2014(e)ko maiatza 11, igandea

Partaidetza, Autogestio eta Jabe-Gabetze Mintegia #ikaskide1314

(Sarrera hau 2014ko maiatzaren 11n argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)

Aste honetan, 2014ko maiatzaren 5etik 7ra, Partaidetza, Autogestio eta Jabe-gabetze Mintegia antolatu dugu Ikaskidetza Sarean. Lehen saioa (maiatzaren 5ekoa) Ikaskidetza Proiektuaz zehazki hitz egiteko izan da eta maiatzaren 6 eta 7koak zabalik utzi genituen, nahi zuenak parte hartzeko.

Mintegi honetako ponenteak Javier Encina Ilusionista Soziala (UNILCO-espacio nómada) eta Juan José Calderon @eraser (Epistemología y Estética Edudadá) izan dira, eta beraiengandik zenbat ikasteko!

Gure galdera zen ea Ikaskidetza Sarea partaidetza sustatzeko proiektu bat izan zitekeen... eta mintegiaren ostean, ikasi dudan lehen kontua da galderak egitea ez dela ideia ona, galderak baldintzatzen duelako munduaren ikuspegia. Galderak errealitatearen baztertzaile dira, inklusioa-esklusioa... eta erantzuna, hala ere, argia izan da: EZ, Ikaskidetza Sarea, gaur gaurkoz, ez da partaidetza proiektu bat. Ezezko horretatik abiatuta, gainerako guztiaz hitz egin ahal izan dugu.

Hona ideia batzuk, hemen utzi nahi ditudanak. Esan behar dut aste honetan ikasi dudana izugarria izan dela, eraldatzailea eta harrigarriki argia eta xumea. Ez dut espero hemen jartzen dudana bete-betean ulergarria izatea, ulertu nahi duenak ulertuko badu ere. Nahi izanez gero, hemen sakondu dezakezu zer den Ilusionismo Soziala eta Jabe-Gabetzea (desempoderamiento): http://ilusionismosocial.org/


BELDURRA

BELDURRA - MIEDO

 "Cuando bordeamos el abismo y la noche es tenebrosa, el jinete sabio suelta las riendas y se entrega al instinto del caballo" Armando Palacio

Michel Foucault-ek ahaluztearen atea zabaldu zuen boterearen mikrofisika planteatu zuenean, baina ez zen ausartu zeharkatzera. Amildegira hurbildu... eta pausoa ematea falta izan zuen.

Erresistentzia... "NIK BAKARRIK!!!" ... Banakotasunak ahalduntzea bilatzen du, eta ahalduntze horrek harreman hierarkikoak sustatzen ditu. Erresistentziak... erresistentziak agertu ziren mintegian, baina erresistentzia horiek BELDURRAK baino ez dira izan. Ikaskuntza kolektiboak eta autogestio kolektiboak "GOAZEN ELKARREKIN!" elkarmendetasun positiboa eta batera ibiltzea bilatzen du. Jabe-gabetzea indibidualtasuna alde batera uztea da.

PARTAIDETZA ez da NORK-NORENTZAT, NOREKIN ETA NONDIK baizik.
Norentzat egiten duzu lan? Politikarientzat, enpresarentzat, unibertsitatearentzat... pertsonentzat, jendearentzat... ?

Metodo zientifikoak, txostenek memoriek "jakintzaren sistematizatzea, emaitzak eta aplikazioa" eskatzen dute, eta hala, IKERKETAREN OBJEKTUA identifikatu behar da lehen-lehenik, ESKUHARTZEAREN HELBURUAK finkatzeko. Sistematizazioak esan nahi du a priori antolatzen dela, partaidetzaren objektuen gainean eragiteko.

Partaidetza NORK-NORENTZAT izan beharrean NOREKIN ETA NONDIK pentsatzen badugu, orduan sistematizazioak ez du zentzurik. Pertsonak objektu gisa definitzean, harreman autoritarioa eta goitik beherakoa definitzen dugu eta ondorioz, partaidetzak mugak ditu, muga baztertzaileak; ikerketa-objektu gisa esku hartzeko kolektiboak definitzean, aldez aurretik erabakitzen da zein dagoen barruan eta zein kanpoan.

Sistematizazioa da Akademiak edo Gobernuak eskatzen duena, ez jendeak. Kontua da: NORENTZAT ARI ZARA LANEAN? NOREKIN ARI ZARA LANEAN?

Jabe-gabetzea da boterea uztea eraikitze kolektiboa posible egiteko. Xumeenetik konplexura eta konplexutik xumeenera. Ez da ikuskizun bat, ez da politikari eta ikertzaileek argazkiak ateratzeko leku bat, ez da ehizaki bat. Bizimodu berri baten bila hasten den prozesu bat da, kultura herrikoietan, elkar zaintzean, askatasunean, konfiantzan, alaitasunean, desazkundean eta itxaropenean oinarritutako eraikitze kolektiboa da.


LEKUAK/DENBORAK eta LURRALDEAK/ORDUTEGIAK
Lurraldeak eta ordutegiak seinalatutako partaidetzak benetakoak ez diren partaidetza-esperientzia negatiboetara garamatza. "Jendeak ez du parte hartzen", "jendeak ez du parte hartu nahi" edo "jendeak ez daki parte hartzen" maiz entzuten diren aitzakiak dira.

Ilusionista Sozialen eta UNILCO-espacio nómada taldeen esperientziek argi erakusten dute hori ez dela hala. Baina parte hartzeko, jendea dagoen eta dabilen lekuetara jo behar da eta jendearen denboretan lan egin.

Autokudeaketa kolektiboak begirada aldatzen digu, boterea hartu nahi izan ordez EGIN/SENTITU/PENTSATU ahal izatera. Horrek Lekuak eta Denborak eskatzen ditu, ezin da gertatu Lurralde eta Ordutegietan. Partaidetza prozesuetan edukiak ez dira garrantzitsuak, harreman-erak baizik. Horregatik, ezin dira metodologiak, teknikak eta antolaketak aldez aurretik zehaztu, arian-arian erabaki eta hautatzen dira lan-tresna egokienak.

Urte hauetan Ilusionista Sozialek eta UNILCO-espacio nómadak garatutako tresnak argitaratuak daude, askotarikoak dira eta egoera zehatzetan garatu dira. Tresna baliotsuak badira ere, tresna baino ez dira. Egoera patxadaz aztertu behar da, partaidetza ez da lau hilabetetan egiten den aurrez definitutako eskuhartzea, sistema perfektu bat aplikatzetik garatzen dena. Partaidetzaren garapen iraunkorrak denbora eta lekua eskatzen du.


"PUNTU NEGATIBOAK", Denok galtzen dugu inork irabaz ez zezan
Ez irabazteko trikimailuak...

Mintegian, beste kontu polit bat "puntu negatiboen" kontzeptua izan da. Puntu negatiboak Javier Encinak ezarri dizkigu asmatzen ez genuenean, eta ahaluztearen kontzeptuari sinbolikoki oso estuki lotuak daude: Denok galtzea inork ez irabazteko.

Arrakasta, irabazi beharra, besteak baino azkarragoak izatea... horrek soilik distantziak areagotzen ditu. Ikaskuntza kolektiboan batera goaz... beno, ez batera zehazki, nork bere erara doalako, baina inork ez du irabazten. Azkarrago doanak trikimailuak ezartzen ditu bidean ez irabazteko, baina ez besteek ez irabazteko baizik eta berau atzean geratzeko, gainerakoekin batera. Jabe-gabetzea.


Barreak ateak zabaltzen ditu, herri-poza eta berdinen arteko gizartea. Alaitasunez ikasten da kolektiboki, irribarrea eta barrea partekatzeak ematen duen pozak partaidetzarako bideak erakusten ditu.

ILUSIONISMO SOZIALA.
"Zerbait beharrezkoa eta (egungo joko-arauetan) ezinezkoa denean, joko-arauak aldatu egin behar dira eta horrela, ezinezkoa posible egiten da" Jesús Ibañez.

Posible dena azpi-arin bat da.
Zenbait koloretako tubo Seraut bat izateko aukera da azpi-arin bat zer den azaltzeko modu zehatza.
Posible dena inplikatzen duenez, izatera iristea, batetik besterako pausoa, azpi-arinean gertatzen da
.”

Marcel Duchamp, Infraleves (Inframince) 1914 (e-learning, teleformación en red)

"Eta denbora gelditu egin zen espazioetan... eta ezinezkoa zirudiena gertatu zen"

"Ez dut gogoratuko eta ez dut ahaztuko" SMASH
 
"Gogoratzen dut eta ahazten dut"
 "Jabe-gabetzea zeure begiradan datza"

Posible denaren segurtasunetik ezinezkoen itxaropenera. ILUSIONISMO SOZIALA.



ESKERRIK ASKO! Aste honetako ikaskuntza eraldatzailea izan da niretzat, ezin naiz eskertuago sentitu.


Iturriak:

Javier Encina, Juan José Calderón @eraser. Partaidetza, Autokudeaketa eta Ahaluzte Mintegia. Ikaskidetza Sarea 2013-14
Encina, Javier et al (2014). Participando con y desde la gente. Colectivo de Ilusionistas Sociales y UNILCO-espacio nómada: Sevilla (Andalucía) y Cuernavaca (México).
Encina, Javier y Ávila, Maria Ángeles (2014). Desempoderamiento. Viviendo la construcción de un nuevo mundo sin poder. Autogestión de la vida cotidiana. Colectivo de Ilusionistas Sociales y UNILCO-espacio nómada: Sevilla (Andalucía).