2015(e)ko martxoaren 18(a), asteazkena

Kontzeptuak ehuntzen eta konplexutzen (2007-2015)

*sarrera honen aurrekoak:
Ilusionismo soziala. Zezelka (1995-2007)
Ilusionismo soziala. Kontzeptuak/egiteak/sentitzeak finkatzen (2008-2012)

El Palomo esperientziaren ondoren (2005-2007), topatzen joan ginen eta dimentsio berriak zabaltzen, esperientziak ehunduz, 1995etik generakartzan hondar teorikoez inpregnatuta baitzeuden esperientzia horiek, eta aldi berean berrelaborazio kontzeptual berriez ere bai, esperientzien zabaltasunari esker.

Hala, hiru funtsezko kontzeptu topatu genituen: kultura herrikoiak, eguneroko bizitzaren autogestioa eta jabegabetzea.




Hori guztia nazioarteko jardunaldien hazia izan zen, lehenik Autogestioaren Nazioarteko Jardunaldiak, Andaluzian (Sevilla eta Granada), Mexikon (Jiutepec eta Morelia), Katalunian (El Vendrell), Brasilen (Pernambuco) eta Kolonbian (Cali) egin zirenak, lekuan lekuko proposamenetan oinarritutako jarduerak garatuta, eta uneotan iristen ari diren Jabegabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak, zeinetan espero dugun jendea batzen joatea hemendik 2015eko uda bitartean.


**Artikulu hau Javier Encinak Ilusionismo Sozialaren blogean argitaratutako sarrera honen itzulpena da
http://ilusionismosocial.blogspot.com.es/2015/02/tejiendo-y-complejizando-conceptos-2007.html

2015(e)ko martxoaren 16(a), astelehena

Ilusionismo soziala. Kontzeptuak/egiteak/sentitzeak finkatzen (2008-2012)

*sarrera honen aurrekoa:
Ilusionismo soziala. Zezelka (1995-2007)

El Palomo esperientziaren ostean (Palomares del Río, Sevilla; 2005-2007), hausnarketa tarte bat zabaldu genuen, Olivareseko esperientzian (2009-2010) sartu zena praktikan http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=180 baita gure auzoko 15Mean ere: Jacaranda norte (Sevilla hiriaren iparraldean) http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=597, eta horrekin batera, Texcaleko esperientzian (Mexiko, 2009-?), kasu honetan truke zibernetikoa eta aurrez aurrekoa tarteratuz... Aberastasun honek, praktikatik pentsatu eta egite eta sentitzeak praktika berrietan sartuz, ekoizpen teorikoetan oso aberatsa izan zen garai batera eraman gintuen.


Metodologiarik gabe eraikitzearen beharretik abiatuta (aprioririk gabe lan egin nahi baitugu, ikertzaileek markatutako biderik gabe), konturatu ginen gehienez ere nola hasi jakin genezakeena, hasiera nolakoa izango zen, eta horretaz hausnartzen jarri ginen http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=161, baina gauzak esperientzietan eginez ikusi genuenez geure burua, konturatu ginen metodologiarik gabe lan egiten genuenez, gauza gehiago atzeman behar genituela, erneago ibili behar genuela, ez genuela nahikoa 5 zentzumenekin... eta zentzumen gehiago azaleratzen hasi ginen.



SENTIDOS E IMAGINARIOS EN EL ILUSIONISMO SOCIAL from unilco on Vimeo.

Konturatu ginen teknikak eta tresnak bizikidetzakoak izan behar zutela, jendearekin eta jendearengandik sortuak, eguneroko bizitzaren autogestio prozesuetan bereganatzeko modukoak http://ilusionismosocial.org/mod/folder/view.php?id=174

Hori dena izan zen gaur egun Ilusionismo Soziala deritzoguna konfiguratzen joan zena.


**Artikulu hau Javier Encinak Ilusionismo Sozialaren blogean argitaratutako sarrera honen itzulpena da:
http://ilusionismosocial.blogspot.com.es/2015/02/el-ilusionismo-social-asentando.html

Ilusionismo soziala. Zezelka (1995-2007)

Ilusionismo soziala!!!!, gauza hauek 1995ean hasi ginen pentsatzen/sentitzen/egiten, Pedreran lanean hasi ginenean, honi gehitu zitzaizkion Las Cabezas de San Juan-en sortu ziren hausnarketak bertan lanean ari ginelarik (1999-2003) eta Pablo de Olavide Unibertsitatean 6 urtez eman genuen espezialista ikastaroan landutakoa (1999-2005); horrek guztiak halako hazitegi sozialen salda bat sortzen hasi zen 2005ean UNILCO eratzera eraman gintuena El Palomo esperientzian lanean hasi ginenean (Palomares del Ríoko HAPO/PGOU Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra eta Plan Estrategikoa, 2005eko urrian). Orduan hasi zen eratzen ilusionismo soziala deitu geniona, eta hala elkartu ginen 2007an UNILCO-espacio nómada eratu genuenok: Marta, Dani, Juanlu, Mª Angeles, Alejandra, Mariana, Rosa, Bego eta bederatziok, geroxeago Eva eta Alegría, ondoren Carmen eta Juan.

Pauso hori emateko, eztabaida ireki bat izan genuen bi gai hauen inguruan:
  • Deialdi bidezko partaidetza lanaren gune izatetik eguneroko bizitzako denbora eta espazioetan pentsatu/sentitu/ekitera.
  • Praxikarekin segitzea (teoria eta praktikaren arteko lotura), pentsatu/sentitu/ekin ezin direla banandu ulertuta.
Horrek guztiak posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera pasarazi gintuen, eta horretarako ilusionismo sozialaren keinuak sortu beharra zegoen. Bizipen hauek bultzatu gintuzten metodologiaren kontzeptua alde batera uztera, zurrunegia eta aprioristikoa baita, eta egiteko moduetara jotzera (IAP Ikerketa-ekintza partehartzailea metodologia jakinduria gisa onartuta); hala, IAPtik Ilusionismo Sozialera pasatu ginen, etengabe aldatzen ari dena, etengabe erronka berriak planteatzen dizkiguna, eta erronka horiek soilik aurrera egitearren ebatz ditzakegu (ez dago behin betiko / denetarako soluziorik); beste pauso bat, beste erronka bat... Orain dena aberatsagoa da Mexikon eta Euskal Herrian egiten gabiltzan praxiketan. Urteek ez digute ilusioa mugatu eta harreman, esperientzia, eraikitze teoriko gehiago ekarri dizkigu hobeto lan egiten laguntzen digutenak...


Hementxe uzten dizuet gai honi buruz egin genuen lehen bideoa eta Linareseko jendeak egin zuen bideo-aurkezpena (mila esker berriz ere).



Ilusionismo Social from unilco on Vimeo.





*Artikulu hau Javier Encinak Ilusionismo Sozialaren blogean argitaratutako sarrera honen itzulpena da: http://ilusionismosocial.blogspot.com.es/2015/02/el-ilusionismo-social-balbuceando-1995.html

2015(e)ko martxoaren 3(a), asteartea

Elkarren ideiak errespetatzea... zer da hori?

Lehen Hezkuntza Graduko hirugarren mailako ikasleen autoebaluazioak birpasatzen eta ebaluatzen aritu gara asteburuan (hemen esperientziaz informazio gehixeago...). Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian modu esperimentalean egin dugu lan, didaktika irakatsi ordez, praktikatik abiatu gara, lan egiteko modu berri bat ikasteko: jendearekin eta jendearengandik parte hartzeko prozesuen simulakro bat egin dugu, hizkuntza komunikazio gisa hartuta, eta komunikazioa parte hartzeko tresna bat bezala ulertuta.


Ez dugu helbururik markatu aldez aurretik, helburuak situazionalak izan dira, unean unekoak, eta komunikatzeko hizkuntza linguistikoaz gain, hizkuntza plastikoa eta hizkuntza fisikoa erabili dugu, ahozkotasunari lehentasuna emanez idatzizkoaren aurrean. Helburu aprioristikorik izan gabe, aukera izan dugu interesatzen joan zaizkigun gaiei buruz hitz egiteko eta egokien iruditu zaigun moduan espresatzeko eta konpartitzeko.


Ideia izan da norbere interes eta gogoetatik abiatzea eta hori izatea elkarrekin lan egiten joateko bidea. Baina ez onartzea “edozein proposamen” baizik eta proposamenak prozesuan zehar konplexutzen joan dira, partaidetza sakonagoa eta etikoagoa izan zedin, ikuspegi indibidualista gainditu eta kolektiboki lan egiteko. Horrek blokeo batzuk eragin dizkigu eta prozesuan zehar elkarri laguntzen saiatu gara, zenbaitetan asmatu dugu eta zenbaitetan sortu zaigun frustrazioak etsiarazi digu...


AUTOEBALUAZIOAK

Prozesuaren amaieran, ikasle bakoitzak idatzi bat prestatu du zer egin duen eta zer ikasi duen zerrendatuta, eta autoebaluazio horietan hauek izan dira maizenik azaldu diren kontuak:
  • Taldean lan egiten ikasi dugu, ez soilik geure taldean, baita besteekin batera ere. Egia da ez diogula denok denoi lagundu, baina ikasle asko izan dira euren lana alde batera utzi dutenak une konkretuetan besteei laguntzeko, eta horrek eragin dizkigun bizipenak oso baliotsuak izan zaizkigu. Askok azpimarratu dute berria izan dela ideia hori, taldeko muga geurekoi horiek gainditu eta ikusi dugula posible dela denok denoi laguntzea, elkar zaintzea eta denon ideiak errespetatzea.
  • Errespetuaren ideia hori ere asko azaldu da... berez talde bezala ondo konpontzen ziren lehenago ere, baina iruditzen zait errespetua testuinguru honetan aipatu dutenean, berez disentsuan oinarritutako errespetua izan dela, alegia, adostasuna bilatu baino gehiago, gauzak elkarrekin egiteko ideiarekin lan egin dugunez, jendea libreago sentitu da bere ikuspegia emateko eta errazagoa izan da besteen hitza errespetatzea eta kontuan izatea, ez baitzihoan geure ideien “kontra”.
  • Ildo horretatik, batzuentzat lehen aldia izan da talde osoan hitza hartzera ausartu direnak. Hainbatek esan dute lehen aldia izan dela horrela denon aurrean eta denon artean parte hartu dutela, eta beste zenbaitzuek aipatu dute lehen aldia izan dela ikaskide batzuen hitza eta iritzia entzuten dutela. Gai izan dira gelakide gisa gauzak elkarrekin egiteko irakasleon gidaritzarik gabe eta zeregin markatu bati erantzun gabe, lehen aldiz hiru urte hauetan, eta hori oso bizipen eta ikaskuntza baliotsua dela uste dut, bai aurrera begira eta bai haurrekin lan egiten dutenerako. Askotan mintzamena lantzeko ariketak proposatzen ditugu edo haurrei parte hartzeko eskatzen diegu baina ikuspegi bertikal batetik (geuk erabakitzen dugu noiz hitz egin behar den eta zertaz)... baina gelakideon artean izan dugun komunikazioa naturalagoa izan da, horizontalagoa, eta horrek erraztu du partehartzea.

Errespetua, zentzu kolektiboan, ez da soilik besteren hitzak entzutea baizik eta aditzea, kontuan izatea eta ideia, nahi eta iritzi horietan laguntzea, ados egon gabe ere. Disentsuak aukera ematen du elkarri laguntzea geure ahotsa edo gutasuna galdu gabe, elkarlanean.

Horrek gogorarazi dit Koldo Saratxagak NER Harreman Estilo Berrian egindako proposamena: "lidertza, ni-a ahaztu eta erakundeak osatzen dituzten pertsona anitzen artean eroso integratzea". Geure esperientziaren ildotik, lidertzak hitza lapurtzen die lider denari hitza kendu nahi ez/ezin dioten pertsonei, eta zenbat eta iraunkorragoa eta identifikagarriagoa lidertza hori, hainbat isilago agertzen dira boterea nahi ez duten pertsonak... eta azkenean, botere nahirik ez duten pertsona horiek talde osoan integratzen dira, baina kontsentsuz, eta horrek esan nahi du ez dela bere hitza edo iritzia errespetatzen, subsumitu egiten baita. Pertsonak masa gisa tratatzera garamatza bide horrek.

Alderantziz, liderrak (pluralean) situazionalak badira eta ez iraunkorrak, lider horiek jabegabetzea egiten badute boterea hartu dutela sentitzen dutenean, eta adostasunaren ordez disentsuaren konplexutasunean eta osagabetasunean mugituz gero, orduan bai, pertsona guztiak errespetatuak sentitzen dira, adituak.

Esperientzia-bizipen hauetan zehar, ahalegin berezia egin dugu nork bere taldean integratu ordez, talde-kohesioa landu ordez, taldeak etengabe zabaltzeko, iragazkorrak izateko, boterea diluitzeko... eta horrek eragin du errespetuzko bizipena izatea, autonomiari benetako zentzua emanez elkarren behar eta elkarlaguntza prozesuen bitartez.


KULTURA HERRIKOIAK, KONPLEXUTASUNAREN FRUITUA

Gai honetan sakontzeko, interesgarriak dira kultura herrikoiak konplexutasunean eta osagabetasunean jarduteko erak:


"Kultura herrikoiak konplexutasunaren adierazpen argiak dira, izan ere, bizitzeko modu bat izanik, ezin daitezke azaldu eguneroko espazio eta denboretan sentitu/pentsatu/egin gabe, eta errepikapen sortzailearen bidez sortzen dira etengabe. E. MORINek dioen eran (2001:46-47),  “unitate konplexuak, gizakia edo gizartea kasu, multidimentsionalak dira; honela, gizakia aldi berean biologoa, psikikoa, soziala, afektiboa eta arrazionala da. Gizarteak dimentsio historikoak, ekonomikoak, soziologikoak, erlijiosoak… ditu bere baitan.  Jakintza egokiak dimentsio aniztasun hau onartu egin behar du eta bere datuak bertan  txertatu (…).

Jakintza egokiak konplexutasunari aurre eman behar dio.  Complexus hitzak esan nahi du elkarren artean josita dagoena; hala da, konplexutasuna dago osotasuna eratzen duten elementuak banaezinak direnean.”

Garrantzitsua da zentzumenak zorroztea konplexutasuna ulertzeko, baita konplexutasunak eragiten dituen kontraesanak ere, hauek askotan harrapatzaileak, blokeatzaileak edota mingarriak izan daitezkeelako, edo aldiz, ahalmen berrietara bultzatuko gaituzten korapiloak izan daitezke.

“ Kontraesanek bi ebazpen mota dituzte: bata itxia (kontsentsua) eta bestea irekia (disentsua). Adostasuna modernitateari dagokio: adierazpen bat  - HABERMASek dioenez-  baliagarriagoa da hartzaileen arteko kontsentsua eragiteko gai denean. Desadostasuna posmodernitateari dagokio: adierazpen bat - LYOTARDen hitzetan - baliagarriagoa da hartzaileen artean askotariko adierazpenak eragiteko gai denean.

Kontsentsua konponbide itxia da. Multzo hutsa da multzo guztiek komunean duten partea. Soilik jar gaitezke ados ezerezean, hutsean. Adostasunak informazio galera dakar.  Disentsua konponbide irekia da. Zerbait beharrezkoa edo ezinezkoa denean, jokoaren arauak aldatu egin behar dira, dimentsio berriak sortu ahal izateko (…).

Kontsentsuak ziurtasuna sorrarazten du, disentsuak duda. ‘Duda’ duo+ habitare (dubbitare) egituratik dator: bi mundutan bizi dena” J. IBAÑEZ (1997:83). Bitartekaritza sozial desiragarrien lanean, disentsua da gatazkak konpontzeko modua.

Hau horrela izan dadin, garrantzitsua da egoeraren araberako lidergoa kontuan hartzea: (irekitzea, hainbat lider denetarako LIDERRAK bezala onartzeak eragiten duen esklerotizazioaren aurrean) denok gara liderrak leku jakin batzuetan eguneroko leku eta denboretan, baina inoiz ez beti leku guztietan, egunerokotasuna deuseztatuko baikenuke. Egoeraren araberako liderrak onartuz eta animatuz, prozesuan burutu beharreko zeregin bakoitzari garrantzia ematen zaio: kultura, janaria prestatzea, ordezkaritza politikoa, komunikazioa…  ez dago “bigarren mailako zereginik edo zeregin osagarririk”. Ilusionismo sozialak esan nahi du bizitza guztien eta bakoitzaren errespetua eta krisi egoerekiko irekitasuna. Prozesu sozialak bizitza behar duten pertsonek osatzen dituzte, baita asebetetasuna ere prozesuan."

Javier ENCINA, Mª Ángeles ÁVILA, Begoña LOURENÇO (2010). Las culturas populares. Sevilla (Andaluzia): Atrapasueños, Colectivo de Ilusionistas Sociales, UNILCO-espacio nómada. Gehiago irakurtzeko: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=155

Itz.: Irati Guridi, Aitor Errazkin, Ainhoa Ezeiza (argitaratzear)