euskararen didaktika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
euskararen didaktika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025(e)ko martxoaren 28(a), ostirala

Eskola Hiztun Bila 2024: Euskara irakasteko bidegurutzean aurrera

 

2024ko azaroaren 8an ESKOLA HIZTUN BILA 2024 jardunaldian hizlari gisa parte hartzeko aukera izan nuen. Ardura handia izan zen hain auditorio handi eta garrantzitsuaren aurrean hitz egitea, espero dut esandakoetatik ideiak, sentipenak edota ekintzak eragin izana.

Lehenik eta behin, eskerrak adierazi nahi dizkiet antolatzaileei, izugarrizko ahalegina egiten dutelako dena ondo, polit eta interesgarri atera dadin. Halakoetan barruan ibiltzen garenok badakigu dena jariakor joateko atzeko lana itzela dela.

Eskerrik asko, jakina, bertaratutako guztioi, hitzaldia arretaz segitzeagatik.

 

 

Ez da erraza, ez da batere erraza garai historiko, sozial, kultural eta psikologiko honetan euskaraz hitz egitea sustatzea, ez haur eta gazteen artean, ezta nagusien artean ere. Irakasleok ideiak behar ditugu, norantzak, inspirazioa, indarra, elkar laguntza... denaren beharrean gaude.

Agian, urte asko daramatzagu borroka honetan eta batzuetan etsita sentitzen gara. Agian, orain arte baliagarriak ziren tresnak orain motz edo garaiz kanpo ditugu. Agian, baliagarritzat genituen tresnak ez ziren horren baliagarriak. Agian...

Hitzaldian, saiatu nintzen nire bi esperientzia-munduak lotzen: euskara irakasle-mundua eta ikertzaile-mundua. Ez nago inori ezeren leziorik emateko edo adoktrinatzeko. Hitzaldi gehiegitan egon naiz zeinetan azpimarratu den zeinen gaizki egiten dugun dena irakasleok.

Aurkezpenaren diapositibak hemen ikus daitezke, pdf formatuan:

https://www.ulibarri.euskadi.eus/documents/d/guest/eskola-hiztun-bila-2024-ainhoa-ezeiza

 

 

TESTUINGURUA

Globalizazioak gaizki harrapatu gaitu. Ez dakit ondo harrapa gintzakeen, baina neuri behintzat azkarregi hedatu dela iruditu zait. Neoliberalismoa ondo errotu da gure artean, eta, eukaliptadietan bezala, euskal lurra idortzen ari da. Indibidualismo, kontsumismo eta digitalizazioaren luizia dena ari da estaltzen.

Lan itzela egiten ari den jende asko da, auzolanean batzuetan eta bakarka askotan, globalizazio honi aurre egiteko borrokan dabilena, edota eremu digitalean euskararen lekua indartzeko ekimenak gauzatu dituztenak. Hala ere, denaren beharrean gaude, eta uste dut artikulazioa falta dugula.

Euskararen irakaskuntzari dagokionez, badakigu munduko beste leku batzuetako esperientziak oso lagungarriak zaizkigula. Hala ere, geure estrategia, proiektu, plan, material eta moduak sortu behar ditugu, geure testuinguruari zehaztasunez erantzungo dietenak.



IKASTEKO IRAKATSI

Eremu hau, berez, nahiko "kontropean" dugu, metodologikoki. Lanketa akademikoa egin behar da, ikuspegi komunikatiboari eutsiz. Horretarako, hamaika esperientzia, azalpen teoriko, ikas-material... dugu.

Gai honi buruz, bi podcast-saio hauek ditugu argitaraturik, sakondu nahi duenarentzat:

 

ERABILTZEKO IRAKATSI

Hementxe dugu erronka. Nola "egin" dezakegu ikasleek (haur eta gazteek, alegia) euskaraz hitz egin nahi izatea? Behartzen baditugu, ez dute beren gogoz egin nahiko. Behartzen ez baditugu, ez dute egingo, ez baita "modako" hizkuntza (prestigio soziokulturala), areago, erabiltzen ez badute, ez dute ikasiko eta horrek sorgin-kurubil batean sartzen ditu.

Dilema horri erantzun nahian, gure ikerketa-taldean (Ilusionista Sozialen Mintegia) kultura herrikoietan jarri dugu arreta. Kultura herrikoiak "jendearen" kulturak dira, pluralean. Azkar esatearren, kultura herrikoiek kultura instituzionala (eskola, adibidez), masa-kultura (kontsumismoa), kultura alternatiboa (beste mundu bat eraikitzea proposatzen dutenak) eta kultura herrikoiak elkarren artean ehuntzen dituzten kulturak dira, betiere beste kultura-motetan erori gabe.

Hona beste bi testu-audio sarrera, kultura herrikoien inguruan gehiago jakiteko:

Bereziki ahozkotasunari erreparatu diogu, hau da: nola komunikatzen da "jendea" bere eguneroko espazio eta denboretan? Zein dira ingurune soziokulturalaren gakoak ahozkotasun hori sortzeko eta aberasteko? Gai honi buruz, artikulu hau idatzi genuen:

Gure proposamena (eta egiten ari gara) hauxe litzateke: hizkuntzaren alderdi akademikoak lantzeko saioez gain, saio-kopuru esanguratsu bat (gure kasuan % 50) ahozkotasuna lantzeko erabiltzen dugu. Gure begirada bizikidetzan jartzen dugu (Illich-ek proposatutako "convivencialidad" edo "convivialidad" adieran) eta euskaraz hitz egiteko testuinguru atseginak eta parte-hartzaileak eraikitzen saiatzen gara.

Gutxi gorabehera, hauxe izan zen hitzaldiaren planteamendua. Gehiago jakin nahi baduzu, jarri nirekin harremanetan lasai eta komentatuko dugu: ainhoa.ezeiza@ehu.eus

ESKERRIK ASKO!!!

2024(e)ko azaroaren 21(a), osteguna

Topaketa: Euskaraz Jolasten Lehen Hezkuntzan, 2024ko abenduaren 3an

Nola eralda dezakegu jolasgaraia, aktiboa, anitza, kulturalki aberatsa eta euskaldunagoa izateko? 

Galdera honetatik abiatu genuen ikasturte hau, Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleekin.

Urtero bezala, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaian topaketak antolatu ditugu, ikasleak eremu akademiko-zientifikoan murgiltzeko eta hezkuntzaren eremu profesionala ezagutzen hasteko. 

Aurtengo proiektuan, jolasak eta jokoak hartu ditugu aitzakia gisa ahozkotasuna lantzeko, hezkuntzaz gehiago jakiteko, gure jakintzak aktibatzeko eta iturri bibliografikoak erabiltzen ikasteko.

Hau guztia euskararen sustapenarekin lotu dugunez, topaketa hau ABENDUAREN 3AN egitea erabaki dugu, EUSKARAREN EGUNEAN, hain zuzen ere.

Topaketa irekia da, edonork har dezake parte, eta bi atal nagusi izango ditu:

  • Hitzaldi edo solasaldiak
  • Poster erakusketa azalduak

 


EGITARAUA

NON: Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (UPV/EHU). Gasteiz, Juan Ibáñez de Sto. Domingo, 1, 01006.

NOIZ: Abenduak 3, 15:00etatik 19:00etara

*HITZALDIAK bi aldiz eskainiko dira, bi txandatan. Hitzaldietara soilik etorri nahi izanez gero, gomendagarriena da 16:00-18:00 tartean etortzea. 

2.5 GELA

15:00-15:45 Jolastea eta ikastea bidegurutzean. Nora Salbotx.

16:00-16:45 Jolastea eta ikastea bidegurutzean. Nora Salbotx.

17:00-17:45 Aneren abenturak. Aisialdian euskaraz bizi eta jolas. Mitxel Elortza.

18:00-18:45 Aneren abenturak. Aisialdian euskaraz bizi eta jolas. Mitxel Elortza.

3.4 ETA 2.4 GELAK

15:00-16:45 Poster erakusketa azalduaren 1. txanda

17:00-18:45 Poster erakusketa azalduaren 2. txanda


HIZLARIEI BURUZ

Nora Salbotx Alegria (Iruñea, 1973). 

Magisteritzan eta Psikopedagogian graduatua, Landa Eremuko Hezkuntzan graduondokoa eta Hezkuntza eta Komunikazioan masterra.

Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle aritutakoa, gaur egun Amaiurko eskolako zuzendaritzan eta Baztango herrietako eskolen koordinazio lanetan ari da. 

Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza lantaldeko zuzendarikide, Hik Hasiko aholkulari, Herri Hezitzaileen sareen lagun, Hik Hasi eta Argia aldizkarietako zein Guraso.eus eta Oinherriren web agerkarietako kolaboratzaile. 

Irakasleen formakuntzan aritzen da hizkuntza idatziaren didaktikan eta landa eremuko hezkuntzaren ildoak jorratuz. “Askatu edo Moztu, euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak” (Iratzar-Txalaparta, 2021) hezkuntzari buruzko entsegu politikoaren egilea. bell hooks-en "Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika gisa" liburuaren euskarazko edizioaren hitzaurrearen egilea (Katakrak, 2023). Koldo Rabadanen "Superbotereak. 10 urrats eskola eraldatze bidean" liburuaren hitzaurrearen egilea (Argia, 2024). Euskal Hezkuntzagintzan militante.

Mitxel Elortza Exea (Gasteiz, 1988).

Irakasle eta idazlea.

Musika irakasle ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan. 

Irakaskuntza munduan haurrekin lan egiteak euren beharrizanak hobeto ezagutzeko aukera eman dio, eta irakurketa-idazketaren irakaskuntzan buru belarri ibiltzeak haur literaturako ipuinak idazten hastera animatu zuen. 

Horrez gain, Zabalganako Euskara Taldea (ZET) Gasteizko auzoko euskara taldean eta eskolako euskara taldean euskararen alde lanean dabil. 

 

POSTER ERAKUSKETARI BURUZ

LEHEN TXANDA: 15:00-16:50

  1. JOKOAK ETA LEHIAKORTASUNA. Sergio Lizarduy, Sergio Garate, Iñaki Ormaetxea, Mikel Samaniego eta Hodei Gastaminza
  2. ANTZERKI ETA DRAMA JOLASAK. Ainhoa De Luz, Itziar Hernández, Fatima El Ghoufairi, Nora Berasaluze, Aicha Hamideddine eta Xabier Duran
  3. JOLAS SINBOLIKOAK. Iria Arroyo, Naia Ares, Unai Alba, Nerea Barrio, Paula Ben eta Laida García
  4. SUGEAK, AZERIAK ETA OILOAK. Laura Domínguez, Sheila Balebona, Naroa García, Ainhoa Gutiérrez, Judith Gamazo, Lierni De La Cruz, Araitz Altuna, Naroa Fernández eta Maddi Barriola
  5. MAHAI-JOKOAK. Janire Garrido, Vega Gómez de Segura, Ainara Gorriño, Rosa Romero, Paula Ochoa de Retana eta Amaia Goiri
  6. ADINARI EGOKITUTAKO JOLASAK. Endika Merchan, Imanol Prieto, Jon Imaz, Elur Urkola, Peio Olabarrieta, Asier Velasco, Ortzi Larrañaga, Liher Ortiz de Zarate, Haritz Mujika eta Lucía Zubizarreta
  7. MAHAI-JOKOAK. Andoni Okariz, Izaskun Sierra, Ane Tamayo, Gorka Sánchez, Sergio Rituerto, Paula Tapia, Uxue Hierro eta Aroa Veiga
  8. HERRI-JOLASAK. Gartzen Txurruka, Markel Ramón, Martina López, Maialen Ortiz de Apodaca, Aitor Sáez de Cámara, Gaizka Sanchotena, Iker Varona, Garazi Regil, Iraia Uriarte eta Naroa Ortiz de Landaluce
  9. KANPOAN EGITEN DIREN JOLASAK. María Manzanos, Maider Ibáñez, Nekane Camarero, Ibon Azpiri eta Izan Velasco
  10. LUDOPATIA. Mikel Martín, Aratz Martínez, Oier Biain, Oinatz Eizagirre, Ortzi Bahillo, Josu Sáez, Sergio Arribas eta Markel Berridi

BIGARREN TXANDA: 17:00-18:50

  1. GENERO BERDINTASUNA JOLASETAN. Mikel Yanguas, Eneko López, Asier Palacios, Ibai Merino, Iker Sanz, Ekai Ortuondo, Unax Sánchez, Aritz Saizar eta Beñat Martínez de Albeniz
  2. MUSIKARI LOTUTAKO JOLASAK. Laia Igerategi, Mirari Espilla, Imanol Gabilondo, Peio Barcala, Manex Jainaga, Ibon Ibarra, Ibon Arreskurrinaga, Paule Ereño, Malen Aguirre, Unai Arrizabalaga, Julen Chamosa eta Iñaki Artazcoz
  3. TALDEKAKO JOLAS MOTOREAK. Asier Gorrotxategi, Iker Herrero, Unai Biain, Yeray Casado, Egoitz González de Langarica, Xabier Gurbindo, Alazne Ciarsolo, Garazi Díaz de Espada, Markel Hierro, Ibai Chamorro eta Enara Goñi
  4. KARTA-JOKOAK. Uxue Ibaibarriaga, David Bejarano, Dani Delgado, Eneko García eta Aroa Domínguez
  5. JOLAS PSIKOMOTORRAK. Markel Meñaka, Oihan López de Luzuriaga, Sabrina Sánchez, Claudia López, Ainara Hurtado eta Ander Olave
  6. ESKU JOLASAK. Ekhine Unzalu, Leire Mendinueta, Yanaba Ruiz, Ainhoa Ramírez, Nerea Pérez, Asier Sánchez, Ane Miguel eta Malen Ulazia
  7. ZENTZUMEN JOLASAK. Alaitz Asurmendi, Naroa Aramendia, Dani Cabezas, Marla Regil, Garazi Mujika, June Collado, Maddi Saenz de Samaniego, Izaskun Landa, Aitzol Díaz de Durana eta Alaitz Salgado
  8. ERRITMO JOLASAK. Julen Otegui, Olatz Ochoa de Eribe, Irene Calleja, Maialen Achaerandio eta Odei Sánchez
  9. JOLAS PSIKOMOTORRAK. Sara Valderrama, Uxue Altuna, Amets Rodríguez, Intza Orobengoa, Oihane Zuluaga, Haimar Galarraga, Aitor Amondarain, Aitor Arrillaga, Danel Pita eta Nahikari Osa


ANTOLATZAILEAK

UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleak.

Ainhoa Ezeiza irakaslea (Komunikazio Gaitasunaren Garapena Lehen Hezkuntzan I irakasgaiaren baitan).

Harremanetarako: ainhoa.ezeiza@ehu.eus


BABESLEAK

Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila (UPV/EHU)

Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (UPV/EHU)

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetza (UPV/EHU)

 

 

2021(e)ko otsailaren 22(a), astelehena

Ahozkotasuna dinamizatzen hezkuntza erakundeetan: mintegiko bideoak

Aurreko astean, otsailak 17, UPV/EHUko Hizkuntzategiak antolatutako lehen mintegian ahozkotasuna izan genuen hizpide.  

Mintegiaren izenburua: Ahozkotasuna dinamizatzen hezkuntza erakundeetan  

Mintegia UPV/EHUko Blackboard Collaborate plataformaren bitartez egin genuen eta saioa grabatua izan zen. Hala ere, bi orduko bideo bat igotzeak zentzu handirik ez duelarik, eta hasiera partean arazo tekniko bat izan genuenez, pentsatu dut lagungarriagoa izango dela bideoa editatu eta zatika argitaratzea.  

Erreprodukzio-zerrenda osoa, saioa jarraian ikusteko 

Euskarri gisa erabilitako aurkezpena deskargatzeko  

Mintegi honen inguruko informazio gehiago blog honetan  

Lehen zatia: Ahozkotasuna zer da?


Bigarren zatia: Ahozkotasunaren gramatika


Hirugarren zatia: Idatzizkotasunak ahozkotasuna itotzen ote du?


Laugarren zatia: Kultura motak: kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboa(k) eta kultura herrikoiak


Bosgarren zatia: Ahozkotasuna nola dinamizatu?


Hemen dituzue aurkezpenean erabilitako diapositibak: 

 

Aurkezpenaren ondoren, eztabaida txiki bat izan genuen eta hori izan zen mintegiaren bigarren zatira hurbiltzeko aitzakia eta trantsizioa. Zoritxarrez, partaideen ahotsak ez dira ondo entzuten eta ez dute kalitate minimoa argitaratuak izateko. 

Mintegiaren bigarren atalean, 2021-2022 ikasturtean abiatuko dugun ikerketa aurkeztu eta komentatu genuen, ikerketa zirriborratzen hasi aurretik. Ikerketa honen berri datozen egunotan emango dut blog honetan, proiektuaren nondik norako nagusiak idatziz eratzen ditudanean.