2024(e)ko abenduaren 12(a), osteguna

Euskaraz Jolasten Topaketaren ondorioak

Ekitaldia ikasleekin landutako proiektuaren amaiera izan da, proiektuen erakusketa egiteko eguna, alegia. Landutako gaia euskararen erabilerari lotuta egon denez, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotzea pentsatu dugu, klasean egindako lanak gelatik kanpo zabaltzeko aitzakia harturik.

2022/2023 ikasturtean, kasu honetan ere Euskara Errektoreordeak lagundurik, hizkuntz paisaia euskaratzeari lotutako proiektu bat gauzatu genuen (esteka honetan dago informazio zehatza: https://www.ehu.eus/ehusfera/komunikatzen/2023/01/29/hizkuntz-paisaiaren-saturazioa-eta-elebitasuna/). Orduan, konturatu ginen ikusizko paisaian eragiteaz gain, entzutezko paisaian ere eragin beharko genukeela. Izan ere, estrategikoa da Haur eta Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleek hasieratik euskara erabiltzeko kontzientzia garatzea, baina ikasle asko dira euskara soilik jarduera akademikoetarako erabiltzen dutenak. Gela berean, ikasle asko dira euskara hutsez bizi direnak.

Euskara erabiltzen ez duten hainbat ikaslek komunikazio antsietatea bizi dute, lehen aldia delako euskara hutsean bizi diren ikasleekin elkartzen direla. Euskara ia beti erabiltzen duten hainbat ikaslek hizkuntz estresa bizi dute, ikasgelatik kanpo gaztelania erabiltzeko presioa sentitzen dutelako.

Arazo konplexu honetan, jarduera konplexuak eta anitzak garatu behar ditugu, bai ikasgelan, bai ikasgelatik kanpo. Horrez gain, euskararen aktibista diren Haur eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistrak ezagutu behar dituzte, beren etorkizuneko egoera profesionalaz jabetzeko.

Horregatik, antolatutako ekitaldian bi jarduera-mota egin ditugu: ikasleen lanen poster erakusketa azaldua eta bi hitzaldi: Nora Salbotx eta Mitxel Elortzarenak. Esteka honetan, ekitaldiaren zehaztasun guztiak kontsulta daitezke, baita bi ponenteen inguruko xehetasunak ere.

Ekitaldi aurreko astean, euskararen aldeko hainbat txartel prestatu genituen, fakultatean jartzeko. Horrela, azaroaren amaieran eguna girotzen hasi ginen.

 

Poster erakusketari esker, abenduaren 3ko eguerdi-arratsaldean euskara hutsa entzun da gure ikastetxean barrena. Poster batzuk korridoreetan jarrita, ikasleek espazio komunetan euskaraz oso ongi hitz egin zuten. Poster dinamikaren abantaila da talde bakoitzak posterra hainbat aldiz azaldu behar dietela klasekide-taldeei, eta horrela, urduritasuna gainditu eta konfiantzaz hitz egin ahal izan dute euskaraz, egin duten lanari buruz. Era berean, euskaraz maiz egiten duten ikasleek normalean euskaraz egiten ez duten beren klasekideekin gertutasunez hitz egiteko aukera izan dute, egindako lanari buruzko argibideak eskatzeko. 




Nora Salbotx eta Mitxel Elortza, bi hizlariak bikainak izan dira, beren diskurtsoa 1. mailako ikasleen jakintza, interes eta arreta-gaitasunera egokitu dutelarik. Oso mezu indartsua eman diete, bai jolasen garrantziari buruz, bai euskararen erabileraren inguruan.

Guztira, 150 ikasle inguruk hartu dute parte ekitaldi osoan zehar. Horrez gain, erakusketarako sortutako posterrek abenduko oporrak iritsi arte korridoreetan jarraituko dute. Hau garrantzi handikoa da, poster aurretik pasatzen direnean, harrotasunez ikusten dituztelako. Aldi berean, zuzenean parte hartu ez duten fakultateko ikasle eta irakasleek ere, posterrak ikus ditzakete. Nolabait, ikastetxeko hizkuntz paisaian eragitea ere lortu dugu hilabete honetan zehar.

 


Ekitaldiaren balorazioa datorren abenduaren 17an egingo dugu, klasean. Hala ere, ausartuko naiz aurreratzen ekitaldiak ondo bete zituela bere helburuak eta oso ikaskuntza baliotsua izan dela ikasleentzat. Mila esker!