ikuspegi komunikatiboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ikuspegi komunikatiboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024(e)ko abenduaren 12(a), osteguna

Euskaraz Jolasten Topaketaren ondorioak

Ekitaldia ikasleekin landutako proiektuaren amaiera izan da, proiektuen erakusketa egiteko eguna, alegia. Landutako gaia euskararen erabilerari lotuta egon denez, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotzea pentsatu dugu, klasean egindako lanak gelatik kanpo zabaltzeko aitzakia harturik.

2022/2023 ikasturtean, kasu honetan ere Euskara Errektoreordeak lagundurik, hizkuntz paisaia euskaratzeari lotutako proiektu bat gauzatu genuen (esteka honetan dago informazio zehatza: https://www.ehu.eus/ehusfera/komunikatzen/2023/01/29/hizkuntz-paisaiaren-saturazioa-eta-elebitasuna/). Orduan, konturatu ginen ikusizko paisaian eragiteaz gain, entzutezko paisaian ere eragin beharko genukeela. Izan ere, estrategikoa da Haur eta Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleek hasieratik euskara erabiltzeko kontzientzia garatzea, baina ikasle asko dira euskara soilik jarduera akademikoetarako erabiltzen dutenak. Gela berean, ikasle asko dira euskara hutsez bizi direnak.

Euskara erabiltzen ez duten hainbat ikaslek komunikazio antsietatea bizi dute, lehen aldia delako euskara hutsean bizi diren ikasleekin elkartzen direla. Euskara ia beti erabiltzen duten hainbat ikaslek hizkuntz estresa bizi dute, ikasgelatik kanpo gaztelania erabiltzeko presioa sentitzen dutelako.

Arazo konplexu honetan, jarduera konplexuak eta anitzak garatu behar ditugu, bai ikasgelan, bai ikasgelatik kanpo. Horrez gain, euskararen aktibista diren Haur eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistrak ezagutu behar dituzte, beren etorkizuneko egoera profesionalaz jabetzeko.

Horregatik, antolatutako ekitaldian bi jarduera-mota egin ditugu: ikasleen lanen poster erakusketa azaldua eta bi hitzaldi: Nora Salbotx eta Mitxel Elortzarenak. Esteka honetan, ekitaldiaren zehaztasun guztiak kontsulta daitezke, baita bi ponenteen inguruko xehetasunak ere.

Ekitaldi aurreko astean, euskararen aldeko hainbat txartel prestatu genituen, fakultatean jartzeko. Horrela, azaroaren amaieran eguna girotzen hasi ginen.

 

Poster erakusketari esker, abenduaren 3ko eguerdi-arratsaldean euskara hutsa entzun da gure ikastetxean barrena. Poster batzuk korridoreetan jarrita, ikasleek espazio komunetan euskaraz oso ongi hitz egin zuten. Poster dinamikaren abantaila da talde bakoitzak posterra hainbat aldiz azaldu behar dietela klasekide-taldeei, eta horrela, urduritasuna gainditu eta konfiantzaz hitz egin ahal izan dute euskaraz, egin duten lanari buruz. Era berean, euskaraz maiz egiten duten ikasleek normalean euskaraz egiten ez duten beren klasekideekin gertutasunez hitz egiteko aukera izan dute, egindako lanari buruzko argibideak eskatzeko. 




Nora Salbotx eta Mitxel Elortza, bi hizlariak bikainak izan dira, beren diskurtsoa 1. mailako ikasleen jakintza, interes eta arreta-gaitasunera egokitu dutelarik. Oso mezu indartsua eman diete, bai jolasen garrantziari buruz, bai euskararen erabileraren inguruan.

Guztira, 150 ikasle inguruk hartu dute parte ekitaldi osoan zehar. Horrez gain, erakusketarako sortutako posterrek abenduko oporrak iritsi arte korridoreetan jarraituko dute. Hau garrantzi handikoa da, poster aurretik pasatzen direnean, harrotasunez ikusten dituztelako. Aldi berean, zuzenean parte hartu ez duten fakultateko ikasle eta irakasleek ere, posterrak ikus ditzakete. Nolabait, ikastetxeko hizkuntz paisaian eragitea ere lortu dugu hilabete honetan zehar.

 


Ekitaldiaren balorazioa datorren abenduaren 17an egingo dugu, klasean. Hala ere, ausartuko naiz aurreratzen ekitaldiak ondo bete zituela bere helburuak eta oso ikaskuntza baliotsua izan dela ikasleentzat. Mila esker!

2017(e)ko urtarrilaren 30(a), astelehena

Ikuspegi estrukturalistatik ikuspegi dialektikorako jauzia hizkuntzen didaktikan

Barka hizkuntzen didaktikan adituak zaretenok blog-sarrera honetan egingo dudan sintesi sintetikoagatik. Nire asmoa ez da jakintza-eremu honetan egin den ibilbide historikoa sinplifikatzea, eztabaida kokatzea baizik.

Hizkuntzen irakaskuntzan azken 50 urteotan hainbat metodologia esperimentatu bada ere, metodologia horien atzean dauden ikuspegiak ez dira horrenbeste aldatu. Gaur egun, bi ikuspegi dabiltza lehian edo elkarrekin batera: ikuspegi gramatikala eta ikuspegi komunikatiboa.
  • Ikuspegi gramatikalaren arabera, hizkuntza kode bat da, egitura bat duena, eta egitura hori irakatsiz irakasten da hizkuntza. Esaldiaren gramatikan oinarritzen da (morfosintaxia) eta normalean ariketak egitea proposatzen da ikuspegi honetan, entrenamendu gisa. Ikuspegi konduktista da eta zuzen/oker binomioa da ebaluazio-irizpidea.
  • Ikuspegi komunikatiboaren arabera, hizkuntza komunikazio-tresna bat da, eta ondorioz, esaldiaren gramatika ez da nahikoa komunikazioa bermatzeko. Horregatik, testuaren gramatikan oinarritzen da, eta testuak ulertu eta sortzea proposatzen da ikuspegi honetan. Ikuspegi hau konstruktibista da eta gramatikala baino konplexuagoa da, gaitasun linguistikoaz gain, gaitasun soziolingusitikoa, gaitasun estrategikoa eta gaitasun diskurtsiboa landu behar dira. Ebaluatzeko, hortaz, testuen helburu komunikatiboa, koherentzia, kohesioa eta jarioa (komunikagarritasuna) dira ebaluazio-irizpideak, hizkuntz zuzentasunarekin eta aberastasunarekin batera.
Gero, ikuspegi bakoitzak bere metodologiak proposatzen ditu: induktiboa/deduktiboa, funtzionala, ikus-entzunezkoa, pragmatikoa, edukietan oinarritutakoa, sekuentzia didaktikoak, atazetan oinarritutako ikaskuntza, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza... Honetaz, blog sarrera hauek irakur ditzakezue:
Ikuspegi horiek, baina, muga handi bat dute: biak estrukturalistak dira. Noski, ikuspegi komunikatiboa zabalagoa da eta aukera gehiago eskaintzen ditu ulermena eta ekoizpena lantzeko, baina hemen ere hizkuntza estruktura gisa ulertzen da. Horregatik, oso metodologia onak pentsatuta ere, jarraitzen dugu errore berean: planteatzea hizkuntzak estruktura baten inguruan egituratzen direla eta egitura hori ikasteko pausoak zehaz daitezkeela (programazioak, curriculumak, eta abar).

Irudiaren iturria: emaze.com

Ikuspegi dialektikoa

Ikuspegi estrukturalistan, hizkuntza bera da arretagune, eta hiztunek hizkuntza egoki erabili behar dute, aurrez definitutako parametroei segiz. Hizkuntzaren didaktikaren ikuspegitik, nahikoa da estruktura horiek modu ordenatuan irakastea. Hizkuntzaren erabilera homogeneizatzen da horrela.

Ikuspegi dialektikoan, berriz, hiztunak komunikazioaren subjektutzat hartzen dira, subjektu indibidualak eta subjektu kolektiboak. Mezua ulertzea baino inportanteagoa da jendea elkarren artean ulertzea. Horrek ez du esan nahi 'denak balio duela', baina aitortzen da jende guztiak eraikitzen duela hizkuntza kolektiboki, iraganean oinarrituz eta jakintza indibidual eta kolektiboak baliatuz, errepikapen sortzailean oinarrituta.

Ikuspegi dialektikoak hizkuntzaren eta komunikazioaren konplexutasuna ulertzen du, eta horrek esan nahi du elkarloturik daudela pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak. Ikuspegi zientifikoan konplexutasuna hedatzen ari den moduan, onartzen hasita dago ezin dela hizkuntza landu osagabetasuna, ziurgabetasuna eta inperfekzioa kontuan hartu gabe. Hizkuntz nahasteek ere horixe erakusten dute (ikus., esaterako, blog honetan "Idatzi bai baina irakurri ezin zuen emakumearen kasu bitxia").

Horregatik, aldez aurretik programatu ordez, pasa beharko genuke ikasleekin eta ikasleengandik lan egitera, egoeraren araberako erantzunak emanez (ingurune naturala eta soziala kontuan hartuta), egiturak malgutuz eta komunikazioa ikuspegi dimentsioanitzetik landuz, zeinetan hizkuntza komunikatzeko bestelako tresnekin batera erabiltzen den: adierazpen plastikoa, fisikoa, afektiboa, arrazionala...

2016ko azaroan Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian sortutako arbela (UPV/EHU)