hizkuntza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
hizkuntza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

Perfekzioa eta inperfekzioa... beste behin

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren zortzigarrena da.

Gauza garrantzitsu bat: gure ustez ez dago perfekziorik. Badakigu esan dugula, baina ez dago gaizki errepikatzea. Perfekziorik ez dagoela diogunean esan nahi dugu ez dela beharrezkoa DENA aldatzea gauzak ONGI egiteko, baizik eta bakoitzak ikusiko du, zauden lekuak zaudela eta zure egoera, nortasuna, sentipenak... kontuan hartuta, zer eraldatu nahi/ahal/behar duzun, beti modu kritikoan (hau da: ez sinetsi dena, ezta guk ikastaroan esan duguna ere...); ez dugu horrekin esan nahi gezurretan gabiltzanik, noski, baizik eta ez dagoela gururik, egia osoa duenik.

Hizkuntzen ikaskuntzaren kasuan, halako obsesioa dago zuzentasun kontuekin, eta hizkuntza hizkuntza idatziarekin nahastu ohi da, gainera. Erroreen trataera maiz azaltzen da hizkuntzaren didaktikaren inguruko ikuspegi metodologiko guztietan edo ia guztietan: erroreek erakusten digutela ikaslearen aurrerabidea, errore batzuk "barkatu" egin behar direla, erroreak markatu ala ez, erroreak berdinen artean jorratu behar direla... Uste dut ikuspegi guztiek funtsean hizkuntzaren ikuspegi zurruna erakusten dutela, hizkuntza zerbait perfektua izango balitz bezala (berriz ere, "lengua/idioma" nahasten gabiltza...).

Baina hari honi heldu nahi diot perfekzioak eragiten digun larritasunaren aurrean, gauzak berrikusi behar ditugula proposatzeko. Kapaz al gara perfektu ez den zerbait bere horretan uzteko, zuzendu gabe? Zenbaitetan ematen du irakasle garenok irakasle garela perfekzioa bilatu nahi dugulako gure ikasleengan, jendeari esan behar diogulako zer dagoen ondo eta zer gaizki. Horrek mugatu egiten digu ikasleen ikas-prozesuen ikuspegia, erroreek ikasleen bestelako komunikazio-loratzeak itsusituko balituzte bezala, "oso ondo dago, baina hau eta beste zuzendu behar duzu"... Komunikazio gaitasunaren paradigmaz hitz egingo dugu akaso, baina ez ote gara estrukturalistak bihotzean? (beno... hobe esanda, buruan?)...

Gure proposamena ez da "denak balio du" (ez hizkuntzaren jabegabetzean eta ez inongo jabegabetzeetan) baizik eta ahozkotasunetik abiatzea, alegia, ahozkotasunaren konplexutasuna, inperfekzioa, osagabetasuna eta kaos sortzailea izatea hizkuntzen ikaskuntzaren "hari lodia", idatzizko hizkuntz egituraketaren perfekzio eta itxitasun hori bigarren mailan jarrita (ez da desagertzen, noski, baina ez da horren garrantzitsua).

Bideo hau gustuko dut, erdi-txantxetan, erdi-serio, perfekzioaren eta osagabetasunaren ideia hau ulertzeko. Azaltzen diren egoerak proposatu nahi dizkizuet, zuen perfekziorako grinaren tamaina neurtzeko test modura ;-)


2016(e)ko maiatzaren 22(a), igandea

Hizkuntzaren irakaskuntza testuinguru kulturanitzetan IV: Identitatea vs. identifikazioak

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren laugarrena da.

Boterearen autogestio kolektiboa eraikitzen joateko (jabegabetzea), lehenik erresistentzia behar da, bai oposizio/kontzientzia mailan, bai elkarreragin sortzailean. Bigarrenik, haustura behar da berrikuntzara zabaltzeko; proposamen berriak sor daitezen identitateari uko egin eta identifikazioak sustatuko dituztenak. Eta hirugarrenik, partaidetzarako bideak zabaldu behar dira prozesuan eraiki behar diren aurkaegite/elkarreragin/berrikuntzari forma emateko, egiten joaten diren askotariko ekintzen bidez.

Identitate vs. identifikazio gaia hartuta, artikulu hau irakurri dugu kulturartekotasunaren ideian sakontzeko:

Artikuluan, Manuel Montañések planteatzen du, egindako ikerketa baten arabera, immigrante guztiak ez direla berdin biltzen: batzuk euren jatorrizko nortasuneko jendearekin elkartzen dira, identitatearen arabera multzokatuz, eta beste batzuek, berriz, bestelako identifikazioak bilatzen dituzte: klase-identifikazioa, hizkuntz identifikazioa, familia-identifikazioa... Eta hainbat argibide ematen ditu lau modu hauek bereizteko: asimilazioa edo akulturazioa; segregazioa; integrazioa; eta desberdintasuna.

Ikastaroko Iñakik irudi hau jarri du eta honen inguruan ere eztabaidatu dugu, batez ere inklusioaren kontzeptuaz:
Iturria: Tomates Felices

Irudiak argi erakusten du inklusioa denok zaku bakar baten sartzea dela, eta gero, egon daiteke jendea zaku horretan egon nahi ez duena (berez ez du zertan izan etorkin jendea, ze jende asko da bizitzeko eredu hegemonikotik urrun bizi dena). Horregatik, Montyren artikuluan ez dago inklusioaren kontzeptua, berez integrazioarenetik oso hurbil dagoelako (edo beharbada, kasu batzuetan akulturaziotik...).

Gaur egun hau ez da "politikoki zuzena" baina inklusioaren aurka gaude, inklusioak barruan/kanpoan bat suposatzen duelako. Horregatik planteatzen ditugu identifikazioak eta ez identitateak, dibertsitatea ez dugulako ulertzen barru/kanpo banaketan, zaku edo multzorik gabeko gizarte batean baizik (disentsuan oinarriturik).

Irudiaren iturria: Kulturaniztasun jardunaldiak. Berria 2011/04/07

Identitatea 'izatean' oinarritzen da, egonkorrak, finkoak, perfektua; identifikazioak, berriz, 'egotean', dinamikoak dira, mestizoak, zenbaitetan efimeroak. Identitategintza 'nor garen' hori 'zer garen' horren baliokide egitea da nolabait, eta identitatearen bilaketan, talde baten berdinak egiten gaituzten ezaugarriak bilatzen ditugu, beste taldeen desberdinak egiten gaituzten ezaugarriekin batera. Hala, multzo baten kide sentitzen gara beste multzoetatik bereiztearen bitartez, eta multzokide izateak kontsentsuak bilatzea eskatzen du, adostasunak eta berdintasunak.

Kulturartekotasuna lantzeko, ezinbestekoa da disentsua eta horrekin batera, hau ere ezinbestez, harremanen horizontalizazioa. Bestela, kolonizazio-harremanak eragin ditzakegu, edo kolonizazioaren atzaparretan eror gaitezke. Horregatik, hasieran esan bezala, batera landu behar dira jabegabetzea, erresistentzia eta partaidetza, identitatetik identifikazioetara joz.

2016(e)ko apirilaren 18(a), astelehena

Hizkuntzaren irakaskuntza ingurune kulturanitzetan III: Espazioak eta denborak vs. lurraldeak eta ordutegiak

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren hirugarrena da.

Kulturartekotasunaren ikuspegiak nahitaez eskatzen du botere-harremanen berrikusketa, bai gerta litekeelako kultura bat beste baten gainean egotea (kolonizazioa, xenofobia, asimilazioa, gutxiespen soziala...), bai kulturartekotasunak berez suposatzen duelako kulturen arteko eraikitze horizontala (bestela "kulturaniztasun" huts litzateke).

Espazio/denbora vs. lurralde/ordutegi bereizketan sakontzeko, kontuan izan behar dugu zein diren partaidetza-motak leku zehatz horretan une zehatz horretan, hau da, soilik jendeAREKIN eta jendeARENGANDIK parte hartzen ari garenean gaude espazio eta denboretan, gainerako partaidetza motetan lurralde/ordutegietan gaude edo une horretan espazioa lurralde bihurtzen dugu (lagungarri gisa, bideo hau ikus daiteke: Introducción a las formas de participación (6:56) https://vimeo.com/71911701).

Lurraldeak jabea duela diogunean, ez du zertan izan jabe ekonomiko edo politiko bat, izan liteke jabe sozial edo kultural bat ere. Jabea gobernua izan daiteke, edo irakaslea (ikasgelaren kasuan), edo gazte talde bat parke batean ordu batzuetan, edo talde etniko jakin batek...

Hizkuntzen irakaskuntzan, esango genuke lurraldeetan komunikatzen irakasten dugula, ze "hizkuntza egokitzen" irakasten dugu eta ez kolektiboki eraikitzen, lekuan leku topatzen dugun jendearekin eraikitzen, alegia. Euskaraz ez dakigu ondo nola bereiztu eta gai hau hurrengo mezu batean sakonduko dugu, baina normalean guk irakasten duguna "idioma" da, ez "lengua"...


Espazioak eta denborak zer diren hobeto ulertzeko, bideo hau proposatzen dugu, batez ere jendea nola erlazionatzen den patxadaz ikusteko modu bisual batean:

ESPACIOS Y TIEMPOS COTIDIANOS from unilco on Vimeo.


Nola sortu espazioak eta denborak eskolaren lurralde/ordutegietan?

Beno, egia esan, berez badaude espazioak eta denborak eskolaren barruan, areago, ikasleak behin eta berriz borrokatzen dira espazio eta denborak zabaltzearren. Esaterako, askok ezagutu dugu "atzeko ilada", non, esaterako, musean aritzen ginen batzuk batxilergoko gelan. Edo atseden-orduan elkarri euskal dantzak irakasten egoten ginen garaia, elkarrengandik ikasiz, irakaslerik gabe. Edo, modernoago, mahai azpian watxapeatzen aritzen diren gaztetxo (eta ez hain gaztetxo) horiek, ikasgelatik ihes egin nahian... Edo irakasleok, pasiluetan gure bizitzako gorabeherak partekatzen hasten garenean...



Ez dira horrenbeste ikasle/irakasle rol banaketarik gabeko espazioak. Esaterako, ikasleekin "ikasle izango ez balira bezala" hitz egiten dugunean, hau da, gelako jendeAREKIN hitz egiten dugunean (ez ikasleENTZAT). -EKIN horrek suposatzen du komunikazioa dimentsioanitza dela, hau da, ez orientatzaile edo psikologoaren lekua hartzen dugunean ("kontaizkidazu arazoak"), baizik eta egoerak sortzen direnean zeinetan SORTU egiten den norberaren arazoren baten inguruan hitz egiteko abagunea. Eta norbera horretan irakaslea ere parte bada. Bestela, komunikazioa bertikala da, oso asmo ona izanik ere, eta lurraldean jarraitzen dugu.

Espazio eta denbora horiek sortzeko, zirrikituak zabaldu behar dira ikasgela osatzen dugun pertsonen roletan eta zirrikitu horiek une zehatz horietan bizi. Honi deitzen diogu, gutxi gorabehera, "egiturak malgutzea" (eskola berez baitago lurralde/ordutegi terminoetan definiturik).



2015(e)ko azaroaren 11(a), asteazkena

Hizkuntzaren didaktikaz hausnartzen... Silvio Rodríguezekin!

Beno... egia esan ez zen, ez, klasera etorri... baina Silviok kantatu egin zigun eta berari esker, teoria beste ikuspegi batetik hartu eta... tatxan! gauza piloa ulertu genuen.


Hilabete hauetan ez naiz askorik ibili blog honetatik, ze ilusio handiz lanean aritu gara jotake... baina arian-arian kontatuko ditut gure bizipenak. Donostiako Irakasleen Eskolako hirugarren mailako ikasleekin egin dugun azken saioetariko batean, testu teorikoak eta debateak alde batera utzi eta Silvio Rodríguezi aditu genion, ea zer kontatzen zigun hizkuntzaz eta hizkuntzez...


POR MUCHOS LUGARES...
Por muchos lugares pasaba la historia.
Tú leías a Whitman, con estilo triste.
Tus alrededores ya estaban poblando
de sed las palabras que usaste esta tarde.
Entonces ya estaban previstos tus gustos:
cada vieja fecha posee estas artes.

Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.

Por muchos lugares pasaba la historia.
El antiguo Egipto ya nos condenaba.
Todos conspiraron para reprimirnos
y como las plagas vinieron las guerras.
Y el tiempo ha llorado detrás de estructuras,
pues nada se salva del orden perfecto.

Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.

Por muchos lugares pasaba la historia.
Y a cada palabra era una duda
y elegir la clave de cada conciencia.
Y a ti, tan pequeña y resumen del mundo,
todo te tenía que arder cuando viste
moros en las costas de cada palabra.

Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.

Por muchos lugares pasaba la historia.
El mundo era un vasto sembrado de huesos
y las hortalizas un día crecieron
nutridas del jugo vital de los cuerpos.
Y supe que escombros regados por tierra
pueden fecundarle mañana la entraña.

Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.

(1968)
   
Euskaraz, zatitxo bat itzultzen ausartu nintzen...

Leku askotatik pasatzen zen historia
Hitz bakoitza zalantza bat zen
eta kontzientzia bakoitzaren gakoa hautatzea.
Eta zuri, horren txiki eta munduaren laburpen,
denak su hartu behar zizun mairuak ikusi zenituenean
hitz bakoitzaren itsasertzean.

Leku askotatik pasatzen zen historia.
Mundua hezurrez ereindako lur-eremu zabala zen
eta barazkiak noizpait hazi ziren
gorpuen bizi-zukuetatik elikatuta.
Eta jakin nuen lurrek ureztatutako hondakinek
erraiak ernalduko zizkiela bihar.

Horregatik ez da arraroa askok ez ulertzea,
askok jakin baikenuen norantza berberei buruz.
Horregatik ez da arraroa inork ez menderatzea
bere mundu guztien bridak.



Eta, sormenez pentsatuz, ezagutzak metaforekin irudimenez erlazionatuz, taldeka ideiak ematen joan ginen buruan zebilkigun galderari erantzun nahian: Zer da hizkuntza? Ze hizkuntza irakatsi behar da eskolan?

Hona bi taldeetako bakoitzean eratu genuen arbela, ikasleen hitzak bilduz eta erlazionatuz (LH 31GA1 eta 31GA2):

Hizkuntza(k) eta Kultur(ar)en arteko harremana - 31 GA1


Hizkuntza(k) eta Kultur(ar)en arteko harremana - 31 GA2

Eta hemen, errazago irakurtzeko, bi arbelak bateratuz egindako taula/grafikoa:



Zein lerrotan kokatzen gara hizkuntzaren gure ikuspegian? Ez dugu planteatzen KULTURA INSTITUZIONALA ETA MASA KULTURA vs. KULTURA HERRIKOIAK, baina konturatuta gaude kultura instituzionala saiatzen dela kultura herrikoiei garrantzia eta balioa kentzen, eta, aldi berean, masa-kulturarekin aliatzen da "hizkuntza eta kultur produktuak" saltzeko. Jendeari autoestimua lapurtzen zaio deshumanizazio eta mendetasunaren alde ("zu ezereza zara" -> kultura instituzionala, eta "zu berezia zara" -> masa-kultura paraleloan egiten diren bi baieztapen suntsitzaile dira).


Kultura herrikoiak, ordea, ez dira saiatzen kultura instituzionala edo masa-kultura suntsitzen, bizikidetza mestizoa planteatzen baitute: ikuspegi herrikoietik, eskolari estimu handia zaio eta, era berean, masa-kulturarekin disfrutatzen da, ze biak bizitzaren beste osagai bat direla ulertzen da, mestizajerako osagai. Hala, kultura herrikoiek bizikidetza aniztasunean, inperfekzioan eta konplexutasunean planteatzen dute.


Irakasle euskaldunei maiz proposatzen zaien dilema interesatua da euren ikasleekin euskara batuan ala beren euskalkian mintzatu behar ote zaien. Ohiko erantzun bat da euskara batuan egin behar dutela ze, ikasleak beste leku geografiko batekoak badira, ikasleek "ez dute ulertuko".

Baina, benetan ez dugu "euskalki" batean edo "batuan" hitz egiten; hitz egiten dugu segun eta norekin joan garen nahasten gure bizitzan zehar. Mintzatzen garen bakoitzean,  gure hitzetan gure historia eta gure kultura daramagu arrastaka, "gure" hori ez "Euskal Kultura" gisa interpretatuta baizik eta gure bizitzan zehar jasotzen joan garen bizipenak eta, gu jaio baino lehenago, gure familia, auzokideak, gure arbasoak... Pertsona guztiok gara, ezinbestez, mestizo, eta gure hizketa gure iraganaren tranzendentziaren funtsezko formetako bat da.

Gure ikasleak aberastasun horretaz guztiaz "babestu" nahi izatea "ulertuko ez dutelakoan", ikasleak gure jakinduria horretaz gabetzea da, ezagutza estandarizatu baten mesedetan. Gainera, hizkuntzaren oso ikuspegi hertsia dugula erakusten ari gara horrekin, ze hizkuntza bat ikasteak/garatzeak bere baitan ditu ulermen eta entenimendu estrategiak, esanahien negoziazioa, keinu eta gorputzezko adierazpena eta, jakina, hain garrantzitsua den errepikapen sortzailea, zeinaren bidez barneratzen goazen hasieran arrotz zaizkigun hitz edo esapide horiek, gero eta ezagunagoak egiten zaizkigularik harremanean zehar.

Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian egin dugun proposamena da hizkuntzaren eta kulturaren aberastasuna garatu nahi badugu, kultura herrikoien ikuspegitik lan egin behar dugula (anitza, ahozkoa, inperfektua), eta kultura instituzionala (normatiboa, estrukturala, perfektua, idatzizkoa) bigarren mailan kokatu behar dugula. Kontua ez da euskara batua ez irakastea, edo haurrak ez alfabetatzea, ahozkotasuna lehenestea baizik, bizirik dagoena, inperfektua, hizkuntzaren zuzentasun eta egituratzearen aurrean.

Eskerrik asko, Silvio, posible egin duzu ikuspegi teoriko hau kolektiboki eraiki dezagun, eztabaida eta posizionamendua errazteko. Eskerrik asko, Javi, abesti hau iradokitzeagatik hizkuntzaren jabegabetzea lantzeko, asko lagundu digu eta inspiratu gaitu!


2014(e)ko irailaren 10(a), asteazkena

Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiaren hasieran... gure iritziak trukatzen

Atzo (2014/09/9) hasi ginen Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (UPV/EHU) hirugarren mailako ikasle talde batekin Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian. Beno, benetan irakasgaia Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika da, baina, unibertsitatearen bitxikeriak, hizkuntza literaturatik bereiztuta ematen da... hori posible balitz bezala... baina tira, hizkuntza gorputz adierazpenetik, adierazpen plastikotik, ikus-entzunezkoetatik, gizarte, naturatik bereizita lantzen da, ez nintzateke harritu behar... jakinduria eremuka zatitzerik omen dago...

Kontua da aurten hezkuntzaren eta hizkuntzaren jabegabetzearen kontzeptura hurbildu nahi genukeela, partaidetza eta eraikitze kolektiboa ardatz hartuta, ikasleek nahi badute, noski... gaur-gaurkoz ez dakit nondik nora joango den irakasgaia, denon artean eraikiko baitugu... eta irakasgaiaren ikuspegi orokorrera hurbiltzeko, neronek nire ideiak botatzen hasi aurretik ikasleak nigandik defendatzeko tresnak izateko, lehenik nork bere pentsamenduak adierazteko jarduera bat garatu dugu.

Hamar adierazpen pentsatu nituen, hamarrak hizkuntzekin eta hizkuntzen didaktikarekin lotura dutenak, bost esaldiko bi zerrenda osatuta, eta ikasleek adierazi behar izan dute ea ados zeuden, desados ala iritzirik ez zuten egokitutako bost esaldiekin. Ondoren, taldeka eztabaidatu dute, taldekideak mugitzen joan dira iritziak kontrastatzeko eta gero, beste taldekideekin ideiak trukatu dituzte. Azkenean, denon artean hasi dugu debatea, bihar jarraituko duguna.


Esaldiak, bi multzotan banaturik


Hona hamar esaldiak, ea zer iruditzen zaizkizuen:

  • Komeni da haurrek lehenbailehen ikastea irakurtzen, jakintza bereganatzeko.
  • Eskolan gehienbat ahozko komunikazioa sustatu behar da, eta idatzizko komunikazioa askoz gutxiago.
  • Saiatu behar dugu haurrek soilik euskaraz egin dezaten eskolan.
  • Euskalkiak baino hobe da euskara batua irakastea eskolan.
  • Hizkuntza ez da gainerako jakintza eta bizi esparruetatik bereizi behar.
  • Hurrenkera edo sekuentzia didaktikoek mugatu egiten dute haurren partaidetza eta sormena.
  • Partaidetza bide ona da komunikazioa garatzeko.
  • Komunikazioa garatzen lagundu behar dugu partaidetza sustatzeko.
  • Hizkuntzaren egiturak pentsamenduaren egitura baldintzatzen du.
  • Hizkuntzaren lanketaren bitartez, irakasleok pentsamendu eta botere egiturak transmititzen ditugu.

Talde osoa bildu zenean, eskolan transmititzen den jakintzaren estandarizazioaz aritu ginen gehienbat, eta horretan hizkuntza hautaketak, hizkerak, adierak duten zeresana. Nahi baduzu, zure iritzia eman dezakezu eta horrela ideia hauek lantzen lagunduko diguzu ;-)

Oh.: esaldiak eskuz idatzita egotea ez da kasualitatea... estandarizazioaren kontuekin dauka zerikusia... ;-)