eraikitze kolektiboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
eraikitze kolektiboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018(e)ko ekainaren 25(a), astelehena

IRRATSAIOA: Jabegabetzea zer da?



Dulantziko Mitxoleta Libertarioen hirugarren saioan, jabegabetzea zer den azaltzen da, eta, besteak beste, Euskadi Irratian Ainhoa Ezeizari egindako elkarrizketa txertatu da.

Jabegabetzea ("desempoderamiento") boterea beherago daudenenganantz uztea besterik ez da, boterea erabiltzeari uko egitea, gizarte eta natura ingurunearekin harmonian, eraikitze kolektiboa erraztuko duena. Botere uzte hori bizitzaren edozein esparrutan izan daiteke (familia harremanetan, lagunartean, lanean, elkartasunean...), banakoarena izan daiteke (ni aita/ama/seme/alaba... gisa, ni adiskide gisa, ni nagusi gisa, ni irakasle gisa, mediku, funtzionario, aktibista gisa...), kolektiboa izan daiteke (EZLNk 2000 urtean bideratu zuena, mugimendu politiko bihurtu zenean, alegia, gudalostearen boterea utziz Chiapaseko herriek euren oraina eta geroa kolektiboki eraikitzea errazteko: Mundu Berria).

Jabegabetzea txikian lantzetik hasten da, errazenetik, eta hortik aurrera goaz dinamizatzen eta zabaltzen, harremanak horizontaltzeko.



KREDITUAK
Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak
Quién manda aquí – Esne Beltza ft. Mala Rodríguez & Fermin Muguruza (Hemen eta hor)
Loretxoa – Sonakay ft. Benito Lertxundi

Burmuinaren eta Boterearen arteko harremanak aztertu dituen ikerketaren erreferentzia (ingelesez):
https://www.theatlantic.com/magazine/archive/2017/07/power-causes-brain-damage/528711/

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

2016(e)ko martxoaren 7(a), astelehena

Hirien (h)istori(o)ak...

Bi hilabetez Mexikon ibili ondoren, hementxe nabil berriz bueltan, Donostiako erritmoa berriro ere hartzen... eta halaxen datozkit bertan bizitakoen oroitzapenak,  arrapaladan tarteka, ttanttaka gehienetan, egunean zehar...

Oaxakan hamaika kontu eder eta gazi-gozo bizitakoak izan gara, eta horietako bat erakusketa honen ezusteko ederra:

Historias de Ciudades, Katharina Von Arx artista suizarrak (1928-2013) egindako lanen erakusketa Oaxakako Ehunen Museoan (MTO). Museo honetan gauza eder askoak daude, baina erakusketa hau oso inspiragarria iruditu zitzaigun.


Bere tapizak askotariko materialez daude eginak: oihalak, botoiak, hariak... eta hainbat herri eta hiri daude bertan adieraziak. Baina beharbada gehien gustatu zitzaiguna izan da teknika hori beste pertsona batzuei irakatsiz sortutako artelanak izan dira.

Alde batetik, hainbat eskolatan erabili dute lan egiteko modu hori, euren paisaiak eta ideiak oihalez adierazteko.

Bestetik, hainbat herritan erabili dute euren (h)istori(o)ak kontatzeko, euren modura, eurek kontatu nahi dituzten gauzak kontatzeko.

Kasu hauetan, kolektiboki asmatu, sortu eta josi dituzte tapizak, eta artistaren artistikotasuna gainditu eta eureganatu egin dute artea. Azken batean, museo honetara diseinatzaile famatuak iristen dira, oihalgintza herrikoiak (teknikak, koloreak, diseinuak...) kopiatu, autoretza ezarri eta garesti asko saltzeko... eta pozgarria da ikustea nola, kultura herrikoiak, behin eta berriz, gai diren egoerak berregin eta sortze-lan berriak asmatzeko.

Josiz gauza asko aldarrikatu daitezke, eta jostea bera elkarrekin eraikitzeko, partekatzeko, hitz egiteko, elkarrekin bizitzeko beste aitzakia bat da...

2015(e)ko otsailaren 19(a), osteguna

Jabegabetzearen zutabeak

Jabegabetzea boterea beherago daudenenganantz uztea besterik ez da, boterea erabiltzeari uko egitea, gizarte eta natura ingurunearekin harmonian, eraikitze kolektiboa erraztuko duena. Botere uzte hori bizitzaren edozein esparrutan izan daiteke (familia harremanetan, lagunartean, lanean, elkartasunean...), banakoarena izan daiteke (ni aita/ama/seme/alaba... gisa, ni adiskide gisa, ni nagusi gisa, ni irakasle gisa, mediku, funtzionario, aktibista gisa...), kolektiboa izan daiteke (EZLNk 2000 urtean bideratu zuena, mugimendu politiko bihurtu zenean, alegia, gudalostearen boterea utziz Chiapaseko herriek euren oraina eta geroa kolektiboki eraikitzea errazteko: Mundu Berria).


Jabegabetzea hobeto ulertzeko, elkarren orekan dauden zortzi zutabetan oinarrituta irudikatu beharko genuke (eta beharbada oreka ezegonkorrean prozesuan zehar...):


1.- Zaintzak

Zaintzak praktika-multzo bat dira talde edo mugimenduaren beharrei erantzuteko asebetetzaileak identifikatu eta elkarrekin eraikitzea errazten dutenak.

Zaintzak lantzeko, honako testuinguru eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: interesik eza eta axolagabekeria/zaintza aurkaritza; beharrak eta asebetetzeko erak: asebetetzaileak; pobrezia-erak; emakume zein gizonek duten femeninoak duen balioa nabarmentzea; zaintza integrala ingurune sozial eta naturalean ulertuta eta kontsumoarekin aurkaritzan.

2.- Askatasuna

Mundua modu ikusezinean eraldatzen ari diren mugimenduen askatasuna ez da kontsentsuak eragiteko askatasuna, disentsuaren askatasuna baizik (eramana sentitzearen izua eta depresioa apurtzen duena). Ikusezin bihurtu behar dugu, printzipio etiko bihurtutako elkar ulertzean oinarritzen den disentsuaren askatasuna zabaldu, dibertsitate soziala eta naturala da mundu hau eraldatzeko beharrezkoa den aberaste kolektiboa errazten duena. Gaur bertan bizitzen hasi nahi dugun Mundu Berri hori askatuz...

Askatasuna lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: kontsentsu/disentsu dualtasuna, jabetza pribatua; bio-boterea; mundu berria askatzea; komunaren gaia; Ikuskizuna eta Boterea; izatea versus eraikitze kolektiboa; egotea eta ulerkortasunaren etika.

3.- Eraikitze Kolektiboa

Ez gara izaki isolatuak, besteekin harremanetan bizi gara eta etengabe ari gara gure egoteko era eta gure ideiak aldatze, edo ideia berriak eraikitzen ditugu harremanetan gaudelako etengabe.

Eraikitze kolektiboa lantzeko, ondorengo kontzeptuak eta bizipenak hartu behar ditugu kontuan: hezkuntza bankarioa versus hezkuntza kritiko-dialogikoa; kontsumoaren gizartea; esperientziaren bitartekaritza, gu-aren apelazioa; partekatzea eta ez direla existitzen a prioriak.

4.- Konfiantza

Konfiantza pentsatu, sentitu eta egitearena da eta erabaki bat da: irekitasuna izatea kolektiboki eraikitzen hasteko. Konfiantza ikastea erraztuko digun irekitasun horren araberakoa da, bestearen beharra izatea posible egingo duena, lehiakortasunera bultzatzen gaituen gizartearen aurrean.

Konfiantza lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: rolen segurtasuna apurtzea: Gizona, Emakumea eta Haurra; antsietatea eta zalantzaren koloka; harremana versus zeregina; sormena sustatzea; elkar ulertzea; bizikidetasuna; ez banantzea sentitzea, egitea eta pentsatzea; sentitze, egite eta pentsatzeen transferentzia.

5.- Elkarren beharra eta autonomia

Iraganarekiko zein orainarekiko izan daiteke. Elkarren beharraren bidea da laguntzarik behar ez izatera eta autonomiara garamatzana, antagonistatzat hartzen diren horien helburura. Zutabe hau, elkarren beharra eta autonomia, zero une batez ernaltzen da, zeinetan gure taldean bertan egon den eraikitze kolektiboa, lehen unean jakintzak eskaintzen dira eta hortik transferentziak eta egoeraren araberako lidergoak sortzen dira.

Bigarren unean taldeen arteko eraikitze kolektiboa gertatzen da, hirugarren unean alde batetik elkarren arteko beharra indartzen da eta bestetik, behar hori desegiten doa autonomia sortzearekin batera. Talde horretan edo taldeen artean dauden dinamiken arabera, laugarren unean garrantzitsuagoa izango da elkarren arteko beharra eraikitzen segitzea, edo gauza berriak sortzea autonomiatik abiatuta (kurubil sortzaile horretan elkarren arteko behar berriak sortuz beste talde batzuekin edo talde ber-berekin espazio eta denbora desberdinetan).

Elkarren arteko beharra eta autonomia lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: elkarren arteko beharra versus norberekoikeria18; errepikapen sortzailea; harreman horizontalak; egoeraren araberako lidergoak; egunerokotasuna eta ziurtasuna-ziurgabetasuna.

6.- Alaitasuna

Ze ederki egongo litzatekeen zoriontasunean pentsatu beharko ez balitz!”. 
Aldous Huxley (1932), Un Mundo Feliz.

Bizipoza partekatzen den emozioa da, sentitze/pentsatze/egite egoera bat gizartea eraldatzerantz bultzatzen duena. Zentzumenak zabaltzen dituen egoera da, ulerkortasuna, partekatzea eta eraikitze kolektiboa errazten duena. Arau sozialetatik edo arau alternatiboetatik askatzen gaitu eta ondorioz, conduit-etik, eta horrela errazten du agertoki berriak sortzea...., konfiantzazkoak, jolas eta esperimentaziokoak, arauetara makurtzen ez direnak. Bizipozak zabaltzen du itxi gabe, conduit-a errazten duen itxitura hori irekitzen du, irekitzeko irekitzen da, disentsuak ezagutzeko eta euretatik abiatuta eraiki ahal izateko.

Bizipoza lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: zoriontasuna versus bizipoza; antolaketa herrikoia sustatzen du; barrea eta bere sustatzaileak: jan-edana, maitasuna-sexualitatea eta erakunde aurkako bortizkeria – berdinen gizartea. Badirudi izatea desitxuratzen duela eta egotea bere osotasunean eragiten duela.

7.- Desazkundea

Geure esperientziatik abiatuta, honela definituko genuke: balioak berrikustea partekatzearen etika berri batetik, inperfektu eta amaigabe sentitzetik, beste pertsona batzuekin egotea bera baliotsua dela ulertuta, ekoizpenak eta giza-harremanak balio aldaketara egokitzea, ekonomia herrikoien, ekonomia sozialen eta solidarioen balioa nabarmenduz, euren ingurune sozial eta naturalekin orekan, kolektiboki eraikitzeari balioa emanez, giza-harreman horizontal eta anbibalenteak sustatuz, aberastasuna eta ondare naturalerako sarbidea banatu, lekuan lekukoa eta komunitarioa oinarri duten bizimoduak sortuz, publiko (Estatua) / pribatu (Merkatua) dualitatea apurtuko dutenak, itxi gabe irekiz komunerantz, gure ingurune sozial eta naturalaren ondare den horretara, ekoizpenaren eta kontsumoaren inpaktua murriztu, beharren eta asebetetzaileen arteko desberdintasunetik abiatuta eta kolektiboki eraikiz gure beharrak asebetetzeko modua, giza-eskala naturaleko garapena lortzeko. Berrerabili eta bertziklatu, bai objektuak, gure kultura materiala aberasteko, bai pentsamenduak eta egiteak, gure kultura orokorra eta gure trebetasun sozialak aberastuz, gure ingurune sozial eta naturalarekiko sentimendu berriak sortuz.

Desazkundea lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: desazkundea versus Aurrerapena, Hazkundea, Kontsumismoa, Zoriontasuna. Baliabide komun eta naturalekiko jarrera predatzailea bertan behera utzi; Elkarrekikotasuna, berbanaketa, plangintza eta autarkia sustatzen du eta publizitateari, kredituari eta iraungitzeari aurre egiten dio.

8.- Itxaropena

Itxaropena desesperazioaren bihotzean bertan berpiztu da. Itxaropena ez da bizipozaren sinonimo. Benetako itxaropenak badaki ez dela ziurtasuna, baina badaki, Machado poetak esan zuen bezala, bidea ibiliz egiten dela, badaki metamorfoziaren bidezko salbazioa, nekez gertatzekoa bada ere, ez dela ezinezkoa. Posible denaren segurtasunetik ezinezkoetara garamatza, egunerokoa, gizarte-laboreak hautsi gabe.

Itxaropena lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: itxaropena versus itxaropen pasiboa eta sakrifiziozkoa; larritasunaren, desesperazioaren eta itxaropen gabeziaren kontrako kontzeptua da; amets egitera gonbidatzen gaitu eta ustekabekoaren eta ezinezkoaren agerpenerantz askatasunez irekitzera.

Gehiago irakurtzeko: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=619



"El Desempoderamiento. Viviendo la construcción de un nuevo mundo sin poder",
Javier Encinak eta María Ángeles Ávila (2014) "Autogestión de la vida cotidiana" bildumaren barruan argitaratua. Sevilla (Andaluzia)

Material honek duen berezitasun bat da eztabaidarako abiapuntu bat dela, eta berez ideiak eta proposamenak biltzen ditu baina itxi gabe, eta horrela irakurleei aukera zabaltzen die euren posizioa hartzeko, ideiak modu askotan interpretatzeko, testuak berreraiki eta bersortzeko eta modu teorikoan lantzearekin batera, ideiak eguneroko bizipenekin erlazionatzeko. Alegia, material konplexua eta aldi berean, xumea.


2014(e)ko urriaren 29(a), asteazkena

Partaidetza esperientziak eta ilusionismo soziala Magisteritzan... Hizkuntzaren Didaktikan

2014ko irailean hasita, partaidetza esperientziak bizitzen ari gara Magisteritzan (Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan), 1., 3. eta 4. mailako hainbat talderekin, Javier Encina, ilusionista sozialaren laguntza eta lankidetzari esker, bisitan ere izan genuena aste pare batez saio batzuetan gurekin lanean (mila esker, Javi! <3). 7-8 aste hauetan gauza pilo-piloa gertatu da... izugarri ikasten ari gara eta gainera, alaitasun handiz!

Egunero gertatzen da zerbait zirraragarria, nire kaxkagorkeriak ikusten uzten ez zidan arren... Hona aurrerapen txiki bat, datozen asteotan jarraituko dut kontatzen eta sakontzen. Luzeegi ere ez jotzeko, 3. mailako esperientziatik hastea pentsatu dut, partaidetza-prozesu honetan lehenak izan zirenak hasten.

Hizkuntzaren Didaktika saioak 3. mailan

Esan daiteke hauxe dela talde motorea, egunero ideia berriak sortzen dira partaidetzaren eta eraikitze kolektiboaren ulermenean sakontzen eta, batez ere, gure arteko harremanak hobeak izan daitezen laguntzen digutenak. Proposamen orokor honekin hasi ginen: "irakasgai (denbora) honetan, egin nahi duguna egingo dugu", eta egingo dugu "eraikitze kolektiboa eta partaidetza sustatuz".

Hortik aurrera, hainbat ideia eta proposamenen ondoren, hiru proiektu-aitzakia aukeratu genituen, denbora labur honetan garatzeko modukoak (10 aste, 4 ordu astean):
  • Magisteritza dekoratzea, harremanetarako eta lanerako leku atsegina izan dadin. Hortik sortu zen @decomagis izeneko esperientzia, Eskolako mugimendu sozial bilakatu dena, eskola osoan zehar jasotzen baitira proposamenak; dekorazioa aldarrikapenetarako tresna gisa erabiltzen da, eskatzen diren aldaketak adierazteko, proposamenak erakusteko... eta, hau dena, lan-taldea etengabe zabalduz, edozein pertsona edozein unetan parte hartu ahal izateko, proposamenak entzunez, elkarlanean eta irudimen handi-handiz.
  • Gymkana bat belardian antolatzea, nahi duen edonork parte har dezan. Gymkana hau bihar egingo dugu, osteguna, urriaren 30ean 11etan, eta kontatu ezin ditudan sorpresak egongo dira... baina bertatik pasatzen bazarete, ez izan zalantzarik eta parte hartu, helburua da elkarrekin ondo pasatzea! Antolaketa honetan, proposamena egin zuen taldea lagundua izaten utzi die besteei, eta horrek asko irakatsi digu kolektiboki lan egitea zer den ulertzen. Proiektuaren "arrakastari" lehentasuna eman ordez, elkarrekin lan egitea izan da inportanteena, elkar zaintzea eta elkarri laguntzea. Gymkana iragartzeko pankarta Magisteritzako 3. pisutik 1.era jaisten da:
  • Antzerki-talde bat sortzea: talde honek sormen handiz lan egin du, mini-antzerkiak sortuz, antzerkia planteatzeko modu asko proposatuz publikoa ikusle izatetik partaide izatera pasa dadin, tradiziozko rolak gainditzeko ideiak garatuz... Talde honetan asko eztabaidatu eta hausnartu da indibidualismoaz eta lan kolektiboaz, ikuskizun eta masa kulturaz... eta talde honetako kideak beste taldeei laguntzen aritu dira, beharra sortu denean.

Hau hizkuntzaren didaktika ote?

Proposatzen ari bagara hizkuntza ez dadila testuingururik gabe eta modu isolatuan landu, diziplinartekotasuna bilatzen badugu, ahozkotasunean oinarritu nahi badugu idatzizkoaren ulermena eta ekoizpena eraikitzeko... proiektu hauek ederki erakusten dituzte planteamendu horiek praktikan.

Proiektuen garapenean zehar, ikasleek (eta neuk!) eztabaidatu dute, negoziatu, hausnartu, idatzizko testuak elkarrekin ekoiztu dituzte, berriketan aritu dira... eta gainera, behar izan duten neurrian, Gorputz Hezkuntzako irakasleengana jo dute (gymkanarako materialak lortzeko), Plastikaren Hezkuntzako irakasleengana (pankarta eta dekoraziorako) eta Musika Hezkuntzako irakasleengana (gymkanaren egunean musika jarri ahal izateko).

Diziplinak modu naturalean integratu dituzte. Komunikazioa benetakoa izan da eta askotariko kanalak erabiliz: komunikazio elementu plastikoak, soinuzkoak eta musikalak, fisikoak, testualak... Prozesu osoan zehar, eztabaidak izan ditugu proiektuei sakontasuna emateko eta batez ere taldekideon eta taldetik haratagokoen arteko harremanetan sakontzeko. Kontraesanak topatu ditugu, blokeo eta frustrazio uneak izan ditugu, azpiegitura arazoak... baina arazo horiek konpontzen eta ebazten joan gara, ikuspegi kolektiboaren eta elkarren arteko laguntzaren ikuspegiari esker.

Eta, denetan onena, egiten ari ginenaren ilusioa konpartitzearen alaitasunaz egin dugu lan eta askatasun sentsazioaz, ez baitut nire botere koertzitiboa erabili (proiektua ez dute egin "notarako", nahi izan dutelako baizik), eta horrek erraztu digu komunikazioa horizontalagoa izan zedin.

Fase honen amaieran, klaseko azken bi aste hauetan, ikasiko dugu hau dena nola "justifikatu legez", unitate didaktiko moduko bat proposatuko baitugu egin duguna dokumentatzeko, eta unitate hau egiteko aitzakiaz, egindako lanaren askotariko ebaluazioak egingo ditugu, bizipen desberdinak ditugulako gertatu denaz, eta ebaluazioaren gaiaz debate bat zabalduko dugu.

Hortik aurrera... batek daki zer gertatuko den! Bizitzari sorpresak ematen utziko diogu! ;-)

PD: Hona @decomagis-ek sarrera honi erantsi nahi diona (eskerrik asko!!!):