2021(e)ko otsailaren 22(a), astelehena

Ahozkotasuna dinamizatzen hezkuntza erakundeetan: mintegiko bideoak

Aurreko astean, otsailak 17, UPV/EHUko Hizkuntzategiak antolatutako lehen mintegian ahozkotasuna izan genuen hizpide.  

Mintegiaren izenburua: Ahozkotasuna dinamizatzen hezkuntza erakundeetan  

Mintegia UPV/EHUko Blackboard Collaborate plataformaren bitartez egin genuen eta saioa grabatua izan zen. Hala ere, bi orduko bideo bat igotzeak zentzu handirik ez duelarik, eta hasiera partean arazo tekniko bat izan genuenez, pentsatu dut lagungarriagoa izango dela bideoa editatu eta zatika argitaratzea.  

Erreprodukzio-zerrenda osoa, saioa jarraian ikusteko 

Euskarri gisa erabilitako aurkezpena deskargatzeko  

Mintegi honen inguruko informazio gehiago blog honetan  

Lehen zatia: Ahozkotasuna zer da?


Bigarren zatia: Ahozkotasunaren gramatika


Hirugarren zatia: Idatzizkotasunak ahozkotasuna itotzen ote du?


Laugarren zatia: Kultura motak: kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboa(k) eta kultura herrikoiak


Bosgarren zatia: Ahozkotasuna nola dinamizatu?


Hemen dituzue aurkezpenean erabilitako diapositibak: 

 

Aurkezpenaren ondoren, eztabaida txiki bat izan genuen eta hori izan zen mintegiaren bigarren zatira hurbiltzeko aitzakia eta trantsizioa. Zoritxarrez, partaideen ahotsak ez dira ondo entzuten eta ez dute kalitate minimoa argitaratuak izateko. 

Mintegiaren bigarren atalean, 2021-2022 ikasturtean abiatuko dugun ikerketa aurkeztu eta komentatu genuen, ikerketa zirriborratzen hasi aurretik. Ikerketa honen berri datozen egunotan emango dut blog honetan, proiektuaren nondik norako nagusiak idatziz eratzen ditudanean.  

2021(e)ko otsailaren 11(a), osteguna

Hizkuntzategiaren I. Mintegia: Ahozkotasuna dinamizatzen hezkuntza erakundeetan (otsailak 17, online)

Datorren asteazkenean, 2021eko otsailaren 17an, Hizkuntzategiaren I. Mintegia izango dugu, online, sarbide irekian, nahi duenak parte har dezan. 

Bi atal nagusi ditu eta nahi duzun atalean har dezakezu parte, ez da beharrezkoa saio osora sartzea. Horrez gain, "partaidetza ixila" izan dezakezu, hau da, entzule gisa parte hartu, edo elkar eragin, BlackBoard Collaborate plataformak ematen dituen aukerak erabiliz: idatzizko txata, audioa edota bideoa.

NOIZ: Otsailak 17, 12:00-14:00
NON: https://labur.eus/TbYvp
Sarbide librea


Mintegiak bi zati izango ditu: 

12:00-13:00 Ahozkotasuna nola dinamizatu ikastetxeetan? 

Lehen atal honetan, ahozkotasunaren kontzeptua zehaztuko dugu eta horrek praktikan esan nahi duena argitzen saiatuko gara, teoria eta praktika ondo elkarlotuz eta ideiak trukatuz. Hasieran, aurkezpen moduko azalpen bat izango dugu, eta, hortik aurrera, ideiak landuko ditugu, elkarreraginean, ahal delarik. 

Kontu hauek landuko ditugu:

  • Ahozkotasunaren kontzeptua
  • Ahozkotasuna eta ahozko sorkuntza
  • Ahozkotasuna kultura herrikoietan
  • Ahozkotasuna eta bizikidetza
  • Ahozkotasunaren dinamizaziorako zenbait gako

13:00-14:00 Ikerketa proiektuaren proposamenaren aurkezpena: Euskararen ahozko erabilera dinamizatzen fakultatean eta ikastetxeetan 

Ikerketa proiektu hau 2021/2022 ikasturtean abiatuko da eta bere helburu nagusia da ikasleek testuinguru eta harreman informaletan (ez akademikoetan) euskara erabil dezaten sustatzeko modu berriak bilatzea ahozkotasunaren eta ahozko sorkuntzaren bidetik. 

Ikerketa-ekintza parte-hartzailea izango da ikerketaren prozesua antolatzen lagunduko duena, hartara, formazioa, autoformazioa, esperimentazioa, dinamizazioa eta partaidetza prozesu osoan zehar eraikiko da. Ikerketan parte hartzeko, hainbat modu daude:

  • Prozesuaren une jakin batean: formazioa eskainiz edo jasoz, ekitaldi zehatz batean parte hartuz...
  • Prozesuaren atal batean: garapen teorikoan, ikasle-talde batekin lan eginez, eztabaida-talde batean parte hartuz...
  • Prozesu osoan zehar: zure ikasleekin batera ikerketa osoan parte hartuz, ikertzaile gisa elkarreraginez...
  • Aholkulari, laguntzaile, akuilari edo formatzaile gisa: prozesu osoan zehar dinamizatzaile, akuilari edo laguntzaile gisa parte hartuz, hainbat formazio ekimenetan parte hartuz, zenbait bileratan parte hartuz ideiak emateko edo lana aztertzeko...

 Mintegian, honako puntu hauek jorratuko ditugu:

  • Nola dinamizatu euskararen erabilera fakultatean?
  • Nola dinamizatu euskararen erabilera ikastetxeetan?
  • Ikerketa proiektuaren lehen zirriborroaren aurkezpena
  • Ikertzeko metodoa eta prozesua
  • Ikerketa proiektuan nola hartu parte

Mintegia Ainhoa Ezeiza irakasle-ikertzaileak gidatuko du, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko kidea eta Hizkuntzategia ekimeneko partaideetako bat.

 

Zer da Hizkuntzategia?

Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko lantalde sortu berria da, hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzari lotutako ikerketa, formazio eta dibulgazio ekimenak gauzatzeko asmoa duena.

 

Hona mintegiaren eskuorria (esteka honetan pdf formatuan):



 

Kultura herrikoien inguruko irratsaioa

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 22. saio honetan, kultura herrikoiak zer diren eta zergatik diren garrantzitsuak azalduko du Ainhoa Ezeiza esatariak. 

Duela urte asko gaude tematuta kultura herrikoiak lantzearekin gure lana pentsatzeko/sentitzeko/egiteko modu gisa. Kultura herrikoiak dira eraldatzeko gaitasuna dutenak: aniztasuna eta horizontaltasuna, egokitzeko, erresistentziarako eta eguneroko bizitzaz gozatzeko gaitasunari lotuta, eraldatze prozesu komunitarioen sortzaile eta indartzaile dira.

Sevillako El Jueves merkatu herrikoia
Sevillako El Jueves merkatu herrikoia

 

Kultura herrikoiek jakintza kolektiboak berreskuratzen eta berpizten dituzte, bat-bateko trukeen bidez, gizarte-kultiboetan, elkarren arteko laguntza-moduak baliatuz, harreman afektiboekin, desikasiz eta ikaste berrietara irekiz… jakintza-iturri agorrezinak dira. 

Kultura herrikoiak konplexutasunaren adierazpen argiak dira, izan ere, bizitzeko modu bat izanik, ezin daitezke azaldu eguneroko espazio eta denboretan sentitu/pentsatu/egin gabe, eta errepikapen sortzailearen bidez sortzen dira etengabe. Dimentsio aniztunak dira. 

 

Kultura instituzionalak legitimatzea lortu nahi du tradizioaren bitartez, bai Estatua indartzeko eta bai protoestatuak eraikitzeko. Masa-kulturak tradizioan negozioa ikusten du, salmenta, turismoa… Kultura alternatibo batzuek ere tradizioa erabiltzen dute beren interesetarako: merkatu berri bat, “ekomerkatuak edo merkatu berdeagoak” sortzeko, prozesu eratzaileak abiatzeko (instituyentes)…

Turistifikazioak eta gentrifikazioak apropos apurtzen dituzte kultura herrikoien harreman-moduak

 

Normalean esaten da kultura herrikoiak kontserbadoreak direla, baina hori ez da hala. Kultura herrikoien ezaugarri garrantzitsu bat da harreman-moduak garrantzitsuagoak direla edukiak baino, eta, hortaz, “objektu kulturalak” ez dira, bereziki, beren interesekoak. 

Adibidez, joskera mota bat oso baloratua izan daiteke komunitate-inguru jakin batean, baina ez horrenbeste bere edertasunagatik, jantzia sortzeko prozesuan gertatzen diren gauza guztiengatik baizik. Jantziaren edertasunak autoestimua elikatzen du, pertsonala, taldearena, kolektiboa… baina bere balio herrikoia galtzen du jantzi hori adibidez Zara denda batean salduz gero, esplotazio-prozesu baten emaitza dela jakinda, hau da, nonbait, “beheko” batek egin du, lan-baldintza eskasetan, gutxi batzuen mozkinak areagotzeko. 

Eraikitze kolektiboan eta gizarte eraldaketan, azkenik, ezinezko gauza bat egiteko egokiera jakin bat baliatzeko ausardia izan aurretik, garrantzi handia dute irribarre konplizeek. Horregatik diogu barrea ezinbestekoa dela kultura herrikoietan gizartea eraldatzeko. Hauek dira barrearen indartzaile gisa identifikatu ditugunak:

  • Jatekoa-edatekoa
  • Maitasuna-sexualitatea
  • Instituzioen aurkako bortizkeria eta berdinen gizartea
«Mingarriaren tiraniaren» aurka, ironia baino errezeta hoberik ez da, horixe zen Chamfort-en proposamena; arima «sakon, ilun, mingarri eta sutsu» horren erremediotzat zuen barrea, eta galdutzat ematen zuen «barre egin ez zuen eguna».

KREDITUAK

Sintonia:  

Mitxoleta – Eneritz Furyak (Eneritz Furyak, 2017) 

Erabilitako testua: 

UNILCO-espacio nómada (2017). Kultura herrikoiak. A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera (19-43). ISM, UNILCO-espacio nómada eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa. Hemen eskuragarri: https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=922  

Blokeen arteko musika: 

Belaunaldia – Karidadeko Benta 

Grândola, Vila Morena – Os Ganhões de Castro Verde (José Afonso)  

 

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.