elkarren beharra eta autonomia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
elkarren beharra eta autonomia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko martxoaren 3(a), asteartea

Elkarren ideiak errespetatzea... zer da hori?

Lehen Hezkuntza Graduko hirugarren mailako ikasleen autoebaluazioak birpasatzen eta ebaluatzen aritu gara asteburuan (hemen esperientziaz informazio gehixeago...). Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian modu esperimentalean egin dugu lan, didaktika irakatsi ordez, praktikatik abiatu gara, lan egiteko modu berri bat ikasteko: jendearekin eta jendearengandik parte hartzeko prozesuen simulakro bat egin dugu, hizkuntza komunikazio gisa hartuta, eta komunikazioa parte hartzeko tresna bat bezala ulertuta.


Ez dugu helbururik markatu aldez aurretik, helburuak situazionalak izan dira, unean unekoak, eta komunikatzeko hizkuntza linguistikoaz gain, hizkuntza plastikoa eta hizkuntza fisikoa erabili dugu, ahozkotasunari lehentasuna emanez idatzizkoaren aurrean. Helburu aprioristikorik izan gabe, aukera izan dugu interesatzen joan zaizkigun gaiei buruz hitz egiteko eta egokien iruditu zaigun moduan espresatzeko eta konpartitzeko.


Ideia izan da norbere interes eta gogoetatik abiatzea eta hori izatea elkarrekin lan egiten joateko bidea. Baina ez onartzea “edozein proposamen” baizik eta proposamenak prozesuan zehar konplexutzen joan dira, partaidetza sakonagoa eta etikoagoa izan zedin, ikuspegi indibidualista gainditu eta kolektiboki lan egiteko. Horrek blokeo batzuk eragin dizkigu eta prozesuan zehar elkarri laguntzen saiatu gara, zenbaitetan asmatu dugu eta zenbaitetan sortu zaigun frustrazioak etsiarazi digu...


AUTOEBALUAZIOAK

Prozesuaren amaieran, ikasle bakoitzak idatzi bat prestatu du zer egin duen eta zer ikasi duen zerrendatuta, eta autoebaluazio horietan hauek izan dira maizenik azaldu diren kontuak:
  • Taldean lan egiten ikasi dugu, ez soilik geure taldean, baita besteekin batera ere. Egia da ez diogula denok denoi lagundu, baina ikasle asko izan dira euren lana alde batera utzi dutenak une konkretuetan besteei laguntzeko, eta horrek eragin dizkigun bizipenak oso baliotsuak izan zaizkigu. Askok azpimarratu dute berria izan dela ideia hori, taldeko muga geurekoi horiek gainditu eta ikusi dugula posible dela denok denoi laguntzea, elkar zaintzea eta denon ideiak errespetatzea.
  • Errespetuaren ideia hori ere asko azaldu da... berez talde bezala ondo konpontzen ziren lehenago ere, baina iruditzen zait errespetua testuinguru honetan aipatu dutenean, berez disentsuan oinarritutako errespetua izan dela, alegia, adostasuna bilatu baino gehiago, gauzak elkarrekin egiteko ideiarekin lan egin dugunez, jendea libreago sentitu da bere ikuspegia emateko eta errazagoa izan da besteen hitza errespetatzea eta kontuan izatea, ez baitzihoan geure ideien “kontra”.
  • Ildo horretatik, batzuentzat lehen aldia izan da talde osoan hitza hartzera ausartu direnak. Hainbatek esan dute lehen aldia izan dela horrela denon aurrean eta denon artean parte hartu dutela, eta beste zenbaitzuek aipatu dute lehen aldia izan dela ikaskide batzuen hitza eta iritzia entzuten dutela. Gai izan dira gelakide gisa gauzak elkarrekin egiteko irakasleon gidaritzarik gabe eta zeregin markatu bati erantzun gabe, lehen aldiz hiru urte hauetan, eta hori oso bizipen eta ikaskuntza baliotsua dela uste dut, bai aurrera begira eta bai haurrekin lan egiten dutenerako. Askotan mintzamena lantzeko ariketak proposatzen ditugu edo haurrei parte hartzeko eskatzen diegu baina ikuspegi bertikal batetik (geuk erabakitzen dugu noiz hitz egin behar den eta zertaz)... baina gelakideon artean izan dugun komunikazioa naturalagoa izan da, horizontalagoa, eta horrek erraztu du partehartzea.

Errespetua, zentzu kolektiboan, ez da soilik besteren hitzak entzutea baizik eta aditzea, kontuan izatea eta ideia, nahi eta iritzi horietan laguntzea, ados egon gabe ere. Disentsuak aukera ematen du elkarri laguntzea geure ahotsa edo gutasuna galdu gabe, elkarlanean.

Horrek gogorarazi dit Koldo Saratxagak NER Harreman Estilo Berrian egindako proposamena: "lidertza, ni-a ahaztu eta erakundeak osatzen dituzten pertsona anitzen artean eroso integratzea". Geure esperientziaren ildotik, lidertzak hitza lapurtzen die lider denari hitza kendu nahi ez/ezin dioten pertsonei, eta zenbat eta iraunkorragoa eta identifikagarriagoa lidertza hori, hainbat isilago agertzen dira boterea nahi ez duten pertsonak... eta azkenean, botere nahirik ez duten pertsona horiek talde osoan integratzen dira, baina kontsentsuz, eta horrek esan nahi du ez dela bere hitza edo iritzia errespetatzen, subsumitu egiten baita. Pertsonak masa gisa tratatzera garamatza bide horrek.

Alderantziz, liderrak (pluralean) situazionalak badira eta ez iraunkorrak, lider horiek jabegabetzea egiten badute boterea hartu dutela sentitzen dutenean, eta adostasunaren ordez disentsuaren konplexutasunean eta osagabetasunean mugituz gero, orduan bai, pertsona guztiak errespetatuak sentitzen dira, adituak.

Esperientzia-bizipen hauetan zehar, ahalegin berezia egin dugu nork bere taldean integratu ordez, talde-kohesioa landu ordez, taldeak etengabe zabaltzeko, iragazkorrak izateko, boterea diluitzeko... eta horrek eragin du errespetuzko bizipena izatea, autonomiari benetako zentzua emanez elkarren behar eta elkarlaguntza prozesuen bitartez.


KULTURA HERRIKOIAK, KONPLEXUTASUNAREN FRUITUA

Gai honetan sakontzeko, interesgarriak dira kultura herrikoiak konplexutasunean eta osagabetasunean jarduteko erak:


"Kultura herrikoiak konplexutasunaren adierazpen argiak dira, izan ere, bizitzeko modu bat izanik, ezin daitezke azaldu eguneroko espazio eta denboretan sentitu/pentsatu/egin gabe, eta errepikapen sortzailearen bidez sortzen dira etengabe. E. MORINek dioen eran (2001:46-47),  “unitate konplexuak, gizakia edo gizartea kasu, multidimentsionalak dira; honela, gizakia aldi berean biologoa, psikikoa, soziala, afektiboa eta arrazionala da. Gizarteak dimentsio historikoak, ekonomikoak, soziologikoak, erlijiosoak… ditu bere baitan.  Jakintza egokiak dimentsio aniztasun hau onartu egin behar du eta bere datuak bertan  txertatu (…).

Jakintza egokiak konplexutasunari aurre eman behar dio.  Complexus hitzak esan nahi du elkarren artean josita dagoena; hala da, konplexutasuna dago osotasuna eratzen duten elementuak banaezinak direnean.”

Garrantzitsua da zentzumenak zorroztea konplexutasuna ulertzeko, baita konplexutasunak eragiten dituen kontraesanak ere, hauek askotan harrapatzaileak, blokeatzaileak edota mingarriak izan daitezkeelako, edo aldiz, ahalmen berrietara bultzatuko gaituzten korapiloak izan daitezke.

“ Kontraesanek bi ebazpen mota dituzte: bata itxia (kontsentsua) eta bestea irekia (disentsua). Adostasuna modernitateari dagokio: adierazpen bat  - HABERMASek dioenez-  baliagarriagoa da hartzaileen arteko kontsentsua eragiteko gai denean. Desadostasuna posmodernitateari dagokio: adierazpen bat - LYOTARDen hitzetan - baliagarriagoa da hartzaileen artean askotariko adierazpenak eragiteko gai denean.

Kontsentsua konponbide itxia da. Multzo hutsa da multzo guztiek komunean duten partea. Soilik jar gaitezke ados ezerezean, hutsean. Adostasunak informazio galera dakar.  Disentsua konponbide irekia da. Zerbait beharrezkoa edo ezinezkoa denean, jokoaren arauak aldatu egin behar dira, dimentsio berriak sortu ahal izateko (…).

Kontsentsuak ziurtasuna sorrarazten du, disentsuak duda. ‘Duda’ duo+ habitare (dubbitare) egituratik dator: bi mundutan bizi dena” J. IBAÑEZ (1997:83). Bitartekaritza sozial desiragarrien lanean, disentsua da gatazkak konpontzeko modua.

Hau horrela izan dadin, garrantzitsua da egoeraren araberako lidergoa kontuan hartzea: (irekitzea, hainbat lider denetarako LIDERRAK bezala onartzeak eragiten duen esklerotizazioaren aurrean) denok gara liderrak leku jakin batzuetan eguneroko leku eta denboretan, baina inoiz ez beti leku guztietan, egunerokotasuna deuseztatuko baikenuke. Egoeraren araberako liderrak onartuz eta animatuz, prozesuan burutu beharreko zeregin bakoitzari garrantzia ematen zaio: kultura, janaria prestatzea, ordezkaritza politikoa, komunikazioa…  ez dago “bigarren mailako zereginik edo zeregin osagarririk”. Ilusionismo sozialak esan nahi du bizitza guztien eta bakoitzaren errespetua eta krisi egoerekiko irekitasuna. Prozesu sozialak bizitza behar duten pertsonek osatzen dituzte, baita asebetetasuna ere prozesuan."

Javier ENCINA, Mª Ángeles ÁVILA, Begoña LOURENÇO (2010). Las culturas populares. Sevilla (Andaluzia): Atrapasueños, Colectivo de Ilusionistas Sociales, UNILCO-espacio nómada. Gehiago irakurtzeko: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=155

Itz.: Irati Guridi, Aitor Errazkin, Ainhoa Ezeiza (argitaratzear)


2015(e)ko otsailaren 19(a), osteguna

Jabegabetzearen zutabeak

Jabegabetzea boterea beherago daudenenganantz uztea besterik ez da, boterea erabiltzeari uko egitea, gizarte eta natura ingurunearekin harmonian, eraikitze kolektiboa erraztuko duena. Botere uzte hori bizitzaren edozein esparrutan izan daiteke (familia harremanetan, lagunartean, lanean, elkartasunean...), banakoarena izan daiteke (ni aita/ama/seme/alaba... gisa, ni adiskide gisa, ni nagusi gisa, ni irakasle gisa, mediku, funtzionario, aktibista gisa...), kolektiboa izan daiteke (EZLNk 2000 urtean bideratu zuena, mugimendu politiko bihurtu zenean, alegia, gudalostearen boterea utziz Chiapaseko herriek euren oraina eta geroa kolektiboki eraikitzea errazteko: Mundu Berria).


Jabegabetzea hobeto ulertzeko, elkarren orekan dauden zortzi zutabetan oinarrituta irudikatu beharko genuke (eta beharbada oreka ezegonkorrean prozesuan zehar...):


1.- Zaintzak

Zaintzak praktika-multzo bat dira talde edo mugimenduaren beharrei erantzuteko asebetetzaileak identifikatu eta elkarrekin eraikitzea errazten dutenak.

Zaintzak lantzeko, honako testuinguru eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: interesik eza eta axolagabekeria/zaintza aurkaritza; beharrak eta asebetetzeko erak: asebetetzaileak; pobrezia-erak; emakume zein gizonek duten femeninoak duen balioa nabarmentzea; zaintza integrala ingurune sozial eta naturalean ulertuta eta kontsumoarekin aurkaritzan.

2.- Askatasuna

Mundua modu ikusezinean eraldatzen ari diren mugimenduen askatasuna ez da kontsentsuak eragiteko askatasuna, disentsuaren askatasuna baizik (eramana sentitzearen izua eta depresioa apurtzen duena). Ikusezin bihurtu behar dugu, printzipio etiko bihurtutako elkar ulertzean oinarritzen den disentsuaren askatasuna zabaldu, dibertsitate soziala eta naturala da mundu hau eraldatzeko beharrezkoa den aberaste kolektiboa errazten duena. Gaur bertan bizitzen hasi nahi dugun Mundu Berri hori askatuz...

Askatasuna lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: kontsentsu/disentsu dualtasuna, jabetza pribatua; bio-boterea; mundu berria askatzea; komunaren gaia; Ikuskizuna eta Boterea; izatea versus eraikitze kolektiboa; egotea eta ulerkortasunaren etika.

3.- Eraikitze Kolektiboa

Ez gara izaki isolatuak, besteekin harremanetan bizi gara eta etengabe ari gara gure egoteko era eta gure ideiak aldatze, edo ideia berriak eraikitzen ditugu harremanetan gaudelako etengabe.

Eraikitze kolektiboa lantzeko, ondorengo kontzeptuak eta bizipenak hartu behar ditugu kontuan: hezkuntza bankarioa versus hezkuntza kritiko-dialogikoa; kontsumoaren gizartea; esperientziaren bitartekaritza, gu-aren apelazioa; partekatzea eta ez direla existitzen a prioriak.

4.- Konfiantza

Konfiantza pentsatu, sentitu eta egitearena da eta erabaki bat da: irekitasuna izatea kolektiboki eraikitzen hasteko. Konfiantza ikastea erraztuko digun irekitasun horren araberakoa da, bestearen beharra izatea posible egingo duena, lehiakortasunera bultzatzen gaituen gizartearen aurrean.

Konfiantza lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: rolen segurtasuna apurtzea: Gizona, Emakumea eta Haurra; antsietatea eta zalantzaren koloka; harremana versus zeregina; sormena sustatzea; elkar ulertzea; bizikidetasuna; ez banantzea sentitzea, egitea eta pentsatzea; sentitze, egite eta pentsatzeen transferentzia.

5.- Elkarren beharra eta autonomia

Iraganarekiko zein orainarekiko izan daiteke. Elkarren beharraren bidea da laguntzarik behar ez izatera eta autonomiara garamatzana, antagonistatzat hartzen diren horien helburura. Zutabe hau, elkarren beharra eta autonomia, zero une batez ernaltzen da, zeinetan gure taldean bertan egon den eraikitze kolektiboa, lehen unean jakintzak eskaintzen dira eta hortik transferentziak eta egoeraren araberako lidergoak sortzen dira.

Bigarren unean taldeen arteko eraikitze kolektiboa gertatzen da, hirugarren unean alde batetik elkarren arteko beharra indartzen da eta bestetik, behar hori desegiten doa autonomia sortzearekin batera. Talde horretan edo taldeen artean dauden dinamiken arabera, laugarren unean garrantzitsuagoa izango da elkarren arteko beharra eraikitzen segitzea, edo gauza berriak sortzea autonomiatik abiatuta (kurubil sortzaile horretan elkarren arteko behar berriak sortuz beste talde batzuekin edo talde ber-berekin espazio eta denbora desberdinetan).

Elkarren arteko beharra eta autonomia lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: elkarren arteko beharra versus norberekoikeria18; errepikapen sortzailea; harreman horizontalak; egoeraren araberako lidergoak; egunerokotasuna eta ziurtasuna-ziurgabetasuna.

6.- Alaitasuna

Ze ederki egongo litzatekeen zoriontasunean pentsatu beharko ez balitz!”. 
Aldous Huxley (1932), Un Mundo Feliz.

Bizipoza partekatzen den emozioa da, sentitze/pentsatze/egite egoera bat gizartea eraldatzerantz bultzatzen duena. Zentzumenak zabaltzen dituen egoera da, ulerkortasuna, partekatzea eta eraikitze kolektiboa errazten duena. Arau sozialetatik edo arau alternatiboetatik askatzen gaitu eta ondorioz, conduit-etik, eta horrela errazten du agertoki berriak sortzea...., konfiantzazkoak, jolas eta esperimentaziokoak, arauetara makurtzen ez direnak. Bizipozak zabaltzen du itxi gabe, conduit-a errazten duen itxitura hori irekitzen du, irekitzeko irekitzen da, disentsuak ezagutzeko eta euretatik abiatuta eraiki ahal izateko.

Bizipoza lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: zoriontasuna versus bizipoza; antolaketa herrikoia sustatzen du; barrea eta bere sustatzaileak: jan-edana, maitasuna-sexualitatea eta erakunde aurkako bortizkeria – berdinen gizartea. Badirudi izatea desitxuratzen duela eta egotea bere osotasunean eragiten duela.

7.- Desazkundea

Geure esperientziatik abiatuta, honela definituko genuke: balioak berrikustea partekatzearen etika berri batetik, inperfektu eta amaigabe sentitzetik, beste pertsona batzuekin egotea bera baliotsua dela ulertuta, ekoizpenak eta giza-harremanak balio aldaketara egokitzea, ekonomia herrikoien, ekonomia sozialen eta solidarioen balioa nabarmenduz, euren ingurune sozial eta naturalekin orekan, kolektiboki eraikitzeari balioa emanez, giza-harreman horizontal eta anbibalenteak sustatuz, aberastasuna eta ondare naturalerako sarbidea banatu, lekuan lekukoa eta komunitarioa oinarri duten bizimoduak sortuz, publiko (Estatua) / pribatu (Merkatua) dualitatea apurtuko dutenak, itxi gabe irekiz komunerantz, gure ingurune sozial eta naturalaren ondare den horretara, ekoizpenaren eta kontsumoaren inpaktua murriztu, beharren eta asebetetzaileen arteko desberdintasunetik abiatuta eta kolektiboki eraikiz gure beharrak asebetetzeko modua, giza-eskala naturaleko garapena lortzeko. Berrerabili eta bertziklatu, bai objektuak, gure kultura materiala aberasteko, bai pentsamenduak eta egiteak, gure kultura orokorra eta gure trebetasun sozialak aberastuz, gure ingurune sozial eta naturalarekiko sentimendu berriak sortuz.

Desazkundea lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: desazkundea versus Aurrerapena, Hazkundea, Kontsumismoa, Zoriontasuna. Baliabide komun eta naturalekiko jarrera predatzailea bertan behera utzi; Elkarrekikotasuna, berbanaketa, plangintza eta autarkia sustatzen du eta publizitateari, kredituari eta iraungitzeari aurre egiten dio.

8.- Itxaropena

Itxaropena desesperazioaren bihotzean bertan berpiztu da. Itxaropena ez da bizipozaren sinonimo. Benetako itxaropenak badaki ez dela ziurtasuna, baina badaki, Machado poetak esan zuen bezala, bidea ibiliz egiten dela, badaki metamorfoziaren bidezko salbazioa, nekez gertatzekoa bada ere, ez dela ezinezkoa. Posible denaren segurtasunetik ezinezkoetara garamatza, egunerokoa, gizarte-laboreak hautsi gabe.

Itxaropena lantzeko, honako kontzeptu eta bizipen hauek hartu behar ditugu kontuan: itxaropena versus itxaropen pasiboa eta sakrifiziozkoa; larritasunaren, desesperazioaren eta itxaropen gabeziaren kontrako kontzeptua da; amets egitera gonbidatzen gaitu eta ustekabekoaren eta ezinezkoaren agerpenerantz askatasunez irekitzera.

Gehiago irakurtzeko: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=619



"El Desempoderamiento. Viviendo la construcción de un nuevo mundo sin poder",
Javier Encinak eta María Ángeles Ávila (2014) "Autogestión de la vida cotidiana" bildumaren barruan argitaratua. Sevilla (Andaluzia)

Material honek duen berezitasun bat da eztabaidarako abiapuntu bat dela, eta berez ideiak eta proposamenak biltzen ditu baina itxi gabe, eta horrela irakurleei aukera zabaltzen die euren posizioa hartzeko, ideiak modu askotan interpretatzeko, testuak berreraiki eta bersortzeko eta modu teorikoan lantzearekin batera, ideiak eguneroko bizipenekin erlazionatzeko. Alegia, material konplexua eta aldi berean, xumea.