2016(e)ko urriaren 10(a), astelehena

Euskararen normalizazioa eta eskola mahai-ingurua: saioaren laburpena

Aurreko asteazkenean, urriaren 5ean, Euskararen normalizazioa eta eskola mahai-ingurua egin genuen Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Irakasletza Eraikinean (lehengo Magisteritza Eskola). Bertan elkartu ginen mahaian Zigor Etxeburua, Iñaki Biain eta neu, eta Nahia Delgado izan zen moderatzailea. Hurrengo lerroetan saioaren laburpen bat bildu nahi nuke.

Hizkuntzaren Normalizazioa eta Eskola: mahai-inguru bat Magisteritzan

Egia da unibertsitateko jendeari leporatzen zaigula oso urrun gaudela "errealitatetik", arrazoi osoz, gainera. Hezkuntza eremuan ikertzen dugunok eskolara jotzen dugu geure ikerketak gauzatzeko asmotan, eta horrela, eskola geure ikerketen zerbitzura jartzen dugu. Eskoletara goaz geure galdetegiak pasatzera, geure datuak hartzera edo errealitatea geure begietatik behatzera, eta gero, eztabaidatzen zailak diren txostenak edo artikuluak itzultzen ditugu ondorio gisa.

Mahai-inguru honetan, asmoa izan da maila berean elkartzea ikuspegi instituzionalean kokatzen den erakundeetako jendea, eskolekin elkarlanean dabilen berritzeguneetako jendea, eskoletan bertan lanean dabilen jendea, magisteritzan ikasten dabilen jendea eta unibertsitateko ikerketa-jendea. Ez dirudi kontu hau hain erraza denik, ze hasteko, oso foru gutxi dugu elkartzeko. Polita litzateke uneotan nor bere diziplina edo lan-eremuan ixten gaituzten harresietan zirrikituak zabaltzea eta sentitzea eztabaida horizontalerako ez dela ezer berezirik antolatu behar, soilik tarteak sortzea.

Aurreko mahai-inguruan ez ginen asko-asko ere bildu, baina ikasleak, ikasle-ohiak, irakasleak, ikertzaileak, hizkuntz dinamizatzaileak eta erabaki instituzionalen eremuko jendea elkartu ginen, denetik pixka bat. Eta mahai-ingurua izanik ere, ez genuen mahairik kokatu "jendearen" eta "hizlarion" artean, hasieratik elkar agurtzen hasi ginen, gero kafe orduan solasaldi lasaian aritu ginen eta azkenik, denok bildu ginen azken ideiak trukatzeko. Nire inpresioa izan zen jendea libre sentitu zela hitz egiteko, taldean zein denok batera, eta hori oso pozgarria izan zitzaidan. Elkarrekin eraikitzeko, ezinbestekoa da gutxieneko konfiantza giroa sortzea, elkar ulertzeko.

Elebitasun soziala eta normalizazioaren aurrerapausoak

Zigor Etxeburuak argitu bezala, elebitasun pertsonala eta soziala bereiztuz hasi beharko genuke.


Ingurune elebidunetan, kontuan hartu behar da zein funtzio sozial betetzen duen hizkuntza bakoitzak: irakaskuntzan, administrazioan, komunikabideetan, kulturan, ekonomian eta mugaz gaindiko harremanetan, Europako Hizkuntza Gutxituen Kartak edo Itunak adierazi bezala (hemen itunaren erreferentzia eta zehaztapena erabili.eus-en). Euskararen normalizazio prozesuan, eremu horietan guztietan eragin da, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horrekin batera, hizkuntzaren estandarizazio-prozesua zabaldu da, ofizialtasun prozesuarekin batera.

Atzera begira jarrita, esan behar da lan itzela egin dela urte hauetan, eta ezin da ezkutuan utzi euskal komunitatean "ez garela hainbeste", hau da, egin den lan itzel hori egiteko, komunitateko jende askok lan asko egin du. Nahiz eta uneotan beharbada etsipena sentitzen dugun zenbait kontutan, ondo pentsatzen badugu ahalegin handia egiteko prest egon gara urte hauetan.

Funtzio sozialak elebitasun pertsonalarekin batera jarrita, eta soziolinguistikan egin diren lan guztiak orain aipatzen jarri gabe, esango dugu arreta berezia jarri behar dugula hizkuntzen alternantzian, hizkuntz gatazketan, hizkuntz ordezkapenetan eta desprestigiatzeko egiten diren ekimen, adierazpen eta ekintzetan. Sentsibilitate handiz jokatzeaz gain, argitasuna izan behar dugu hizkuntzen eta hiztunen arteko errespetuan, baina posizio asimetrikoak aintzakotzat hartuta.

Horrekin batera, herri-gogoa aktibatzeko kontzientzia erakundeak sortu dira, Euskal Herrian Euskaraz, edo Kontseilua, edo beste asko: euskararen aldeko elkarteak, euskararen aldeko festen antolatzaileak (Korrika, Kilometroak, Araba Euskaraz...)... Herri-gogoaren baitan, euskaraz egiteaz gain, euskararen eskakizunari lotutako ekintzak sartzen dira: hizkuntz eskubideen urratzea salatzeko bideak, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Administrazio Publikoan egiten diren hizkuntz eskubideen urratzeak salatzeko herritarrek modu pertsonalean bideratzen dituzten salaketak...

Ezagutzatik erabilerara: ezagutzatik gaitasunetara, erabileratik herri-gogora

Iñaki Biainek hain argi azaldu zuen bezala, duela ez hainbeste urte uste zen hizkuntza erabiltzeko ezagutu baino ez zela behar, eta hizkuntza ezagutzeko, gramatika ikasi egin behar zela. Gaur egun, oso argi dugu errore handia dela pentsatzea euskara jakite hutsak eramango gintuela erabilerara, eta horrekin, normalizaziora. Eta gainera, hizkuntza bat ezagutzearen kontzeptua eraldatu da eta komunikazio gaitasunaren kontzeptura pasa gara: euskaraz jakiteak askotariko gaitasunak eskatzen ditu (gaitasun soziolinguistikoa, gaitasun estrategikoa, gaitasun diskurtsiboa eta gaitasun linguistikoa, Canale eta Swain-ek planteatu zuten bezala, esaterako).

Hau da, euskara irakasle guztiok landu behar dugu, nork bere diziplinetatik, eta gainera, haur eta gazteen sozializazio hizkuntza izatea lortu behar dugu. Erabilera konplexuagoak eskatzen zaizkie hiztunei eta ondorioz irakasleoi, eta horrek esan nahi du alderdi metodologikoak sakondu behar direla, ikasgela komunikazio esparru izateko eta, areago, ekosistema komunikatiboa izan dadin. Ikasleak bere jarduna autoerregulatzeko gaitasuna garatu behar du, eta sentsible izan behar du hautaketa linguistiko egokia egiteko, bai hizkuntzaren aldetik (euskara/gaztelania/ingelesa/frantsesa...) eta bai hizkeraren aldetik (erregistro formala, informala, akademikoa...).

Euskara ezin da besterik gabe hizkuntza gisa landu; sozializatzeko, norberaren adierazpide afektiborako eta elkarbizitzarako oinarrizko baliabide gisa ulertu behar da, bere testuinguru sozial eta naturalean.

Gero eta gehiago eskatzen zaio eskolari, eta irakasleak askotan gainezka sentitzen dira. Euskararen lanketa eskolaren zereginetako bat baino ez da, beste zeregin askoren artean.

ISM ikerketa-formakzio taldearen ikuspegia

Gure ikuspegia, eta halaxen agertu nuen mahai-inguruan, konplexutasun horren lanketan datza, hain zuzen ere. Konplexua da elkarri modu banaezinean lotuta dagoena, eta horrek inplikazio asko ditu:
  • gauzak modu askotara landu daitezke, puntu askotatik hasita, edo puntu batetik hasi eta une batzuetan anplifikatzea, edo une batzuetan bat-batean murriztea
  • hari batetik tiraka gauza asko korapilatu daitezke, askotan ez dugu jakingo zer ari den korapilatzen eta zer askatzen
  • gerta litekeela aldi berean gauzak ondo eta gaizki egiten jardutea
  • espero ez dituzun gauzak sortzea egiten ari zaren horrekin, eta antzematen ez dituzun gauza asko
  • apurtu dena apurtuta dago betiko. Berriz josi, lotu edo korapilatu daiteke, baina ezin gara aurreko egoerara itzuli.
  • gauzak ez daude isolatuta edo sailkatuta; gauzak nahastu egiten dira une eta leku askotan, eta hori gizakiaren eta gizartearen nolakotasunaren baitan dago
  • konplexutasunak inperfekzioa, osagabetasuna, ziurgabezia ditu oinarri. Ezin dugu dena kontrolpean izan.
Horregatik, gure proposamena da (eta proposamena ezezik egiten ari garena ere bada) eskolak duen problematika ez zatikatzea, baizik eta aldi berean gauza asko lantzea. Bizikidetza da gure abiapuntua, ez zaigu bururatu ezer funtsezkoagorik eskolan. Bizikidetzatik lan egiten dugu pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak bateratzeko eta hala, ekosistema komunikatiboa ez da guretzat nahikoa: komunikazio etikoa eta dimentsioanitzekoa proposatzen dugu (eta egiten dugu), errespetuzko harremanak hitzez, gorputzez, adierazpen plastikoaren laguntzaz, musikarekin, garapen akademiko-zientifikoa jakintza herrikoiekin batera elkarlotuz...

Gure ustez, ez dugu euskara ahaldundu behar, euskahaldundu; gure ustez, euskarak gure bizitzako pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak zeharkatu behar ditu, horizontaltasunean. Eta horretarako, pentsatzen dugu asistentzialismoa apurtu behar dela, asistentzialismoak behin eta berriz erakutsi digulako jendearen pasibotasuna eragiten duela. Ikuspegi dialektikoak ez du esan nahi "denak balio duela", edo gauzak "berez" konponduko direla; esan nahi du jendearekin eta jendearengandik egin behar dugula lan, ez jendearentzat, edo herriarentzat, edo euskararentzat. Gure ustez euskara ez delako eskubide bat, ez da Legearen esku utzi behar den ardura bat (horrek ez du esan nahi legerik egon behar ez duenik, baizik eta hori ez dela euskarak bizirik irauteko tresna garrantzitsuena).

Euskara hizkuntza herrikoi gisa ulertuta, euskaldunon matrize kulturalaren parte da, gure identitatearen parte, eta euskara beren matrize kulturalean beste hizkuntza batzuk dituzten pertsonekin konpartitu nahi badugu, identitatetik identifikazioetara jo behar da, hor zabalduko baita norberaren matrize kulturala (euskara norbere kultura aberasteko izango da). Euskara hizkuntza estatal gisa ulertuta, aldiz, askoz zailagoa izango da 'euskal kulturaduna' ez den jendeak euskara bereganatzea, eskakizun administratibotzat joko baitu (egiaztagiriak lortu eta euskara ahazten dutenen kasua, esaterako).

Oso baliotsua izan zaigu gai honetaz zintzotasunez eztabaidatzea. Disentsua aberasgarria dela uste dut eta gogotsu geratu naiz elkarlanean segitzeko, ideia, bizipen eta esperientzia berriak sortzeko eta daudenak elkarlotzeko.