2016(e)ko ekainaren 15(a), asteazkena

Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan: Ikastaroaren laburpentxo bat... edo

Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren hamargarrena da, azkena hain zuzen ere.

Laburpen laburtxo bat...


Beno ba... hauxe izango da Javier Encina eta biok eman dugun ikastaro interesgarri eta sakon honi buruz argitaratuko dugun azken blog-sarrera... gauza asko utzi ditugu gordeta, baina noizbait amaitu behar eta... Lehenik eta behin, eskerrik asko ikastaroko partaide guztioi, asko disfrutatu dugu zuekin batera ikasten, eraikitzen. Hasieran ez nuen horren argi halako ikastaro bat online egin ote zitekeen, baina erakutsi duzue online formazioak baduela zeresanik. Ederra izan da nolako ahalegina egin duzuen zuen presentzia sentiarazteko, ez zarete mugatu "egin beharrekoak egitera" eta elkarren arteko laguntza, elkartrukea eta goxotasuna sentitu dugu formazio osoan zehar.

Egia da ez ditugula zehazki hizkuntz edukiak landu. Gure ustez, ez du askorako balio gauzak zatikatzeak. Guretzat hizkuntza, komunikaziorako tresna izanik, beste komunikazio tresna batzuekin batera landu behar da eta harremanak hartu behar dira lehentasun gisa, ahozkotasunetik abiatuta. Hori nola egin? ba ezin da manual bat eman... lekuan lekuko proiektuak eta ideiak gauzatuz egiten dugu lan. Metodologia bat izango bagenu, metodologia hori erakutsiko genizueke, baina gure ustez metodologiak alboratu behar dira, jendearekin eta jendearengandik lan egin behar da eta hortaz, egoera bakoitzean joan behar dugu erabakitzen. Bururatu zaigun gauza bakarra da nola hasi, eta hori da ilusionismo sozialaren planteamendua (printzipioak). Gure ustez, bestelako proposamenen etikotasuna zalantzagarria da, eta horregatik planteatu dugu lan egiteko modu hau.

Gainera, komunikazioa partehartzearekin lotu dugu zuzen-zuzenean, eta horregatik hartzen ditugu partaidetza prozesu errealak erreferentzia gisa. Parte hartzea hizkuntz eta kultura aniztasunetik abiatuta, ezinbestekoa da harremanen horizontalizazioa, eta zentzu horretan hitz egiten dugu boterea erabiltzeari uko egiteaz, botere-hartzearen planteamenduen aurrean. Boterea dagoen lekuan, harreman bertikalak sortzen dira. Guk ez dugu botererik hartu nahi, eta ez dugu nahi beste batzuek edukitzea boterea gure gainean; horregatik, daukagun boterea erabiltzeari uko egiten diogu eta goitik datorkigun boterearen aurrean erresistentzia formak eraikitzen ditugu. Ikuspegi hau interesgarriagoa egiten zaigu botere-hartzeko lojiketan sartzea baino, ahalduntzearen bidetik. Aspaldi esan zen bezala, emakumeon ahalduntzeak gizonezkoen, edo hobe esanda, Patriarkatuaren lojiketara eraman gaitu, gizona emakumeak ordezkaturik... guk uste dugu emakumeon pentsatze/sentitze/egiteetatik abiatzea askoz interesgarriagoa dela, botere-lehian sartzea baino. Eta ikuspegi hori horizontala da, elkarlotzea edo elkarren artean jostea, elkarri laguntzea, elkar zaintzea... interesgarriagoa ezezik, bizitzeko modu sortzaileagoa dela uste dugu.

El Palomo partaidetza prozesua Palomares del Río herrian (Sevilla)

Aztertu ditugun partehartze esperientzien inguruan, uste dugu ederra dela haur eta gazteak ere inplikatzea, pixka bat ezagutu ditugu halako ekimen batzuk eta oso kontuan hartzekoak dira. Soilik komentatu nahi genuen guk ez dugula hurrenkera finko bat (hain zuzen ez dugulako metodologiarik), eta ez dugu lan egiten amestu-sortu-gauzatu-hobetu (kalitate-prozesuetako ziklo ohikoa) edo pistaren kasuan bezala, proposamena egin - aurkeztu - eztabaidatu - moldatu - onartu - gauzatu - hurrengo proposamena. Agian prozesu batzuk horrela suertatzen dira, baina normalean prozesuan zehar konplexutasuna dinamizatzen dugu, prozesuak linealak izan ez daitezen, bai herri-partaidetza prozesuetan eta bai klaseetan. Hartara, lortu nahi den hori aitzakia baino ez da jendea jendearekin erlazionatzeko, euren nahi eta gogoen inguruan mintzatu, gauzak elkarrekin eraiki... eta autogestio kolektiborako zirrikituak zabaltzeko. Batzuetan talde zehatz baten nahiarekin abiatzen da prozesua, baina gero gauzak elkarlotzeko moduak bilatzen dira, herritarrak elkar ezagutzeko, harremanak bizitzeko eta gauza gehiago edo konpartituago egiteko.

Foroan jarri genuen bezala, eguneroko espazio eta denboren kontuak berebiziko garrantzia du, bestela lobby modukoak sortzeko arriskuan gaude. Jendea dagoen lekuetan lan egiten dugunean, hobeto ikusten ditugu harremanak eta errazagoa da jendea elkarlotzea. Bestela gerta liteke auzo batean boterea daukan jendeari mesede egitea, talde minoritarioen edo, orohar, jendearen kaltetan.

Guk hainbat ildo proposatu ditugu eta beste batzuk, mezuetatik ateratako hariak izan dira, eta horrela aritu gara, josi ta josi... Gure ustez, hizkuntza eta kultura aniztasuna hezkuntzaren ikuspegi orokorrarekin dago lotuta, eta horregatik, hizkuntza eta kulturaren kontzepzioen inguruan eztabaidatzeaz gain, hezkuntzaren posizionamendua ere izan dugu hizpide. Gure posizionamendua da eskolak lagundu behar diela ikasleei eta inguruko komunitateari eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa egiten, eta ikasleen autonomiaren garapena ere ikuspegi horren barruan ulertzen dugu, alegia, autonomia eta elkarren arteko beharra bereizezinak dira, harreman horizontaletan oinarriturik. Horrela ulertzen dugu bizikidetza, kulturartekotasunaren xedea, eta horrekin batera, jakintza herrikoien eta ezagutza zientifikoen arteko eraikitze kolektiboa proposatzen dugu, ikasi/irakats bereizketa klasikoaren aurrean.

Ilusionismo Sozialaren printzipioetan oinarrituta lanean...

Hizkuntzen trataeraren aldetik, ahozkotasuna hartzen dugu oinarri gisa, eta norabide anitzeko komunikazioaren lanketa. Zenbaitetan, esaldi bat idazteko eztabaida sakonetan murgiltzen gara, eta beste batzuetan, beste jarduera batzuk egiten ari garelarik sortzen dira elkarrizketa mamitsuenak edo politenak, pentsatu/sentitu/egin bateratuz.

Bizikidetza xede harturik, harreman horizontalak eta bitartekaritza sozial desiratuak sustatzea da gakoa. Horregatik, harreman moduak edukiak baino garrantzitsuagoak izan behar dute (edukiak "materia" izendatzeko erabiltzen dugu, hau da, hizkuntza bat ikastea edo erabiltzea ere "eduki" da gure adieran). Horrek ez du esan nahi edukiak garrantzitsuak ez direnik, edo lantzen ez direnik. Baina garrantzitsuagoa da, bizikidetzaren ikuspegitik, ikasleek harreman osasuntsuak garatzea hizkuntza dotorean hitz egiteko trebetasuna garatzea baino, nolabait esatearren.


Ez dugu uste proiektuetan lan egitea eta proiektuak aitzakia gisa erabiltzea gauza bera denik. Guk talde-kohesioaren "aurka" egiten dugu lan, ze talde-kohesioak itxi egiten du, eta guk etengabe irekitzen ditugu harremanak. Jendearen lotura naturalak errespetatzen ditugu baina beti begirada "periferikoa" bultzatuz, ez taldearen barruraka. Horregatik, normala da talde batek beste talde bati laguntzea, ikasle bat edozein unetan beste talde batekin jartzea lanean, egun horretan edo egun horretatik aurrera, talde batek proposatutako proiektu bat bat-batean beste proiektu batekin fusionatzea...  Prozesu hauek oso komunikazio aberatsa pizten dute. Azkenean proiektuak egiten ditugu, baina ikasleek ez dute rolik betetzen. Une bakoitzean egin behar diren gauzak konpartitzen dira, eta disentsuan lan egiten da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina