatu zaizkigun gauzak jasotzen eta jendearekin eztabaidatzen aritu garen, Iberiar Penintsulan, Kanarietan, Ameriketan... topatu dugun jendearekin kolektiboki eraikitzen. Hemendik aurrera, gehiago ariko gara jendearekin eta jendearengandik lan egiten beren eguneroko espazio eta denboretan (AL(T)ZA proiektuan, esaterako) eta UNILCO-espacio nómada unibertsitate librearekin batera formakzioa garatzen.

Esan digute oso izenburu bitxia, xelebrea hautatu dugula liburu honetarako, halako iruzkinek berriz ere adierazten dute noraino gauzkan Jabetzak harrapatuta, "nirea" defendatzeko obsesioa, edozer eta edonor "niganatzeko" desira, bizitzako eremu guztietan, hezkuntzan ere bai. Berez, uste dugu ezin dela eratu gizartea eraldatuko duen inolako hezkuntzarik ez bazaio Jabetzaren gaiari benetan heltzen. Beste pertsona batzuen bizitza kontrolatzeko eta kontrolaturik bizitzeko joera hori apurtu behar dugu, eta horretarako modu asko dago, ahots asko, kantuan...

AURKIBIDEA

Zaguán. Emiliano URTEAGA

PREÁMBULO

A modo de prólogo: Pedagogía del revés. Isabel ESCUDERO
Educaciones y complejidad. Ainhoa EZEIZA y Javier ENCINA
Consenso/disenso: de la certeza a la duda. Javier ENCINA y Ainhoa EZEIZA
Oralidad y Escritura. Javier ENCINA y Ainhoa EZEIZA

AMBULANDO

La recreación del lazo social: la revolución de nuestros días. Raúl ZIBECHI
Educaciones centrífugas. Javier ENCINA y Ainhoa EZEIZA
Desescolarizar a la sociedad. La educación hace lo contrario de lo que dice. Braulio M.E. HORNEDO
«¡Forjad, forjad escuelas, malditos!» (Contra la industria de la Educación Alternativa). Pedro GARCÍA OLIVO
La pedagogía libertaria como elección política. Ani PÉREZ RUEDA
Niños libres para construir una sociedad libre. Una arenga contra la Educación. Jesús GARCÍA BLANCA
El biopoder del mundo adulto en la construcción de los discursos de la infancia sobre la escuela y el profesorado. Siu LAY-LISBOA y Manuel MONTAÑÉS
Clases sociales, pedagogías y Reforma educativa. Julia VARELA y Fernando ÁLVAREZ-URÍA
Las posibilidades de la autogestión en la enseñanza pública. Francisco José CUEVAS NOA
Nuevos modos de leer. Jesús MARTÍN-BARBERO
¿Máquinas o personas? (Preguntas con respuesta, a debate). Antonio VIDAL
Una ciudad caótica: construyendo espacios para la convivencia, la escucha, la solidaridad, el apoyo y la actitud política alternativa. Adrián Alejandro MORALES
Deporte, educación, ideología, poder y globalización. Eloy ALTUVE

NOMADEANDO

Otras formas de aprendizaje desde la Educación Popular y la Innovación Ciudadana. Sandra Viviana SÁNCHEZ
El horizonte utópico de una educación común. Construir en colectivo los espacios de confianza y relación. Emiliano URTEAGA y Julieta SANTOS
Simulacros: trabajando la esperanza de lo imposible en la Universidad del País Vasco. Ainhoa EZEIZA y Javier ENCINA
Del coraje a la esperanza: La lucha por la universidad de los pueblos del sur (UNISUR). Sinaí RIVERA MARTÍNEZ
Breve ensayo sobre la Escuela Libre Paideia. Adrián SOTO
Raíces y Flores: una experiencia de educación libre y autoaprendizaje conectada con la niñez, la familia y la naturaleza. Jorge RUIZ MORALES y Estefanía TEBAN GÓMEZ
Escuela, guerra y resistencia. Diarios desde dos instituciones educativas en el Departamento del Cauca. Maestros EDUCACIÓN DESDE LA DIVERSIDAD
Cómo ser madre y no morir bajo el peso de los ladrillos de la escuela. Ainhoa EZEIZA, Carmen PÉREZ ARAUJO, Estefanía ZARDOYA, y otras

EPIÁMBULO

Me enseñó a ser árbol (Elegía). Pedro GARCÍA OLIVO
La lengua, señores... Agustín GARCÍA CALVO
Un matrimonio feliz. Emilia NEGRETE
Cultura Libre y Educación. Crítica al adoctrinamiento en el modelo hegemónico de Propiedad Intelectual. Noelia CÁMERON NÚÑEZ y Antonio DELGADO BAENA.
Elogio del analfabeto. Hans Magnus ENSENZBERGER
Participando con y desde la gente. Algo más que una introducción. Javier ENCINA, Mª Ángeles ÁVILA y otr@s

Liburuan zehar, askotariko ikuspegiak eskaintzen dira, disentsuan lan egiten lagunduko digutenak. Zenbait testuk beste testu batzuen kokapen antagonikoa badute ere, liburu honetan elkartu eta solasean jarri dira eta zeharka irakurriz, egileek eurek irudikatuko ez lituzketen sinpatia eta enpatia ugari topatzen dira, identitatetik identifikazioetarantz jotzeko bidea eraikiz.

Hezkuntzaren inguruko debate bat proposatzen da, ikuspegi antiautoritariotik abiatuz. Egile eta esperientzia desberdinetan honako kontzeptuak mahaigaineratzen dira: deseskolatzea, gizartearen ezagutza, jakintza komunitarioak, pedagogia libertarioa, hezkuntza alternatiboaren industriaren aurka, irakaskuntza publikoan autogestiorako dauden aukerak, hezkuntza herrikoia, hezkuntza librea, autoikaskuntza, amak eskolan, transmisio herrikoi eta belaunaldiartekoa, helduen bioboterea, maila sozialak eta pedagogiak, eskola zentrifugoak, kirola eta hezkuntza, eta abar.

Hemen daude deskargatzeko aurkibidea, ataria eta liburuaren azal osoa:

Javier Encina, Ainhoa Ezeiza eta Emiliano Urteaga (koord.) (2018). Educación sin propiedad. Guadalajara: Volapük.
https://drive.google.com/open?id=1e3bzd1z3I4h6v9l9mkg_B-B0sBL1EdjM

Alegría Libertaria Irratian ere, irratsaio bat argitaratu dugu gaztelaniaz liburuari buruz, besteak beste:
https://alegrialibertaria.org/wp/educacion-sin-propiedad/

Liburua dagoeneko salgai dago (salneurria: 18 euro) eta zure liburu-dendan eska dezakezu edo argitaletxera idatziz: volapukediciones@gmail.com edo geuri eskatuz: ilusionistasozialak@gmail.com

Nahi izanez gero, gurekin jar zaitezkete harremanetan, liburuari buruzko aurkezpen-tailer-debateren bat antolatzeko.

IRRATSAIOAREN KREDITUAK

Sintonia: Mitxoleta - Eneritz Furyak (Eneritz Furyak, 2017)
https://youtu.be/z-l61G-8-oY

Blokeen arteko musika:
"Jon Braun" - Makala Jazz Funk Band (Bakarrik eta libre, Imanol Urbietari omenaldia, 2013)
https://youtu.be/auihZ4WnN_o
"Sorginak" - La Basu (Gerra, 2019)
https://youtu.be/mgBXx55P1i4

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

2016(e)ko ekainaren 15(a), asteazkena

Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan: Ikastaroaren laburpentxo bat... edo

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren hamargarrena da, azkena hain zuzen ere.

Laburpen laburtxo bat...


Beno ba... hauxe izango da Javier Encina eta biok eman dugun ikastaro interesgarri eta sakon honi buruz argitaratuko dugun azken blog-sarrera... gauza asko utzi ditugu gordeta, baina noizbait amaitu behar eta... Lehenik eta behin, eskerrik asko ikastaroko partaide guztioi, asko disfrutatu dugu zuekin batera ikasten, eraikitzen. Hasieran ez nuen horren argi halako ikastaro bat online egin ote zitekeen, baina erakutsi duzue online formazioak baduela zeresanik. Ederra izan da nolako ahalegina egin duzuen zuen presentzia sentiarazteko, ez zarete mugatu "egin beharrekoak egitera" eta elkarren arteko laguntza, elkartrukea eta goxotasuna sentitu dugu formazio osoan zehar.

Egia da ez ditugula zehazki hizkuntz edukiak landu. Gure ustez, ez du askorako balio gauzak zatikatzeak. Guretzat hizkuntza, komunikaziorako tresna izanik, beste komunikazio tresna batzuekin batera landu behar da eta harremanak hartu behar dira lehentasun gisa, ahozkotasunetik abiatuta. Hori nola egin? ba ezin da manual bat eman... lekuan lekuko proiektuak eta ideiak gauzatuz egiten dugu lan. Metodologia bat izango bagenu, metodologia hori erakutsiko genizueke, baina gure ustez metodologiak alboratu behar dira, jendearekin eta jendearengandik lan egin behar da eta hortaz, egoera bakoitzean joan behar dugu erabakitzen. Bururatu zaigun gauza bakarra da nola hasi, eta hori da ilusionismo sozialaren planteamendua (printzipioak). Gure ustez, bestelako proposamenen etikotasuna zalantzagarria da, eta horregatik planteatu dugu lan egiteko modu hau.

Gainera, komunikazioa partehartzearekin lotu dugu zuzen-zuzenean, eta horregatik hartzen ditugu partaidetza prozesu errealak erreferentzia gisa. Parte hartzea hizkuntz eta kultura aniztasunetik abiatuta, ezinbestekoa da harremanen horizontalizazioa, eta zentzu horretan hitz egiten dugu boterea erabiltzeari uko egiteaz, botere-hartzearen planteamenduen aurrean. Boterea dagoen lekuan, harreman bertikalak sortzen dira. Guk ez dugu botererik hartu nahi, eta ez dugu nahi beste batzuek edukitzea boterea gure gainean; horregatik, daukagun boterea erabiltzeari uko egiten diogu eta goitik datorkigun boterearen aurrean erresistentzia formak eraikitzen ditugu. Ikuspegi hau interesgarriagoa egiten zaigu botere-hartzeko lojiketan sartzea baino, ahalduntzearen bidetik. Aspaldi esan zen bezala, emakumeon ahalduntzeak gizonezkoen, edo hobe esanda, Patriarkatuaren lojiketara eraman gaitu, gizona emakumeak ordezkaturik... guk uste dugu emakumeon pentsatze/sentitze/egiteetatik abiatzea askoz interesgarriagoa dela, botere-lehian sartzea baino. Eta ikuspegi hori horizontala da, elkarlotzea edo elkarren artean jostea, elkarri laguntzea, elkar zaintzea... interesgarriagoa ezezik, bizitzeko modu sortzaileagoa dela uste dugu.

El Palomo partaidetza prozesua Palomares del Río herrian (Sevilla)

Aztertu ditugun partehartze esperientzien inguruan, uste dugu ederra dela haur eta gazteak ere inplikatzea, pixka bat ezagutu ditugu halako ekimen batzuk eta oso kontuan hartzekoak dira. Soilik komentatu nahi genuen guk ez dugula hurrenkera finko bat (hain zuzen ez dugulako metodologiarik), eta ez dugu lan egiten amestu-sortu-gauzatu-hobetu (kalitate-prozesuetako ziklo ohikoa) edo pistaren kasuan bezala, proposamena egin - aurkeztu - eztabaidatu - moldatu - onartu - gauzatu - hurrengo proposamena. Agian prozesu batzuk horrela suertatzen dira, baina normalean prozesuan zehar konplexutasuna dinamizatzen dugu, prozesuak linealak izan ez daitezen, bai herri-partaidetza prozesuetan eta bai klaseetan. Hartara, lortu nahi den hori aitzakia baino ez da jendea jendearekin erlazionatzeko, euren nahi eta gogoen inguruan mintzatu, gauzak elkarrekin eraiki... eta autogestio kolektiborako zirrikituak zabaltzeko. Batzuetan talde zehatz baten nahiarekin abiatzen da prozesua, baina gero gauzak elkarlotzeko moduak bilatzen dira, herritarrak elkar ezagutzeko, harremanak bizitzeko eta gauza gehiago edo konpartituago egiteko.

Foroan jarri genuen bezala, eguneroko espazio eta denboren kontuak berebiziko garrantzia du, bestela lobby modukoak sortzeko arriskuan gaude. Jendea dagoen lekuetan lan egiten dugunean, hobeto ikusten ditugu harremanak eta errazagoa da jendea elkarlotzea. Bestela gerta liteke auzo batean boterea daukan jendeari mesede egitea, talde minoritarioen edo, orohar, jendearen kaltetan.

Guk hainbat ildo proposatu ditugu eta beste batzuk, mezuetatik ateratako hariak izan dira, eta horrela aritu gara, josi ta josi... Gure ustez, hizkuntza eta kultura aniztasuna hezkuntzaren ikuspegi orokorrarekin dago lotuta, eta horregatik, hizkuntza eta kulturaren kontzepzioen inguruan eztabaidatzeaz gain, hezkuntzaren posizionamendua ere izan dugu hizpide. Gure posizionamendua da eskolak lagundu behar diela ikasleei eta inguruko komunitateari eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa egiten, eta ikasleen autonomiaren garapena ere ikuspegi horren barruan ulertzen dugu, alegia, autonomia eta elkarren arteko beharra bereizezinak dira, harreman horizontaletan oinarriturik. Horrela ulertzen dugu bizikidetza, kulturartekotasunaren xedea, eta horrekin batera, jakintza herrikoien eta ezagutza zientifikoen arteko eraikitze kolektiboa proposatzen dugu, ikasi/irakats bereizketa klasikoaren aurrean.

Ilusionismo Sozialaren printzipioetan oinarrituta lanean...

Hizkuntzen trataeraren aldetik, ahozkotasuna hartzen dugu oinarri gisa, eta norabide anitzeko komunikazioaren lanketa. Zenbaitetan, esaldi bat idazteko eztabaida sakonetan murgiltzen gara, eta beste batzuetan, beste jarduera batzuk egiten ari garelarik sortzen dira elkarrizketa mamitsuenak edo politenak, pentsatu/sentitu/egin bateratuz.

Bizikidetza xede harturik, harreman horizontalak eta bitartekaritza sozial desiratuak sustatzea da gakoa. Horregatik, harreman moduak edukiak baino garrantzitsuagoak izan behar dute (edukiak "materia" izendatzeko erabiltzen dugu, hau da, hizkuntza bat ikastea edo erabiltzea ere "eduki" da gure adieran). Horrek ez du esan nahi edukiak garrantzitsuak ez direnik, edo lantzen ez direnik. Baina garrantzitsuagoa da, bizikidetzaren ikuspegitik, ikasleek harreman osasuntsuak garatzea hizkuntza dotorean hitz egiteko trebetasuna garatzea baino, nolabait esatearren.


Ez dugu uste proiektuetan lan egitea eta proiektuak aitzakia gisa erabiltzea gauza bera denik. Guk talde-kohesioaren "aurka" egiten dugu lan, ze talde-kohesioak itxi egiten du, eta guk etengabe irekitzen ditugu harremanak. Jendearen lotura naturalak errespetatzen ditugu baina beti begirada "periferikoa" bultzatuz, ez taldearen barruraka. Horregatik, normala da talde batek beste talde bati laguntzea, ikasle bat edozein unetan beste talde batekin jartzea lanean, egun horretan edo egun horretatik aurrera, talde batek proposatutako proiektu bat bat-batean beste proiektu batekin fusionatzea...  Prozesu hauek oso komunikazio aberatsa pizten dute. Azkenean proiektuak egiten ditugu, baina ikasleek ez dute rolik betetzen. Une bakoitzean egin behar diren gauzak konpartitzen dira, eta disentsuan lan egiten da.

2016(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

Bizikidetza... zatikaturik landu daiteke eskolan??? Irakasleen formazioa eta eskola eraldaketa

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren bederatzigarrena da.


Asko hitz egin dugu ikastaroan zehar bizikidetzaz eta ikasleen autonomiaz. Ikasleen autonomiaren gaia asko zabaldu da urte hauetan, baina segun eta nola planteatzen den, gizarte indibidualistaranzko bidea erraztuko du edo gizarte kolektiboa eraikitzen lagunduko du. Azken kasu hau da guk bizikidetzarekin lotzen duguna, ezin baita bereizi bizikidetza eta eskolan egiten diren jarduera guztiak. Ez zaigu baliagarri iruditzen "Bizikidetzaren Astea" ospatzea, are gutxiago "Bizikidetzarako Arauak" formulatzea ez badago bizikidetza ikuspegi sakona eskolako bizipen guztietan.

#magisfesta autogestionatua ospatzen


Gure ustez, ezin da hizkuntz eta kultura aniztasunaren inguruan modu isolatuan hitz egin, hezkuntzaren ikuspegi orokorrarekin dago lotuta, eta horregatik, hizkuntza eta kulturaren kontzepzioen inguruan eztabaidatzeaz gain, hezkuntzaren posizionamendua ere izan dugu hizpide. Gure posizionamendua da eskolak lagundu behar diela ikasleei eta inguruko komunitateari eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa egiten, eta ikasleen autonomiaren garapena ere ikuspegi horren barruan ulertzen dugu, alegia, autonomia eta elkarren arteko beharra bereizezinak dira, harreman horizontaletan oinarriturik. Horrela ulertzen dugu bizikidetza, kulturartekotasunaren xedea, eta horrekin batera, jakintza herrikoien eta ezagutza zientifikoen arteko eraikitze kolektiboa proposatzen dugu, ikasi/irakats bereizketa klasikoaren aurrean.

Horregatik proposatzen dugu jabegabetzea (bai hizkuntzarena, bai hezkuntzarena, bai familiarena...), botere-harremanak elikatu ordez, harreman horizontalak sustatzeko: ikasleen artean, ikasle-irakasle harremanetan, familiekiko harremanetan... eguneroko bizitzako eremu guztietan.

Hizkuntzen trataeraren aldetik, ahozkotasuna hartzen dugu oinarri gisa, eta norabide anitzeko komunikazioaren lanketa. Hori adimen aniztasunaren gaiarekin lotzen da, baina guk nahiago dugu, ikuspegi horren ordez, pentsatu/sentitu/egin bateratzearen garrantzia azpimarratzea. Adimen aniztasunaren ikuspegiak, berriz ere, pertsonalizazioaren eta indibidualizazioaren bidera eraman gaitzake beste behin, talentuak, eliteak eta pertsona bakoitzaren ahalduntzea (arrakasta/porrota kontzeptuetan oinarrituz). Zentzu horretan, egoeraren araberako lidergoak ondo ikusten ditugu, lidergo horiek efimeroak diren heinean.

Bizikidetza xede harturik, harreman horizontalak eta bitartekaritza sozial desiratuak sustatzea da gakoa. Horregatik, harreman moduak edukiak baino garrantzitsuagoak izan behar dute (edukiak "materia" izendatzeko erabiltzen dugu, hau da, hizkuntza bat ikastea edo erabiltzea ere "eduki" da gure adieran). Horrek ez du esan nahi edukiak garrantzitsuak ez direnik, edo lantzen ez direnik. Baina garrantzitsuagoa da, bizikidetzaren ikuspegitik, ikasleek harreman osasuntsuak garatzea hizkuntza dotorean hitz egiteko trebetasuna garatzea baino, nolabait esatearren.

201516 ikasturtean, klasean lanean
 
Gure ustez, kontua ez da edukiak beste modu batzuetara lantzea, baizik eta edukiak lantzeko aitzakiaz, harreman horizontal aberatsak sortzea, konfiantzazkoak, elkarrekin eraikitzen joateko. Alegia: familiak eta komunitateak eskolara etorri eta haurrei ikasten laguntzea ez litzateke horren aberasgarri izango eta bertikaltasuna susta dezake, ez bazaio elkarren eraikitzearen ikuspegia ematen. Horren adibide adierazgarri da 'matermatika txokoa' existitzea bera, hau da, gauzak zalantzan jarri gabe etortzea komunitateko jendea guregana. Gure ustez, ez litzateke 'matematika txoko' bat existitu beharko (printzipioz, behintzat), ze matematika, zientzian ere, ez dago isolaturik, isolatzeak zaildu egiten du haurrek euren matematika prozedurak sortzea, asmatzea, partekatzea... bertikaltasunera kondenatuz (haurrek kalkuluak egiten ikas dezakete horizontalki, adibidez, baina ez matematika bizitzako gainerako kontuetatik isolatzen badugu).

Guk argi daukagu metodoak eta metodologiak ez direla egokiak bizikidetza garatzeko, ze a priori erabakitzen baldin badugu zer egin behar den, orduan esan nahi du ez garela ikasleak sentitzen ari. Baita ere badakigu, nonbaitetik hasi behar denez, ilusionismo sozialaren printzipioak balio izan zaizkigula: hasierako negoziazioa, beharbada probokazio bat erabili ikasleak autogestiorantz mugiarazteko, teknikak eta tresnak erabaki edo asmatu edo moldatu egoeraren arabera, ikuspegi etikoa landu, objektutik subjektura eta subjektu indibidualetik subjektu kolektiborantz dinamizatu, kultura herrikoiak inspirazio iturri gisa ulertu...

Ilusionismo sozialaren lehen printzipioa "hasierako negoziazioa" da. Guk ikasgela batean lan egiten dugunez, negoziazio hori nahiko jarraikorra izatea erraza da eta horregatik asko hitz egiten dugu bai kolektiboki, bai irakasle-ikasle binaka, bai taldeka, bai taldeen artean...

Negoziazio horretan, lehentasunezko puntuak hauek izan dira, gutxi gorabehera (taldearen eta egoeraren arabera, baina zeozer zehatza esatearren):
  • eraikitze kolektiboa sustatzea (edo bilatzea, edo posible egingo duten bideak hobestea)
  • askotariko partehartzea (aberatsa, anitza)
  • elkarren arteko laguntza (bai pertsona-pertsona, bai talde-talde, bai pertsona-talde eta bai talde-pertsona... eta aukera sortzen den une berezi horietan, denon artean)
  • ahozkotasuna izatea abiapuntua (nahiz eta asko idazten dugun, baina ez da gure lehentasuna)
  • gure proposamenak inplikatzen dituen pertsonak subjektu gisa identifikatzea eta ez gure nahiak betetzeko objektu gisa (adibidez, guk zerbait egin eta besteak ikusle baino ez izatea, antzerki batzuetan gertatzen den moduan, pertsonak objektutzat hartzea litzateke)
  • geurekoiak ez izatea (edo ahal den guztia mugatzea) eta begirada periferikoa izatea (ez soilik "nire" edo "gure" proiektuan lan egitea eta ikustea norbaitek gure laguntza beharko lukeen, laguntza pentsatze, egite edo sentitzeetan).
Horrela, ez da ontzat ematen bizikidetzaren kontrako proposamenik, hartzen diren arriskuak (fisikoak, ideologikoak, emozionalak, akademikoak...) eztabaidatzen dira, inplikazioetan pentsatzeko; eta harreman-bideak sortzen dira. Adibidez, eskolako dekorazioa aldatu nahi badu talde batek, ezinbestekoa da dekorazio hori eragiten dion jendearekin komunikatzea, asmatzen ditugun moduak erabiliz; bestela, gure ekintzak besteei inposatuko genizkieke eta hori ez da etikoa.



Bestalde, bizikidetzaz ari garelarik ezin da utzi aipatu gabe diskriminazioa etengabea dela eskolan, ez soilik kolektibo zehatz batzuen aurka (etorkinak, LGTB, matxismoa...) baita klase sozial baxuei lotutakoa ere, hori oso nabarmena da eta askotan etorkinen aurkako erasoak berez klase sozial kontuak dira gehiago jatorriari lotutakoak baino. Arazoa da gauzak zatika konpontzen saiatzen garela: orain kulturartekotasunaren eguna, orain LGTB eguna, orain emakumearen eguna... eta horrek ezer gutxirako balio du. Bizikidetza modu zabalean planteatzen ez bada, hamaika ikastaro egin beharko ditugu irakasleok, arazo txiki bakoitzari soluzio txikia bilatzeko!

2016(e)ko apirilaren 18(a), astelehena

Hizkuntzaren irakaskuntza ingurune kulturanitzetan III: Espazioak eta denborak vs. lurraldeak eta ordutegiak

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren hirugarrena da.

Kulturartekotasunaren ikuspegiak nahitaez eskatzen du botere-harremanen berrikusketa, bai gerta litekeelako kultura bat beste baten gainean egotea (kolonizazioa, xenofobia, asimilazioa, gutxiespen soziala...), bai kulturartekotasunak berez suposatzen duelako kulturen arteko eraikitze horizontala (bestela "kulturaniztasun" huts litzateke).

Espazio/denbora vs. lurralde/ordutegi bereizketan sakontzeko, kontuan izan behar dugu zein diren partaidetza-motak leku zehatz horretan une zehatz horretan, hau da, soilik jendeAREKIN eta jendeARENGANDIK parte hartzen ari garenean gaude espazio eta denboretan, gainerako partaidetza motetan lurralde/ordutegietan gaude edo une horretan espazioa lurralde bihurtzen dugu (lagungarri gisa, bideo hau ikus daiteke: Introducción a las formas de participación (6:56) https://vimeo.com/71911701).

Lurraldeak jabea duela diogunean, ez du zertan izan jabe ekonomiko edo politiko bat, izan liteke jabe sozial edo kultural bat ere. Jabea gobernua izan daiteke, edo irakaslea (ikasgelaren kasuan), edo gazte talde bat parke batean ordu batzuetan, edo talde etniko jakin batek...

Hizkuntzen irakaskuntzan, esango genuke lurraldeetan komunikatzen irakasten dugula, ze "hizkuntza egokitzen" irakasten dugu eta ez kolektiboki eraikitzen, lekuan leku topatzen dugun jendearekin eraikitzen, alegia. Euskaraz ez dakigu ondo nola bereiztu eta gai hau hurrengo mezu batean sakonduko dugu, baina normalean guk irakasten duguna "idioma" da, ez "lengua"...


Espazioak eta denborak zer diren hobeto ulertzeko, bideo hau proposatzen dugu, batez ere jendea nola erlazionatzen den patxadaz ikusteko modu bisual batean:

ESPACIOS Y TIEMPOS COTIDIANOS from unilco on Vimeo.


Nola sortu espazioak eta denborak eskolaren lurralde/ordutegietan?

Beno, egia esan, berez badaude espazioak eta denborak eskolaren barruan, areago, ikasleak behin eta berriz borrokatzen dira espazio eta denborak zabaltzearren. Esaterako, askok ezagutu dugu "atzeko ilada", non, esaterako, musean aritzen ginen batzuk batxilergoko gelan. Edo atseden-orduan elkarri euskal dantzak irakasten egoten ginen garaia, elkarrengandik ikasiz, irakaslerik gabe. Edo, modernoago, mahai azpian watxapeatzen aritzen diren gaztetxo (eta ez hain gaztetxo) horiek, ikasgelatik ihes egin nahian... Edo irakasleok, pasiluetan gure bizitzako gorabeherak partekatzen hasten garenean...



Ez dira horrenbeste ikasle/irakasle rol banaketarik gabeko espazioak. Esaterako, ikasleekin "ikasle izango ez balira bezala" hitz egiten dugunean, hau da, gelako jendeAREKIN hitz egiten dugunean (ez ikasleENTZAT). -EKIN horrek suposatzen du komunikazioa dimentsioanitza dela, hau da, ez orientatzaile edo psikologoaren lekua hartzen dugunean ("kontaizkidazu arazoak"), baizik eta egoerak sortzen direnean zeinetan SORTU egiten den norberaren arazoren baten inguruan hitz egiteko abagunea. Eta norbera horretan irakaslea ere parte bada. Bestela, komunikazioa bertikala da, oso asmo ona izanik ere, eta lurraldean jarraitzen dugu.

Espazio eta denbora horiek sortzeko, zirrikituak zabaldu behar dira ikasgela osatzen dugun pertsonen roletan eta zirrikitu horiek une zehatz horietan bizi. Honi deitzen diogu, gutxi gorabehera, "egiturak malgutzea" (eskola berez baitago lurralde/ordutegi terminoetan definiturik).



2016(e)ko urtarrilaren 24(a), igandea

Gure liburu berria: Jabegabetzea, hezkuntza eta konplexutasuna hizpide (gaztelaniaz)

Dagoeneko inprimategira bidalita dago gure hurrengo argitalpena, Tolucan (Mexikon) argitaratuko da otsailaren hasieran, UAEM (Universidad Autónoma del Estado de México) unibertsitateko IESU (Instituto de Estudios Sobre la Universidad) ikerketa institutuari esker.
Liburuaren azala
Gure asmoa da liburua euskaratzea, osatzea eta zabaltzea 2016. urtean zehar. Ea aukera zabaltzen zaigun Euskal Herrian argitaratzeko!

Hauxe da aurkibidea:

DESEMPODERAMIENTO, EDUCACION Y COMPLEJIDAD. Viviendo la construccion de procesos educativos centrifugos. Javier Encina y Ainhoa Ezeiza (coord.)

ÍNDICE:
Prólogo. Guadalupe Villalobos.
El desempoderamiento. Viviendo la construcción de un nuevo mundo sin poder. Javier Encina y Mª Ángeles Ávila.
Desempoderamiento educativo. Una introducción. Javier Encina y Ainhoa Ezeiza.
Experiencias de la Escuela Universitaria de Magisterio de San Sebastián (UPV/EHU). Ainhoa Ezeiza y Javier Encina.

Esteka honetan duzu liburuaren pdf bertsioa deskargatzeko aukera: http://goo.gl/3O4Mei


Euskaraz, orain arte liburuxka hau argitaratzeko aukera izan dugu:


PARTAIDETZA EREDUETATIK ERAIKITZE KOLEKTIBORA. Kultura herrikoiak, ilusionismo soziala eta jabegabetzea
Javier ENCINA, Ainhoa EZEIZA, Lide SALBARREDI, Maider AIZPURUA, Irati GURIDI (koord.)

Liburuxka honek artikulu hauek ditu:
  • Jendearekin eta jendearengandik parte hartzen. Sarrera bat. Javier Encina, Mª Ángeles Ávila, José A. Castro, Escudero, Ana Karen García, Begoña Lourenço, Dresda Enma Méndez, Rubén Montaño, Carmen Pérez, Mónica Matilde Ramírez, Ángel Rodríguez eta Juan Manuel Zaragoza (itz.: Lide Salbarredi)
  • Ilusionismo Sozialaren printzipioen inguruan. Javier Encina eta Mª Ángeles Ávila (itz: Maider Aizpurua, Itziar Rodríguez, Olatz Carreira, Ainhoa Ezeiza)
  • Kultura herrikoiak. UNILCO-espacio nómada (itz.: Irati Guridi, Aitor Errazkin)
  • Jabegabetzea. Sarrera bat. Javier Encina eta Mª Ángeles Ávila (itz.: Ainhoa Ezeiza)
  • Hizkuntzaren jabegabetzea. Ainhoa Ezeiza, Nahia Delgado eta Javier Encina (itz.: Ainhoa Ezeiza)
Esteka hau duzu artikulu hauek deskargatzeko: http://goo.gl/h0M6Ag

2015(e)ko maiatzaren 30(a), larunbata

Jabegabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak Lesakan, abuztuaren 4tik 9ra

2015eko udaran zehar, Jabegabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak egingo dira munduan barrena. Hemen duzue eguneratzen gabiltzan informazioa:
http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/jabe-gabetzearen-nazioarteko-i.html


Hauxe da gure proposamena:


JABEGABETZEAREN NAZIOARTEKO I JARDUNALDIAK NAFARROAN

Lesaka (Nafarroa), 2015eko abuztuaren 4tik 9ra, Matxinbeltzenea Aterpetxe-barnetegian.

Hau da egunez egun egitea proposatu duguna:

Abuztuak 4, 18:00etan: Lesakako jardunaldien aurkezpena. Zer da jabegabetzea? sarrera labur bat. Nazioarteko jardunaldietan zehar Kolonbian, Andaluzian eta Mexikon egindakoaren kontaketa.

Abuztuak 5, 10:00etatik 14:00etara: Partaidetza-motak eta itxaropena (jabegabetzearen zutabea).

Abuztuak 6, 10:00etatik 14:00etara: Hezkuntzaren jabegabetzea eta eraikitze kolektiboa.

Abuztuak 7, 10:00etatik 14:00etara: Eskola komuna.

Abuztuak 8, 10:00etatik 14:00etara: Hizkuntzaren jabegabetzea.


Abuztuaren 5etik 8ra bitarteko arratsaldeetarako, gaiak proposatu ahal izango dira (aldez aurretik edo bertan), edo ibilaldiak egin, bazkalosteko kafean endredatu, deskantsatu, edo besterik gabe, jendearekin egon.

Proposamenik baduzu, bidaliguzu eposta honetara:

ilusionistasozialak@gmail.com


HIZKUNTZAK:

Beste leku batzuetako lagunak etorriko direnez (Andaluziatik gehienbat), goizeko saioak gaztelaniaz izango dira. Arratsaldean... joango gara ikusten.

Nolanahi ere, topaketa hau baliatu nahi dugu Lesakara hurbiltzen den edonorekin hausnartzeko, eztabaidatzeko, esperientziak trukatzeko... elkarrekin eraikitzeko. Seguru elkar ulertzeko moduak bururatuko zaizkigula!


DINAMIKA:

Topaketa hauek edonorentzat daude zabalik. Partaidetza-erak interesatzen bazaizkizu, jakintzak eraikitzeko beste modu batzuk, harreman horizontalak eratzeko moduak, jabegabetzea ("desempoderamiento") hezkuntza komuna, hizkuntza eta ahozkotasuna... animatu eta parte hartu!!!

Ez da beharrezkoa saio guztietara etortzea.

Aldez aurretik gaian sakondu nahi baduzu... hona "Jabegabetzea. Sarrera bat." artikuluaren euskarazko bertsioa:
https://docs.google.com/document/d/1zDu3xiC3guCtjM2XdGdWXa2hd8D-VL6iMJG81d8RShQ/edit?usp=sharing

*parte hartzeko asmoa baduzu, irakurri beherago duzun "ixilpeko klausula"

LEKUA ETA IZENEMATEA:

Ekitaldi hau autogestionatua da eta ditugun baliabideak partekatuko ditugu jardunaldiaz gozatzeko elkarrekin.

Debate-solasaldietan parte hartzeko, ez da beharrezkoa ez izena ematea eta ez izenematea ordaintzea, etorri eta kitto. Hala ere, eskertuko genuke mezutxoren bat bidaltzea, korreoz, feisbukez, watxapetik... jakinaren gainean egon gaitezen.

Matxinbeltzeneako arduradunei esker, gelak erabiltzeaz gain, bertan prestatu ahal izango ditugu otorduak eta baita lo egin ere!
  • Gauez geratu nahi baduzu, 16 euro izango dira gau bakoitzeko. eta aldez aurretik jakinarazi behar diguzu zein egunetan geratuko zaren, gelak antolatzeko. Gelak 4, 6 edo 8 lagunekoak izango dira. Ordainketa norberak egingo du bertan.
  • Otorduetan, norberak dakarrena bertako sukaldean prestatzen denarekin batuko dugu. Adibidez, saioen aurretik gosaltzera bazatoz, zeozer ekar dezakezu edota dirua jarri esnea edo kafea erosteko. Bazkaltzen geratzeko, aldez aurretik abisatzea ezinbestekoa da erosketak eta lana antolatzeko.
  • Kontuan hartu nahi dugu partehartzaile bakoitzak errazena egiten zaiona ekartzea eta jateko-edatekoen antolaketan konfiantzan eta elkarlaguntzan oinarrituko gara. Dagoenarekin joango gara konpontzen.

Inportantea da bazkaltzen edota gauez lotara geratu nahi baduzu, aldez aurretik jakinaraztea eposta guri bidaliz: ilusionistasozialak@gmail.com (ahal baduzu, ekainean zehar abisatu)

Errazena da posta elektroniko bat bidaltzea zure asmoekin (zenbat egunetara etorriko zaren, lotara geratuko zaren, jatekorik ekartzeko moduan zauden...). 

Harremanetan jartzeko watxapa erabili nahiago baduzu, bidali guri eposta bat zure telefono zenbakiarekin eta jarriko gara harremanetan. Watxapeko kudeaketaren arduraduna Ainhoa Ezeiza da eta banaka zein taldeka joango gara antolatzen (partaide guztioi eskatzen dizuegu watxapa neurriz erabiltzea eta telefono zenbakien pribatutasuna gordetzea).

DIRULAGUNTZAK:

ERNE! Dirulaguntzak kudeatzen ari gara EHUko ikasleentzat egonaldia ordaintzeko, interesatzen bazaizkizu, jarri gurekin harremanetan lehenbailehen:

ilusionistasozialak@gmail.com
edo
ainhoa.ezeiza@ehu.eus

Matxinbeltzenea Aterpetxea

Ixilpeko Klausula:

[...]

Zer espero dugu zugandik?

Ba uler dezazula oso urrutitik datozela zenbait pertsona, euren diruaren eta denboraren sakrifizioa eginez etorri direnak zuk adieraziko duzuna entzutera. Ez datoz aisiagatik, ezta zerbait irabaziko dutelako ere. Ez datoz modagatik edo ezjakintasunagatik. Hona datoz beharbada hodei beltz horiek ikusten dituztelako ortzemugan, eurite eta haizeteek astindu dituztelako, ulerminaren gosea ez delako asetzen, ekaitza badakarrela sentitzen dutelako.

Orduan, guk, zapatistok, zu errespetatzen zaitugun bezalaxe, halaxen eskatzen dizugu pertsona horiek errespetatzeko. Izango da baten bat kolatu dena, baina gehienak gure kideak dira. Borrokan bizi eta hiltzen diren pertsonak dira, inork, gu ez bagara, kontuan izango dituena. Beraientzat ez dago museorik, ez estatuarik, ez abestirik, ez olerkirik, ez daude metroko bagoietan, kaleetan, kolonietan. Inor ez dira, egia da. Eta hala ere, edo horregatik agian, guretzat dena dira.

Orduan, ez zaitez iraindua sentitu, ez ekarri konsignarik, dogmarik, autofederik, modarik; ez errepikatu beste batzuek lehenago hemen edo han esandakorik; ez sustatu pentsamendu nagirik; ez saiatu inposatzen pentsamendu dogmatikoa; ez hedatu pentsamendu gezurtirik.

Eskatzen dizugu zure hitza ekartzeko eta horren bidez pentsamendua, hausnarketa probokatzeko. Eskatzen dizugu zure pentsamendua presta dezazula, zorroztu, distirarazi. Pentsamendu horrekin, ez ohoratzea akademia eta bere parekideak, baizik eta jasotzen duen jendea, nahiz astindu moduan, nahiz zaplasteko edo oihu moduan.

Mintegi edo hazitegi honetarako eskatzen dizugun hazia, zalantza eragiten duena izango da, probokatzailea, pentsatzen eta analizatzen segitzea bultzatuko duena. Hazi bat beste hazi batzuek entzun dezaten hazi egin behar dela, eta nork bere erara haz dadin, bere egutegiaren eta geografiaren arabera.

Oh, bai, badakigu: ez duzu zeure prestigioa lodituta ikusiko, ezta zure kontu korrontea ere, edo zure ospea. Ez duzu ikusiko, ezta ere, ea jarraitzaile, dizipulu, artalde gehiago lortuko duzun.

Areago, arrakastaren adierazle bakarra ez duzu ikusiko eta izango da leku askotan, beste egutegi batzuetan, askotariko geografietan, beste batzuek dena desafiatu, eztabaidatu, zalantzan jarri, kritikatu, irudikatu, sortzea.

Hori eskatzen dizugu. Hori, besterik ez.

[...]
Zati hauek hemendik hartuak eta itzuliak izan dira: