(Sarrera hau 2014ko ekainaren 23an argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)
KONTRAESANEN ZURRUNBILOAN KANARIETAN
Sarrera hau atzeratzen ibili naiz eta dagoeneko hilabetea pasa da
Kanarietako ULPGCn (Universidad de Las Palmas de Gran Canaria) PBL
ikastaroa eman nuenetik, CICEIk gonbidaturik (16 orduko ikastaroa,
2014ko maiatzaren 27-28an). Egun batzuk lehenago, bizitza irauliko zidan
Partaidetza, Autogestio eta Jabegabetzeari buruzko mintegian jardun
nuen (
hemen blog-sarrera) eta harrezkero, Javier Encinarekin nabil bizitza berri bateko lehen
pausoak eman nahian, nire kontraesan guztiak agerian jartzen ari
zaizkidalarik.
Kontua da ohartzen hasia naizela bai irakaskuntzan eta baita neure
bizitza pertsonalean ere dena kontrolpean izateko grinak kalteak eragin
dituela/dizkidala (beheraxeago argituko dut), eta jabetze prozesu horren
hasieran egokitu zitzaidan Kanarietara joatea PBL metodologiari buruzko
ikastaroa ematera.
PBL METODOLOGIAREN ISPILUA: ZER SUSTATZEN ARI NAIZ???
Lehenago ere PBLan aritua naiz, 2010etik. Uste nuen metodologia honek aukera gehiago ematen
zizkiela ikasleei autonomiaz eta euren nahietara lan egiteko, baina
orain konturatzen naiz
proiektuen bitartez ikastea ez dela metodologia tradizionaletatik apenas urruntzen.
Izan ere, irakasleak izaten gara proiektuen egitura proposatzen eta
gidatzen dugunak, eta ikasleen arteko harremanak sustatu ordez,
jarraitzen dugu edukietan oinarritzen, kasu honetan edukia proiektua
bera da.
Irakaskuntza proiektuaren garapenaren onbidean oinarrituta, produktuaren arrakastan,
a priori erabakitzen dugu zer ikasi behar den eta nola, zein gaitasun zehatz erabili behar diren produktu hori garatzeko eta zer den ikasleen "jardunbide egokia".
Ikasleari askatasun sentsazioa eskaintzen zaio baina ez du askatasunik zirkulu zehatz batetik haratago mugitzeko.
Gainera, lan-zama handitzen zaio eta ikaskideak presionatu behar ditu
proiektua aurrera ateratzeko. Ondorioz, irakasleok botereari eusten
diogu baina erantzukizunak delegatzen ditugu, hau da, boterearen
betekizunak ikasleen gain jartzen ditugu.
Arreta proiektuan (edukian) jartzen denez, kooperazioa lehenesten da.
Lan kooperatiboa asko azpimarratzen da hezkuntza berrikuntza gisa,
baina
kooperazioak harreman inpertsonalak sustatzen ditu, objektu edo helburuen garapenean oinarritutako harremanak direlako, aurrez diseinatutakoak. Berrikuntzak, horrela,
eredu menderatzailea indartzen du, erakunde edo enpresa kultura, eta aukera gutxi uzten dugu bestelako bizipenak edo ikaskuntzak sortzeko.
Hau ulertzea oso mingarria egin zait, ze lagundu egin dut metodologia
hau zabal dadin, nire (ustezko) ideologiaren aurka doanean. Ikasleak
indefentsio egoeran geratzen dira eta elkarren arteko lehia sustatzen
du, proiektua ahalik eta onena izan dadin baita helburua, prozesuan
zehar kalitatea bermatzeko sistemak ezarrita (mugarriak,
ebaluazio-irizpideak, kontrasteak...). Enpresa ikuspegia sustatzen da
hezkuntza erakundeetan eta ondorioz,
boterearen aldeko ekimenak dira.
HAUSNARKETA HONEN ERDIAN... PBL TAILERRA EMATEN
Neure buruarekin borrokatan egokitu zitzaidan Kanarietako PBL
ikastaroa ematea ULPGCn. Tailerrean zehar, neure kontraesan guztiekin
egin nuen topo eta barne-borroka horretan egin genuen lan. Ikastaroan
parte hartu zutenekin benetan eskertuta nago, bereziki
Juan
Rafael Rodríguez-ekin bere gonbiteagatik, hain atsegina izateagatik
nirekin eta ikastaro hau emateko nigan erakutsi zuen konfiantzagatik.
Tailerra hasteko, gure unibertsitatean PBL formazio programa
aurkezteko erabiltzen den powerpoint erako aurkezpen bat erabili nuen 10
minutuko azalpen bat emateko, eta gero hainbat galdera zuzendu nien,
aurkezpeneko edukien ulermen maila konprobatzeko. Partaideek txintxo
egin zuten erantzuteko ahalegina, baina gaizki sentitu ziren, bai
azalpenaren trinkotasunagatik eta bai galderak ondo erantzuteko ez
zirelako gai izan. Kalifikazio negatiboak jarri nizkien.
Galdetu nien
zein izan ziren kontraesanak, eta
konturatu ziren apropos sentiarazi niela gaizki, ikasleak nola
sentiarazten ditugun ulertzeko. Orduan agerikoena argitu zuten: saio
magistrala egiten ari nintzen PBL metodologiaz hitz egiteko. Baina hori
ez zen problematikoena... Partaideek ez zekiten ezer nitaz, ezta
elkarren berri ere, eta nik beraietaz ere ez.
Saioa guztiz
inpertsonala gertatzen ari zen, partaideek "ikasle rola" hartu zuten eta
ondorioz, partehartzea "arrisku" gisa interpretatu zuten.
Orduan, denak klasetik "bota" nituen eta berriz hasi ginen lanean:
ikasgelatik kanpo, pasiloan elkartu ginen berriketan egitera, izenak
galdetzera, ikaskuntza zer den eztabaidatzera... eta ikasgelan berriz
sartzeko zeudelarik, ordurako abesti hau jarrita nuen:
Abesti hau Javi Encinak hautatu zuen, berak musikaz asko daki eta,
eta beharbada ez duzu jakingo baina Kanariar Handietako herri-musikaren
ordezkari bikainak omen dira, gainera Kanariar Egunaren bezpera zela
egokitu zen eta tinpleak entzunda, gustura sentitu ziren sartzean.
Hasieran ez ziren ohartu musika hori jartzearen garrantziaz...
tailerraren erdialdean galdetu zidaten zergatik ez jarri euskal musika,
horrela eurek nigandik ikasiko zuten... ondoren ulertu zuten
garrantzitsuena zela beraiek konturatzea ni, irakaslea, ahalegintzen ari
nintzela eurak gustura senti zitezen, ez "nire jakintza transmititzen",
jakintzaren transmisioa ez baita garrantzitsuena... Hortik aurrera,
tailerrean zehar, PBL metodologiaz aritzeaz batera, ahaluztearen zutabe
diren kontzeptuak hainbatetan azaleratu genituen.
Hemen nabarmendu nahi dut
PBL metodologia eta ahaluztearen ikuspegia tarteratzea kontraesan handi bat dela, PBL metodologia, esan bezala, boterearen erakusle delako, hain zuzen ere ahaluzteak bilatzen duenaren aurka. Horregatik diot
oso tailer kontraesankorra
izan zela eta, aldi berean, oso argigarria, kontraesan horiek agerian
jartzeak balio handia izan zuelako, neuretzat behintzat...
JABEGABETZEAREN ZORTZI ZUTABEAK: AURKEZPENA
Gertaera hau kontatzen ari naiz
blog honetan hemendik aurrera jabegabetzearen zortzi zutabeen inguruan ariko naizelako,
modu pertsonalagoan. Kanarietako bizipen profesionala hartu dut
abiapuntu eta sarrera hau idaztea asko, izugarri kostatzen ari bazait
ere, espero dut hau nire bizi-garai baten amaiera eta berri baten
hasieraren erakusle izatea...
Hona zortzi zutabeak, Kanarietan gertatu zitzaidanarekin labur-labur irudikatuta... eta
kontuan izanda KONTRAESAN orokor bat dela... kontraesanez beteta bizi baitut azken hilabetea.
1. ZAINTZAK:
Talde-lanak ikaskideak barruraka begiratzera behartzen ditu, euren
talderantz. Tailerrean zehar, asko azpimarratu genuen zein garrantzitsua
zen ingurura begiratzea, ikustea denok ondo geundela eta elkarri
laguntzea, laguntzeak geure lanean atzerapena ekar badezake ere.
Proiektua ondo bukatzea baino askoz garrantzitsuagoa da gure taldea,
gure kolektiboa edo gure komunitatea ondo sentitzea eta horretarako,
arreta jarri behar da ea denok ondo gauden.
Ikusi genuen elkarren arteko zaintzek giro atsegina sustatzen zutela eta ondorioz,
askoz hobeto egiten ari ginela lanean.
Tailerraren bigarren egunerako, lanerako musika-proposamenak hasi ziren
botatzen tailerreko partaideak eta horrela, klaseko giroan hain
garrantzitsua izan zen musika irakaslearen kontroletik ikaskideenera
pasa zen. Musika atsegina partekatzea elkar zaintzeko modu bat bezala
ulertu zen.
Kontraesana: Han nengoela, neroni ez nintzen
konturatu ez nintzela nire bizitza pertsonala zaintzen ari,
profesionalari lehentasuna eman bainion, eta maite ditudanekin ez
nintzela arretatsua izaten ari... nire maitearekin...
2. ASKATASUNA
Disentsuan eta disentsuaren konplexutasunean oinarrituta ulertzen da
askatasuna ahaluztean, kontsentsuak botere-bideetara eta izura
baikaramatza. Asko hitz egin genuen ikasleen askatasunaren balioaz eta
horretarako,
proiektuak aurrez diseinatu ordez (metodologia)
erabateko irekitasuna baliotsuagoa zela. Ez dugu zertan ados jarri
denok proiektu bera egin dezagun edo modu berean egin dezagun. Gure
kasuan, partaide batzuk taldeka aritu ziren proiektu bakarrean eta beste
batzuk bakarka aritu ziren euren proiektua garatzen.
Interesgarriena izan zen nola ikasi genuen denok proiektu guztietatik "azterketarik" gabe eta
ebaluazio prozesurik gabe.
Taldea barrura begira egon ordez denok elkarren adi geundenez, elkar
zaintzeko, errazagoa izan zen elkarrengandik ikastea, ebaluazioaren
botere mugatzailea aplikatu gabe.
Kontraesana: Bitartean, askatasunaz gozatzeko behar
den denbora hartu beharrean, saiatzen ari nintzen leku guztietan egoten
eta inon ez egotea lortzen ari nintzen... deskokatuta nengoen eta nire
ingurukoak ni zaintzen baninduten ere, "mirabetza boluntarioan" nengoen
ni... eta neure burua etengabe ebaluatzen...
3. ERAIKITZE KOLEKTIBOA
Kolektiboki eraiki nahi bada, ez da
a priori zehaztu behar
zer eraiki behar den (horregatik ez da egokia PBL metodologia eraikitze
kolektiborako), bestela ez baita kolektiboa, goitik ezarria baizik.
Eraikitze horretan, bat datoz pentsatzea, sentitzea eta egitea,
hiruretako bat bera ere baztertu gabe, eta elkarrekin eraikitze horrek
disentsoaren askatasunean behar du izan.
Kolektiboki gutxi eraiki genuen tailerrean zehar, baina tailerraren
programari kasurik egin ez nionez, aukera izan genuen elkarrekin
pentsatzeko, gure artean gero eta lasaiago eta giro atseginagoan egoteko
eta elkarrekin lan egiteko.
Kontraesana: Gaur gaurkoz, oraindik ez dut lortu
sentitu/egin/pentsatu bateratzea... hala ere, tailer hau lehena izan da
hiru alderdiak gertu izan ditudanak, nire sentipenak indarrez bultzaka
ari zirela eta... lehen egunean sentipenak ixiltzen saiatu ondoren,
askatuta dena hobeto zihoala konturatzeko balio izan dit ikastaro
honek... eta hori asko izan da...
4. KONFIANTZA
Konfiantza ezinbestekoa da eraikitze kolektiboan eta elkarren
zaintzarekin batera doa, zainduta sentitzea eta besteak zaintzeko ardura
hartzea konfiantza giroa sortzen laguntzeko gako dira. Konfiantza
gauzatzeko, beharrezkoa da arreta harremanetan jartzea eta ez edukietan
edo proiektuan. Horregatik izan zen garrantzitsua tailerraren hasieran
anonimotasunaren eta inpertsonalitatearen aurrean partaideak agurtzea,
besarkatzea, izenak ezagutzea... eta
ikasleak ikusi ordez, pertsonak ikustea, jendea.
Irakaskuntzan ez gaude ohituta ikasleengan konfiantza izatera
eta hori izaten da botere kohertzitiboa ezartzeko dugun arrazoi nagusia.
Konfiantza harremanak bilatuta, ez dugu horrenbeste ebaluatu eta
kontrolatu beharko. Juan Rafaelek egiten duen eran, ikasle-irakasle
harremana apurtu eta kide-laguntzaile gisa lan egitea da konfiantza
izatea irakaskuntza testuinguruetan.
Kontraesana: nire harreman pertsonaletan ezartzen
dudan kontrola konfiantza faltan oinarritzen da, baina horretara
ohituta, ez nuen sinesten konfiantza egotean ez dela beharrezkoa
kontrola izatea... alegia, kontrolari eusteko dudan behar horrek
konfiantza falta erakusten du eta horretaz ohartzeak kontraesan
mingarria eragin zidan.
5. ELKARREN MENDETASUNA ETA AUTONOMIA
PBL metodologian beti aipatzen da elkarren mendetasunaren ideia,
baina PBLn modu kooperatiboan planteatzen da, ez modu
kolaboratzaile-eraikitzailean, beti irakaslearen boterepean. Ahaluztean,
mendetasuna eta autonomia harremanetan oinarritzen da, ez edukietan,
eta horrela, egoeraren araberako lidergoa da jakintzak partekatzeko eta
garatzeko modua, errepikapen sortzailean oinarrituta.
Tailerrean,
errepikapen sortzailean oinarritu ginen
gure i(ra)kaskuntza esperientziak trukatzeko, eta ikusi genuen horrek
tentsioa arintzen duela, errepikapenak arindu egiten du berriarekiko
tentsioa, eta ekarpen berriak errazago partekatzen dira horrela. Egia
esan, oso jostagarriak dira errepikapen sortzaileak, poza eragiten dute.
Posterren muntaketan ere, polita izan zen mendetasun hori nola gauzatu
zen ikustea, elkarri eman baitzioten laguntza taldekideak izan zein ez.
Kontraesana: konturatzen hasi nintzen nire harreman
pertsonaletan "kamaleonikoa" izan naizela, autonomiari uko egin eta
mirabekeriaz jokatu izan dudala... alegia, neure nitasunari uko egin eta
egoeraren arabera moldatzeko joera izan dut, eta horrek egoera
desastrosoetara eraman nau... nahiz eta uste nuen dena ondo zihoala...
6. ALAITASUNA
Zorionak perfekzioa bilatzen du, eta zorion horren bila, azkenean
masa kulturan, materialismoan, kontsumismoan eta tristezian erortzen
gara. Alaitasuna, berriz, unean unekoa da, ez du eskatzen bilatzea eta
oso erraza da lortzen. Tailerrean tentsio uneak izan ziren, eta
alaitasunaren bitartez, txantxak eginez, musika atseginaren laguntzaz
eta elkarren zaintzaren bidez lortu genuen konfiantza areagotzea.
Kontraesana: Bizitza berrian ematen ari nintzen
lehen pauso horiek oso pozgarriak izanik ere, sentipenak egiten ari
nintzenarekin eta nire pentsamenduekin kontraesanean zeudenez, une
larriak pasa nituen gau kanariarretan... ezin alaiago egon beharrean...
7. DESAZKUNDEA
Desazkundearen kontzeptua tailer honetatik urrun samar dagoela
badirudi ere, tailerraren planteamendua izan da desazi egin dena.
Konparazioz, Albaidan (Valentzian) eman nuen tailerrean askoz baliabide, tresna, material eta egitura metodologiko
korapilotsuagoa erabili nuen. Tailer honetan, erabaki nuen diseinua
apurtzea eta arian-arian garatzea tailerra, sortzen zenari adituz eta
partaideekin batera sortzen ziren elkarreraginen arabera.
Jauzi handia izan zen baina askoz jarioakorra izan zen tailerra
horrela. Askoz gehiago prestatu behar da dena (materiala, aukera
desberdinak...) baina tailerreko partaideekin harreman naturalagoa eta
adeitsuagoa izaten lagundu zuen.
Kontraesana: beno... kasu honetan kontraesana zen 5
izarreko hotel batean nengoela... Desazkundearekin askoz hobeto
sentitzen naiz eta halako hotelez disfrutatzen badakit ere, leku apalago
batean hobeto sentituko nintzen. Eskerrak hotel aldameneko tabernan oso
bizipen dibertigarria izan nuela :-)
8. ITXAROPENA
Itxaropena, itxarokizuna... nire itxaropena da kontraesan hauek
gainditzeko gaitasuna izatea... segurtasunetik alde egin eta gezurrezko
mundua behingoz zokoratu ahal izatea... zenbaitetan zalantzati banabil
ere, beldurti... plastikozko bizitza utzi eta sakontasunez, emozioz eta
alaitasunez bizi nahi dut... eta onena da laguntza beharko dudala
horretarako, ezin baitut bizitza hau bakarrik egin... ;-)