María Galindo aktibista feminista boliviarraren parte-hartzea, Espainiar Gobernuaren Berdintasun Ministerioak antolatutako Nazioarteko Topaketa Feministan, ‘We call it feminism. Feminismo para un mundo mejor’ lelopean (5/03/2023)
Hemen argitaratua: https://ctxt.es/es/20230301/Firmas/42263/Maria-Galindo-feminismo-revolucion-poder-derechos-humanos-dominacion.htm
Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International lizentziapean eta neuk itzulia (iradokizunak eta zuzenketak oso ongietorriak izango dira).
María Galindo bere parte-hartzean, mahaira igota. Argazkiaren egilea: Suiry Sobrino (Twitterren argitaratua: @suignris). ElSaltoTV-n ikus dezakezu bere hitzaldi osoa: https://youtu.be/5aZbCG3WAb0
Boto-eskubidea ematen dizuet politikatzat jotzen denaren birdefinizio erradikalerako eskubidearen truke.
Berdintasunezko ezkontzarako eskubidea ematen dizuet ezkontza indargabetzearen truke.
Kode penalean feminizidioa erregistratzeko eskubidea ematen dizuet erailak ez izateko eskubidearen truke.
Eta hauxe iradokitzen dizuet: pertsonen salerosketak kezkatzen bazaituzte, hemen bertan zaudeten emakume espainiar eta europarrei bereziki, borroka zaitezte Atzerritarren Legearen indargabetzearen alde, eta ez sexu-langileen kriminalizazioaren alde. Ez dadila izan borroka hori zuen sistema politiko nazionaletan ezin delako egin, gauza hauek ez baitira hemen erabakitzen.
Hitzaurre hau ez da erretorikoa, geure buruari azpikeriaz honakoa galdetzeko deia baizik: zer egin? Ez zer egin eskubideekin, baizik eta zer egin politikarekin.
Egin didazuen gonbidapena eskertzen dut, hemen nago ezin dudalako hitz egiteko inolako espaziorik gaitzetsi, mundu-mapan existitzen ez den herrialde batetik bainator, herrialde bat zeinetan, gainera, paria hutsa naizen eta nire lana etengabeko polemika eta jazarpenetara mugatua dagoen.
Ezin dut ukatu gonbidapenak harritu nauela, Ministerio batetik datorrelarik.
Giza Eskubideen mahai honetan lekuz kanpo sentitzen naiz.
Nire lana ez da Giza Eskubide deitutakoen baitan sartzen.
Eta hori esan bitartean, galdera hau datorkit burura, zeri deritzote Giza Eskubide?
Giza Eskubide askotan borroka arriskutsu eta subertsiboei deitzen zaie, duten indarragatik ezabatu ezin dituzten borrokei, baina baita ezarritako ordena sozialarentzat arriskutsutzat jotzen dituzten borrokei ere, nahiago dute horiek guztiak giza eskubideen aldeko borrokatzat sailkatu.
Nahiago dute borroka horiek saritu eta
otzandu. Giza Eskubideen etiketa jarrita, saiatzen dira despolitizatzen, leuntzen
eta beren benetako eremutik jaurtitzen, hau da, politikaren sustrai eta era
berrien asmakuntzaren eremutik.
Nire lanbidea ez da giza eskubideen aldeko borroka, praktika politika feminista masiboen asmakuntza baizik, behetik eta estatutik kanpo, eta enpatia sozial antifaxista erraldoia eraikitzeko indarra dutenak. Horretan aritzen naiz, eta hori da goitik behera lokazten nauena, baina baita nire herrialdean oinatz historikoa urratzea ahalbidetzen nauena ere.
Gizarte oso batekin elkar ulertzeko gaitasuna dut. Itxaropenak batzen noa estatuak eta alderdi politikoek gutxiesten dituzten oso gauza txiki eta zehatzen alde borrokatuz. Beraientzat txikikeria direnak nik politika zehatz izena jarri diet.
Nire ustez, feminismoak eskubideen aldeko borroka gisa ulertzea tranpa hutsa da, agortutako amarrua, eta ez dugu bertan erori behar.
Kontua ez da Giza Eskubideei emakumeen eskubideak falta zaizkiela osatzeko.
Kontua ez da, intersekzionalitate ikuspegitik, emakumeen eskubideei unibertso zuri heterosexualetik kanporatutako emakumeen eskubideak falta zaizkiela.
Arazoa ez da sexu langileen, etxe langileen, edo gaizki deituriko migranteen eskubideak falta direla. Migranteak ekonomia neoliberaletatik erbesteratutako emakumeak baino ez dira, lanik ez egotearen ondorioz. Migranteak euren lurraldeetatik kanporatutako emakumeak baino ez dira, arpilatze ekozidaren ondorioz ihes egin beste aukerarik ez dutelarik.
Arazoa ez da Giza Eskubideei eskubideak gehitzea, gizatiarragoak izan daitezen.
Eskubideak gai-zerrendan gehitzea, sektorez sektore eta unibertsoz unibertso, kontakizun epiko bat baino ez da, Estatuek eskubideak banatu edo zabal ditzaten borrokatzea, denbora historikoa, bizi-energia, sormen politikoa eta gaitasunak galtzea da, eta ezin ditugu galdu, presazkoa baita beste proiektu batean eta beste leku batean erabiltzea.
Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, eskubideei buruz hizketan segitzea jendea aspertzea da, eta gizartearen gogogabezia orokorra eragiteaz konplize izatea, horrek guztiak ilusio mobilizatzaileak desagertzea dakar eta.
Ez dago politikarik, politikaren pribatizazioa baizik.
Ez dago demokraziarik, matxokrazia baizik.
Ez dago demokraziarik, botoaren bidez ezer erabakitzen ez den zabor-demokrazia baizik.
Ez dago hauteskunderik, hauteskunde-marketineko agertokiak baizik.
Ez daude nazio estatu subiranurik, estatuak menpean dituen proiektu supraestatal kolonial kapitalista baizik, zeinetan gobernuak administratzaile hutsak diren.
Horrexegatik hitz egin behar da politikaz eta ez eskubideez.
Baina eskubideez hitz egin nahi badute, esan behar da erretorikoak direla, ez delako gauza bera enuntziatzea eta jardutea.
Eskubideez hitz egin nahi badute, esan behar da eztabaida xantaiagilea dela: ematen dizkizut, kentzen dizkizut, edo murrizten dizkizut eta mozten.
Eskubideak ematen badizkizute, ezin duzu emailearen egitura sistemikoa zalantzan jarri. Eskubideek sisteman bezeroaren lekuan kokatzen zaituztelako, eta ez subjektuarenean.
Eskubideez hitz egin nahi badute, esan behar da lehentasun eta garrantziaren arabera segmentatzen direla, eta iladan azkenak gaudenok, geureen zain, nekatuak gaudela horrenbesteko atzeratze historikoarekin.
Eskubideez hitz egin nahi badute, esan behar da kapitalismoak geure gorputzen gaineko subiranotasuna kendu digula, eta hortaz, galdutakoa berreskuratzeaz hitz egin beharko genuke eta ez ezer berria lortzeaz.
Falta diren eskubideak ez dira arazo, arazoa eskubideen definizioa bera da, beren unibertsaltasun asmoa mundu pluribertsal honetan.
Ez sinetsi sartu nahi diguten ziria: unibertsalak ez du, inolaz ere, esan nahi gizon* eta emakume* guztiontzat direla.
Unibertsalak esan nahi du europar, inperial, kolonial eta zibilizazio-matrize bakarrekoa, hau da, gizarte-eredu eta demokrazia-eredu bakarrekoa, obeditu eta kopiatu beharrekoa.
Giza Eskubideak ez dira, bada, neurri koloniala hartzeko tresna ere!
Horregatik kritika daitezke Maduro eta Ortega, –oso ondo dago, bestalde, eurak salatzea eta kritikatzea–, baina ezin da kritikatu Israelek edo AEBk egiten dutena.
Europan, edo europar estatuek urratutako giza eskubideak ez dira ankerkeriatzat hartzen, ez dira sartzen eskubide-hausteen zenbakietan. Ezin dira salatu diktadura arrazista, diktadura kapitalista edo diktadura estraktibista ekozida gisa.
Hemen arazoa Giza Eskubideen jabeak dira, eta gizakitzat hartzen dutena animaliatzat hartzen dutenarekiko, zilegitzat eta duitzat jotzen dutena alboko kaltetzat jotzen dutenarekiko.
Europan gaude, hobi komun bilakatu den Mediterraneo itsasoan. XVI. mendean egin zuten bezala, gizaki egoera lapurtzen zaie giza-masa bihurtzeko, ezer esatera inor edo inor gutxi ausartzen delarik, kriminalizatua ez izateko, Helena Malenori gertatu zaion bezala, itsasoan jendearen bizitza salbatzen saiatzeagatik pertsonen salmentaz akusatuta.
Giza Eskubideen erakundeen diskurtsoa maltzurra da, heriotza estaltzeko maskara bat, ezinbesteko hipokresia inor ausar ez dadin benetan egiten ari direnaren kontzientzia hartzera.
Perun jendea hiltzen ari dira eta hori ez da gobernagarritasun ezaren arazo nazionala, baizik eta munduko ordena kolonialak bere bidea segitzeko modua, eta heriotza horiek eskualde osoan baliagarriak dira lehengaiak erauzten segitzeko estatu alemaniar, txinatar, errusiar edo iparramerikarren agindupean. Agindu horietan, espainiar estatua diskoteka sarrerako segurtasun-guardaren lana betetzen ari da.
Arazoa ez dira eskubideak, mundu eta proiektu politikoak baizik.
Hemen lekuz kanpo nago.
Ajimin usaina dut.
Nire pasaporteak kokaina usaina du, legez kanpoko sustantzia Kolonbia, Mexiko edo Bolibian horrek narkoguda odoltsua eragin diguna eta zeinaren konponketa posible bakarra drogen legeztatzea eta koka hostoaren zigorgabetzea den, hain zuzen ere eztabaidatu nahi ez dutena, gure heriotzek ez dutelako baliorik Giza Eskubideen urratzeen kontabilitatean.
Litio usaina dut.
Su emandako Amazoniaren usaina dut.
XVI. mendeko urre eta zilar usaina oraindik ez zait gainetik kendu.
Hemen lekuz kanpo nago.
Ez dut Genevan lobby-a egin nahi, X, J edo P-ren eskubideen alde.
Ez dut Giza Eskubideen jabeekin audientzia bilatu nahi gizakiak garela esateko, Boliviatik, Haititik edo gizakitzat jotzen direnen mapatik ezabatutako beste edozein lekutatik etorri garen arren.
Ez dut nahi nire hirugarren munduko lesbianismoaz harrotu daitezen eta nazioarteko laguntza eman diezadaten, hau da, zapladatxoak bizkarrean zibilizatuagoak senti daitezen.
Nire lana proiektu despatriarkalizatzaile, antikapitalista eta antikolonial bat pentsatzea eta eraikitzea da, eskubideen diskurtsoa erabat gaindituko duena, eskubide horiek emakumeenak, animalienak, transenak zein marikenak izan.
Posible denaren ikuspegia galdu izana leporatuko didate.
Nik beraiei leporatzen diet aspertu egin nautela.
Barka gaiaren begirunea horrela galtzeagatik.
Hizkuntza berean ari garela dioten arren, ez du ematen elkar ulertzen ari garenik.
Eman didaten hamar minutu eskaseko tarte honetan hori da esan ahal dizuedan guztia.
Amaitzeko, eskari bat: Giza Eskubideen Nazioarteko Itunari izena aldatzea nahi nuke.
Eskatuko nuke honela izendatzea: Europarrek Gizakitzat jotzen dituztenen Eskubideen Itun Erretorikoa.
Proiektua ez da boterea hartzea.
Boterearen aurrean ez duzu ahaldundu behar.
Boterearen aurrean matxinatu egin behar duzu.
Proiektua iraultza egitea da.
Eskerrik asko.