2014(e)ko ekaina 9, astelehena

EZLN eta Jabe-Gabetzea

(Sarrera hau 2014ko ekainaren 9an argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)

Jabe-gabetzean sakontzen ari naizelarik, hunkitu nauen testu bat ekarri nahi dut hona eta partzialki euskaratu: EZLNren 2014ko maiatzaren 25eko komunikatua. Komunikatu hau garrantzi handikoa da Marcos Azpikomandante Matxinatuaren desagerpenaren komunikazioa delako, ahaluztearen erakusle indartsua, argia, matxinatuen gudaloste handi baten gidari izatetik ezerezera pasatzea, boterea behean daudenei utzita.

Irakaskuntzan, nire bizitza profesionalean eta nire eguneroko bizitzan dudan boterea beherantz uzten saiatzen ari naizen honetan, behin eta berriz iruditzen zait oso zaila dela, korapilotsua, beldurra eragiten didana... baina hau irakurrita... sup Marcosek boterea utz badezake, egoera eta baldintza gogor horietan... nola ez naiz, ba, neu gai izango!

Itxaropentsua egin zait bere komunikatua, posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenerako bidean. Komunikatutik hautaketa txiki bat egiteko atrebentzia izan dut, barkamena eskatzen dut aldez aurretik, entresaka egiteagatik eta hautaketa hori euskaratzeko ausardiagatik. Dokumentua osorik irakurtzea oso baliotsua iruditu zait eta hautaketa eta itzulpen txiki hau testuko hitzekin jolas-solasteko modu bat baino ez da izan.

AHALUZTEAZ BI HITZ, AURRETIK

Jabe-gabetzea ("desempoderamiento") zer den hobeto ulertzeko, hona azalpen labur bat:
Jabe-gabetzea boterea beherago daudenenganantz uztea besterik ez da (boterea erabiltzeari uko egitea), gizarte eta natura ingurunearekin harmonian, eraikitze kolektiboa erraztuko duena. Botere uzte hori bizitzaren edozein esparrutan izan daiteke (familia harremanetan, lagunartean, lanean, elkartasunean...), banakoarena izan daiteke (ni aita/ama/seme/alaba... gisa, ni adiskide gisa, ni nagusi gisa, ni irakasle gisa, mediku, funtzionario, aktibista gisa...), kolektiboa izan daiteke (EZLNk 2000 urtean bideratu zuena, mugimendu politiko bihurtu zenean, alegia, gudalostearen boterea utziz Chiapaseko herriek euren oraina eta geroa kolektiboki eraikitzea errazteko: Mundu Berria).

Gehiago irakurtzeko: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=619

EXSUP MARCOSEN AHALUZTEA

Iturria:
https://www.facebook.com/photo.php?fbid=674597449261904&set=a.411296782258640.100156.135243633197291&type=1&relevant_count=1


2014ko maiatzaren 25ean, Marcos Azpikomandanteak bere azken komunikatua argitaratu zuen, bere desagerpena iragartzeko. Testua osorik hemen irakur daiteke eta merezi du arretaz irakurtzea:


ARGIAREN ETA ITZALAREN ARTEAN
[...]
1994an ezustean eta indarrez hasi ginenean, odol eta suz, ez genuen guda geuretzat, zapatistentzat hasi.
Goikoen guda, heriotza eta suntsipenarena, gorpuzki eta umilazioarena, zapalkuntzarena eta galtzaileari ezarritako isiltasunarena, duela mendeak ari ginen jasaten.
Guretzat 1994an hasi zena askotan gertatutako guda da, behekoena goikoen aurka, beren munduaren aurka.
[...]
Heriotzaren aurka, guk bizitza eskatu genuen.
Isiltasunaren aurka, hitza eta errespetua eskatu genuen.
Ahanzturaren aurka, oroimena.
Umilazio eta mespretxuaren aurka, duintasuna.
Zapalkuntzaren aurka, matxinatzea.
Esklabutzaren aurka, askatasuna.
Inposizioaren aurka, demokrazia.
Hilketen aurka, justizia.
[...]
Orduan, galdera erabakigarri bati erantzun beharrean izan ginen:

“Zein da jarraipena?” [...]
Erail ala hil halabeharreko xede gisa?

Ala bizitzaren bidea berreraiki beharko genuke, goikoek apurtu zutena eta apurtzen segitzen dutena?
[...]

Inork ez zuen orduan entzun, baina gure orduko lehen hitz motel horietan ohartu ginen gure ezbaia ez zela negoziatu ala borrokatu, hil ala bizi baizik. [...]
Eta aukeratu egin genuen.

Eta gudariak, soldaduak eta eskuadroiak prestatzeari eman ordez, heziketaren, osasunaren sustatzaileak prestatu genituen, eta gaur mundua liluratzen duen autonomiaren oinarriak eraikitzen hasi ginen.

[...]

Zaila da sinesten, duela 20 urteko "guretzat ezer ere ez" hori ez zela lelo bat, kartel eta abestietarako esapide bat, errealitate bat baizik, errealitatea.

Kontsekuente izatea porrota bada, orduan inkongruentzia da arrakastaren bidea, Boterearen ibilbidea.
Baina guk ez dugu harantz joan nahi.
Ez zaigu interesatzen.

[...]

20 urte hauetan, askotariko errelebo konplexuak izan dira EZLN-n.

Zenbaitzuk soilik argien dagoen erreleboaz ohartu dira: belaunaldiartekoa.

Orain borrokan dabiltza eta erresistentzia zuzentzen ari direnak altxamenduaren hasieran haur ziren edo artean jaioak ere ez ziren.

Baina hainbat ikastun ez dira konturatu beste errelebo batzuez:

Klase erreleboa: klase ertain ilustratu jatorritik indigena nekazarira.

Arrazarena: zuzendaritza mestizotik erabateko zuzendaritza indigenara.

Eta garrantzitsuena: pentsamenduaren erreleboa: abanguardia iraultzailetik obedituz agintzera; Goiko Boterea hartzetik beheko boterea sortzera; politika profesionaletik eguneroko bizitzako politikara; lidergotzatik herrietara; genero bazterkeriatik, emakumeen partaidetza zuzenera; besteren isekatik, desberdinaren ospatzera.

[...]
Zenbaitetan pentsatu nuen aurreratu zirela, gidatu gintuzten eta gaituzten hitzak egutegirik gabeko garaietatik zetozela, geografia zehazgabeetan galduta zeuden garaietatik zetozela: hegoalde duin beti nonahikotik, puntu kardinal orotan nonahi dagoen hegoaldetik.

Gero jakin nuen ez zidatela hitz egin mundu zehaztugabe eta ondorioz nekez gertatzekoa zen batetik.

Mundu hori dagoeneko bazebilen bere pausuan.

Zuek, ez zenuten ikusi? Ez duzue ikusi?

[...]

Eta kontu makabroak egiten hasita: inork heriotza merezi badu, existitzen ez dena eta inoiz existitu ez dena izango da, ordainpeko komunikabideetan arinki baino existitu ez dena.

EZLNko gure kide nagusi eta bozeramaile den Azpikomandante Matxinatu Moisés-ek esan zigun bezala, Galeano hil zutenean, edo edozein zapatista hil dutenean, goikoek EZLNa hil nahi izan dute. Ez gudaloste gisa, baizik eta matxinatu ergel gisa, bizitza eraikitzen eta altxatzen duena beraiek, goikoek, meatze, petrolio, turismo industriaren basamortua nahi duten lekuan, lurraren heriotza eta bertan bizi eta lan egiten dutenen heriotza nahi duten lekuan.

Eta esan du etorri garela, Nazio Askapenerako Armada Zapatistaren Komandantzia Orokor gisa, Galeano hilobitik ateratzera.

Uste dugu beharrezkoa dela gutariko bat hiltzea Galeano bizi dadin.

Eta lotsagabea den heriotza ase dadin, Galeanoren lekuan beste izen bat jarri dugu Galeano bizi dadin eta heriotzak bizitza bat eraman ez eta izen huts bat eraman dezan, zentzuz guztiz hustutako letra soilak, berezko historiarik gabeak, bizitzarik gabeak.

Hala, erabaki dugu Marcosek existitzeari uztea gaur.

Esku itzaletik helduta eramango dute gerlariak eta argitxok, bidean galdu ez dadin, On Durito berarekin joango da, Antonio Zaharra bezalaxe.

Ez dute bere hutsunea nabarituko bere ipuinak entzuteko elkartzen ziren neska-mutilek, orain helduak baitira, zentzutasuna dute, inor baino gehiago borrokatzen dira askatasunaren, demokraziaren eta justiziaren alde, edozein zapatistaren zeregina baita.

Katu-txakurra izango da, eta ez beltxarga, agur kantuaren tonua emango duena.

Eta amaieran, ulertzen dutenek, jakingo dute ezin dela joan inoiz egon ez zena, eta ez dela hiltzen inoiz bizi izan ez dena.

Eta heriotza Galeano izeneko indigena batek engainaturik joango da bere borrokan, eta bere hilobian jarritako harri horiek berriz ibiliko dira eta irakatsiko diete, irakasten uzten denari, zapatismoaren oinarria, hau da, nork bere burua ez saltzea, ez etsitzea, ez amore ematea.

Ah heriotza! Argi egongo ez balitz bezala goikoak liberatuta geratzen direla edozein ardurakidetzaz, heriotz otoitzetik, omenaldi grisetik, estatua antzutik, museo kontrolatzailetik haratago.

Geu? Beno, ba geu heriotzak konprometitzen gaitu bizitzatik duen horrengatik.

Eta, hala, hementxe gaude, heriotzari errealitatean iruzur egiten.

Kide horiek:

Aurreko guztia esanda, 2014ko maiatzaren 25eko 0208ak izanik EZLNko hegoekialdeko borroka frontean, aditzera ematen dut Marcos Azpikomandante Matxinatutzat ezagutzen denak, bere burua "altzairu herdoilgaitzezko azpikomandante" deritzonak, existitzeari utzi diola.

Halaxe da.

Nazio Askapenerako Armada Zapatista ez da nire ahotsez mintzatuko.

Listo. Osasuna eta inoiz ez arte... edo beti arte, ulertu duenak jakingo du horrek ez duela garrantzirik, inoiz ez duela inporta izan.

Errealitate zapatistatik.

Marcos Azpikomandante Matxinatua.
México, 2014ko maiatzaren 24a.

GURURIK EZ, METODORIK EZ, IRAKASLERIK EZ...

Van Morrison: No Guru, No Method, No Teacher...


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina