PBL etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
PBL etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko urtarrilaren 15(a), osteguna

Zergatik utzi diot POI edo PBL proiektuetan oinarritutako ikaskuntzan lan egiteari?

2010. urtean hasi nintzen Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzan (PBL - Project-based Learning) lan egiten, formazioa ematen eta sakontzen, Euskal Herriko Unibertsitateko formazio zerbitzuak (HELAZ/SAE) bide hori urratu nahi baitzuen ERAGIN programaren bitartez.

Ordutik hona, ERAGIN programako tutore izan naiz bere bost edizioetan eta hala, gure unibertsitateko hainbat irakasleren lana orientatzeaz arduratu naiz, bai diseinuan eta bai inplementazio-fasean; horrez gain, PBL eta Metodologia Aktiboen Estatuko Jardunaldien antolaketa-taldean aritu naiz I, II, III eta IV. edizioetan eta metodologia honen sustatzaile izan naiz bai sare sozialetan eta bai eskainitako hainbat hitzaldi eta ikastarotan estatuan zehar.

Urte hauetan zehar, zer edo zer antzematen nuen ez zuela koadratzen eta azkenean ulertu dut ez dudala metodologia hau erabili behar ez eta sustatu ere. Horixe planteatu nuen 2014ko abenduan Zaragozan egin ziren PBL eta Metodologia Aktiboen Estatuko IV. Jardunaldietan, izen hauxe zuen hitzaldi-eztabaida saio honetan:

"¿Por que NO trabajar PBL?"

Eztabaida ireki hau Alberto Garrido @agarridodiez irakaslearekin batera eraman nuen, bera oso ona da PBL metodologian eta haurren ekimenetik abiatzen da beti, sentsibilitate handiz. Berak PBL izenaren zakuan sartzen den zalantzazko proposamen askoren kritika planteatu zuen bertan eta neuk, PBL metodologiaren aurkako proposamena aurkeztu nuen, eztabaidatzeko.

ZERGATIK EZ PBL? IKUSPEGI PSIKO-PEDAGOGIKOA

Arrazoi asko daudela uste dut. Alde batera utziko dut oraingoz Ikaskuntza Kooperatiboaren kritika, luzexeagoa izango delako eta hurrengo baten helduko diot, baina lan kooperatiboaren ikuspegi ideologikoarekin bat ez natorrela aurreratuko dut.

Susmagarria egin zitzaidan nola zabaldu zen horren azkar PBLaren interesa eskoletan. Baten batek pentsatuko du oso positiboa dela eskoletan metodologia aktiboak integratzeko piztu den interes handi hau... baina eskola oso iragazkaitza da aldaketan aurrean eta metodologia hau hain azkar integratzen hasi izanak pentsaraz dezake ez dela "kanpoko" gauza bat baizik eta metodologia tradiziozkoetatik gertu kokatzen den zerbait, baina hainbat abantaila dituena ikuspegi tradizionala duten irakasle eta ikastetxeentzat.

PBLren moda: PBL Lehen Hezkuntzako testuliburu baten hurrenkeran.


Alde batetik, azpimarratzen da ikaslea dela prozesuaren protagonista. Baina metodologia hauek a priori zehazten dute zer gertatu behar den eta hortaz, zaila da ikaslea izatea protagonista. Ikasleak oso aukera gutxi du bere ekimenak garatzeko, zehaztutako proiektuetatik kanpo, ondorioz, soilik irakasleak irudikatu duenaren orbitan dagoena garatuko du ikasleak eta, okerragoa dena, ikasleak jasotzen duen mezua da irakasleak irudikatu duen jakintza hori dela jakintza baliotsua, ez berak lekarkeena edo ikaskideekin batera eraiki lezakeena.

Izan ere, irakasleok uste dugu ikasleei euren ekimen eta ideiak garatzen uztea "arriskutsua" dela, ez dutela jakingo zer egin. Ez dugu konfiantza handirik jartzen ikasleengan eta gero kexu gara ez dutelako egiten guk nahi genukeena eurak egitea, ez direlako oso aktiboak edo PBL metodologiarekin askotan "matxinatu" egiten direlako. Beharbada gutxiegi matxinatzen dira ikasleak eskatzen dizkiegun burutazioen aurrean... Argi dago geuk definitutako proiektuak geuk definitutako ebaluazio-irizpideak dituztenak, garatu behar badituzte, oso irekiak izanik ere, ez dutela ikasiko euren proiektuak gauzatzen. Baldintzapeko autonomia...

Metodologia honen bitartez, geuri obeditzen irakasten diegu, baina modu diferituan, taldearen bitartez, alegia. Hau oso gogorra da: talde-lanaren bitartez, ikaskideak bihurtzen ditugu polizia, ze ikaskide batek zeregin bat betetzen ez badu, bere kideen aurrean zuritu behar du bere burua. Badakigu PBL metodologiarekin handitzen dela nabarmen asistentzia, baina noski, klasera ez badoaz ikaskideei egiten diete kalte. Hala, irakasleok gure agintea delegatu egiten dugu.

Ikasleen lan-zama handitu egiten da oro har. Metodologia tradizional gehienekin, lan-zama azterketa garaira mugatzen da (bezperara askotan), baina PBL metodologiarekin beti dabiltza lanpetuta. Horrek zaildu egiten du ikasleek eurek hautatutako ekimenetan parte hartzea, euren bizitza autoerregulatzea. Proiektuen kudeaketaz ikasten dute, baina ez bizitzaren kudeaketaz, behartuta baitaude taldearen aurrean erantzutera edo bestela, ikaskideen arteko harremanak apurtzen dira.

ZERGATIK EZ PBL? IKUSPEGI EKONOMIKO-IDEOLOGIKOA

Zein da PBL metodologiaren atzean dagoen ideologia ekonomiko-sozial-politikoa? Ezaguna da gaur egun proposatzen ari diren eredu ekonomikoek, eredu post-modernoek, talde-lanean sartu dutela hagina. "Harreman mota berriak", "taldeen autokudeaketa", "pertsona helburu"... Espero da zure enpresarekin pertsonalki inplikatzea, enpresaren parte sentitzea eta zure sormena, zure gaitasun eta trebetasun guztiak enpresaren mesedetan jartzea.

Ikuspegi horri heltzen dio PBL metodologiak. Berez, talde-lana kudeatzeko klaseetan erabiltzen diren teknikak eta estrategiak enpresa-mundutik hartuak dira gehienbat, proiektuen kudeaketa-metodoak eta taldeko gatazkak konpontzeko moduak. Zure taldekide batekin gatazka baldin baduzu, zeuk ikasi behar duzu konpontzen, hori baita gaur egungo enpresek behar duten langilea. Zerbait gaizki ateratzen bada, taldearen ardura da. Taldeak arduratu behar du berrikuntzaz, produktuen kalitateaz, etengabeko hobekuntzaz... Kalitate-sistemak ezartzen dira klaseko proiektuetan.

Horrek guztiak enpresa munduan zer esan nahi duen badakigu. Toyotismoa deritzon lan egiteko eraren oso antzeratsua da metodologia hau. Toyotismoan, pertsona ez da garrantzitsua, ni-a urtu egiten da gu-aren mesedetan, hau da, despertsonalizazioa enpresaren mesedetan baina oraingoan, gure niaren alderdi intimoenak jokoan sartuz, gure sentipenak, gure emozioak... Gure artean, ekonomiaren ikuspegi honen defendatzaile ezagunena beharbada Koldo Saratxaga dugu, hona Hik Hasi hezkuntza aldizkariko elkarrizketa, gehiago jakiteko: Hik Hasi, 188. zkia, 2014ko maiatza.

Toyotismoaren ondorio lazgarriak aski ezagunak dira Japonian (karoshi deritzona), enpresari dena eman behar zaiolako (gure denbora, gure bizitza, gure pentsamendua, gure ideiak, gure irudimena...). Baina enpresaburuek badakite horrela oso ondo ateratzen zaiela zukua langileei, oso modu eraginkorrean. Unibertsitate ikasketak dituzten langileak oso prezio onean lortzeaz gain, porrota edo ondoeza edo baldintza kaxkarrak ez dira izango enpresarien ardura, lan-taldeak behartu baititu hala lan egitera enpresaren helburuak lortzeko.

Enpresaren aurkako mobilizazioak nola egin, enpresak emozioetan oinarritutako kudeaketa egiten badu, autonomoa izaten uzten badizu, zeu bazara enpresaren bihotzaren parte?

EZ DUT JENDEA FORMATUKO LAN MERKATUAK IRENTS DITZAN

Badakit hau jende askori gaizki irudituko zaiola, arduragabekeria ere  izango da hainbatentzat... baina ez, ez dut jendea formatu nahi gaur egungo sistema gaiztoan ondo molda daitezen, asimilatuak izan daitezen. Benetan sinisten dut bizitzeko beste modu batzuk izan badirela, merkatuaren mende ez daudenak; beno, berez ez dira sinesmen, existitzen baitira, adibide asko daude ezkutuan, beste bizimodu bat posible egiten dutenak.

Ez zait etikoa iruditzen ikasleak enpresaren estrategiaren arabera formatzea. Ez dut lan egingo agintarientzat edo boteredunentzat. Ikuspegi norberekoia hautsi eta lan egiteko modu kolektiboetan aritzeko prest nago eta berez hasia naiz, IKASLEENTZAT lan egin ordez IKASLEEKIN lan egiten hasi naiz eta ez dauka zerikusirik PBL edo metodologia aktiboetako bestelako ikuspegiekin. Ni ez naiz ikasleen jabe, eurak ez dira nire meneko; elkarrekin ikasten dugu eraikitze kolektiboa sustatuz, ez baitu inor jakintzaren edo gure bizitzaren jabe izan behar.



2014(e)ko ekainaren 23(a), astelehena

Nire kontraesanen aurrez aurre: PBL ikastaroa Kanarietan eta jabegabetzearen zutabeak

(Sarrera hau 2014ko ekainaren 23an argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)

KONTRAESANEN ZURRUNBILOAN KANARIETAN

Sarrera hau atzeratzen ibili naiz eta dagoeneko hilabetea pasa da Kanarietako ULPGCn (Universidad de Las Palmas de Gran Canaria) PBL ikastaroa eman nuenetik, CICEIk gonbidaturik (16 orduko ikastaroa, 2014ko maiatzaren 27-28an). Egun batzuk lehenago, bizitza irauliko zidan Partaidetza, Autogestio eta Jabegabetzeari buruzko mintegian jardun nuen (hemen blog-sarrera) eta harrezkero, Javier Encinarekin nabil bizitza berri bateko lehen pausoak eman nahian, nire kontraesan guztiak agerian jartzen ari zaizkidalarik.

Kontua da ohartzen hasia naizela bai irakaskuntzan eta baita neure bizitza pertsonalean ere dena kontrolpean izateko grinak kalteak eragin dituela/dizkidala (beheraxeago argituko dut), eta jabetze prozesu horren hasieran egokitu zitzaidan Kanarietara joatea PBL metodologiari buruzko ikastaroa ematera.

PBL METODOLOGIAREN ISPILUA: ZER SUSTATZEN ARI NAIZ???

Lehenago ere PBLan aritua naiz, 2010etik. Uste nuen metodologia honek aukera gehiago ematen zizkiela ikasleei autonomiaz eta euren nahietara lan egiteko, baina orain konturatzen naiz proiektuen bitartez ikastea ez dela metodologia tradizionaletatik apenas urruntzen. Izan ere, irakasleak izaten gara proiektuen egitura proposatzen eta gidatzen dugunak, eta ikasleen arteko harremanak sustatu ordez, jarraitzen dugu edukietan oinarritzen, kasu honetan edukia proiektua bera da.

Irakaskuntza proiektuaren garapenaren onbidean oinarrituta, produktuaren arrakastan, a priori erabakitzen dugu zer ikasi behar den eta nola, zein gaitasun zehatz erabili behar diren produktu hori garatzeko eta zer den ikasleen "jardunbide egokia". Ikasleari askatasun sentsazioa eskaintzen zaio baina ez du askatasunik zirkulu zehatz batetik haratago mugitzeko. Gainera, lan-zama handitzen zaio eta ikaskideak presionatu behar ditu proiektua aurrera ateratzeko. Ondorioz, irakasleok botereari eusten diogu baina erantzukizunak delegatzen ditugu, hau da, boterearen betekizunak ikasleen gain jartzen ditugu.

Arreta proiektuan (edukian) jartzen denez, kooperazioa lehenesten da. Lan kooperatiboa asko azpimarratzen da hezkuntza berrikuntza gisa, baina kooperazioak harreman inpertsonalak sustatzen ditu, objektu edo helburuen garapenean oinarritutako harremanak direlako, aurrez diseinatutakoak. Berrikuntzak, horrela, eredu menderatzailea indartzen du, erakunde edo enpresa kultura, eta aukera gutxi uzten dugu bestelako bizipenak edo ikaskuntzak sortzeko.

Hau ulertzea oso mingarria egin zait, ze lagundu egin dut metodologia hau zabal dadin, nire (ustezko) ideologiaren aurka doanean. Ikasleak indefentsio egoeran geratzen dira eta elkarren arteko lehia sustatzen du, proiektua ahalik eta onena izan dadin baita helburua, prozesuan zehar kalitatea bermatzeko sistemak ezarrita (mugarriak, ebaluazio-irizpideak, kontrasteak...). Enpresa ikuspegia sustatzen da hezkuntza erakundeetan eta ondorioz, boterearen aldeko ekimenak dira.

HAUSNARKETA HONEN ERDIAN... PBL TAILERRA EMATEN

Neure buruarekin borrokatan egokitu zitzaidan Kanarietako PBL ikastaroa ematea ULPGCn. Tailerrean zehar, neure kontraesan guztiekin egin nuen topo eta barne-borroka horretan egin genuen lan. Ikastaroan parte hartu zutenekin benetan eskertuta nago, bereziki Juan Rafael Rodríguez-ekin bere gonbiteagatik, hain atsegina izateagatik nirekin eta ikastaro hau emateko nigan erakutsi zuen konfiantzagatik.

Tailerra hasteko, gure unibertsitatean PBL formazio programa aurkezteko erabiltzen den powerpoint erako aurkezpen bat erabili nuen 10 minutuko azalpen bat emateko, eta gero hainbat galdera zuzendu nien, aurkezpeneko edukien ulermen maila konprobatzeko. Partaideek txintxo egin zuten erantzuteko ahalegina, baina gaizki sentitu ziren, bai azalpenaren trinkotasunagatik eta bai galderak ondo erantzuteko ez zirelako gai izan. Kalifikazio negatiboak jarri nizkien.



Galdetu nien zein izan ziren kontraesanak, eta konturatu ziren apropos sentiarazi niela gaizki, ikasleak nola sentiarazten ditugun ulertzeko. Orduan agerikoena argitu zuten: saio magistrala egiten ari nintzen PBL metodologiaz hitz egiteko. Baina hori ez zen problematikoena... Partaideek ez zekiten ezer nitaz, ezta elkarren berri ere, eta nik beraietaz ere ez. Saioa guztiz inpertsonala gertatzen ari zen, partaideek "ikasle rola" hartu zuten eta ondorioz, partehartzea "arrisku" gisa interpretatu zuten.

Orduan, denak klasetik "bota" nituen eta berriz hasi ginen lanean: ikasgelatik kanpo, pasiloan elkartu ginen berriketan egitera, izenak galdetzera, ikaskuntza zer den eztabaidatzera... eta ikasgelan berriz sartzeko zeudelarik, ordurako abesti hau jarrita nuen:



Abesti hau Javi Encinak hautatu zuen, berak musikaz asko daki eta, eta beharbada ez duzu jakingo baina Kanariar Handietako herri-musikaren ordezkari bikainak omen dira, gainera Kanariar Egunaren bezpera zela egokitu zen eta tinpleak entzunda, gustura sentitu ziren sartzean. Hasieran ez ziren ohartu musika hori jartzearen garrantziaz... tailerraren erdialdean galdetu zidaten zergatik ez jarri euskal musika, horrela eurek nigandik ikasiko zuten... ondoren ulertu zuten garrantzitsuena zela beraiek konturatzea ni, irakaslea, ahalegintzen ari nintzela eurak gustura senti zitezen, ez "nire jakintza transmititzen", jakintzaren transmisioa ez baita garrantzitsuena... Hortik aurrera, tailerrean zehar, PBL metodologiaz aritzeaz batera, ahaluztearen zutabe diren kontzeptuak hainbatetan azaleratu genituen.

Hemen nabarmendu nahi dut PBL metodologia eta ahaluztearen ikuspegia tarteratzea kontraesan handi bat dela, PBL metodologia, esan bezala, boterearen erakusle delako, hain zuzen ere ahaluzteak bilatzen duenaren aurka. Horregatik diot oso tailer kontraesankorra izan zela eta, aldi berean, oso argigarria, kontraesan horiek agerian jartzeak balio handia izan zuelako, neuretzat behintzat...

JABEGABETZEAREN ZORTZI ZUTABEAK: AURKEZPENA

Gertaera hau kontatzen ari naiz blog honetan hemendik aurrera jabegabetzearen zortzi zutabeen inguruan ariko naizelako, modu pertsonalagoan. Kanarietako bizipen profesionala hartu dut abiapuntu eta sarrera hau idaztea asko, izugarri kostatzen ari bazait ere, espero dut hau nire bizi-garai baten amaiera eta berri baten hasieraren erakusle izatea...

Hona zortzi zutabeak, Kanarietan gertatu zitzaidanarekin labur-labur irudikatuta... eta kontuan izanda KONTRAESAN orokor bat dela... kontraesanez beteta bizi baitut azken hilabetea.

1. ZAINTZAK:
Talde-lanak ikaskideak barruraka begiratzera behartzen ditu, euren talderantz. Tailerrean zehar, asko azpimarratu genuen zein garrantzitsua zen ingurura begiratzea, ikustea denok ondo geundela eta elkarri laguntzea, laguntzeak geure lanean atzerapena ekar badezake ere. Proiektua ondo bukatzea baino askoz garrantzitsuagoa da gure taldea, gure kolektiboa edo gure komunitatea ondo sentitzea eta horretarako, arreta jarri behar da ea denok ondo gauden.

Ikusi genuen elkarren arteko zaintzek giro atsegina sustatzen zutela eta ondorioz, askoz hobeto egiten ari ginela lanean. Tailerraren bigarren egunerako, lanerako musika-proposamenak hasi ziren botatzen tailerreko partaideak eta horrela, klaseko giroan hain garrantzitsua izan zen musika irakaslearen kontroletik ikaskideenera pasa zen. Musika atsegina partekatzea elkar zaintzeko modu bat bezala ulertu zen.

Kontraesana: Han nengoela, neroni ez nintzen konturatu ez nintzela nire bizitza pertsonala zaintzen ari, profesionalari lehentasuna eman bainion, eta maite ditudanekin ez nintzela arretatsua izaten ari... nire maitearekin...

2. ASKATASUNA
Disentsuan eta disentsuaren konplexutasunean oinarrituta ulertzen da askatasuna ahaluztean, kontsentsuak botere-bideetara eta izura baikaramatza. Asko hitz egin genuen ikasleen askatasunaren balioaz eta horretarako, proiektuak aurrez diseinatu ordez (metodologia) erabateko irekitasuna baliotsuagoa zela. Ez dugu zertan ados jarri denok proiektu bera egin dezagun edo modu berean egin dezagun. Gure kasuan, partaide batzuk taldeka aritu ziren proiektu bakarrean eta beste batzuk bakarka aritu ziren euren proiektua garatzen.

Interesgarriena izan zen nola ikasi genuen denok proiektu guztietatik "azterketarik" gabe eta ebaluazio prozesurik gabe. Taldea barrura begira egon ordez denok elkarren adi geundenez, elkar zaintzeko, errazagoa izan zen elkarrengandik ikastea, ebaluazioaren botere mugatzailea aplikatu gabe.

Kontraesana: Bitartean, askatasunaz gozatzeko behar den denbora hartu beharrean, saiatzen ari nintzen leku guztietan egoten eta inon ez egotea lortzen ari nintzen... deskokatuta nengoen eta nire ingurukoak ni zaintzen baninduten ere, "mirabetza boluntarioan" nengoen ni... eta neure burua etengabe ebaluatzen...

3. ERAIKITZE KOLEKTIBOA
Kolektiboki eraiki nahi bada, ez da a priori zehaztu behar zer eraiki behar den (horregatik ez da egokia PBL metodologia eraikitze kolektiborako), bestela ez baita kolektiboa, goitik ezarria baizik. Eraikitze horretan, bat datoz pentsatzea, sentitzea eta egitea, hiruretako bat bera ere baztertu gabe, eta elkarrekin eraikitze horrek disentsoaren askatasunean behar du izan.

Kolektiboki gutxi eraiki genuen tailerrean zehar, baina tailerraren programari kasurik egin ez nionez, aukera izan genuen elkarrekin pentsatzeko, gure artean gero eta lasaiago eta giro atseginagoan egoteko eta elkarrekin lan egiteko.



Kontraesana: Gaur gaurkoz, oraindik ez dut lortu sentitu/egin/pentsatu bateratzea... hala ere, tailer hau lehena izan da hiru alderdiak gertu izan ditudanak, nire sentipenak indarrez bultzaka ari zirela eta... lehen egunean sentipenak ixiltzen saiatu ondoren, askatuta dena hobeto zihoala konturatzeko balio izan dit ikastaro honek... eta hori asko izan da...

4. KONFIANTZA
Konfiantza ezinbestekoa da eraikitze kolektiboan eta elkarren zaintzarekin batera doa, zainduta sentitzea eta besteak zaintzeko ardura hartzea konfiantza giroa sortzen laguntzeko gako dira. Konfiantza gauzatzeko, beharrezkoa da arreta harremanetan jartzea eta ez edukietan edo proiektuan. Horregatik izan zen garrantzitsua tailerraren hasieran anonimotasunaren eta inpertsonalitatearen aurrean partaideak agurtzea, besarkatzea, izenak ezagutzea... eta ikasleak ikusi ordez, pertsonak ikustea, jendea.

Irakaskuntzan ez gaude ohituta ikasleengan konfiantza izatera eta hori izaten da botere kohertzitiboa ezartzeko dugun arrazoi nagusia. Konfiantza harremanak bilatuta, ez dugu horrenbeste ebaluatu eta kontrolatu beharko. Juan Rafaelek egiten duen eran, ikasle-irakasle harremana apurtu eta kide-laguntzaile gisa lan egitea da konfiantza izatea irakaskuntza testuinguruetan.

Kontraesana: nire harreman pertsonaletan ezartzen dudan kontrola konfiantza faltan oinarritzen da, baina horretara ohituta, ez nuen sinesten konfiantza egotean ez dela beharrezkoa kontrola izatea... alegia, kontrolari eusteko dudan behar horrek konfiantza falta erakusten du eta horretaz ohartzeak kontraesan mingarria eragin zidan.

5. ELKARREN MENDETASUNA ETA AUTONOMIA
PBL metodologian beti aipatzen da elkarren mendetasunaren ideia, baina PBLn modu kooperatiboan planteatzen da, ez modu kolaboratzaile-eraikitzailean, beti irakaslearen boterepean. Ahaluztean, mendetasuna eta autonomia harremanetan oinarritzen da, ez edukietan, eta horrela, egoeraren araberako lidergoa da jakintzak partekatzeko eta garatzeko modua, errepikapen sortzailean oinarrituta.

Tailerrean, errepikapen sortzailean oinarritu ginen gure i(ra)kaskuntza esperientziak trukatzeko, eta ikusi genuen horrek tentsioa arintzen duela, errepikapenak arindu egiten du berriarekiko tentsioa, eta ekarpen berriak errazago partekatzen dira horrela. Egia esan, oso jostagarriak dira errepikapen sortzaileak, poza eragiten dute. Posterren muntaketan ere, polita izan zen mendetasun hori nola gauzatu zen ikustea, elkarri eman baitzioten laguntza taldekideak izan zein ez.

Kontraesana: konturatzen hasi nintzen nire harreman pertsonaletan "kamaleonikoa" izan naizela, autonomiari uko egin eta mirabekeriaz jokatu izan dudala... alegia, neure nitasunari uko egin eta egoeraren arabera moldatzeko joera izan dut, eta horrek egoera desastrosoetara eraman nau... nahiz eta uste nuen dena ondo zihoala...

6. ALAITASUNA
Zorionak perfekzioa bilatzen du, eta zorion horren bila, azkenean masa kulturan, materialismoan, kontsumismoan eta tristezian erortzen gara. Alaitasuna, berriz, unean unekoa da, ez du eskatzen bilatzea eta oso erraza da lortzen. Tailerrean tentsio uneak izan ziren, eta alaitasunaren bitartez, txantxak eginez, musika atseginaren laguntzaz eta elkarren zaintzaren bidez lortu genuen konfiantza areagotzea.

Kontraesana: Bizitza berrian ematen ari nintzen lehen pauso horiek oso pozgarriak izanik ere, sentipenak egiten ari nintzenarekin eta nire pentsamenduekin kontraesanean zeudenez, une larriak pasa nituen gau kanariarretan... ezin alaiago egon beharrean...



7. DESAZKUNDEA
Desazkundearen kontzeptua tailer honetatik urrun samar dagoela badirudi ere, tailerraren planteamendua izan da desazi egin dena. Konparazioz, Albaidan (Valentzian) eman nuen tailerrean  askoz baliabide, tresna, material eta egitura metodologiko korapilotsuagoa erabili nuen. Tailer honetan, erabaki nuen diseinua apurtzea eta arian-arian garatzea tailerra, sortzen zenari adituz eta partaideekin batera sortzen ziren elkarreraginen arabera.


Jauzi handia izan zen baina askoz jarioakorra izan zen tailerra horrela. Askoz gehiago prestatu behar da dena (materiala, aukera desberdinak...) baina tailerreko partaideekin harreman naturalagoa eta adeitsuagoa izaten lagundu zuen.

Kontraesana: beno... kasu honetan kontraesana zen 5 izarreko hotel batean nengoela... Desazkundearekin askoz hobeto sentitzen naiz eta halako hotelez disfrutatzen badakit ere, leku apalago batean hobeto sentituko nintzen. Eskerrak hotel aldameneko tabernan oso bizipen dibertigarria izan nuela :-)

8. ITXAROPENA
Itxaropena, itxarokizuna... nire itxaropena da kontraesan hauek gainditzeko gaitasuna izatea... segurtasunetik alde egin eta gezurrezko mundua behingoz zokoratu ahal izatea... zenbaitetan zalantzati banabil ere, beldurti... plastikozko bizitza utzi eta sakontasunez, emozioz eta alaitasunez bizi nahi dut... eta onena da laguntza beharko dudala horretarako, ezin baitut bizitza hau bakarrik egin... ;-)