2016(e)ko maiatza 22, igandea

Hizkuntzaren irakaskuntza testuinguru kulturanitzetan IV: Identitatea vs. identifikazioak

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren laugarrena da.

Boterearen autogestio kolektiboa eraikitzen joateko (jabegabetzea), lehenik erresistentzia behar da, bai oposizio/kontzientzia mailan, bai elkarreragin sortzailean. Bigarrenik, haustura behar da berrikuntzara zabaltzeko; proposamen berriak sor daitezen identitateari uko egin eta identifikazioak sustatuko dituztenak. Eta hirugarrenik, partaidetzarako bideak zabaldu behar dira prozesuan eraiki behar diren aurkaegite/elkarreragin/berrikuntzari forma emateko, egiten joaten diren askotariko ekintzen bidez.

Identitate vs. identifikazio gaia hartuta, artikulu hau irakurri dugu kulturartekotasunaren ideian sakontzeko:

Artikuluan, Manuel Montañések planteatzen du, egindako ikerketa baten arabera, immigrante guztiak ez direla berdin biltzen: batzuk euren jatorrizko nortasuneko jendearekin elkartzen dira, identitatearen arabera multzokatuz, eta beste batzuek, berriz, bestelako identifikazioak bilatzen dituzte: klase-identifikazioa, hizkuntz identifikazioa, familia-identifikazioa... Eta hainbat argibide ematen ditu lau modu hauek bereizteko: asimilazioa edo akulturazioa; segregazioa; integrazioa; eta desberdintasuna.

Ikastaroko Iñakik irudi hau jarri du eta honen inguruan ere eztabaidatu dugu, batez ere inklusioaren kontzeptuaz:
Iturria: Tomates Felices

Irudiak argi erakusten du inklusioa denok zaku bakar baten sartzea dela, eta gero, egon daiteke jendea zaku horretan egon nahi ez duena (berez ez du zertan izan etorkin jendea, ze jende asko da bizitzeko eredu hegemonikotik urrun bizi dena). Horregatik, Montyren artikuluan ez dago inklusioaren kontzeptua, berez integrazioarenetik oso hurbil dagoelako (edo beharbada, kasu batzuetan akulturaziotik...).

Gaur egun hau ez da "politikoki zuzena" baina inklusioaren aurka gaude, inklusioak barruan/kanpoan bat suposatzen duelako. Horregatik planteatzen ditugu identifikazioak eta ez identitateak, dibertsitatea ez dugulako ulertzen barru/kanpo banaketan, zaku edo multzorik gabeko gizarte batean baizik (disentsuan oinarriturik).

Irudiaren iturria: Kulturaniztasun jardunaldiak. Berria 2011/04/07

Identitatea 'izatean' oinarritzen da, egonkorrak, finkoak, perfektua; identifikazioak, berriz, 'egotean', dinamikoak dira, mestizoak, zenbaitetan efimeroak. Identitategintza 'nor garen' hori 'zer garen' horren baliokide egitea da nolabait, eta identitatearen bilaketan, talde baten berdinak egiten gaituzten ezaugarriak bilatzen ditugu, beste taldeen desberdinak egiten gaituzten ezaugarriekin batera. Hala, multzo baten kide sentitzen gara beste multzoetatik bereiztearen bitartez, eta multzokide izateak kontsentsuak bilatzea eskatzen du, adostasunak eta berdintasunak.

Kulturartekotasuna lantzeko, ezinbestekoa da disentsua eta horrekin batera, hau ere ezinbestez, harremanen horizontalizazioa. Bestela, kolonizazio-harremanak eragin ditzakegu, edo kolonizazioaren atzaparretan eror gaitezke. Horregatik, hasieran esan bezala, batera landu behar dira jabe-gabetzea, erresistentzia eta partaidetza, identitatetik identifikazioetara joz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina