2017(e)ko otsailaren 6(a), astelehena

Zertarako irakatsi hizkuntza, ze hizkuntza eta nola?

Hizkuntzaren didaktikaren jakintza-eremuan espezialista omen naiz eta... hainbeste urtetan metodologietan mugitu ondoren, neure amarruan erorita nengoela konturatu nintzen duela urte gutxi, tesian harrapatuta nengoelarik Javier Encina ilusionista sozialarekin topatu nintzenean.
Argiope anasuja - Wikipedia

Didaktikaren arazoa da NOLA galderan zentratzen dela, baina ez da zalantzan jartzen ZER eta ZERTARAKO, horregatik NOLA desberdin asko asmatu baditugu ere, azkenean ZER beraren inguruan bueltaka gabiltza, ZERTARAKO galderan ez dugulako pentsatu.

Baina hizkuntza ZER den jakin gabe, eta ZERTARAKO irakatsi erantzun gabe, ez da oso zuhurra NOLA galderari erantzutea. Hainbat eztabaidaren ondoren, erantzun hauek proposatu nahi nituzke:
  • ZERTARAKO irakatsi? Jendeak askatasuna izan dezan hizkuntza hautatzeko, harreman-moduak lantzeko eta eguneroko bizitzan parte hartzeko. Hizkuntzak zabaltasunez eta sakontasunez landuz gero, aukera gehiago izango ditugu komunikazioaren subjektu kritiko izateko.
  • ZER da hizkuntza? Hizkuntza komuna da, hau da, denona da eta ez da inorena, aldi berean.
Badago hizkuntza arautu bat, normatiboa, mugatua eta zehatza, eta hizkuntza horrek hainbat funtzio betetzen ditu, kultura instituzionalean nagusiki; hizkuntza honek jabea du, Estatua (erakunde normatiboa eta arautegi aplikatzailea, Hizkuntz Akademien eta hizkuntza sistemen bidez).

Hortik abiatuta, beste hizkuntza bat dago igorle-hartzaile bereizketan oinarriturik, masa-kulturarena, ikuskizunari garrantzi berezia ematen diona, hortaz, irudiak lehenesten dira, ahozkoa idatzizkotik gertu kokatzen da (askotan idatzita dago komunikabideetan ahoz esaten dena) eta komunikazioaren helburu nagusia limurtzea da, hartzaileek igorleen asmoak euregana ditzaten eta horrela, jarrerak eta nahiak aldatu ('conformar consentimientos'). Hizkuntza honen jabea Merkatua da, eta bere hedapenerako mass-media edo masa-komunikabideak erabiltzen ditu (publizitatea, telebista, youtubegintza...).

Aurreko bi hizkuntza-motei "idioma" deitu beharko genieke,  Estatuak legitimitatea metatu nahi du eta Merkatuak etekinak. Hizkuntza enpaketatu bat da, definitua eta finkatutako helburuetara bideratua.

Baina hizkuntza berez soinu eta isiltasunen ebakeran oinarritzen den komunikazio-tresna da, erroak antzinean dituena eta etengabe aldatzen ari dena, bitartekaritza kolektiboen bidez; konplexua, osagabea eta inperfektua da, errepikapen sortzailea du transmisio modu nagusia eta kultura herrikoietan bizi da. Hizkuntza komunak ez du jaberik, denona da eta inorena ez, aldi berean. Eguneroko bizitzaren errepikapen areagotua bilatzen du.


Desempoderamiento lingüístico
  • NOLA irakatsi? Gure ustez, hiru hizkuntzak irakatsi behar dira, baina lehentasunezkoa hizkuntza komuna izango da, beste biak bigarren mailan kokatuz. Hizkuntzak ahozkotasunean du bizitza, eta idatzizkoa, landu beharrekoa da, noski, baina bigarren mailan, eta ez alderantziz. Bestela, soilik hizkuntzaren ikuspegi instituzionala eta masa-kulturarena landuko dugu, baina ikasleek ez dute halako gaitasunik izango hizkuntza hori eguneroko bizitzan erabiltzeko (gertatzen ari dena, hain zuzen ere).

Hizkuntzaren jabegabetzearen ikuspegi didaktikoa

Dimentsio dialektikoan oinarriturik, hizkuntzaren jabegabetzea proposatzen dugu, hau da: hizkuntza jendearen ahotara itzultzea, baina baita jendearen gorputzetara ere, pentsatu/sentitu/egin bereizi gabe. Horregatik, ikasgelan bizitzaren simulakroak eragin behar ditugu (ez simulazioak, ikuspegi komunikatiboak egiten duen eran), proiektuak aitzakia gisa hartuta (eta ez helburu gisa, proiektu bidezko metodologian gertatzen den moduan).

Hori posible izan dadin, eskolaren egiturak malgutu behar ditugu eta ikasleekin ditugun harremanak horizontalizatu, komunikazio dimentsioaniztunera irekitzeko.

Hizkuntzaren jabegabetzeaz gehiago jakiteko, Partaidetza ereduetatik eraikitze kolektibora liburuxkako 107-117 orrialdeak irakur ditzakezue.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina