kultura alternatiboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kultura alternatiboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021(e)ko otsailaren 11(a), osteguna

Kultura herrikoien inguruko irratsaioa

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 22. saio honetan, kultura herrikoiak zer diren eta zergatik diren garrantzitsuak azalduko du Ainhoa Ezeiza esatariak. 

Duela urte asko gaude tematuta kultura herrikoiak lantzearekin gure lana pentsatzeko/sentitzeko/egiteko modu gisa. Kultura herrikoiak dira eraldatzeko gaitasuna dutenak: aniztasuna eta horizontaltasuna, egokitzeko, erresistentziarako eta eguneroko bizitzaz gozatzeko gaitasunari lotuta, eraldatze prozesu komunitarioen sortzaile eta indartzaile dira.

Sevillako El Jueves merkatu herrikoia
Sevillako El Jueves merkatu herrikoia

 

Kultura herrikoiek jakintza kolektiboak berreskuratzen eta berpizten dituzte, bat-bateko trukeen bidez, gizarte-kultiboetan, elkarren arteko laguntza-moduak baliatuz, harreman afektiboekin, desikasiz eta ikaste berrietara irekiz… jakintza-iturri agorrezinak dira. 

Kultura herrikoiak konplexutasunaren adierazpen argiak dira, izan ere, bizitzeko modu bat izanik, ezin daitezke azaldu eguneroko espazio eta denboretan sentitu/pentsatu/egin gabe, eta errepikapen sortzailearen bidez sortzen dira etengabe. Dimentsio aniztunak dira. 

 

Kultura instituzionalak legitimatzea lortu nahi du tradizioaren bitartez, bai Estatua indartzeko eta bai protoestatuak eraikitzeko. Masa-kulturak tradizioan negozioa ikusten du, salmenta, turismoa… Kultura alternatibo batzuek ere tradizioa erabiltzen dute beren interesetarako: merkatu berri bat, “ekomerkatuak edo merkatu berdeagoak” sortzeko, prozesu eratzaileak abiatzeko (instituyentes)…

Turistifikazioak eta gentrifikazioak apropos apurtzen dituzte kultura herrikoien harreman-moduak

 

Normalean esaten da kultura herrikoiak kontserbadoreak direla, baina hori ez da hala. Kultura herrikoien ezaugarri garrantzitsu bat da harreman-moduak garrantzitsuagoak direla edukiak baino, eta, hortaz, “objektu kulturalak” ez dira, bereziki, beren interesekoak. 

Adibidez, joskera mota bat oso baloratua izan daiteke komunitate-inguru jakin batean, baina ez horrenbeste bere edertasunagatik, jantzia sortzeko prozesuan gertatzen diren gauza guztiengatik baizik. Jantziaren edertasunak autoestimua elikatzen du, pertsonala, taldearena, kolektiboa… baina bere balio herrikoia galtzen du jantzi hori adibidez Zara denda batean salduz gero, esplotazio-prozesu baten emaitza dela jakinda, hau da, nonbait, “beheko” batek egin du, lan-baldintza eskasetan, gutxi batzuen mozkinak areagotzeko. 

Eraikitze kolektiboan eta gizarte eraldaketan, azkenik, ezinezko gauza bat egiteko egokiera jakin bat baliatzeko ausardia izan aurretik, garrantzi handia dute irribarre konplizeek. Horregatik diogu barrea ezinbestekoa dela kultura herrikoietan gizartea eraldatzeko. Hauek dira barrearen indartzaile gisa identifikatu ditugunak:

  • Jatekoa-edatekoa
  • Maitasuna-sexualitatea
  • Instituzioen aurkako bortizkeria eta berdinen gizartea
«Mingarriaren tiraniaren» aurka, ironia baino errezeta hoberik ez da, horixe zen Chamfort-en proposamena; arima «sakon, ilun, mingarri eta sutsu» horren erremediotzat zuen barrea, eta galdutzat ematen zuen «barre egin ez zuen eguna».

KREDITUAK

Sintonia:  

Mitxoleta – Eneritz Furyak (Eneritz Furyak, 2017) 

Erabilitako testua: 

UNILCO-espacio nómada (2017). Kultura herrikoiak. A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera (19-43). ISM, UNILCO-espacio nómada eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa. Hemen eskuragarri: https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=922  

Blokeen arteko musika: 

Belaunaldia – Karidadeko Benta 

Grândola, Vila Morena – Os Ganhões de Castro Verde (José Afonso)  

 

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

2017(e)ko urtarrilaren 22(a), igandea

Zer da, baina, kultura?

Bihar sartuko gara bete-betean "Bigarren hizkuntzen irakaskuntza testuinguru kulturanitzetan" irakasleen formazioko prest_gara ikastaroan, eta deigarria da nola gehitu zaien "testuinguru kulturanitz" 'abizena' hizkuntzen irakaskuntzari lotutako formazio ikastaroei. Ez al dira testuinguru guztiak kulturanitzak? Ez al gara nahasten ari kultur aniztasuna eta jatorri geografikoko aniztasuna? Homogeneoak al dira ikasgelak beste herrialde batetik etorritako inor ez badago? Homogeneoak izan al dira orain arte? Ala etnia, hizkuntza edota erlijio desberdintasuna da aniztasuntzat hartzen duguna, azaleko eta azalaren desberdintasunak ezin direlako ezkutatu?

JSS Celebrates Racial Harmony Day
Irudiaren iturria: JSS Celebrates Racial Harmony Day 
CC-by-sa-nc by attitudezarah on Flickr

Kulturari buruz hitz egiteko, bi kontu proposatu nahi genituzke: alde batetik, matrize sozio-kulturala eta bestetik, Kulturaren eta kulturen arteko bereizketa.

Matrize sozio-kulturala eta identifikazioak

Matrize sozio-kulturalaren kontzeptuan, matrizea ez da zentzu matematikoan ulertu behar, sortze, umetoki zentzuan baizik. Jaiotzen garenetik, ezaugarri batzuek zeharkatzen edo inpregnatzen gaituzte: generoa, adina, klase soziala/lan-kulturak eta etnia, eta horrekin batera, atxikipena (erlijioa, elkarte baten parte izatea, edo kirol talde batekoa...) eta kokapena (zein herritan eta herriaren zein lekutan bizi garen: goiko kalean, behekoan, ibaiaren alde batera edo bestera, mendialdean, hiri aldean...).
Matrize soziokulturala. Ilustrazioa: Nahia Delgado

Hori dena, modu nahasian, pertsona batzuengan une batzuetan alderdi batzuek indar handiagoa izango dute eta beste batzuengan beste alderdi batzuek, hori dena da munduaz dugun kosmobisioa eratzen dutenak (kosmobisioa da ez delako modu estrukturalean eratzen). Kosmobisio hori pertsonala da, bitartekaritza kolektiboa duena, eta kulturala, garai eta leku zehatzean eratzen dena, eta jendearekin identifikatua sentitzen laguntzen duena. Joera dago kultura lekuarekin lotzeko, eta hori neurri batean zentzuzkoa da, baina joera hori identitatea eratzearen ideiak bultzatzen du: zer gara? galderari erantzun bakarra eman nahi zaio, esaterako Euskaldunak gara (maiuskulaz), edo Islandiarrak, edo Marokoarrak...

Baieztapen horiek desberdintasun asko ezkutatzen dituzte, eta era berean, bertakoa izateko baldintzak finkatzen ditu, zenbaitetan inoiz bete ezingo diren baldintzak, Hertzainak taldeak zioen moduan:
Eta oin nerbixu danak
apurtuta jauskat 
bertsoak eta trikitixa
ikasi bihot ala? 
hainbeste ahalegindu bihar naiz
euskalduna izateko?



Matrize sozio-kulturalaren ikuspegitik, hobeto ulertzen da ikasle batzuk gustura sentitzea beste ikasle batzuekin nahiz eta, itxuraz, 'oso desberdinak' diren, ze agian generoarekin sentitzen dira identifikatuak, edo atxikipena konpartitzen dute, edo antzeko kokapenean bizi dira, edo lan-kultura antzekoa dute... Eta, era berean, hobeto ulertzen da zergatik senti dezaketen hizkuntza jakin batekiko arbuioa, esaterako beste klase sozial batekoek erabiltzen duten hizkuntza delako, edo norberaren erlijioaren aurka daudenek darabiltelako, edo beste lan-kultura batekin erlazionatzen delako...

Horrela, alegia, hobeto ulertzen da nola den posible, inoiz ikasle batek galdetu zidan moduan, Etiopiako haur askok 'zailtasunak' izatea ingelesa ikasteko, zazpi hizkuntza arintasunez erabiltzeko gaitasuna izanik. Ingelesa kolonizatzailea bada, negozio-gizonek erabiltzen duten hizkuntza euren lurraldea ustiatzeko, edota etiopiarrek ingelesez jakitea baliagarria bada negozio-gizon horien morroi eta neskame izateko... ba orduan ez zaigu hain arraroa irudituko erresistentzia hori.

Kulturaren eta kulturen arteko aldea

Kontuan hartu beharreko beste bereizketa bat Kulturaren eta kulturen arteko aldea da. Lau kultura daudela esango genuke: kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboa eta kultura herrikoiak (pluralean).
  • Kultura instituzionala Estatuak (edo proto-estatuek) finkatzen dutena da. Kultura zer den eta zer ez den ezartzen du, dirulaguntzak aplikatzen ditu, edo Akademiak eratzen ditu, unibertsitateak, institutuak... Jendea kontrolatzea bilatzen du eta menpeko edo hiritar gisa ikusten du (subdituak). Kultura instituzionalak legitimazioa pilatzea bilatzen du.
  • Masa-kultura Merkatuak finkatzen duena da. Jendea kontsumidore gisa ikusten du, indibidualizatzen du masa bihurtzeko eta multzokatzeko, horrela errazago saltzen dizkio produktuak. Globalizazioan aurkitu du hedatzeko bide indartsu bat, baina lokalizazioa ere interesatzen zaio, lekuan lekuko produktu eta zerbitzuak saltzeko. Masa-kulturak dirua pilatzea bilatzen du.
  • Kultura alternatiboa kultura instituzionaletik edota masa-kulturatik urrundu eta desberdindu nahi duen kultura da. Agian pluralean ulertu behar da kultura alternatiboa, hainbatetan kultura alternatiboak kontra-Estatu bat eratu nahi duelako, beste batzuetan Merkatu alternatibo bat, eta beste zenbaitetan mundu berriak zabaltzeko ahaleginak egiten ditu. Kultura alternatiboak borondateak pilatzea bilatzen du.
  • Kultura herrikoiak eguneroko espazio eta denboretan pentsatu/sentitu/ekin gabe azaldu ezin diren bizi-erak dira, errepikapen sortzailearen bidez sortzen direnak. Kultura herrikoiek jakintza kolektiboak berreskuratzen eta berpizten dituzte, bat-bateko trukeen bidez, elkarri lagunduz, harreman afektiboekin... Kultura herrikoietan kultura instituzionala eta masa-kultura nahasten dira, beharren arabera, etengabeko mestizajean bizi baitira, ez berritzeari berari garrantzia ematen diotelako, baizik eta unean uneko beharrei erantzuteko moduak iraganean eta orainean bilatzen dituztelako. Kultura herrikoiek ez dute ez botererik, ez dirurik, ez borondaterik bildu nahi, inportanteena bizitzea bera dela ulertzen dutelako; eguneroko bizitzaren errepikapen handitua bilatzen dute.
Horregatik, gerta liteke urrun-urrunetik etorritako ikasle bat bertako beste ikasle baten paretsua izatea, masa-kulturan oso murgilduta dagoelako (kontsumismoan, ikus-entzunezkoen erabilera globalizatzailean, janzkera eta jantziak erosteko era anglosaxoian...), eta bertatik bertara jaiotako bi ikasle oso desberdinak izatea, lan-kultura berean murgilduta ere (demagun nekazaritza kulturan), bata nagusi eta bestea morroi delako, klase sozial arrakalagatik. Edo haur batek iseka egitea bere gurasoen hizkerari, eskolako hizkeraren desberdina delako, eskolakoa kultutzat hartuta, hau da, kultura instituzionala bereganatuz kultura herrikoien aurrean...


Analia Regue-ren argazkia - Stickboxing