Eskola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Eskola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

Bizikidetza... zatikaturik landu daiteke eskolan??? Irakasleen formazioa eta eskola eraldaketa

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren bederatzigarrena da.


Asko hitz egin dugu ikastaroan zehar bizikidetzaz eta ikasleen autonomiaz. Ikasleen autonomiaren gaia asko zabaldu da urte hauetan, baina segun eta nola planteatzen den, gizarte indibidualistaranzko bidea erraztuko du edo gizarte kolektiboa eraikitzen lagunduko du. Azken kasu hau da guk bizikidetzarekin lotzen duguna, ezin baita bereizi bizikidetza eta eskolan egiten diren jarduera guztiak. Ez zaigu baliagarri iruditzen "Bizikidetzaren Astea" ospatzea, are gutxiago "Bizikidetzarako Arauak" formulatzea ez badago bizikidetza ikuspegi sakona eskolako bizipen guztietan.

#magisfesta autogestionatua ospatzen


Gure ustez, ezin da hizkuntz eta kultura aniztasunaren inguruan modu isolatuan hitz egin, hezkuntzaren ikuspegi orokorrarekin dago lotuta, eta horregatik, hizkuntza eta kulturaren kontzepzioen inguruan eztabaidatzeaz gain, hezkuntzaren posizionamendua ere izan dugu hizpide. Gure posizionamendua da eskolak lagundu behar diela ikasleei eta inguruko komunitateari eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa egiten, eta ikasleen autonomiaren garapena ere ikuspegi horren barruan ulertzen dugu, alegia, autonomia eta elkarren arteko beharra bereizezinak dira, harreman horizontaletan oinarriturik. Horrela ulertzen dugu bizikidetza, kulturartekotasunaren xedea, eta horrekin batera, jakintza herrikoien eta ezagutza zientifikoen arteko eraikitze kolektiboa proposatzen dugu, ikasi/irakats bereizketa klasikoaren aurrean.

Horregatik proposatzen dugu jabegabetzea (bai hizkuntzarena, bai hezkuntzarena, bai familiarena...), botere-harremanak elikatu ordez, harreman horizontalak sustatzeko: ikasleen artean, ikasle-irakasle harremanetan, familiekiko harremanetan... eguneroko bizitzako eremu guztietan.

Hizkuntzen trataeraren aldetik, ahozkotasuna hartzen dugu oinarri gisa, eta norabide anitzeko komunikazioaren lanketa. Hori adimen aniztasunaren gaiarekin lotzen da, baina guk nahiago dugu, ikuspegi horren ordez, pentsatu/sentitu/egin bateratzearen garrantzia azpimarratzea. Adimen aniztasunaren ikuspegiak, berriz ere, pertsonalizazioaren eta indibidualizazioaren bidera eraman gaitzake beste behin, talentuak, eliteak eta pertsona bakoitzaren ahalduntzea (arrakasta/porrota kontzeptuetan oinarrituz). Zentzu horretan, egoeraren araberako lidergoak ondo ikusten ditugu, lidergo horiek efimeroak diren heinean.

Bizikidetza xede harturik, harreman horizontalak eta bitartekaritza sozial desiratuak sustatzea da gakoa. Horregatik, harreman moduak edukiak baino garrantzitsuagoak izan behar dute (edukiak "materia" izendatzeko erabiltzen dugu, hau da, hizkuntza bat ikastea edo erabiltzea ere "eduki" da gure adieran). Horrek ez du esan nahi edukiak garrantzitsuak ez direnik, edo lantzen ez direnik. Baina garrantzitsuagoa da, bizikidetzaren ikuspegitik, ikasleek harreman osasuntsuak garatzea hizkuntza dotorean hitz egiteko trebetasuna garatzea baino, nolabait esatearren.

201516 ikasturtean, klasean lanean
 
Gure ustez, kontua ez da edukiak beste modu batzuetara lantzea, baizik eta edukiak lantzeko aitzakiaz, harreman horizontal aberatsak sortzea, konfiantzazkoak, elkarrekin eraikitzen joateko. Alegia: familiak eta komunitateak eskolara etorri eta haurrei ikasten laguntzea ez litzateke horren aberasgarri izango eta bertikaltasuna susta dezake, ez bazaio elkarren eraikitzearen ikuspegia ematen. Horren adibide adierazgarri da 'matermatika txokoa' existitzea bera, hau da, gauzak zalantzan jarri gabe etortzea komunitateko jendea guregana. Gure ustez, ez litzateke 'matematika txoko' bat existitu beharko (printzipioz, behintzat), ze matematika, zientzian ere, ez dago isolaturik, isolatzeak zaildu egiten du haurrek euren matematika prozedurak sortzea, asmatzea, partekatzea... bertikaltasunera kondenatuz (haurrek kalkuluak egiten ikas dezakete horizontalki, adibidez, baina ez matematika bizitzako gainerako kontuetatik isolatzen badugu).

Guk argi daukagu metodoak eta metodologiak ez direla egokiak bizikidetza garatzeko, ze a priori erabakitzen baldin badugu zer egin behar den, orduan esan nahi du ez garela ikasleak sentitzen ari. Baita ere badakigu, nonbaitetik hasi behar denez, ilusionismo sozialaren printzipioak balio izan zaizkigula: hasierako negoziazioa, beharbada probokazio bat erabili ikasleak autogestiorantz mugiarazteko, teknikak eta tresnak erabaki edo asmatu edo moldatu egoeraren arabera, ikuspegi etikoa landu, objektutik subjektura eta subjektu indibidualetik subjektu kolektiborantz dinamizatu, kultura herrikoiak inspirazio iturri gisa ulertu...

Ilusionismo sozialaren lehen printzipioa "hasierako negoziazioa" da. Guk ikasgela batean lan egiten dugunez, negoziazio hori nahiko jarraikorra izatea erraza da eta horregatik asko hitz egiten dugu bai kolektiboki, bai irakasle-ikasle binaka, bai taldeka, bai taldeen artean...

Negoziazio horretan, lehentasunezko puntuak hauek izan dira, gutxi gorabehera (taldearen eta egoeraren arabera, baina zeozer zehatza esatearren):
  • eraikitze kolektiboa sustatzea (edo bilatzea, edo posible egingo duten bideak hobestea)
  • askotariko partehartzea (aberatsa, anitza)
  • elkarren arteko laguntza (bai pertsona-pertsona, bai talde-talde, bai pertsona-talde eta bai talde-pertsona... eta aukera sortzen den une berezi horietan, denon artean)
  • ahozkotasuna izatea abiapuntua (nahiz eta asko idazten dugun, baina ez da gure lehentasuna)
  • gure proposamenak inplikatzen dituen pertsonak subjektu gisa identifikatzea eta ez gure nahiak betetzeko objektu gisa (adibidez, guk zerbait egin eta besteak ikusle baino ez izatea, antzerki batzuetan gertatzen den moduan, pertsonak objektutzat hartzea litzateke)
  • geurekoiak ez izatea (edo ahal den guztia mugatzea) eta begirada periferikoa izatea (ez soilik "nire" edo "gure" proiektuan lan egitea eta ikustea norbaitek gure laguntza beharko lukeen, laguntza pentsatze, egite edo sentitzeetan).
Horrela, ez da ontzat ematen bizikidetzaren kontrako proposamenik, hartzen diren arriskuak (fisikoak, ideologikoak, emozionalak, akademikoak...) eztabaidatzen dira, inplikazioetan pentsatzeko; eta harreman-bideak sortzen dira. Adibidez, eskolako dekorazioa aldatu nahi badu talde batek, ezinbestekoa da dekorazio hori eragiten dion jendearekin komunikatzea, asmatzen ditugun moduak erabiliz; bestela, gure ekintzak besteei inposatuko genizkieke eta hori ez da etikoa.



Bestalde, bizikidetzaz ari garelarik ezin da utzi aipatu gabe diskriminazioa etengabea dela eskolan, ez soilik kolektibo zehatz batzuen aurka (etorkinak, LGTB, matxismoa...) baita klase sozial baxuei lotutakoa ere, hori oso nabarmena da eta askotan etorkinen aurkako erasoak berez klase sozial kontuak dira gehiago jatorriari lotutakoak baino. Arazoa da gauzak zatika konpontzen saiatzen garela: orain kulturartekotasunaren eguna, orain LGTB eguna, orain emakumearen eguna... eta horrek ezer gutxirako balio du. Bizikidetza modu zabalean planteatzen ez bada, hamaika ikastaro egin beharko ditugu irakasleok, arazo txiki bakoitzari soluzio txikia bilatzeko!

2014(e)ko urriaren 29(a), asteazkena

Partaidetza esperientziak eta ilusionismo soziala Magisteritzan... Hizkuntzaren Didaktikan

2014ko irailean hasita, partaidetza esperientziak bizitzen ari gara Magisteritzan (Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan), 1., 3. eta 4. mailako hainbat talderekin, Javier Encina, ilusionista sozialaren laguntza eta lankidetzari esker, bisitan ere izan genuena aste pare batez saio batzuetan gurekin lanean (mila esker, Javi! <3). 7-8 aste hauetan gauza pilo-piloa gertatu da... izugarri ikasten ari gara eta gainera, alaitasun handiz!

Egunero gertatzen da zerbait zirraragarria, nire kaxkagorkeriak ikusten uzten ez zidan arren... Hona aurrerapen txiki bat, datozen asteotan jarraituko dut kontatzen eta sakontzen. Luzeegi ere ez jotzeko, 3. mailako esperientziatik hastea pentsatu dut, partaidetza-prozesu honetan lehenak izan zirenak hasten.

Hizkuntzaren Didaktika saioak 3. mailan

Esan daiteke hauxe dela talde motorea, egunero ideia berriak sortzen dira partaidetzaren eta eraikitze kolektiboaren ulermenean sakontzen eta, batez ere, gure arteko harremanak hobeak izan daitezen laguntzen digutenak. Proposamen orokor honekin hasi ginen: "irakasgai (denbora) honetan, egin nahi duguna egingo dugu", eta egingo dugu "eraikitze kolektiboa eta partaidetza sustatuz".

Hortik aurrera, hainbat ideia eta proposamenen ondoren, hiru proiektu-aitzakia aukeratu genituen, denbora labur honetan garatzeko modukoak (10 aste, 4 ordu astean):
  • Magisteritza dekoratzea, harremanetarako eta lanerako leku atsegina izan dadin. Hortik sortu zen @decomagis izeneko esperientzia, Eskolako mugimendu sozial bilakatu dena, eskola osoan zehar jasotzen baitira proposamenak; dekorazioa aldarrikapenetarako tresna gisa erabiltzen da, eskatzen diren aldaketak adierazteko, proposamenak erakusteko... eta, hau dena, lan-taldea etengabe zabalduz, edozein pertsona edozein unetan parte hartu ahal izateko, proposamenak entzunez, elkarlanean eta irudimen handi-handiz.
  • Gymkana bat belardian antolatzea, nahi duen edonork parte har dezan. Gymkana hau bihar egingo dugu, osteguna, urriaren 30ean 11etan, eta kontatu ezin ditudan sorpresak egongo dira... baina bertatik pasatzen bazarete, ez izan zalantzarik eta parte hartu, helburua da elkarrekin ondo pasatzea! Antolaketa honetan, proposamena egin zuen taldea lagundua izaten utzi die besteei, eta horrek asko irakatsi digu kolektiboki lan egitea zer den ulertzen. Proiektuaren "arrakastari" lehentasuna eman ordez, elkarrekin lan egitea izan da inportanteena, elkar zaintzea eta elkarri laguntzea. Gymkana iragartzeko pankarta Magisteritzako 3. pisutik 1.era jaisten da:
  • Antzerki-talde bat sortzea: talde honek sormen handiz lan egin du, mini-antzerkiak sortuz, antzerkia planteatzeko modu asko proposatuz publikoa ikusle izatetik partaide izatera pasa dadin, tradiziozko rolak gainditzeko ideiak garatuz... Talde honetan asko eztabaidatu eta hausnartu da indibidualismoaz eta lan kolektiboaz, ikuskizun eta masa kulturaz... eta talde honetako kideak beste taldeei laguntzen aritu dira, beharra sortu denean.

Hau hizkuntzaren didaktika ote?

Proposatzen ari bagara hizkuntza ez dadila testuingururik gabe eta modu isolatuan landu, diziplinartekotasuna bilatzen badugu, ahozkotasunean oinarritu nahi badugu idatzizkoaren ulermena eta ekoizpena eraikitzeko... proiektu hauek ederki erakusten dituzte planteamendu horiek praktikan.

Proiektuen garapenean zehar, ikasleek (eta neuk!) eztabaidatu dute, negoziatu, hausnartu, idatzizko testuak elkarrekin ekoiztu dituzte, berriketan aritu dira... eta gainera, behar izan duten neurrian, Gorputz Hezkuntzako irakasleengana jo dute (gymkanarako materialak lortzeko), Plastikaren Hezkuntzako irakasleengana (pankarta eta dekoraziorako) eta Musika Hezkuntzako irakasleengana (gymkanaren egunean musika jarri ahal izateko).

Diziplinak modu naturalean integratu dituzte. Komunikazioa benetakoa izan da eta askotariko kanalak erabiliz: komunikazio elementu plastikoak, soinuzkoak eta musikalak, fisikoak, testualak... Prozesu osoan zehar, eztabaidak izan ditugu proiektuei sakontasuna emateko eta batez ere taldekideon eta taldetik haratagokoen arteko harremanetan sakontzeko. Kontraesanak topatu ditugu, blokeo eta frustrazio uneak izan ditugu, azpiegitura arazoak... baina arazo horiek konpontzen eta ebazten joan gara, ikuspegi kolektiboaren eta elkarren arteko laguntzaren ikuspegiari esker.

Eta, denetan onena, egiten ari ginenaren ilusioa konpartitzearen alaitasunaz egin dugu lan eta askatasun sentsazioaz, ez baitut nire botere koertzitiboa erabili (proiektua ez dute egin "notarako", nahi izan dutelako baizik), eta horrek erraztu digu komunikazioa horizontalagoa izan zedin.

Fase honen amaieran, klaseko azken bi aste hauetan, ikasiko dugu hau dena nola "justifikatu legez", unitate didaktiko moduko bat proposatuko baitugu egin duguna dokumentatzeko, eta unitate hau egiteko aitzakiaz, egindako lanaren askotariko ebaluazioak egingo ditugu, bizipen desberdinak ditugulako gertatu denaz, eta ebaluazioaren gaiaz debate bat zabalduko dugu.

Hortik aurrera... batek daki zer gertatuko den! Bizitzari sorpresak ematen utziko diogu! ;-)

PD: Hona @decomagis-ek sarrera honi erantsi nahi diona (eskerrik asko!!!):