2015(e)ko abuztuaren 17(a), astelehena

Jabegabetzearen Nazioarteko Jardunaldiak Lesakan: Hainbat ideia eta hausnarketa

Lesakan 2015eko abuztuaren 4tik 9ra bitartean egin genituen jardunaldietan, askotariko jendea joan ginen elkartzen eta parte hartzen... polita izan zen hainbeste jenderekin partekatzea bizipenak, leku desberdinetatik etorritakoak, adin desberdinetakoak, lanbide desberdinetakoak... bakoitzak ahal izan zuen denbora eman zuen Matxinbeltzenea aterpetxean, batzuk lotara geratu ginen, beste batzuk soilik saioetara, beste batzuk bazkari-afaritara...

Horrela, Ilusionista Sozialen Mintegiko jendea (Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolakoa, eskolak berak lagundu digu ikasleak lotara gera zitezen), Donostiako Enpresa Ikasketen UEko ikasleak, Zuzenbide Fakultatekoak, bakarren bat zuzenean Kolonbiatik iritsi zen kafe eta guzti..., Bortzirietako jendea, Irun, Gasteiz, Donostia, UNILCO-espacio nómadako kideak Sevillatik, UNILCO France taldekideak orain Sagunton ari direnak lanean, Castellonetik ere bai... eta arantzatar bat ere bai, tarteka aditzen zebilena...


Laburbilduz, partaidetzan, arte kolaboratiboan, hezkuntzan, kooperazioan lanean ari den jendea, fruta saltzaileak, nekazari agroekologikoak, sozial median adituak, ilusionista sozialak, elektrizistak... eta nolabait ere parte hartu zuten gurekin modu batera edo bestera aterpetxekideek, harakinak, letxuen dendako emakumeak, tabernariek, dantzariek eta Lesaka eta inguruko jendeak... Hau dena egitarau aberats batean, formaletik haratago jo zuena, ikasgelatik dezente haratago, zelai eta maldetan, sukaldean, tabernetan, Lesakan zehar pasiatzen eta abar. Modu honek posible egin zuen jendea sartu-irtenean ibili ahal izatea askatasunez, ahal zuenean edo interesatzen zitzaionean parte hartuz.


Funtsezkoa izan da lan egiteko modu honetan Matxinbeltzenea aterpetxeko jendeak eskaini zigun askatasuna, konfiantza eta eskuragarritasuna, bereziki aipatu nahi genuke Mentxurengandik jasotako laguntza eta tratu atsegin eta goxoa.


Kaos, osagabetasun, ziurgabetasun, xumetze honek guztiak, kiribil zentrifugo bat ahalbidetu du (hau da, kanporanzko eraikitze kolektiboa, norberak aukera izan duena nahi zuena bereganatzeko, bere eguneroko espazio eta denboretan edo bere lanerako baliagarri zaiona bere egiteko) jabegabetzean eta bere zutabeetan sakontzen segitzen laguntzen ari zaiguna.

Gauza batzuk ikasgelan modu esplizituan landu baditugu ere, ikasgelatik kanpo bizitako ikaskuntzak jariakorragoak eta ikustezinak izan dira, naturalak eta partekatuak, eta pertsona bakoitzak modu desberdinetara egin ditu ekarpenak. Ondoren datorrena ez da gertatu zenaren deskribapen bat, berez gehiago da jardunaldiek ekarri dizkiguten hausnarketa batzuen laburpen bat jabegabetzearen zutabeen ikuspegitik, izan ere, zutabe guztiak lantzen saiatu gabe ere, berez guztiekin lotutako gauzak sentitu, pentsatu eta egin ditugu.


Jabegabetzea zer den eztabaidatzen hasteko, material hauek erabili ditugu:


Jardunaldietan zehar sortu diren hainbat ideia jabegabetzearen zutabeen inguruan:

ZAINTZAK:
  • Bazetorren eta sartzen joan den jendea partehartzaile sentitzen laguntza, adibidez jendearen denboretara egokitzen diren tresnak erabiliz, horrela, jarduerak lehen pertsona etortzen zenean hasi dira eta dinamika irekien bidez landu dira, pertsona bakoitza iritsi ahala gaian sartu eta modu desberdinetara helduz, ordura arte eraikitako ekarpen kolektiboak jasoz, eta horrela pertsona bakoitzak aukera izan du bere jakintzak eskaintzeko, programatutako jardueretan ezezik, janariaren prestaketan, etxearen zaintzan, paseoan, jardunaldien tartean iritsitako jendearentzat egin ziren "berreskuratze saioetan"...
  • Elkar zaintzea, modu desberdinetan, Salvik janaria prestatzen egindako lan itzela, Mentxuk aterpetxean ondo senti gintezen egindako guztia, Xelo, Cyrille eta Nelo janariarekin, erosketak egiteko modua Lesakako jendearekin, Mentxuk (@mentxu09), Lucíak, Mertxek (@mertxejbadiola) ekarritako guztia, Amaiak (@ALEbidun) bere txokoan prestatutako afaria (hementxe duzue berak jardunaldiez idatzitako blog-sarrera polita), gure klaseen prestaketa, Nora, Bego eta Rubenen esperientziak adierazteko moduak, Begoren briochea, Naiararen opariak...

ASKATASUNA:
  • Disentsuaren askatasunean partekatu ditugu ideiak, sentipenak eta ekintzak, presiorik sentitu gabe, ideiarik behartu gabe eta jardueretan sartu eta jardueretatik irteteko moduekin.

ERAIKITZE KOLEKTIBOA:
  • Kolektiboa, kolaboratiboa eta kooperatiboa bereizteko debatea garatu dugu, "kolektibo" hitzarekin "harreman ez utilitaristak" adierazi nahian eta harreman-moduak edukiak baino garrantzitsuagoak direla (egite/sentitze/pentsatze kolektiboak), eta horren aurrean "kolaboratu" (euskaraz beharbada "elkarlanean aritu") hitzak lan bat egitea esan nahi du, elkarrekin egin lan, egitean zentratzen da, edo "kooperatu", gehiago kate-itxura hartzen duena, rol banaketak oinarriturik, bakoitzak zeregin batzuk dituelarik eta osotasuna banakakoen batuketa delarik (1+1+1+1...).
  • Kultura instituzionala, masa-kultura eta kultura herrikoiak izan ditugu eztabaidagai eta bertatik sortu da kultura alternatiboa gehitzeko beharra. Kultura alternatiboa honela ikusi dugu: Estatuarekin egon daiteke; Estatu alternatibo bat sortzen saiatzen; Merkatuarekin egon daiteke; Merkatu alternatibo bat sortzeko lanean; ez-Merkatu batean egon daiteke edo ez-Estatu batean, kultura herrikoietatik gertu lanean.
  • Tradizioaren kontzeptuan sakondu dugu, ulertuta tradizioa kultura herrikoien zenbait edukiren fosilizazioa eta instituzionalizazioa edota (kultur industriaren aldetik) salmenta dela ulertuta (bateratzea, estandarizazioa, ikuspegi museistikoa, perfekzioa eta errepikapen errepikatzailea) eta horrela, Estatua eta Merkatua saiatzen ari dira nahasketa gerta dadin tradizioaren eta kultura herrikoien artean, baina kultura herrikoiak aldakorrak dira, dinamikoak, harreman-formetan oinarritzen dira eta errepikapen sortzailean, kolektiboki etengabe eraikitzeko.

KONFIANTZA:
  • Matxinbeltzenea aterpetxean egoteari esker, alde batetik aterpetxeko arduradunek gugan konfiantza erakutsi dute, etxeaz arduratu eta zaindu egingo genuelakoan.
  • Hasierako konfiantza horrek asko erraztu digu konfiantza kolektiboa eraikitzen etxearen zainketan, eta giro horrek, horrela sortuta, posible egin du gauza intimoak kontatzea elkarri, edo gure laneko kezkak, gauzak zalantzan jartzea, eztabaidatzea... eta gainera, hizkuntz aniztasunean bizitzea (euskara, gaztelania, andaluziarra, valentziarra, frantsesa), inor haserretu gabe edo kanpoan sentitu gabe.

ALAITASUNA (BIZIPOZA):
  • Adiskide eta kideekin berriz topatzeko alaitasuna eta bizipoza, kasu bakoitzean hainbat urteren ondoren, familiarekin topatzeko poza, Lesakan igandean ospatu zen festaren alaitasunean, herriko zenbait jenderekin topatzeko bizipozaz, esaterako harakina, letxuen atsoa, tabernaria, sevillatarra, Lesakako giro on orokorra, janari eta edarien gozamena...

ELKARREN BEHARRA ETA AUTONOMIA:
  • Egun hauek elkarrekin eman ditugu baina bakoitzak erabaki edo nahi izan duen modura, erritmo desberdinak errespetatuz, bakoitzari gustatzen zaizkion edo interesatzen zaizkion gauzak errespetatuz, kultur eta hizkuntz aniztasunean harmonian.

DESAZKUNDEA:
  • Ideiak berrerabiltzea, jatekoak berrerabiltzea.
  • Beste pertsona batzuekin egotea berezko balio gisa, espazio desberdinak partekatuz (ez soilik "ikasgela").
  • Lekuko ekonomiarekin harremanetan, ikuspegi sozialari helduta.
  • Komuna dena, lekuan lekukoa, ingurunean sortzen dena partekatzea, Norak Bortziriak eskualdeko auzolanaren inguruan argitu zigun ekarpen interesgarriarekin batera.
  • Beharrak zein diren eztabaidatuz eta behar horiek asetzeko askotariko moduak azaleraziz/asmatuz/sortuz.

ITXAROPENA:
  • Planteatu den itxaropena ez da bilatzearen itxaropena, topatzearena baizik, gauzak egiten dabilen jendearekin topatzea gauzak eginez, helburu aprioristikorik zehaztu gabe, hauek ixteko ixten baitute ("nire helburuak", posible denaren itxaropena), topaketaren bitartez baizik (ezinezkoaren itxaropena).

Jabegabetzeaz eta Lesakako jardunaldiez irratian euskaraz

2015eko abuztuaren 4tik 9ra Lesakan egin ditugun Jabegabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak direla eta, bi elkarrizketa eman dituzte irratian, bata Xorroxin Irratian eta bestea Euskadi Irratian.

Jabegabetzea zertan den azaltzen dut bertan pixka bat, baita zertan duen eragina, nondik datorren kontzeptua, zelan ari garen aplikatzen...

Hona Xorroxin Irratiko saioa


Eta hauxe, Euskadi Irratikoa




Eskerrik asko irratsaio bietan parte hartzeko aukera eskaintzeagatik!