Jabegabetzea ("desempoderamiento") boterea beherago daudenenganantz uztea besterik ez da, boterea erabiltzeari uko egitea, gizarte eta natura ingurunearekin harmonian, eraikitze kolektiboa erraztuko duena. Botere uzte hori bizitzaren edozein esparrutan izan daiteke, banakoarena zein kolektiboa.
Kulturartekotasun minorreko "Fundamentos de la educación multicultural" irakasgaian, ahozko historien inguruko saio ireki hauek antolatu ditugu, interesa duen edonor hurbiltzeko.
2024ko azaroaren 19, 22 eta 25ean, ahozko historien inguruko mintegia landuko dugu Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Juan Ibáñez de Sto. Domingo, 1), Hizkuntza Gelan (beheko solairua).
Mintegia gaztelaniaz izango bada ere, euskaraz parte hartu ahal izango da.
Ez da beharrezkoa saio guztietara etortzea. Saio bakoitza modu autonomoan planteatu da.
Mintegia doakoa da.
Azaroak 19, 8:30-10:00
Zer dira ahozko historiak? Dinamizatzailea: Ainhoa Ezeiza. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasle-ikertzailea.
Azaroak 22, 9:00-12:00
Ahozko historien tailerra. Nola egiten dira?
Dinamizatzailea: Javier Encina. UNILCO-espacio nómada, Ilusionista Sozialen Kolektiboa.
Azaroak 25, 10:30-11:30
Ahozko historiak Altzan (Gipuzkoa): eskola eta komunitatea elkarlotzen. Dinamizatzailea: Nahia Delgado de Frutos. Didaktika eta Eskola Antolamendu Saileko irakasle-ikertzailea.
ZER DIRA AHOZKO HISTORIAK?
Guk lantzen ditugun moduan, ahozko historiak eguneroko bizitzaren autogestioa eraikitzeko bizikidetza-tresnak dira.
Prozesu horretan, ahozko historiak mundu-ikuskerak eraikitzeko garraiatzaileak dira, pentsatu/sentitu/egiteko eta erlazionatzeko moduak kontatzeko tresnak. Euren ezaugarri nagusia da eguneroko bizitzatik abiatzen den eraldaketa bultzatzen laguntzen dutela.
Ahozko historien bidez, komunitatearen eta eskolaren arteko zubiak eraiki ditzakegu.
Encina, J. eta Ezeiza, A. (2020). Historias orales como herramienta para la convivencialidad. Revista Latinoamericana Estudios De La Paz Y El Conflicto, 1(2), 13–38. https://doi.org/10.5377/rlpc.v1i2.9828
Gure ikertaldean hilabete hauetan Sinaí Rivera Martínez ikertzaile mexikarraren bisita dugula aprobetxatuz, jardunaldi hauetan bere hiru ikergunetan sakonduko dugu: unibertsitatea, hezkuntza eta komunitatea.
Alde batetik, unibertsitatea eta zientziaren garapena loturik daudelarik, eztabaida proposatzen dugu unibertsitatearen alderdi kritikoen inguruan. Horretarako, atzera begirada egingo dugu eta bi esperientzia unibertsitarioren inguruan hitz egingo dugu:
"Programa Ciencia y Sociedad" izeneko programa sortu zuen taldea, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan 70. hamarkadan. Sinaí Rivera ikertzailea tesia horren inguruan garatzen ari da, eta talde honek zientziaren ikuspegi kritikoa sustatu zuen, garai hartako krisi politiko, sozial, ekonomiko eta ekologikoaren aurrean.
Portugalgo Klabelinen Iraultzaren ostean (1974ko apirilaren 25ean), besteak beste "ikasle brigadak" antolatu zituzten, unibertsitatearen demokratizazio masiboari erantzuteko eta unibertsitatea "herriarekin" lotzeko. Bereziki interesatzen zaizkigu Michel Giacometti ikertzaileak tutorizatutako brigadak, jakintza herrikoiekin topatzean (talka egitean) gertatutakoaz sakontzeko. Gezurra badirudi ere, oso gutxi dakigu Portugalgo iraultza horren eta ondorengoen inguruan.
Beste aldetik, ohikoak dira hezkuntza eta komunitatea elkarlotu behar direlako diskurtsoak, baina gutxitan planteatzen da eraikitze kolektiboaren ikuspegitik. Eskola eta hezkuntza zentrifugoaren ideian sakontzen laguntzeko bi esperientzia hauek aurkeztuko ditugu:
Donostiako Altza auzoan ahozko historiak landu dira, komunitate dinamizazioa sustatzeko. Ahozko historia horietan oinarrituz, ikas-material digitalak sortu ditu Nahia Delgado de Frutos ikertzaileak, jakintza herrikoien hezkuntza-balioa azpimarratzeko. Bere tesi doktoralaren nondik norakoak argituko dizkigu eta, batez ere, ikas-materialen adibideak erakutsiko ditu.
Aldi berean, Mexiko Hiriko Iztapalapa kolonian, UACM unibertsitateko EDCO (Educación Común) taldeak komunitateko beste ikasgune batzuekin elkarturik, hainbat ekimen gauzatu ditu, bizikidetza dinamizatzeko. Horietako batzuetan hartu du parte Sinaí Rivera Martínez ikertzaileak, eta saio honetan horietako zenbait azalduko dizkigu.
HIZLARIEI BURUZ
SINAÍ RIVERA MARTÍNEZ Mexikoko CINVESTAV- IPN (Instituto Politécnico Nacional) ikerketa-zentruko doktoregoko ikaslea da. Universidad Pública Nacional (UPN) unibertsitateko irakasle izandakoa, askotariko proiektu eta mugimenduetan hartu du parte: UACMko EDCO (Educación Común, lehenago LaTicFM), UNISUR Hegoaldeko Herrien Unibertsitateko irakaslea, Mujeres y la Sexta mugimendua, eta abar.
NAHIA DELGADO DE FRUTOS Euskal Herriko Unibertsitateko Psikodidaktika doktoregoko ikaslea da, Didaktika eta Eskola Antolakuntza Sailean, tesia defendatzear duelarik. Horrez gain, Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuko ikertzailea da. UPV/EHUko irakasle izandakoa, Berrikuntza Didaktiko-metodologikoko Proiektuen Garapena eta Kudeaketa Hezkuntza Erakundeetan Unibertsitate Masterra du eta ikas-materialgintza digitalean hainbat esperientzia gauzatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, besteak beste.
AINHOA EZEIZA ISM ikerketa eta formakzio taldeko ikertzaile nagusia da. Psikodidaktikan doktore, UPV/EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasle-ikertzaile agregatua da Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Esperientzia luzea du irakasleen formakzioan, bai unibertsitatean, bai bestelako esparruetan. Hainbat ikerketa-proiektutan lan egin ostean, gaur egungo lan-lerro nagusia jakintza herrikoiak eta ezagutza zientifikoa elkarlotzeari lotutakoa da, bai ikuspegi komunikatibotik, bai hezitzailetik abiatuta.
Lesakan 2015eko abuztuaren 4tik 9ra bitartean egin genituen jardunaldietan, askotariko jendea joan ginen elkartzen eta parte hartzen... polita izan zen hainbeste jenderekin partekatzea bizipenak, leku desberdinetatik etorritakoak, adin desberdinetakoak, lanbide desberdinetakoak... bakoitzak ahal izan zuen denbora eman zuen Matxinbeltzenea aterpetxean, batzuk lotara geratu ginen, beste batzuk soilik saioetara, beste batzuk bazkari-afaritara...
Horrela, Ilusionista Sozialen Mintegiko jendea (Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolakoa, eskolak berak lagundu digu ikasleak lotara gera zitezen), Donostiako Enpresa Ikasketen UEko ikasleak, Zuzenbide Fakultatekoak, bakarren bat zuzenean Kolonbiatik iritsi zen kafe eta guzti..., Bortzirietako jendea, Irun, Gasteiz, Donostia, UNILCO-espacio nómadako kideak Sevillatik, UNILCO France taldekideak orain Sagunton ari direnak lanean, Castellonetik ere bai... eta arantzatar bat ere bai, tarteka aditzen zebilena...
Laburbilduz, partaidetzan, arte kolaboratiboan, hezkuntzan, kooperazioan lanean ari den jendea, fruta saltzaileak, nekazari agroekologikoak, sozial median adituak, ilusionista sozialak, elektrizistak... eta nolabait ere parte hartu zuten gurekin modu batera edo bestera aterpetxekideek, harakinak, letxuen dendako emakumeak, tabernariek, dantzariek eta Lesaka eta inguruko jendeak... Hau dena egitarau aberats batean, formaletik haratago jo zuena, ikasgelatik dezente haratago, zelai eta maldetan, sukaldean, tabernetan, Lesakan zehar pasiatzen eta abar. Modu honek posible egin zuen jendea sartu-irtenean ibili ahal izatea askatasunez, ahal zuenean edo interesatzen zitzaionean parte hartuz.
Funtsezkoa izan da lan egiteko modu honetan Matxinbeltzenea aterpetxeko jendeak eskaini zigun askatasuna, konfiantza eta eskuragarritasuna, bereziki aipatu nahi genuke Mentxurengandik jasotako laguntza eta tratu atsegin eta goxoa.
Kaos, osagabetasun, ziurgabetasun, xumetze honek guztiak, kiribil zentrifugo bat ahalbidetu du (hau da, kanporanzko eraikitze kolektiboa, norberak aukera izan duena nahi zuena bereganatzeko, bere eguneroko espazio eta denboretan edo bere lanerako baliagarri zaiona bere egiteko) jabegabetzean eta bere zutabeetan sakontzen segitzen laguntzen ari zaiguna.
Gauza batzuk ikasgelan modu esplizituan landu baditugu ere, ikasgelatik kanpo bizitako ikaskuntzak jariakorragoak eta ikustezinak izan dira, naturalak eta partekatuak, eta pertsona bakoitzak modu desberdinetara egin ditu ekarpenak. Ondoren datorrena ez da gertatu zenaren deskribapen bat, berez gehiago da jardunaldiek ekarri dizkiguten hausnarketa batzuen laburpen bat jabegabetzearen zutabeen ikuspegitik, izan ere, zutabe guztiak lantzen saiatu gabe ere, berez guztiekin lotutako gauzak sentitu, pentsatu eta egin ditugu.
Jabegabetzea zer den eztabaidatzen hasteko, material hauek erabili ditugu:
Beste bideo hau Mentxu Ramilok grabatu zuen Lesakako lehen egunean, ikasgelan:
Jardunaldietan zehar sortu diren hainbat ideia jabegabetzearen zutabeen inguruan:
ZAINTZAK:
Bazetorren eta sartzen joan den jendea partehartzaile sentitzen laguntza, adibidez jendearen denboretara egokitzen diren tresnak erabiliz, horrela, jarduerak lehen pertsona etortzen zenean hasi dira eta dinamika irekien bidez landu dira, pertsona bakoitza iritsi ahala gaian sartu eta modu desberdinetara helduz, ordura arte eraikitako ekarpen kolektiboak jasoz, eta horrela pertsona bakoitzak aukera izan du bere jakintzak eskaintzeko, programatutako jardueretan ezezik, janariaren prestaketan, etxearen zaintzan, paseoan, jardunaldien tartean iritsitako jendearentzat egin ziren "berreskuratze saioetan"...
Elkar zaintzea, modu desberdinetan, Salvik janaria prestatzen egindako lan itzela, Mentxuk aterpetxean ondo senti gintezen egindako guztia, Xelo, Cyrille eta Nelo janariarekin, erosketak egiteko modua Lesakako jendearekin, Mentxuk (@mentxu09), Lucíak, Mertxek (@mertxejbadiola) ekarritako guztia, Amaiak (@ALEbidun) bere txokoan prestatutako afaria (hementxe duzue berak jardunaldiez idatzitako blog-sarrera polita), gure klaseen prestaketa, Nora, Bego eta Rubenen esperientziak adierazteko moduak, Begoren briochea, Naiararen opariak...
ASKATASUNA:
Disentsuaren askatasunean partekatu ditugu ideiak, sentipenak eta ekintzak, presiorik sentitu gabe, ideiarik behartu gabe eta jardueretan sartu eta jardueretatik irteteko moduekin.
ERAIKITZE KOLEKTIBOA:
Kolektiboa, kolaboratiboa eta kooperatiboa bereizteko debatea garatu dugu, "kolektibo" hitzarekin "harreman ez utilitaristak" adierazi nahian eta harreman-moduak edukiak baino garrantzitsuagoak direla (egite/sentitze/pentsatze kolektiboak), eta horren aurrean "kolaboratu" (euskaraz beharbada "elkarlanean aritu") hitzak lan bat egitea esan nahi du, elkarrekin egin lan, egitean zentratzen da, edo "kooperatu", gehiago kate-itxura hartzen duena, rol banaketak oinarriturik, bakoitzak zeregin batzuk dituelarik eta osotasuna banakakoen batuketa delarik (1+1+1+1...).
Kultura instituzionala, masa-kultura eta kultura herrikoiak izan ditugu eztabaidagai eta bertatik sortu da kultura alternatiboa gehitzeko beharra. Kultura alternatiboa honela ikusi dugu: Estatuarekin egon daiteke; Estatu alternatibo bat sortzen saiatzen; Merkatuarekin egon daiteke; Merkatu alternatibo bat sortzeko lanean; ez-Merkatu batean egon daiteke edo ez-Estatu batean, kultura herrikoietatik gertu lanean.
Tradizioaren kontzeptuan sakondu dugu, ulertuta tradizioa kultura herrikoien zenbait edukiren fosilizazioa eta instituzionalizazioa edota (kultur industriaren aldetik) salmenta dela ulertuta (bateratzea, estandarizazioa, ikuspegi museistikoa, perfekzioa eta errepikapen errepikatzailea) eta horrela, Estatua eta Merkatua saiatzen ari dira nahasketa gerta dadin tradizioaren eta kultura herrikoien artean, baina kultura herrikoiak aldakorrak dira, dinamikoak, harreman-formetan oinarritzen dira eta errepikapen sortzailean, kolektiboki etengabe eraikitzeko.
KONFIANTZA:
Matxinbeltzenea aterpetxean egoteari esker, alde batetik aterpetxeko arduradunek gugan konfiantza erakutsi dute, etxeaz arduratu eta zaindu egingo genuelakoan.
Hasierako konfiantza horrek asko erraztu digu konfiantza kolektiboa eraikitzen etxearen zainketan, eta giro horrek, horrela sortuta, posible egin du gauza intimoak kontatzea elkarri, edo gure laneko kezkak, gauzak zalantzan jartzea, eztabaidatzea... eta gainera, hizkuntz aniztasunean bizitzea (euskara, gaztelania, andaluziarra, valentziarra, frantsesa), inor haserretu gabe edo kanpoan sentitu gabe.
ALAITASUNA (BIZIPOZA):
Adiskide eta kideekin berriz topatzeko alaitasuna eta bizipoza, kasu bakoitzean hainbat urteren ondoren, familiarekin topatzeko poza, Lesakan igandean ospatu zen festaren alaitasunean, herriko zenbait jenderekin topatzeko bizipozaz, esaterako harakina, letxuen atsoa, tabernaria, sevillatarra, Lesakako giro on orokorra, janari eta edarien gozamena...
ELKARREN BEHARRA ETA AUTONOMIA:
Egun hauek elkarrekin eman ditugu baina bakoitzak erabaki edo nahi izan duen modura, erritmo desberdinak errespetatuz, bakoitzari gustatzen zaizkion edo interesatzen zaizkion gauzak errespetatuz, kultur eta hizkuntz aniztasunean harmonian.
DESAZKUNDEA:
Ideiak berrerabiltzea, jatekoak berrerabiltzea.
Beste pertsona batzuekin egotea berezko balio gisa, espazio desberdinak partekatuz (ez soilik "ikasgela").
Lekuko ekonomiarekin harremanetan, ikuspegi sozialari helduta.
Komuna dena, lekuan lekukoa, ingurunean sortzen dena partekatzea, Norak Bortziriak eskualdeko auzolanaren inguruan argitu zigun ekarpen interesgarriarekin batera.
Beharrak zein diren eztabaidatuz eta behar horiek asetzeko askotariko moduak azaleraziz/asmatuz/sortuz.
ITXAROPENA:
Planteatu den itxaropena ez da bilatzearen itxaropena, topatzearena baizik, gauzak egiten dabilen jendearekin topatzea gauzak eginez, helburu aprioristikorik zehaztu gabe, hauek ixteko ixten baitute ("nire helburuak", posible denaren itxaropena), topaketaren bitartez baizik (ezinezkoaren itxaropena).
Abuztuak 4, 18:00etan: Lesakako jardunaldien aurkezpena. Zer da jabegabetzea? sarrera labur bat. Nazioarteko jardunaldietan zehar Kolonbian, Andaluzian eta Mexikon egindakoaren kontaketa.
Abuztuak 5, 10:00etatik 14:00etara: Partaidetza-motak eta itxaropena (jabegabetzearen zutabea).
Abuztuak 6, 10:00etatik 14:00etara: Hezkuntzaren jabegabetzea eta eraikitze kolektiboa.
Abuztuak 7, 10:00etatik 14:00etara: Eskola komuna.
Abuztuaren 5etik 8ra bitarteko arratsaldeetarako, gaiak proposatu ahal izango dira (aldez aurretik edo bertan), edo ibilaldiak egin, bazkalosteko kafean endredatu, deskantsatu, edo besterik gabe, jendearekin egon.
Proposamenik baduzu, bidaliguzu eposta honetara:
ilusionistasozialak@gmail.com
HIZKUNTZAK:
Beste leku batzuetako lagunak etorriko direnez (Andaluziatik gehienbat), goizeko saioak gaztelaniaz izango dira. Arratsaldean... joango gara ikusten.
Nolanahi ere, topaketa hau baliatu nahi dugu Lesakara hurbiltzen den edonorekin hausnartzeko, eztabaidatzeko, esperientziak trukatzeko... elkarrekin eraikitzeko. Seguru elkar ulertzeko moduak bururatuko zaizkigula!
DINAMIKA:
Topaketa hauek edonorentzat daude zabalik. Partaidetza-erak interesatzen bazaizkizu, jakintzak eraikitzeko beste modu batzuk, harreman horizontalak eratzeko moduak, jabegabetzea ("desempoderamiento") hezkuntza komuna, hizkuntza eta ahozkotasuna... animatu eta parte hartu!!!
*parte hartzeko asmoa baduzu, irakurri beherago duzun "ixilpeko klausula"
LEKUA ETA IZENEMATEA:
Ekitaldi hau autogestionatua da eta ditugun baliabideak partekatuko ditugu jardunaldiaz gozatzeko elkarrekin.
Debate-solasaldietan parte hartzeko, ez da beharrezkoa ez izena ematea eta ez izenematea ordaintzea, etorri eta kitto. Hala ere, eskertuko genuke mezutxoren bat bidaltzea, korreoz, feisbukez, watxapetik... jakinaren gainean egon gaitezen.
Matxinbeltzeneako arduradunei esker, gelak erabiltzeaz gain, bertan prestatu ahal izango ditugu otorduak eta baita lo egin ere!
Gauez geratu nahi baduzu, 16 euro izango dira gau bakoitzeko. eta aldez aurretik jakinarazi behar diguzu zein egunetan geratuko zaren, gelak antolatzeko. Gelak 4, 6 edo 8 lagunekoak izango dira. Ordainketa norberak egingo du bertan.
Otorduetan, norberak dakarrena bertako sukaldean prestatzen denarekin batuko dugu. Adibidez, saioen aurretik gosaltzera bazatoz, zeozer ekar dezakezu edota dirua jarri esnea edo kafea erosteko. Bazkaltzen geratzeko, aldez aurretik abisatzea ezinbestekoa da erosketak eta lana antolatzeko.
Kontuan hartu nahi dugu partehartzaile bakoitzak errazena egiten zaiona ekartzea eta jateko-edatekoen antolaketan konfiantzan eta elkarlaguntzan oinarrituko gara. Dagoenarekin joango gara konpontzen.
Inportantea da bazkaltzen edota gauez lotara geratu nahi baduzu, aldez aurretik jakinaraztea eposta guri bidaliz: ilusionistasozialak@gmail.com (ahal baduzu, ekainean zehar abisatu)
Errazena da posta elektroniko bat bidaltzea zure asmoekin (zenbat egunetara etorriko zaren, lotara geratuko zaren, jatekorik ekartzeko moduan zauden...).
Harremanetan jartzeko watxapa erabili nahiago baduzu, bidali guri eposta bat zure telefono zenbakiarekin eta jarriko gara harremanetan. Watxapeko kudeaketaren arduraduna Ainhoa Ezeiza da eta banaka zein taldeka joango gara antolatzen (partaide guztioi eskatzen dizuegu watxapa neurriz erabiltzea eta telefono zenbakien pribatutasuna gordetzea).
DIRULAGUNTZAK:
ERNE! Dirulaguntzak kudeatzen ari gara EHUko ikasleentzat egonaldia ordaintzeko, interesatzen bazaizkizu, jarri gurekin harremanetan lehenbailehen:
[...] Zer espero dugu zugandik? Ba uler dezazula oso urrutitik datozela zenbait pertsona, euren diruaren eta denboraren sakrifizioa eginez etorri direnak zuk adieraziko duzuna entzutera. Ez datoz aisiagatik, ezta zerbait irabaziko dutelako ere. Ez datoz modagatik edo ezjakintasunagatik. Hona datoz beharbada hodei beltz horiek ikusten dituztelako ortzemugan, eurite eta haizeteek astindu dituztelako, ulerminaren gosea ez delako asetzen, ekaitza badakarrela sentitzen dutelako. Orduan, guk, zapatistok, zu errespetatzen zaitugun bezalaxe, halaxen eskatzen dizugu pertsona horiek errespetatzeko. Izango da baten bat kolatu dena, baina gehienak gure kideak dira. Borrokan bizi eta hiltzen diren pertsonak dira, inork, gu ez bagara, kontuan izango dituena. Beraientzat ez dago museorik, ez estatuarik, ez abestirik, ez olerkirik, ez daude metroko bagoietan, kaleetan, kolonietan. Inor ez dira, egia da. Eta hala ere, edo horregatik agian, guretzat dena dira. Orduan, ez zaitez iraindua sentitu, ez ekarri konsignarik, dogmarik, autofederik, modarik; ez errepikatu beste batzuek lehenago hemen edo han esandakorik; ez sustatu pentsamendu nagirik; ez saiatu inposatzen pentsamendu dogmatikoa; ez hedatu pentsamendu gezurtirik. Eskatzen dizugu zure hitza ekartzeko eta horren bidez pentsamendua, hausnarketa probokatzeko. Eskatzen dizugu zure pentsamendua presta dezazula, zorroztu, distirarazi. Pentsamendu horrekin, ez ohoratzea akademia eta bere parekideak, baizik eta jasotzen duen jendea, nahiz astindu moduan, nahiz zaplasteko edo oihu moduan. Mintegi edo hazitegi honetarako eskatzen dizugun hazia, zalantza eragiten duena izango da, probokatzailea, pentsatzen eta analizatzen segitzea bultzatuko duena. Hazi bat beste hazi batzuek entzun dezaten hazi egin behar dela, eta nork bere erara haz dadin, bere egutegiaren eta geografiaren arabera. Oh, bai, badakigu: ez duzu zeure prestigioa lodituta ikusiko, ezta zure kontu korrontea ere, edo zure ospea. Ez duzu ikusiko, ezta ere, ea jarraitzaile, dizipulu, artalde gehiago lortuko duzun. Areago, arrakastaren adierazle bakarra ez duzu ikusiko eta izango da leku askotan, beste egutegi batzuetan, askotariko geografietan, beste batzuek dena desafiatu, eztabaidatu, zalantzan jarri, kritikatu, irudikatu, sortzea. Hori eskatzen dizugu. Hori, besterik ez.
[...]
Zati hauek hemendik hartuak eta itzuliak izan dira:
Poliki-poliki, hezkuntzaren jabegabetzeari lotutako euskarazko bideoak pilatzen gabiltza, eztabaidarako lehen bideo-zirriborroa osatzeko.
Hori dela eta, erreprodukzio-zerrenda sortu dugu youtube-n, euskarazko bideo hauek denak jarraian ikusteko edo errazago topatzeko. Interesgarria izan daitekeen beste bideoren bat ezagutzen baduzu edo egin baduzu, abixatu, zerrendara gehitzeko!