2016(e)ko ekainaren 17(a), ostirala

Ilusionismo Sozialetik lan egiten: Ikasgelako giroaz, Alba Ayucar ikaslea

Alba Ayucar, Lehen Hezkuntza Graduko Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiko ikaslea da. Bera berez beranduago hasi zen aurten eta ez zituen bere kideak ezagutzen hasieran. Eskatu diot kontatzeko nola ikusi zuen gelako giroa eta nola joan zen besteekin lan egiten, klasera etortzerik zuen egunetan. Hona bere hausnarketa (eskerrik asko, Alba!!!):

Gure klaseak askotan kaosa irudika zezaketen. Musika jartzen zuen zenbaitetan irakasleak, taldeka hitzegiten inolako orden zehatz bat eraman gabe, zenbaitetan gela kanpoan edo belarretan… Baino kanpotik ikusitako kaos horrek guztiz zentzuzkoa den beste errealitate bat izkutatzen zuen.



Bertan denon iritziak entzuten ziren, bakoitzak burutu nahi zuen hura burutzeko aukera izan zuen, disentsuan lan egiten saiatuz. Banaka eta/edo taldeka egiteko aukera zegoen. Gelan norbait sartu izan balitz (ateak gehinetan irekitak baitzeuden) taldeka elkartuta hitzegiten, mahai gainean eserita edo lurrean, lasaitasunez… ikusiko gintuen, lagunartean, BERDINEN artean ibiliko bagina bezela.

Eremu informal batean eta inolako pausu zehatzak jarraitu gabe ariketa didaktiko zehatzak eta unitate didaktikoak sortzera iritsi ginen. Baina garrantzitsuena da ez gintuela inork behartu ezer egitera edo nola egitera, eta, denon ideiak kontuan hartuz azkenean lan koordinatu bat egitera iritsi ginen. Eta honela oso ariketa interesgarriak izan dira gure fruitu. Lipdub bat, merendola bat, aldizkari bat, Erasmusaren inguruko bilera informal bat…


Ariketa hauek burutzeko zenbaitetan magisteritzako buruen aldetik kexak jaso ditugu. Hau ez baita ohituak dauden lan egiteko era, eta askotan ez dute ulertu gure lan egiteko era. Azkeneko bilera hau prestatu genuenean adibidez, erabaki genuen baimenik ez eskatzea, egun gutxirekin antolatu genuenez ez zegoelako denborarik eskariaren erantzunaren zain egoteko. Eta ondoren zuzendariaren aldetik arreta dei bat jaso zuen gure irakasleak.


Lan egiteko garaian arazoak sortu ziren eta sortuko dira baino ezin ginen/gara hauengatik atzera bota. Lanean jarraitu behar dugu guk uste dugulako lan egiteko modu honek benetan izateko modua daukala eta inkonformidade hauek gure lanaren parte dira. Denon iritziak balio dute.

Egiten ikasi dugu, lanean denon artean, ikasi dugu. Inoren boterearen edo derrigortasunaren menpe, giro onean, alaitasunez. Eta denon artean lortutakoa GUREA bezala sentitzeaz gain, norberak berea balitz bezala hartzen du. Gure artean izandako harremanak eraikitzaileak izan dira. Ikasi dugu badaudela errealitatea hautemateko era desberdinak. Nire kasuan, momentu batzuetan iritzirik ez nuelataz konturatu naiz, baina batzuek eta besteekin hitz egin ondoren, nire ideiak eraiki ditut.

Aurreko ikasketetan izandako eskarmentuaren arabera, nik esan nezakeen edozein helburu lortzeko, lehenbiziko urratsa helburua bera definitzea dela. Lehenbizi helburua definitu eta gero plangintza estrategiko bat egin helbururaino lortzeko. Baina ez naiz konszientea izan modu horretan ia beti helburuak beste batzuek pentsatutakoak zirela, irakaslek adibidez. Orain badakit elkarren arteko ekintzailetasuna bultzatuz hasiera batean helburua definitu gabe badago ere, naturaltasunez, urratsez urrats, helburu partekatuak eraiki ditugula eta gai sentitzen naiz beste edozein proiektuan parte hartzeko, besteak beste, pertsona bezala tratatua sentitu izan naizelako, nire beldurrak eta nire hutsuneekin, ni bakarrik inolaz ere zeharkatuko nuen ibilbidea osatu dut.

2016(e)ko ekainaren 15(a), asteazkena

Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan: Ikastaroaren laburpentxo bat... edo

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren hamargarrena da, azkena hain zuzen ere.

Laburpen laburtxo bat...


Beno ba... hauxe izango da Javier Encina eta biok eman dugun ikastaro interesgarri eta sakon honi buruz argitaratuko dugun azken blog-sarrera... gauza asko utzi ditugu gordeta, baina noizbait amaitu behar eta... Lehenik eta behin, eskerrik asko ikastaroko partaide guztioi, asko disfrutatu dugu zuekin batera ikasten, eraikitzen. Hasieran ez nuen horren argi halako ikastaro bat online egin ote zitekeen, baina erakutsi duzue online formazioak baduela zeresanik. Ederra izan da nolako ahalegina egin duzuen zuen presentzia sentiarazteko, ez zarete mugatu "egin beharrekoak egitera" eta elkarren arteko laguntza, elkartrukea eta goxotasuna sentitu dugu formazio osoan zehar.

Egia da ez ditugula zehazki hizkuntz edukiak landu. Gure ustez, ez du askorako balio gauzak zatikatzeak. Guretzat hizkuntza, komunikaziorako tresna izanik, beste komunikazio tresna batzuekin batera landu behar da eta harremanak hartu behar dira lehentasun gisa, ahozkotasunetik abiatuta. Hori nola egin? ba ezin da manual bat eman... lekuan lekuko proiektuak eta ideiak gauzatuz egiten dugu lan. Metodologia bat izango bagenu, metodologia hori erakutsiko genizueke, baina gure ustez metodologiak alboratu behar dira, jendearekin eta jendearengandik lan egin behar da eta hortaz, egoera bakoitzean joan behar dugu erabakitzen. Bururatu zaigun gauza bakarra da nola hasi, eta hori da ilusionismo sozialaren planteamendua (printzipioak). Gure ustez, bestelako proposamenen etikotasuna zalantzagarria da, eta horregatik planteatu dugu lan egiteko modu hau.

Gainera, komunikazioa partehartzearekin lotu dugu zuzen-zuzenean, eta horregatik hartzen ditugu partaidetza prozesu errealak erreferentzia gisa. Parte hartzea hizkuntz eta kultura aniztasunetik abiatuta, ezinbestekoa da harremanen horizontalizazioa, eta zentzu horretan hitz egiten dugu boterea erabiltzeari uko egiteaz, botere-hartzearen planteamenduen aurrean. Boterea dagoen lekuan, harreman bertikalak sortzen dira. Guk ez dugu botererik hartu nahi, eta ez dugu nahi beste batzuek edukitzea boterea gure gainean; horregatik, daukagun boterea erabiltzeari uko egiten diogu eta goitik datorkigun boterearen aurrean erresistentzia formak eraikitzen ditugu. Ikuspegi hau interesgarriagoa egiten zaigu botere-hartzeko lojiketan sartzea baino, ahalduntzearen bidetik. Aspaldi esan zen bezala, emakumeon ahalduntzeak gizonezkoen, edo hobe esanda, Patriarkatuaren lojiketara eraman gaitu, gizona emakumeak ordezkaturik... guk uste dugu emakumeon pentsatze/sentitze/egiteetatik abiatzea askoz interesgarriagoa dela, botere-lehian sartzea baino. Eta ikuspegi hori horizontala da, elkarlotzea edo elkarren artean jostea, elkarri laguntzea, elkar zaintzea... interesgarriagoa ezezik, bizitzeko modu sortzaileagoa dela uste dugu.

El Palomo partaidetza prozesua Palomares del Río herrian (Sevilla)

Aztertu ditugun partehartze esperientzien inguruan, uste dugu ederra dela haur eta gazteak ere inplikatzea, pixka bat ezagutu ditugu halako ekimen batzuk eta oso kontuan hartzekoak dira. Soilik komentatu nahi genuen guk ez dugula hurrenkera finko bat (hain zuzen ez dugulako metodologiarik), eta ez dugu lan egiten amestu-sortu-gauzatu-hobetu (kalitate-prozesuetako ziklo ohikoa) edo pistaren kasuan bezala, proposamena egin - aurkeztu - eztabaidatu - moldatu - onartu - gauzatu - hurrengo proposamena. Agian prozesu batzuk horrela suertatzen dira, baina normalean prozesuan zehar konplexutasuna dinamizatzen dugu, prozesuak linealak izan ez daitezen, bai herri-partaidetza prozesuetan eta bai klaseetan. Hartara, lortu nahi den hori aitzakia baino ez da jendea jendearekin erlazionatzeko, euren nahi eta gogoen inguruan mintzatu, gauzak elkarrekin eraiki... eta autogestio kolektiborako zirrikituak zabaltzeko. Batzuetan talde zehatz baten nahiarekin abiatzen da prozesua, baina gero gauzak elkarlotzeko moduak bilatzen dira, herritarrak elkar ezagutzeko, harremanak bizitzeko eta gauza gehiago edo konpartituago egiteko.

Foroan jarri genuen bezala, eguneroko espazio eta denboren kontuak berebiziko garrantzia du, bestela lobby modukoak sortzeko arriskuan gaude. Jendea dagoen lekuetan lan egiten dugunean, hobeto ikusten ditugu harremanak eta errazagoa da jendea elkarlotzea. Bestela gerta liteke auzo batean boterea daukan jendeari mesede egitea, talde minoritarioen edo, orohar, jendearen kaltetan.

Guk hainbat ildo proposatu ditugu eta beste batzuk, mezuetatik ateratako hariak izan dira, eta horrela aritu gara, josi ta josi... Gure ustez, hizkuntza eta kultura aniztasuna hezkuntzaren ikuspegi orokorrarekin dago lotuta, eta horregatik, hizkuntza eta kulturaren kontzepzioen inguruan eztabaidatzeaz gain, hezkuntzaren posizionamendua ere izan dugu hizpide. Gure posizionamendua da eskolak lagundu behar diela ikasleei eta inguruko komunitateari eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa egiten, eta ikasleen autonomiaren garapena ere ikuspegi horren barruan ulertzen dugu, alegia, autonomia eta elkarren arteko beharra bereizezinak dira, harreman horizontaletan oinarriturik. Horrela ulertzen dugu bizikidetza, kulturartekotasunaren xedea, eta horrekin batera, jakintza herrikoien eta ezagutza zientifikoen arteko eraikitze kolektiboa proposatzen dugu, ikasi/irakats bereizketa klasikoaren aurrean.

Ilusionismo Sozialaren printzipioetan oinarrituta lanean...

Hizkuntzen trataeraren aldetik, ahozkotasuna hartzen dugu oinarri gisa, eta norabide anitzeko komunikazioaren lanketa. Zenbaitetan, esaldi bat idazteko eztabaida sakonetan murgiltzen gara, eta beste batzuetan, beste jarduera batzuk egiten ari garelarik sortzen dira elkarrizketa mamitsuenak edo politenak, pentsatu/sentitu/egin bateratuz.

Bizikidetza xede harturik, harreman horizontalak eta bitartekaritza sozial desiratuak sustatzea da gakoa. Horregatik, harreman moduak edukiak baino garrantzitsuagoak izan behar dute (edukiak "materia" izendatzeko erabiltzen dugu, hau da, hizkuntza bat ikastea edo erabiltzea ere "eduki" da gure adieran). Horrek ez du esan nahi edukiak garrantzitsuak ez direnik, edo lantzen ez direnik. Baina garrantzitsuagoa da, bizikidetzaren ikuspegitik, ikasleek harreman osasuntsuak garatzea hizkuntza dotorean hitz egiteko trebetasuna garatzea baino, nolabait esatearren.


Ez dugu uste proiektuetan lan egitea eta proiektuak aitzakia gisa erabiltzea gauza bera denik. Guk talde-kohesioaren "aurka" egiten dugu lan, ze talde-kohesioak itxi egiten du, eta guk etengabe irekitzen ditugu harremanak. Jendearen lotura naturalak errespetatzen ditugu baina beti begirada "periferikoa" bultzatuz, ez taldearen barruraka. Horregatik, normala da talde batek beste talde bati laguntzea, ikasle bat edozein unetan beste talde batekin jartzea lanean, egun horretan edo egun horretatik aurrera, talde batek proposatutako proiektu bat bat-batean beste proiektu batekin fusionatzea...  Prozesu hauek oso komunikazio aberatsa pizten dute. Azkenean proiektuak egiten ditugu, baina ikasleek ez dute rolik betetzen. Une bakoitzean egin behar diren gauzak konpartitzen dira, eta disentsuan lan egiten da.

2016(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

Bizikidetza... zatikaturik landu daiteke eskolan??? Irakasleen formazioa eta eskola eraldaketa

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren bederatzigarrena da.


Asko hitz egin dugu ikastaroan zehar bizikidetzaz eta ikasleen autonomiaz. Ikasleen autonomiaren gaia asko zabaldu da urte hauetan, baina segun eta nola planteatzen den, gizarte indibidualistaranzko bidea erraztuko du edo gizarte kolektiboa eraikitzen lagunduko du. Azken kasu hau da guk bizikidetzarekin lotzen duguna, ezin baita bereizi bizikidetza eta eskolan egiten diren jarduera guztiak. Ez zaigu baliagarri iruditzen "Bizikidetzaren Astea" ospatzea, are gutxiago "Bizikidetzarako Arauak" formulatzea ez badago bizikidetza ikuspegi sakona eskolako bizipen guztietan.

#magisfesta autogestionatua ospatzen


Gure ustez, ezin da hizkuntz eta kultura aniztasunaren inguruan modu isolatuan hitz egin, hezkuntzaren ikuspegi orokorrarekin dago lotuta, eta horregatik, hizkuntza eta kulturaren kontzepzioen inguruan eztabaidatzeaz gain, hezkuntzaren posizionamendua ere izan dugu hizpide. Gure posizionamendua da eskolak lagundu behar diela ikasleei eta inguruko komunitateari eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa egiten, eta ikasleen autonomiaren garapena ere ikuspegi horren barruan ulertzen dugu, alegia, autonomia eta elkarren arteko beharra bereizezinak dira, harreman horizontaletan oinarriturik. Horrela ulertzen dugu bizikidetza, kulturartekotasunaren xedea, eta horrekin batera, jakintza herrikoien eta ezagutza zientifikoen arteko eraikitze kolektiboa proposatzen dugu, ikasi/irakats bereizketa klasikoaren aurrean.

Horregatik proposatzen dugu jabegabetzea (bai hizkuntzarena, bai hezkuntzarena, bai familiarena...), botere-harremanak elikatu ordez, harreman horizontalak sustatzeko: ikasleen artean, ikasle-irakasle harremanetan, familiekiko harremanetan... eguneroko bizitzako eremu guztietan.

Hizkuntzen trataeraren aldetik, ahozkotasuna hartzen dugu oinarri gisa, eta norabide anitzeko komunikazioaren lanketa. Hori adimen aniztasunaren gaiarekin lotzen da, baina guk nahiago dugu, ikuspegi horren ordez, pentsatu/sentitu/egin bateratzearen garrantzia azpimarratzea. Adimen aniztasunaren ikuspegiak, berriz ere, pertsonalizazioaren eta indibidualizazioaren bidera eraman gaitzake beste behin, talentuak, eliteak eta pertsona bakoitzaren ahalduntzea (arrakasta/porrota kontzeptuetan oinarrituz). Zentzu horretan, egoeraren araberako lidergoak ondo ikusten ditugu, lidergo horiek efimeroak diren heinean.

Bizikidetza xede harturik, harreman horizontalak eta bitartekaritza sozial desiratuak sustatzea da gakoa. Horregatik, harreman moduak edukiak baino garrantzitsuagoak izan behar dute (edukiak "materia" izendatzeko erabiltzen dugu, hau da, hizkuntza bat ikastea edo erabiltzea ere "eduki" da gure adieran). Horrek ez du esan nahi edukiak garrantzitsuak ez direnik, edo lantzen ez direnik. Baina garrantzitsuagoa da, bizikidetzaren ikuspegitik, ikasleek harreman osasuntsuak garatzea hizkuntza dotorean hitz egiteko trebetasuna garatzea baino, nolabait esatearren.

201516 ikasturtean, klasean lanean
 
Gure ustez, kontua ez da edukiak beste modu batzuetara lantzea, baizik eta edukiak lantzeko aitzakiaz, harreman horizontal aberatsak sortzea, konfiantzazkoak, elkarrekin eraikitzen joateko. Alegia: familiak eta komunitateak eskolara etorri eta haurrei ikasten laguntzea ez litzateke horren aberasgarri izango eta bertikaltasuna susta dezake, ez bazaio elkarren eraikitzearen ikuspegia ematen. Horren adibide adierazgarri da 'matermatika txokoa' existitzea bera, hau da, gauzak zalantzan jarri gabe etortzea komunitateko jendea guregana. Gure ustez, ez litzateke 'matematika txoko' bat existitu beharko (printzipioz, behintzat), ze matematika, zientzian ere, ez dago isolaturik, isolatzeak zaildu egiten du haurrek euren matematika prozedurak sortzea, asmatzea, partekatzea... bertikaltasunera kondenatuz (haurrek kalkuluak egiten ikas dezakete horizontalki, adibidez, baina ez matematika bizitzako gainerako kontuetatik isolatzen badugu).

Guk argi daukagu metodoak eta metodologiak ez direla egokiak bizikidetza garatzeko, ze a priori erabakitzen baldin badugu zer egin behar den, orduan esan nahi du ez garela ikasleak sentitzen ari. Baita ere badakigu, nonbaitetik hasi behar denez, ilusionismo sozialaren printzipioak balio izan zaizkigula: hasierako negoziazioa, beharbada probokazio bat erabili ikasleak autogestiorantz mugiarazteko, teknikak eta tresnak erabaki edo asmatu edo moldatu egoeraren arabera, ikuspegi etikoa landu, objektutik subjektura eta subjektu indibidualetik subjektu kolektiborantz dinamizatu, kultura herrikoiak inspirazio iturri gisa ulertu...

Ilusionismo sozialaren lehen printzipioa "hasierako negoziazioa" da. Guk ikasgela batean lan egiten dugunez, negoziazio hori nahiko jarraikorra izatea erraza da eta horregatik asko hitz egiten dugu bai kolektiboki, bai irakasle-ikasle binaka, bai taldeka, bai taldeen artean...

Negoziazio horretan, lehentasunezko puntuak hauek izan dira, gutxi gorabehera (taldearen eta egoeraren arabera, baina zeozer zehatza esatearren):
  • eraikitze kolektiboa sustatzea (edo bilatzea, edo posible egingo duten bideak hobestea)
  • askotariko partehartzea (aberatsa, anitza)
  • elkarren arteko laguntza (bai pertsona-pertsona, bai talde-talde, bai pertsona-talde eta bai talde-pertsona... eta aukera sortzen den une berezi horietan, denon artean)
  • ahozkotasuna izatea abiapuntua (nahiz eta asko idazten dugun, baina ez da gure lehentasuna)
  • gure proposamenak inplikatzen dituen pertsonak subjektu gisa identifikatzea eta ez gure nahiak betetzeko objektu gisa (adibidez, guk zerbait egin eta besteak ikusle baino ez izatea, antzerki batzuetan gertatzen den moduan, pertsonak objektutzat hartzea litzateke)
  • geurekoiak ez izatea (edo ahal den guztia mugatzea) eta begirada periferikoa izatea (ez soilik "nire" edo "gure" proiektuan lan egitea eta ikustea norbaitek gure laguntza beharko lukeen, laguntza pentsatze, egite edo sentitzeetan).
Horrela, ez da ontzat ematen bizikidetzaren kontrako proposamenik, hartzen diren arriskuak (fisikoak, ideologikoak, emozionalak, akademikoak...) eztabaidatzen dira, inplikazioetan pentsatzeko; eta harreman-bideak sortzen dira. Adibidez, eskolako dekorazioa aldatu nahi badu talde batek, ezinbestekoa da dekorazio hori eragiten dion jendearekin komunikatzea, asmatzen ditugun moduak erabiliz; bestela, gure ekintzak besteei inposatuko genizkieke eta hori ez da etikoa.



Bestalde, bizikidetzaz ari garelarik ezin da utzi aipatu gabe diskriminazioa etengabea dela eskolan, ez soilik kolektibo zehatz batzuen aurka (etorkinak, LGTB, matxismoa...) baita klase sozial baxuei lotutakoa ere, hori oso nabarmena da eta askotan etorkinen aurkako erasoak berez klase sozial kontuak dira gehiago jatorriari lotutakoak baino. Arazoa da gauzak zatika konpontzen saiatzen garela: orain kulturartekotasunaren eguna, orain LGTB eguna, orain emakumearen eguna... eta horrek ezer gutxirako balio du. Bizikidetza modu zabalean planteatzen ez bada, hamaika ikastaro egin beharko ditugu irakasleok, arazo txiki bakoitzari soluzio txikia bilatzeko!

2016(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

Perfekzioa eta inperfekzioa... beste behin

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren zortzigarrena da.

Gauza garrantzitsu bat: gure ustez ez dago perfekziorik. Badakigu esan dugula, baina ez dago gaizki errepikatzea. Perfekziorik ez dagoela diogunean esan nahi dugu ez dela beharrezkoa DENA aldatzea gauzak ONGI egiteko, baizik eta bakoitzak ikusiko du, zauden lekuak zaudela eta zure egoera, nortasuna, sentipenak... kontuan hartuta, zer eraldatu nahi/ahal/behar duzun, beti modu kritikoan (hau da: ez sinetsi dena, ezta guk ikastaroan esan duguna ere...); ez dugu horrekin esan nahi gezurretan gabiltzanik, noski, baizik eta ez dagoela gururik, egia osoa duenik.

Hizkuntzen ikaskuntzaren kasuan, halako obsesioa dago zuzentasun kontuekin, eta hizkuntza hizkuntza idatziarekin nahastu ohi da, gainera. Erroreen trataera maiz azaltzen da hizkuntzaren didaktikaren inguruko ikuspegi metodologiko guztietan edo ia guztietan: erroreek erakusten digutela ikaslearen aurrerabidea, errore batzuk "barkatu" egin behar direla, erroreak markatu ala ez, erroreak berdinen artean jorratu behar direla... Uste dut ikuspegi guztiek funtsean hizkuntzaren ikuspegi zurruna erakusten dutela, hizkuntza zerbait perfektua izango balitz bezala (berriz ere, "lengua/idioma" nahasten gabiltza...).

Baina hari honi heldu nahi diot perfekzioak eragiten digun larritasunaren aurrean, gauzak berrikusi behar ditugula proposatzeko. Kapaz al gara perfektu ez den zerbait bere horretan uzteko, zuzendu gabe? Zenbaitetan ematen du irakasle garenok irakasle garela perfekzioa bilatu nahi dugulako gure ikasleengan, jendeari esan behar diogulako zer dagoen ondo eta zer gaizki. Horrek mugatu egiten digu ikasleen ikas-prozesuen ikuspegia, erroreek ikasleen bestelako komunikazio-loratzeak itsusituko balituzte bezala, "oso ondo dago, baina hau eta beste zuzendu behar duzu"... Komunikazio gaitasunaren paradigmaz hitz egingo dugu akaso, baina ez ote gara estrukturalistak bihotzean? (beno... hobe esanda, buruan?)...

Gure proposamena ez da "denak balio du" (ez hizkuntzaren jabegabetzean eta ez inongo jabegabetzeetan) baizik eta ahozkotasunetik abiatzea, alegia, ahozkotasunaren konplexutasuna, inperfekzioa, osagabetasuna eta kaos sortzailea izatea hizkuntzen ikaskuntzaren "hari lodia", idatzizko hizkuntz egituraketaren perfekzio eta itxitasun hori bigarren mailan jarrita (ez da desagertzen, noski, baina ez da horren garrantzitsua).

Bideo hau gustuko dut, erdi-txantxetan, erdi-serio, perfekzioaren eta osagabetasunaren ideia hau ulertzeko. Azaltzen diren egoerak proposatu nahi dizkizuet, zuen perfekziorako grinaren tamaina neurtzeko test modura ;-)


2016(e)ko ekainaren 2(a), osteguna

Ebaluazioa hizkuntzen irakaskuntzan: Zertan gabiltza?

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren zazpigarrena da.

Iñakik ikastaroan zehar hainbat galdera interesgarri bota ditu foroan. Hau ulermenaren ebaluazioaren inguruko galdera-multzo bat da:

"Ulermena eta ebaluazioa bi gai garrantzitsu dira niretzat. Nola neurtu ikasle baten eboluzioa? Neurtu beharko dut, ez da? Ikasle guztiak berdin neurtu behar ote ditut? Justua izango ote naiz ezberdin ebaluatzen baditut? Behar bereziak dituzten haurrei (ez al ditugu zentzuren baten guztiok behar bereziak zerbaitetan?) berdin exijitu behar ote diet? eta atzerritar etorri berriei berain hiru/lau/bosgarren hizkuntza den ingeles horretan? Ez dut erantzunik. Zuk?"

Hona gure erantzuna:

1) Zertarako neurtu nahi duzu? Suposatzen da neurketa ikasleari aurrerabidean laguntzeko dela, hortaz, ez du zentzu handirik ikasle guztiak berdin neurtzeak, ze ikasle bakoitzak bere prozesua duenez, neurtzeko gailu bera erabiltzeak ez dizu lagunduko ikasleen egoera zein den ulertzeko.

2) Ikasleen maila neurtzeak problema handi bat du, berez Feuerstein-ek 1988an argitaratu zuen moduan (Vigotskiren lanak eta bere ikerketak oinarri), 'don´t accept me as I am'; ebaluazioa atzera begirada bat da, ikasleak zer dakien neurtzeko, baina vigostskiano sozio-konstruktibistek argi azaltzen duten moduan, ebaluazioak, balioko badu, aurrera begirakoa izan behar du, ez atzera begirakoa. Eurek 'ebaluazio dinamikoaren' kontzeptua proposatu zuten, aurrera begirako ebaluazio hori planteatzean.



Hala ere, gure ustez ezinezkoa da aurrera begirako ebaluazio bat egitea, egin dezakeguna da ikasleen garapen horretan konplexutasuna dinamizatu, gero eta gauza konplexuagoak (sakonagoak, bariatuagoak, desberdinagoak) uler ditzan eta aldi berean, norabide anitzeko ulermenaren ideia kontuan hartuta (alegia, 'zer da ulertzea?' eztabaidan proposatu genuen ideia hori). Ulermena esanahi berriak eraikitzea bada (eta horretan adostasun handia dago, korronte desberdineko jendearen artean), eta erakitze hori kolektiboa bada, elkarren artekoa eta mestizoa, ebaluazio bat egin behar badugu, eraikitze horri lotutakoa izan beharko du, ez testu bateko ideiak azpimarratzeko edo identifikatzeko gaitasun horretan. Kasu gehienetan, eta bereziki kalifikatu behar denean, ebaluazioa simulatu egiten dugu, 'ebaluatzen ariko bagina bezala' baino ez dugu egiten, eta hori justifikatzeko liburu eta artikulu mordoa idatzi da hezkuntza eremuan; baina antzezlana da, gehientsuenetan.

IKTGasteiz wikispacesetik hartua

3) Denok ditugu behar bereziak. Zailtasun fisiko edo kognitibo bat edukitzeak ez zaitu ezeztatzen pertsona bezala, eta elkarrekin eraikitzeko, ikasgelan dagoen jende guztiak du zeresana. Baina guk ez dugu inklusioaren ideia ontzat hartzen, gure ustez ez da jendea 'inkluitu' behar (hori asimilazioa da), baizik eta disentsuan lan egin behar da, desberdintasun horiek duten balio berezi horretan. Irakasleon lana izango da harremanak dinamizatzea inor arrotz ez sentitzeko, horregatik lan egiten dugu elkartzen garen jendearekin eta jendearengandik, autogestio kolektiborantz

4) Ingelesaren irakaskuntza lan-merkatuan lehiatzeko tresna bezala planteatzen da (eta mundu globalizatuan integratzeko tresna ere bai, masa-kulturaren ildotik). Hori buruan izan behar dugu, testuinguru gisa, ze agian erratuta gaude ingelesaren irakaskuntzaren obsesioarekin. Hala ere, beste herrialde batzuetatik datozen ikasleentzat, ingelesa jendearekin komunikatzeko tresna garrantzitsu izan daiteke, hizkuntz horretan denok daudelako ikasgelan maila berean, hor bera ez da atzerritar. Areago, etorkinen presentzia ikasgelan baliagarria izan daiteke ingelesari harremanen ikuspegia emateko, ze zentzu handirik ez du ikasleak bat-batean ingelesez hitz eginaraztea euren artean, soilik ingeles irakasgaian daudelako; oso artifiziala da eta ez du zentzurik. Guri emaitza onak eman dizkigu ingeleseko komunikazioaren aldetik atzerriko eskola batekin harremanak izatea (tandem edo etwinning moduan), orduan ikasgelan euskaraz edota gaztelaniaz egitea baimenduta dago, eta ingelesez egiten da lan beste eskola horretako ikasleekin harremanak izateko, gauzak trukatzeko eta abar.