2015(e)ko azaroaren 15(a), igandea

Jabegabetzearen zutabeak lantzen Magisteritzan

2015eko irailaren 7an hasi ginen Lehen Hezkuntza Graduko lehen mailako taldearekin lanean, jabegabetzearen zutabeak ulertu eta adierazteko moduak lantzen. Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaia izanik, tentsio bat sortu nahi izan dugu komunikazio akademiko erreferentzialaren eta komunikazio dimentsioaniztunaren artean, eta horretarako, "El Desempoderamiento" liburuxkaren bigarren edizioa hartu genuen oinarri.
Hemen klikatu deskargatzeko


Liburuxka honetan, "El Desempoderamiento" lehen edizioko testuaz gain, artikulu labur bat gehitu dugu euskaraz, jabegabetzearen oinarria azaltzeko. Hartara, aukera izan dugu, bide batez, euskara eta gaztelaniaren arteko lexiko eta adierazpidean ñabardurak komentatzeko, itzulpen berriak iradokitzeko eta hizkuntza bakoitzaren "esateko erak" ulertzeko.

Irakasgaia berez elebiduna da, irakasle bakoitzak hizkuntza bat lantzen du baina helburua da ikasleek euskara eta gaztelania, bi hizkuntzak garatzea, unibertsitateko komunikazio-erak ulertu eta ekoizteko. Suposatzen da unibertsitateko komunikazio akademiko erreferentziala garatu behar dutela ikasleek (marko kontzeptualak nola eratu, erreferentzia bibliografikoak nola txertatu, komunikazio zientifikoaren antolaketa diskurtsiboa...).

Jakin badakigu lehen mailako ikasleek zailtasunak dituztela unibertsitate testuingurua ulertzeko, eta askotan, unibertsitateko diskurtso-erak imitatu eta erreproduzitzen baino ez dute ikasten. Horrek suposatzen du ez dutela kritikoki lantzen diskurtso unibertsitarioa eta asimilatuak izaten direla, gehienez ere "egokitzeko" trebakuntza lantzen delako eta ez dute aukera handirik izaten hausnartzeko, beste diskurtso batzuekin alderatzeko eta diskurtso-era berriak sortzeko.

Horregatik, ideia izan da diskurtso akademikoa (irakasgai guztien artean gauzatu behar duten idatzizko eta ahozko lanean islatzen dutena) bestelako komunikazio formekin batera garatzea, baina jabegabetzearen zutabeetan oinarrituta... Horrela esanda, zaila da ulertzen, baina gutxi gorabehera, honakoa izan da ideia:


Jabegabetzearen zutabeak jakintza pertsonal eta herrikoietatik abiatuta landu ditugu, askotariko komunikazio-baliabideak erabiliz (musika, irudiak, bideoak, elkarrizketak, debateak, jolasak, marrazketak...) eta jakintza horietatik joan gara ezagutza akademiko-zientifikorantz hurbiltzen, elkarlotuz eta ez ezagutza akademiko-zientifikoa jakintza pertsonal eta herrikoiak suntsituz edo autoestimua lapurtuz.

Zorte handia izan genuen Javier Encina liburuko autoreetako bat klasean izan zelako gurekin elkarlanean lau saiotan, eta horri esker, gehiago sakondu ahal izan genuen. Gainera, polita da "autorearekin" zuzenean eztabaidatu ahal izatea, gertutasunez eta gure iritziak partekatuz.








Datozen bi asteetan ariko gara egindako lanak aurkezten eta ideiak trukatzen, eta abenduaren 18an amaituko dugu prozesua, eraikitze kolektibo baten bitartez, irakasgaiko azterketa gisa (banakako lana->taldekakoa->kolektiboa->banakakoa). Orduan, polikiago kontatuko dugu ikasitakoa, baina bitartean, hona gure klaseko arbel batzuk:














iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina