2025(e)ko martxoaren 28(a), ostirala

Eskola Hiztun Bila 2024: Euskara irakasteko bidegurutzean aurrera

 

2024ko azaroaren 8an ESKOLA HIZTUN BILA 2024 jardunaldian hizlari gisa parte hartzeko aukera izan nuen. Ardura handia izan zen hain auditorio handi eta garrantzitsuaren aurrean hitz egitea, espero dut esandakoetatik ideiak, sentipenak edota ekintzak eragin izana.

Lehenik eta behin, eskerrak adierazi nahi dizkiet antolatzaileei, izugarrizko ahalegina egiten dutelako dena ondo, polit eta interesgarri atera dadin. Halakoetan barruan ibiltzen garenok badakigu dena jariakor joateko atzeko lana itzela dela.

Eskerrik asko, jakina, bertaratutako guztioi, hitzaldia arretaz segitzeagatik.

 

 

Ez da erraza, ez da batere erraza garai historiko, sozial, kultural eta psikologiko honetan euskaraz hitz egitea sustatzea, ez haur eta gazteen artean, ezta nagusien artean ere. Irakasleok ideiak behar ditugu, norantzak, inspirazioa, indarra, elkar laguntza... denaren beharrean gaude.

Agian, urte asko daramatzagu borroka honetan eta batzuetan etsita sentitzen gara. Agian, orain arte baliagarriak ziren tresnak orain motz edo garaiz kanpo ditugu. Agian, baliagarritzat genituen tresnak ez ziren horren baliagarriak. Agian...

Hitzaldian, saiatu nintzen nire bi esperientzia-munduak lotzen: euskara irakasle-mundua eta ikertzaile-mundua. Ez nago inori ezeren leziorik emateko edo adoktrinatzeko. Hitzaldi gehiegitan egon naiz zeinetan azpimarratu den zeinen gaizki egiten dugun dena irakasleok.

Aurkezpenaren diapositibak hemen ikus daitezke, pdf formatuan:

https://www.ulibarri.euskadi.eus/documents/d/guest/eskola-hiztun-bila-2024-ainhoa-ezeiza

 

 

TESTUINGURUA

Globalizazioak gaizki harrapatu gaitu. Ez dakit ondo harrapa gintzakeen, baina neuri behintzat azkarregi hedatu dela iruditu zait. Neoliberalismoa ondo errotu da gure artean, eta, eukaliptadietan bezala, euskal lurra idortzen ari da. Indibidualismo, kontsumismo eta digitalizazioaren luizia dena ari da estaltzen.

Lan itzela egiten ari den jende asko da, auzolanean batzuetan eta bakarka askotan, globalizazio honi aurre egiteko borrokan dabilena, edota eremu digitalean euskararen lekua indartzeko ekimenak gauzatu dituztenak. Hala ere, denaren beharrean gaude, eta uste dut artikulazioa falta dugula.

Euskararen irakaskuntzari dagokionez, badakigu munduko beste leku batzuetako esperientziak oso lagungarriak zaizkigula. Hala ere, geure estrategia, proiektu, plan, material eta moduak sortu behar ditugu, geure testuinguruari zehaztasunez erantzungo dietenak.



IKASTEKO IRAKATSI

Eremu hau, berez, nahiko "kontropean" dugu, metodologikoki. Lanketa akademikoa egin behar da, ikuspegi komunikatiboari eutsiz. Horretarako, hamaika esperientzia, azalpen teoriko, ikas-material... dugu.

Gai honi buruz, bi podcast-saio hauek ditugu argitaraturik, sakondu nahi duenarentzat:

 

ERABILTZEKO IRAKATSI

Hementxe dugu erronka. Nola "egin" dezakegu ikasleek (haur eta gazteek, alegia) euskaraz hitz egin nahi izatea? Behartzen baditugu, ez dute beren gogoz egin nahiko. Behartzen ez baditugu, ez dute egingo, ez baita "modako" hizkuntza (prestigio soziokulturala), areago, erabiltzen ez badute, ez dute ikasiko eta horrek sorgin-kurubil batean sartzen ditu.

Dilema horri erantzun nahian, gure ikerketa-taldean (Ilusionista Sozialen Mintegia) kultura herrikoietan jarri dugu arreta. Kultura herrikoiak "jendearen" kulturak dira, pluralean. Azkar esatearren, kultura herrikoiek kultura instituzionala (eskola, adibidez), masa-kultura (kontsumismoa), kultura alternatiboa (beste mundu bat eraikitzea proposatzen dutenak) eta kultura herrikoiak elkarren artean ehuntzen dituzten kulturak dira, betiere beste kultura-motetan erori gabe.

Hona beste bi testu-audio sarrera, kultura herrikoien inguruan gehiago jakiteko:

Bereziki ahozkotasunari erreparatu diogu, hau da: nola komunikatzen da "jendea" bere eguneroko espazio eta denboretan? Zein dira ingurune soziokulturalaren gakoak ahozkotasun hori sortzeko eta aberasteko? Gai honi buruz, artikulu hau idatzi genuen:

Gure proposamena (eta egiten ari gara) hauxe litzateke: hizkuntzaren alderdi akademikoak lantzeko saioez gain, saio-kopuru esanguratsu bat (gure kasuan % 50) ahozkotasuna lantzeko erabiltzen dugu. Gure begirada bizikidetzan jartzen dugu (Illich-ek proposatutako "convivencialidad" edo "convivialidad" adieran) eta euskaraz hitz egiteko testuinguru atseginak eta parte-hartzaileak eraikitzen saiatzen gara.

Gutxi gorabehera, hauxe izan zen hitzaldiaren planteamendua. Gehiago jakin nahi baduzu, jarri nirekin harremanetan lasai eta komentatuko dugu: ainhoa.ezeiza@ehu.eus

ESKERRIK ASKO!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina