ahozko kulturak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ahozko kulturak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021(e)ko otsailaren 11(a), osteguna

Hizkuntzategiaren I. Mintegia: Ahozkotasuna dinamizatzen hezkuntza erakundeetan (otsailak 17, online)

Datorren asteazkenean, 2021eko otsailaren 17an, Hizkuntzategiaren I. Mintegia izango dugu, online, sarbide irekian, nahi duenak parte har dezan. 

Bi atal nagusi ditu eta nahi duzun atalean har dezakezu parte, ez da beharrezkoa saio osora sartzea. Horrez gain, "partaidetza ixila" izan dezakezu, hau da, entzule gisa parte hartu, edo elkar eragin, BlackBoard Collaborate plataformak ematen dituen aukerak erabiliz: idatzizko txata, audioa edota bideoa.

NOIZ: Otsailak 17, 12:00-14:00
NON: https://labur.eus/TbYvp
Sarbide librea


Mintegiak bi zati izango ditu: 

12:00-13:00 Ahozkotasuna nola dinamizatu ikastetxeetan? 

Lehen atal honetan, ahozkotasunaren kontzeptua zehaztuko dugu eta horrek praktikan esan nahi duena argitzen saiatuko gara, teoria eta praktika ondo elkarlotuz eta ideiak trukatuz. Hasieran, aurkezpen moduko azalpen bat izango dugu, eta, hortik aurrera, ideiak landuko ditugu, elkarreraginean, ahal delarik. 

Kontu hauek landuko ditugu:

  • Ahozkotasunaren kontzeptua
  • Ahozkotasuna eta ahozko sorkuntza
  • Ahozkotasuna kultura herrikoietan
  • Ahozkotasuna eta bizikidetza
  • Ahozkotasunaren dinamizaziorako zenbait gako

13:00-14:00 Ikerketa proiektuaren proposamenaren aurkezpena: Euskararen ahozko erabilera dinamizatzen fakultatean eta ikastetxeetan 

Ikerketa proiektu hau 2021/2022 ikasturtean abiatuko da eta bere helburu nagusia da ikasleek testuinguru eta harreman informaletan (ez akademikoetan) euskara erabil dezaten sustatzeko modu berriak bilatzea ahozkotasunaren eta ahozko sorkuntzaren bidetik. 

Ikerketa-ekintza parte-hartzailea izango da ikerketaren prozesua antolatzen lagunduko duena, hartara, formazioa, autoformazioa, esperimentazioa, dinamizazioa eta partaidetza prozesu osoan zehar eraikiko da. Ikerketan parte hartzeko, hainbat modu daude:

  • Prozesuaren une jakin batean: formazioa eskainiz edo jasoz, ekitaldi zehatz batean parte hartuz...
  • Prozesuaren atal batean: garapen teorikoan, ikasle-talde batekin lan eginez, eztabaida-talde batean parte hartuz...
  • Prozesu osoan zehar: zure ikasleekin batera ikerketa osoan parte hartuz, ikertzaile gisa elkarreraginez...
  • Aholkulari, laguntzaile, akuilari edo formatzaile gisa: prozesu osoan zehar dinamizatzaile, akuilari edo laguntzaile gisa parte hartuz, hainbat formazio ekimenetan parte hartuz, zenbait bileratan parte hartuz ideiak emateko edo lana aztertzeko...

 Mintegian, honako puntu hauek jorratuko ditugu:

  • Nola dinamizatu euskararen erabilera fakultatean?
  • Nola dinamizatu euskararen erabilera ikastetxeetan?
  • Ikerketa proiektuaren lehen zirriborroaren aurkezpena
  • Ikertzeko metodoa eta prozesua
  • Ikerketa proiektuan nola hartu parte

Mintegia Ainhoa Ezeiza irakasle-ikertzaileak gidatuko du, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko kidea eta Hizkuntzategia ekimeneko partaideetako bat.

 

Zer da Hizkuntzategia?

Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko lantalde sortu berria da, hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzari lotutako ikerketa, formazio eta dibulgazio ekimenak gauzatzeko asmoa duena.

 

Hona mintegiaren eskuorria (esteka honetan pdf formatuan):



 

Kultura herrikoien inguruko irratsaioa

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 22. saio honetan, kultura herrikoiak zer diren eta zergatik diren garrantzitsuak azalduko du Ainhoa Ezeiza esatariak. 

Duela urte asko gaude tematuta kultura herrikoiak lantzearekin gure lana pentsatzeko/sentitzeko/egiteko modu gisa. Kultura herrikoiak dira eraldatzeko gaitasuna dutenak: aniztasuna eta horizontaltasuna, egokitzeko, erresistentziarako eta eguneroko bizitzaz gozatzeko gaitasunari lotuta, eraldatze prozesu komunitarioen sortzaile eta indartzaile dira.

Sevillako El Jueves merkatu herrikoia
Sevillako El Jueves merkatu herrikoia

 

Kultura herrikoiek jakintza kolektiboak berreskuratzen eta berpizten dituzte, bat-bateko trukeen bidez, gizarte-kultiboetan, elkarren arteko laguntza-moduak baliatuz, harreman afektiboekin, desikasiz eta ikaste berrietara irekiz… jakintza-iturri agorrezinak dira. 

Kultura herrikoiak konplexutasunaren adierazpen argiak dira, izan ere, bizitzeko modu bat izanik, ezin daitezke azaldu eguneroko espazio eta denboretan sentitu/pentsatu/egin gabe, eta errepikapen sortzailearen bidez sortzen dira etengabe. Dimentsio aniztunak dira. 

 

Kultura instituzionalak legitimatzea lortu nahi du tradizioaren bitartez, bai Estatua indartzeko eta bai protoestatuak eraikitzeko. Masa-kulturak tradizioan negozioa ikusten du, salmenta, turismoa… Kultura alternatibo batzuek ere tradizioa erabiltzen dute beren interesetarako: merkatu berri bat, “ekomerkatuak edo merkatu berdeagoak” sortzeko, prozesu eratzaileak abiatzeko (instituyentes)…

Turistifikazioak eta gentrifikazioak apropos apurtzen dituzte kultura herrikoien harreman-moduak

 

Normalean esaten da kultura herrikoiak kontserbadoreak direla, baina hori ez da hala. Kultura herrikoien ezaugarri garrantzitsu bat da harreman-moduak garrantzitsuagoak direla edukiak baino, eta, hortaz, “objektu kulturalak” ez dira, bereziki, beren interesekoak. 

Adibidez, joskera mota bat oso baloratua izan daiteke komunitate-inguru jakin batean, baina ez horrenbeste bere edertasunagatik, jantzia sortzeko prozesuan gertatzen diren gauza guztiengatik baizik. Jantziaren edertasunak autoestimua elikatzen du, pertsonala, taldearena, kolektiboa… baina bere balio herrikoia galtzen du jantzi hori adibidez Zara denda batean salduz gero, esplotazio-prozesu baten emaitza dela jakinda, hau da, nonbait, “beheko” batek egin du, lan-baldintza eskasetan, gutxi batzuen mozkinak areagotzeko. 

Eraikitze kolektiboan eta gizarte eraldaketan, azkenik, ezinezko gauza bat egiteko egokiera jakin bat baliatzeko ausardia izan aurretik, garrantzi handia dute irribarre konplizeek. Horregatik diogu barrea ezinbestekoa dela kultura herrikoietan gizartea eraldatzeko. Hauek dira barrearen indartzaile gisa identifikatu ditugunak:

  • Jatekoa-edatekoa
  • Maitasuna-sexualitatea
  • Instituzioen aurkako bortizkeria eta berdinen gizartea
«Mingarriaren tiraniaren» aurka, ironia baino errezeta hoberik ez da, horixe zen Chamfort-en proposamena; arima «sakon, ilun, mingarri eta sutsu» horren erremediotzat zuen barrea, eta galdutzat ematen zuen «barre egin ez zuen eguna».

KREDITUAK

Sintonia:  

Mitxoleta – Eneritz Furyak (Eneritz Furyak, 2017) 

Erabilitako testua: 

UNILCO-espacio nómada (2017). Kultura herrikoiak. A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera (19-43). ISM, UNILCO-espacio nómada eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa. Hemen eskuragarri: https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=922  

Blokeen arteko musika: 

Belaunaldia – Karidadeko Benta 

Grândola, Vila Morena – Os Ganhões de Castro Verde (José Afonso)  

 

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

2020(e)ko ekainaren 17(a), asteazkena

Alentejoko kantak

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 20. saio honetan, Portugalgo Alentejoko kantak eta bestelako lan eta gizarte kantak ekarri ditut, eta hainbat hausnarketa eta erreferentziarekin elkarlotu ditut, ulergarriagoak izateko eta ahozkotasunarekin lotzeko.


IRRATSAIOKO KANTAK

Hauek dira saiora ekarritako kantak, eta, saioan esan bezala, hementxe dituzu ikustea merezi duten bideoak ere:
  1. Camponês alentejano («Os Ganhões» de Castro Verde) – Cancioneiro Social do Cante Alentejano
  2. Aljustrel, terra velinha – Grupo Coral dos Operários Mineiros de Aljustrel
  3. Hino dos Mineiros – Novaurora
  4. Grupo Coral Alentejano Feminino e Etnográfico «Paz e Unidade» de Alcáçovas
  5. Alentejo, Alentejo, Sérgio Tréfaut-en filma
  6. A moda da lavoura – Povo que Canta (recolha Michel Giacometti)
  7. Cante ao menino Vila Verde de Ficalho (recolha Michel Giacometti)
  8. Cava da manta. Cantos de trabalho – 1972, Tavarede, Figueira da Foz, Coimbra (recolha Michel Giacometti)
  9. Tocadora de Roda. Cantos de trabalho – 1972, Dornelas, Pampilhosa da Serra, Coimbra (recolha Michel Giacometti)
  10. Maçadela do Linho – Cantos e Danças de Portugal (recolha Michel Giacometti)
  11. Taberna em Cuba – Baixo Alentejo

SAKONTZEKO ESTEKAK

Portugalen egindako egonaldia kontatzen duen bloga, portugesez: https://oralidadepopular.blogspot.com/

Michel Giacometti eta Serviço Cívico Estudantil ekimenaz: https://oralidadepopular.blogspot.com/2020/02/o-servico-civico-estudantil-e-michel.html

Michel Giacometti eta «Povo que canta» proiektuaz: https://oralidadepopular.blogspot.com/2020/02/povo-que-canta-michel-giacometti.html

Museu do Trabalho: https://oralidadepopular.blogspot.com/2020/02/museu-do-trabalho-michel-giacometti.html


KREDITUAK

Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

2017(e)ko ekainaren 17(a), larunbata

Ahozkotasuna eskolan



Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 8. saio honetan, ahozkotasuna zer den eta ahozkotasunaren lanketan kontuan hartu beharreko zenbait kontu didaktiko azaltzen ditu Ainhoa Ezeiza esatariak.


Ahozkotasuna gauzak ahoz esatearekin nahasten da, eta ez da gauza bera. Ahozkotasuna eskolan lantzeko, lehenik eta behin jakin beharko dugu ze inplikatzen duen ahozkotasunak, zein diren ahozkotasunaren oinarrizko mekanismoak eta nola sortzen den ahozkotasun hori.


Rudy MOSTACEROren arabera (2004), ahozkotasunak maila hirukoitza du aldi berean: hizkuntzaren maila, maila paralinguistikoa eta maila semiotiko-kulturala, eta hortaz, ahozko ekoizpen instituzionalaren, akademikoaren edo formalaren desberdina da. Edo, politago, Antonio MANDLY-k (1996:117) deskribatzen duen eran, “Hablar es empachurrar palabras, pero también amarrar palabras y pegar gritos y hablar a puñaos y regalar palabras y pregonar y ronear, es pronunciarse; es, comunicarse". Etnosemantikaren erreferentzia hartzen du zehatzago argitzeko, Greimas-ek 1980an deskribatutakoaren ildotik tiraka, ideia garatuagoa josiz: etnosemiotika da objektu semiotiko bat esanahia kode poetikoak, musikalak eta keinuzkoak aldi berean ematen diotenak aldi berean. Gaur egun gizarte garatuak deritzen hauek bereiztuta erakusten dituzte poesia, musika eta dantza izenez, diskurtso disjuntu autonomoak balira bezala, baina ahozkotasuna osatzen duten kodeak dira, pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak bateginik komunikatzeko formak direlarik.


Idatzizkotasuna izan da hizkuntza ikuspegi finko, estruktural eta zehatz batera mugatu duena, pentsatzetik sortzen dena, arauak aplikatzetik, eta gero hortik sortzen da Eskolak proposatu duen ahozko diskurtsoa. "Ondo pentsatu hitz egin aurretik", "ez hitz egin ez baduzu argi zer esan behar duzun", "lehenik ideiak pentsatu, prestatu, zirriborratu, horrela hobeto komunikatuko zara"... Eskolaren proposamena kontzientzia linguistikoa da, baina hain zuzen ere, ahozkotasuna inkontzientetik dator, idatzizkotasuna da kontzienteki pentsatu behar dena, idatzizkoaren adierazpenerako sortutako arauak betetzeko.

Ahozkotasunaren psikodinamikak

Walter J. ONG-ek (1987) ahozko kulturetan oinarriturik egindako berrikusketa garrantzitsutik, ahozkotasunaren psikodinamikak zehaztu zituen; bere ikerketak ondorengo ikertzaile ugariren erreferentzia izan ziren, bai ikuspegi antropologikotik eta bai hizkuntzalaritzaren ikuspegitik.

Ahozkotasunean, pentsamendua modu orekatu eta erritmikoan adierazten da, errepikapenetan oinarriturik eta antitesiak, aliterazioak, hoskidetasunak... erabiliz, jendeak erraz gogoratzeko eta errepikatzeko. Pentsamendua, hala, oroimen mekanismoekin erlazionatzen da. Walter J. ONGek "pentsamendu formulaikoa" aipatu zuen; guk kultura herrikoietan "errepikapen sortzailea" deritzogu honi, kultura herrikoietan gaur gaurkoz bizirik darraiena, baita gure idatzizko kulturetan ere.

Idatzizkotasunaren eta ahozkotasunaren arteko desberdintasun nagusiak identifikatu zituen Walter J. ONGek:
  • Mendeko perpausak vs. gehigarriak
  • Analitikoa vs. metagarria
  • Denboran distantzia duena vs. enpatikoa eta partehartzailea
  • Abstraktua vs. lekuan lekukoa
Hau da: idatzizkorako irakasten diren hizkuntz formak ez dira baliagarriak ahozkotasunean, komunikatzeko mekanismoak desberdinak direlako.

Konplexutasun faltsua eta testuinguruaren garrantzia


Desberdintasun horiek oinarri hartuta eta ahozkotasunaren eta idatzizkotasunaren alde kognitiboak interpretaturik, jendartean zabaldu den mezua da ahozkotasunak pentsamendu sinpleagoa eragiten duela eta ondorioz, Eskolak idatzizkotasunari eman behar diola lehentasuna, ikasleen garapen kognitiboa maila gorenera irits dadin. Justifikazio horretan oinarritu da (diziplina eta adoktrinatze nahiak ezkutuan utzirik) ahozkotasunaren bazterketa, "ezjakinen" komunikatzeko era dela argudiatuz, era pobre bat. Eta hortik, Eskolan ahozko diskurtsoen lanketari ekin dio, oratoriaren formatu zurrunera mugatuz kasurik onenetan, eta nagusiki lantzen diren ahozko testuak honakoak izaten dira: ahozko aurkezpenak (monogestionatuak), eztabaida antolatuak (txandak erregulatuak dituztenak) eta rol-playing erakoak, portaera estereotipo edota arkeotipikoetan oinarrituak eta askotan ahozko partehartzea aldez aurretik idatziz sortuak dituztenak. Aldiz, ohikoa da ikasleei egunean zehar behin eta berriz ixiltasuna eskatzea, bat-bateko elkarrizketak sortzen direnean.

Baina ahozkotasunaren sinpletasunaren ikuspegia okerra da, ez duelako kontuan izan ahozko kulturen konplexutasuna ez doala soilik hitzetan. J. Peter DENNYk oso ekarpen baliotsua egin zuen zentzu horretan, testuinguruaren garrantzia azpimarraturik; bere ikuspegitik, hainbat hizkuntzalari eta antropologok sinpleagotzat jo dituzte ahozko kulturak, ez dituztelako hizkuntzarekin batera doazen elementu guztiak kontuan hartu, ez unean unekoak eta ez historikoak, oroimen kolektiboarekin datozenak. Izan ere, ahozkotasuna lekukotasunari erabat atxikia doanez, ez da beharrezkoa idatzizkotasunean behar diren elementu guztiak jasota geratzea, konpartituak direlako, komunak direlako; horrek esan nahi du jakintzaren eraikitzea DESBERDINA dela, ez sinpleagoa.

Hortik berrinterpretatu zituen ONGen idatzizkotasunaren eta ahozkotasunaren arteko aldeak (J. Peter DENNY, 1995). Bere ikerketetan oinarriturik, mendeko perpausak testuingurutik irteteko tresnak dira, hainbat informazio bigarren mailan kokatzeko; egitura gehigarriek, aldiz, pisu bera eskaintzen diete informazio guztiei, eta horrela, informazio bakoitza gainerako informazioak testuinguratzeko erabil daiteke. Horrez gain, ahozkotasunean metaketa erabiltzen da informazioa oroimenean finkatzeko, eta hori idazmenean ez da beharrezkoa, informazioa ez delako gogoratu behar.

Baina hizkuntza erabiltzeko forma zehatz horiek baino interesgarriagoak dira bere bi ondorio hauek:
  • Idatzizkoa objektiboki urruntzen den moduan, ahozkotasuna enpatikoa eta partehartzailea da: ahozkotasunaren formek lekuko pertsonen edo pertsonaien kontaketak berreskuratzen dituzte, eta horrela jendea identifikatua sentitzen da, ahotan hartua, ukitua eta hunkitua. Honela, jendeak prozesua parte hartzea errazten da. Horregatik, ahozkotasuna lantzen dugunean, jendea bere ingurune sozial eta naturalaren parte sentitzen da eta eraikitze kolektiboa errazten da.
  • Abstraktua vs. lekuan lekukoa planteatzea ez da zuzena. Besterik gabe, lekuan lekuko komunikazioan idatzizkoaren desberdinak diren elementuak erabiltzen dira abstrakzioa adierazteko. Pentsamendu testuinguratua oso teorikoa izan daiteke. Kultura guztietan erabiltzen dira kontzeptu orokorrak, gauza zehazgabeei erreferentzia egiten zaie hizkuntza guztietan... Faltsua da ahozko kulturak sinpleagoak edo abstrakzio txikiagokoak direla.

Horrek guztiak ez du esan nahi idatzizkotasuna garrantzitsua ez denik. Idatzizkotasuna lehen mailako konplexutasuna litzateke, eta ahozkotasuna, aldiz, lehen mailako konplexutasuna. Zergatik da ahozkotasuna lehen mailako konplexutasuna? Lekuan lekuko harremanetara irekitzen duelako, eta horrek mundu desberdinak konektatzea ahalbidetzen du. Idatzizkotasunak sistematizatzen du eta ixten, eta ondorioz, informazioa galtzen denez, konplexutasuna murrizten da, konplexutasuna bide baten barruan eraikitzen da. Ahozkotasuna, aldiz, alogikoa da eta desberdinen arteko lekuan lekuko harreman eraikitzaileak errazten ditu.

Aniztasunaren trataera errazago egiten du ahozkotasunak, horizontalki eraiki daitekeelako eta enpatiak sorrarazten dituelako, elementu linguistikoak paralinguistikoekin eta semiotiko-kulturalekin elkartuz eta dimentsio anitzeko komunikazioak elkarren artean josiz.

Zein dira ikuspegi honen ondorioak eskolari begira?


Eric HAVELOCK-ek (1995) adierazi bezala, ondorio garrantzitsu bat atera behar da hemendik. Eskolak lehentasuntzat jotzen du haurrek ahalik eta goiztiarren ikas dezaten irakurtzen eta idazten... baina agian horrek ondoren konpondu ezin izango den kalte bat eragin dezake ahozkotasunaren garapenean, hizkuntza idatzizkoari atxikituta.

Ondorioetako bat, hortaz, idazte-irakurtze prozesua hasi aurretik, ahozkotasunaren oinarriak finkatzea izango litzateke. Horrek ez du esan nahi haurrek hizkuntza "jakin" behar dutela irakurtzen ikasten hasi aurretik, baizik eta ahozkotasuna landu dutela eta lantzen jarraituko dutela bermatzea.

HAVELOCK-ek proposatzen duen premisa da garapenean dauden haur eta gazteek nolabait ahozkotasunaren baldintzak bizitu behar dituztela, etnosemiotikaren ikuspegitik planteatzen den modura.

Geure aldetik, proposatzen dugu ahozkotasuna lehenestea eta idatzizkotasuna bigarren mailan kokatzea. Horrez gain, idatzizko forma desberdinak irakastea, ez soilik testu-motetan oinarritutako diskurtso zurrunak, antzerako prozesuetan oinarritzen direnak (ideiak bildu -> ideiak antolatu -> ideiak garatu -> ideiak berrikusi), baizik eta askotariko idazketak, eguneroko bizitzan testuinguratuak eta eguneroko bizitzako beharrak asetzen lagunduko digutenak. Hau da: testuinguru partekatuko testuak, hizkuntzaren jolasak elikatzen dituztenak, erritmikoak (ez derrigor poetikoak) eta kultura herrikoien adierazpen-moduetan inspiratuak, non garrantzitsuagoak diren harreman-moduak edukiak baino.

Horregatik proposatzen dugu hizkuntzaren jabegabetzean oinarritzea eta ilusionismo sozialetik abiatuta lan egitea.

GAIAN SAKONTZEKO

Javier Encina eta Ainhoa Ezeiza (2017). Ahozkotasuna eta idatzizkotasuna. A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera (91-108). Donostia: ISM-UPV/EHU.
https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=892

Ainhoa Ezeiza (2017/02/13). Ahozkotasuna eskolan. Hezkuntza eta Hizkuntza bloga.
https://www.ehu.eus/ehusfera/komunikatzen/2017/02/13/ahozkotasuna-eskolan/


Erreferentzia bibliografikoak


J. Peter DENNY (1995) El pensamiento racional en la cultura oral y la descontextualización escrita. D. Olson y N. Torrance (Argit.), Cultura escrita y oralidad (95-126. or.). Gedisa. Bartzelona.

Eric HAVELOCK (1995) La ecuación oral-escrito: una fórmula para la mentalidad moderna. En D. Olson y N. Torrance (Argit.), Cultura escrita y oralidad (25-46. or.). Gedisa. Bartzelona.


Antonio MANDLY (1996) «Echar un revezo». Cultura: Razón común en Andalucía. Centro de Ediciones de la Diputación de Málaga (CEDMA). Malaga.

Antonio MANDLY eta Francisco Manuel LLORENTE (2013) Jugar con fuego. Flamenco, juegos de lenguaje y tecnologías de la comunicación. Gazeta de Antropología, 29(1), 07 artikulua. http://hdl.handle.net/10481/25173

Rudy MOSTACERO (2004) Oralidad, escritura y escrituralidad. Sapiens. Revista Universitaria de Investigación, 5. urtea, 1. zkia., 53-75. or.

Walter J. ONG (1987) Oralidad y escritura: tecnologías de la palabra. Fondo de Cultura Económica. Mexiko.

IRRATASIOAREN KREDITUAK

Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak
Musika: «Minaren mintzoa», «Kateak» eta «Hitz lauz» – Jon Gurrutxaga
CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.



Irudien iturria: Pixabay - Domeinu Publikoa (CC0)