2015(e)ko ekaina 14, igandea

Amildegia zeharkatzen...

Egunotan, besteak beste hizkuntzaren jabe-gabetzeaz hausnartzen ari gara... berez bizitzako beste edozein esparrutako jabe-gabetzearen antzeratsua da, baina gure kasuan euskararen biziraupenaren zailtasunak oso presente ditugunez... ba kosta egiten zait pauso bat ematea desinstituzionalizaziorantz eta bereziki desestatalizaziorantz. Zer gertatuko litzateke euskara estatuaren laguntzatik askatuko bagenu, gaur egun teorian bere defentsan lanean ari diren erakundeetatik libratuko bagenu? (legedia, eskolaratzea, normalizazioa, diskriminazio positiboa, finantziazioa, formazioa...)

Ideia horrek eragiten didan sentsazioa da amildegira goazela pauso hori emanez gero... baina benetan amildegi faltsua da. Ez da amildegia, besterik gabe ez dut ikusten non zanpatu, ez dakidalako ondo begiratzen...


Indiana Jones amildegian oinez... ez zen eta benetako amildegia...

SOROSPENA ALA HORIZONTALIZAZIOA ETA ELKAR LAGUNTZA?

Jangela sozialak, haur pobreentzako jangelak...

"FMIren proiektua Espainiarentzat" @Viejo_Topo-ren bidez

Aurtengo Magisteritzako 3. mailan izandako eztabaida tentsoenetako bat haur pobreei laguntzeko jangela sozial bat antolatzeko proposamenari lotutakoa izan da. Aurreko udaran (2014) hainbat eskola zabaldu ziren haur pobreek zer jan eduki zezaten, eta bide batez, hezkuntza jarduerak egin eurekin. Proposamen hori egin zuen taldeari ez zitzaion krudela iruditzen familia pobreak behartzea euren seme-alabek uda hezkuntza erakunde baten barruan pasatzera, jatearen truke. Ez zuten, ezta ere, krudela ikusten haurrei jaten ematea eta ez euren gurasoei, aiton-amonei, osaba-izebei... zeozergatik, badago jendea adinaren arabera bereiztu egiten duena jende gosetua...

Larrialdi egoeretan, larrialdiko neurriak. Eta gosetearen aurrean, egin behar dena da sorospena, pertsona zehatzak seinalatu eta identifikatzea, euren egoera aztertzea eta arrisku-mailaren arabera sailkatzea, harreman bertikal bat eraikiz salbatzeko, zeinetan bi talde sortzen diren, "jaten ematen duena eta jaten duena", eta azken honek esker ona erakutsi behar du hain keinu solidarioaren aurrean.

Ezin dira eta gauzak bestela egin... larrialdia da eta... hobe da eta ezer ezerrez baino... eske...

Jaten ematekoa prestatzen. Iturria: La Murga de Nito
Jatekoa prestatzeko forma ezezik, jateko modua ere horizontala izan daiteke ("cuchará y paso atrá")
Iturria: Memoria Visual de Arahal
Beharbada, hiriko jende (burges)ak ez ditugu lapiko kolektiboak ezagutzen, jatekoa denon artean prestatzea bakoitzak ahal duena emanez (janaria, prestatzeko lana, lekua, garbiketa...) eta harreman horizontalak, konfiantza kolektiboa, sormena eta elkar laguntza sustatuz. "Cuchará y paso atrá'", bat hartu eta gainerakoei hartzen utzi (ez "intzak ma ta jangouk me").

Beharbada, hiriko jende (burges)ak ez du gogoan nola, modu "modernoagoan" berpiztu ziren egiteko modu horizontal hauek, 15Mko Sol-eko mugimenduetan esaterako... eta mugimendu horietatik bultzatutako pertsona horiek jarraitzen dute laguntza bertikal sorosleak sustatzen... ez zuten ulertu? ez ziren bertan izan?

Beldurra ematen du autogestiorako pausoa emateak, baina ez da horren zaila, ez da utopikoa... gertatu delako eta gertatzen ari delako!!!

EUSKARA DESESTATALIZATZEA

Euskararen alde lanean hainbeste urte pasa ondoren, euskara irakatsiz, zabalduz, normalizazioan lagunduz, transmitituz, ikertuz... argi daukat ez zaidala osasuntsua iruditzen norantz goazen (bultzaka), ez da osasuntsua euskararen biziraupenerako eta are gutxiago hiztunontzat. Hizkuntza hiztunon gainetik jartzea soilik uler daiteke ikuspegi instituzionalistatik (hau da, kontrolaren ikuspegitik). Horren garrantzitsua da hizkuntza ikastea eta hizkuntzalaritzaren alderdiak ezagutzea... azkenean, gero eta baztertuago dago euskara eguneroko bizitzan, erabilera erabat instituzionalizatuaren alde.

Errua estatu zanpatzaileek dute, telebistak, masa kulturak, egoera diglosikoak... baietz, beti dago besteei leporatzea; baina euskara aldaera batu estandarizatura mugatzea, idatzizko formetan oinarritzea, zuzentasun gramatikalerako presio handia ezarriz, ahozko aldaera ez normalizatuak etengabe gutxietsiaz, hizkuntzaren hautapena harreman formak baino garrantzitsuagoa izanik... uste dut elementu horiek guztiak nahikoak direla ondo ez goazela susmatzeko. Haur eta gazte gutxi ezagutzen dut Donostialdean (teorian nahiko ingurune euskalduna) euskaraz mintzatu nahiago dutenak gaztelaniaz baino, eta ezaguna da euskararen aldeko festetara sutsuki doan jende euskalduna eta bertan gaztelaniaz diharduena.


Amonak (berez santandertarra) esan zidan ezin nintzela nire gelako mutil batekin ezkondu bere abizenarengatik errioxarra izango zelako eta euskaldun batekin ezkondu behar nuelako. Nik orduan 8 urte nituen. Gogoan dut errieta ederra egin zidala kontu horren inguruan, eta nik amona maite nuenez noski, pentsatu nuen arrazoi izango zuela, gaizki egongo zela erdaldun batekin ezkontzea. Ados, garrantzirik gabeko pasadizu bat baino ez da. Baina aurten, euskarari buruzko biltzar garrantzizko batean, "hizkuntz arnasguneen" inguruan eztabaidatu zen, eta zeinen garrantzitsua zen arnasgune hauek babestea, erdaldundu ez daitezen. Benetan, zenbaitek kritikatu zuen (modu ezkutuko edo agerikoagoan) herri euskaldun horietako hainbat jende "jende erdaldunarekin" ezkontzea, "hizkuntz galera" eragiten zutelako. Benetan, hau ez doa ondo.

Babestu nahi dugunaren estatalizazioak delegatzea eragiten du, urruntzea eta Estatuarekiko mendekotasuna areagotzea (estatu espainiarra, frantsesa, euskal estatua, gipuzkoarra, donostiarra...). Dirulaguntzen mendeko egiten gaitu, egitura funtzionalarekiko mendeko (hizkuntz normalizatzaileak, euskara zerbitzuak, itzultzaileak, orraztaileak, aztertzaileak...), maisu-maistren eta formatzaileen mendeko... alegia, sorospen harreman bertikalak sustatzen ditugu, euskara objektu bihurtzen dutenak (ikerketa-objektu, ikas-objektu), eta hartara, bere testuinguru natural, sozial, kultural, pertsonalaren testuingurutik kanporatzen da.

Bere irakaskuntza erraztearren, egituratu egin behar da, lojika gramatikalak asmatu, aditz taulak... eta horrela, "ondo" hitz egiteko gaitasun eta trebetasun kognitibo nahikoak garatzeko urteak pasa behar dira ikasten eta lantzen. Lojika faltsua da, noski, idatzizko forma estrukturalistetan oinarritutako ikasketak baitira, zerikusirik ez ahozkotasunarekin, ahozkotasuna alojikoa baita, soinu-musikala, emozionala, partekatua, soziala, bizia eta aldakorra.

Kontrolean beste pauso bat emanez, idatzizko lojika horiek berauek dira ezagutu eta ikasi behar ditugunak berdin hizkuntza ikasleek zein jatorrizko hiztunek. Nire semea institututik itzultzeak esanez ez dakizkiela aditzak euskaraz, jaiotzetik mintzatzen delarik, gaiaren absurdua erakusten du. Hiztunei sinestaraztea ez dakitela euren ama-hizkuntza soilik ez direlako gai euren hizkuntza taula hauen arabera ulertzeko... horrek argi erakusten du nola ari den hizkuntza jendearengandik urruntzen.

Euskal aditz laguntzaileen taula famatua...


Hizkuntzaren kontrol instituzionalak, Estatuarekiko eta bere arauarekiko mendekotasun hori eragiten duenak, osagarri bat du azken urteotan sustatzen aritu dena: euskara masa kulturan txertatu beharra. Euskarak prestigio soziala izan dezan, unibertsitatera iristeaz gain (kultura instituzionala), nahitaezkoa da "Los 40 principales" euskaraz egotea, "Gran Hermano" euskaraz,  "euskal kulturaren industria" indartzea...

Eta zergatik ez da lan egiten ari kultura herrikoietatik? Kultura herrikoiak, hizkuntzen ingurune sozio-kultural naturala izanik, alojikoak dira, anitzak, partekatuak, nahastuak, kaotikoak, aldakorrak... ez dira estatu kontrolatzailearen interesekoak. Hizkuntzak perfektu iraun behar du, ondo zaindu behar da arian-arian erabakiz instituzioetatik (Euskaltzaindia eta enparauak) zer dagoen ondo eta zer gaizki. Euskara ondo gorde behar den altxorra da, zaindu, ikasi eta landu egin behar dena, identifikatu, sailkatu, bereiztu... baina, horrek zer ikusi dauka hiztunekin?

[Kultura herrikoiei buruz gehiago jakiteko: http://ilusionismosocial.org/pluginfile.php/525/mod_resource/content/1/cultpopweb.pdf]

Euskara desestatalizatzea estatuaren kontrolpetik ateratzea da, jendeari itzultzeko. Bai, baina estatuaren babesik gabe... zer gertatuko da? Jende askok uste du babes eta zaintza hori gabe galdu egingo dela. Horrek konfiantza eskasa erakusten du hiztunengan, esan nahi baitu Estatuak interes handiagoa duela hizkuntzaren defentsan hiztunek eurek baino... baina, mendetasun horren jatorria euskararen biziraupena Estatuaren esku utzi izana bada, hiztunok hizkuntzarekiko ardura, eskubidea eta gozamena hartu beharrean? Ez gara hizkuntza itotzen ari, salbatu nahian? Ez al dugu ikusten hizkuntza salbatzeagatik gure hizkuntzaren hautapena lehenesten ari garela gure arteko harremanen aurrean?... Benetan al da garrantzitsuagoa euskal hiriburuetako alkateak euskal hiztunak izatea eskuindar edo ezkertiarrak izatea baino?

PD: Kasualitatez, egun berean hauxen argitaratu du Iñaki Martínez de Lunak Argia aldizkarian: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2465/maila-bat-gorago

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina