2014(e)ko azaroaren 9(a), igandea

Ilusionismo soziala Magisteritzan, ezinezkoaren itxaropena...

Aurreko astean, Lehen Hezkuntza Graduko 3. mailako Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian talde batean gertatzen ari ziren hainbat kontu azaldu nituen, eta gaur zertzelada pare bat emango dut "Euskara, hezkuntzarako tresna" izeneko 4. mailako espezialitateko "Hizkuntza eta Teknologia: Baliabideak" irakasgaian gertatzen ari denaz.

[hementxe utziko dut pendiente aurreragorako eztabaida bat "hizkuntza tresna gisa" kontzeptuaren inguruan, zer pentsatu asko du eta kontuak... areago egoera diglosikoan dagoen hizkuntza gutxitu baten inguruan ari garelarik...]

Desiratutako bitartekaritza sozialak eta bitartekaritza teknologikoak

Praktikaldi garaiaren aurretiko 8 aste hauetan, hezkuntzaz asko eztabaidatu eta hausnartu dugu, asko, aurreko hiru urteetan ikasitakoa zalantzan jartzeraino... dakiguna eta irakatsi zaiguna zalantzan jartzea, geure buruari galdetzea, eztabaidatzea, oso jarduera osasuntsua da eskola zer den eta hezkuntza zer den ulertzeko. Ez al da, akaso, naturala planteatzea zertarako hezi nahi dugun? Hezkuntza ??? Zertako !!!




Oinarrizko ideia batetik abiatu gara: zein teknologia erabili, noiz, nola, non... erabakitzeko, gure abiapuntua izan da zein bitartekaritza sozial diren gure bizitzan sustatu nahi ditugunak eta desiratutako bitartekaritza sozial horiek nola mugatzen eta sustatzen diren bitartekaritza teknologikoekin, IKTak erabiliz, alegia.  Ez ditugu soluzioak bilatu, ezta erantzunak ere, baizik eta eztabaidatzea harreman-moduei buruz, partaidetzaz eta komunikazioaz, lekuan lekuko erabakiak har ditzagun, kolektiboki autokudeatutako erabakiak.

Eztabaida hauetan, konturatu gara irakaslearen formazioan zehar gehienbat "aginduak exekutatzen" trebatzen garela, dena delako gobernuak hartzen dituen hezkuntza erabakiak haurrengana irits daitezen: curriculumak, programazioak, unitate didaktikoak, estandarizazioa, ebaluazio-irizpideak... hau da, gobernuak, eskolak, geuk a priori erabakitzen dugu beste pertsona batzuk nola hezi behar diren, eurekin hitzik egin gabe, euren nahiak, jatorriak, interesak... aintzakotzat izan gabe. Magisteritzako irakasgaietan, denboraren parterik handiena EGITEN pasatzen dugu (unitateak, programak, ariketak, txostenak...), oso gutxi PENTSATZEN (pentsatu? zertarako! hezitzaileok exekutore gara, ez pentsalari) eta ezer gutxi SENTITZEN (profesionalak gara! Sentimenduetatik urruntzen ikasi behar dugu!), eta esan behar da oso estrategia eraginkorra dela desiratzen ditugun harremanetatik urrundu eta inposatutako eta onartutatako harremanetan mantentzera bultzatzen gaitu.

Espazioa/lurraldea eta denbora/ordutegia, jakintzaren transmisioa eta jakintzen eraikitze kolektiboa, masa- eta erakunde-kultura eta kultura herrikoiak... bereizten hasteak lagundu digu konturatzen zer ikasi dugun eta zer ikasi nahi dugun.

[kontu hauei buruz gehiago jakiteko: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=158]

Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera



Klase bakoitzean zer tokatzen den jakitea, zalantzarik ez izatea bilatzen dugunean, zer egingo dugun a priori erabaki nahi dugunean, ikasleentzat eta ikasleen partez erabakitzen dugunean, programatzen, diseinatzen, estandarizatzen, koordinatzen, berdintzen, errepikatzen... dugunean, posible denaren segurtasunean mugitzea bilatzen ari gara. Badakigu zer aterako zaigun berdin digulako egoera bakoitzean zer gertatuko den, eta guk nahi genuena ateratzen ez bada, "talde txar bat" tokatu zaigulako izan da, edo "iristen ez den ikasle baldar bat" dugulako, edo hizkuntza ez dakien ikasle etorkin baten "arazoa" dugulako... dena da enbarazu, dena da GEURE (edota dagokion gobernuaren) helburuetara iristea eragozten diguten oztopoak.

Posible denaren segurtasunean lanean ari garenean, jendearen gainetik pasatzen gara euren erritmoa erabakitzen dugulako, zenbaitzuek segitzen digutenez horrek indartu egiten du gure proposamenaren balioa, eta gainerakoak "dibertsifikazio kurrikularrera" doaz, orientatzaileen eta PPTen laguntza behar dute, klase partikularrak jaso behar dituzte... Aldez aurretik finkatutako helburu eta edukietan zentratzen gara.

Irakasgaian lanean aritu gara ezinezkoaren itxaropenean. Nola? BA EGINEZ! Gure kasuan, simulakroak, bizipenak, adibideak... baliatuz. Asko animatu gaitu 3. mailakoak egiten aritu direnak (hasieran estekatutako sarrera), klasean izan ditugun eztabaidek ere bai, Javier Encinaren bisitak lagunduta (burua ederki zabaldu zigun...), "Desirak Zabaltzeko Soka" ("El Tendedero de los Deseos") izenekoaren geure bertsioa ere egin genuen, hezkuntzari buruz genituen kezkak eztabaidatzeko, etorri nahi zuen edonor gonbidatuta:

[partaidetzarako tresna honi buruz gehiago jakiteko: http://vimeo.com/21758950]


eta halaber, zortzi aste hauetan teknologia hauek erabili ditugu:
  • Irakasgaiko foro birtualean eztabaidatu dugu (nork bere borondatez hartu izan du parte eta, egia esan, oso aktibo dabil), bereziki mobilaren erabileraz eta nola mobilak sozializazioa mugatu dezakeen eta kontrolerako tresna gisa erabiltzeko arriskua dagoen (esaterako, whatsapp-aren berrikuntzak), nola sustatu partaidetzarako modu horizontalak, eskola alternatiboen eta eskola herrikoien adibideen bideoak partekatu ditugu... Konturatu gara foroan nahi dugulako parte hartzen dugunez, ez notarako delako, errazagoa dela debateak proposatzea eta gure esperientziak partekatzea.
  • Gure blogean: http://majisteatzen.blogspot.com.es/. Blog hau zabaltzea erabaki genuen, ez "blog bat egin behar zelako", baizik eta gure intereseko gaiak nolabait zabaldu nahi genituelako. Nahi duenak nahi duen modura hartzen du parte, banakako eta taldeko artikuluak idazten dira, batzuk anonimoak eta beste batzuk sinaturik. Bi hilabete baino gutxiago daramagu blogeatzen eta dagoeneko 74 sarrera ditugu, askotarikoak; bertatik hainbat artikulu hautatu ditugu gure aldizkari elektronikoaren lehen alerako. Gaiak eta egitura aldez aurretik definitu ordez, nahiago izan dugu argitaratzen hasi eta nahi genuena argitaratu, eta gero ikusi ze tankeratako artikuluak argitaratu ditugun eta zertaz idaztea dugun gustuko.

http://majisteatzen.blogspot.com.es/
  • Bideo hauxe sortu dugu: "Hezkuntza kolektiboki eraikitzen", bertan laburbildu ditugu egin ditugun hainbat kontu eta giroa pittin bat harrapatzen duena, eztabaida serioak dituena eta baita gauza dibertigarriak ere, umore ona eta kritika asko:


Bideo hau Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan grabatu da (Euskal Herriko Unibertsitatea), "Hizkuntza eta Teknologia" klaseetan. Laugarren mailako ikasleez gain, lehen mailako bi ikasle animatu ziren, Eneka eta Naiara, Zuzenbide Fakultateko ikasle bat, Nai, eta dagoeneko graduatutako ikasle den David. Horrez gain, eskolan zehar topatu ditugun beste ikasle batzuk ere parte hartu dute, oso umore onez. Eskerrik asko denoi parte hartzeagatik!

Horrez gain, bideoaren 12. minutu aldera 3. mailakoek garatutako lau ekimenen inguruko irudiak ere txertatu ditugu: sarrerako eserlekuak, zeinen bitartez kritikatu den ikasleen ekimen propioak gauzatzeko jartzen diren oztopoak, gymkana iragartzeko eskegi zen pankarta, goizeko ordutegia goizez soilik izateko egindako aldarrikapena, eta zenbait ikaslek egindako proposamenaren aldarrikapena: ate bat jartzea ikastetxe erdiguneko lorategira sartu ahal izateko (uneotan soilik garbiketako pertsonala eta lorazainak sar daitezke) eta bide batez, aldarrikapen indartsuago bat: "guri ateak ZABALIK gustatzen zaizkigu" askatasun sinbolo gisa (espazioa eta ez lurraldeak, denbora eta ez ordutegiak). Grabazio hauen bidez, gure eskerrak adierazi nahi dizkiegu ideia asko eman dizkigutelako!


Jabegabetzea unibertsitatean ilusionismo sozialaren bidez

Honakoak izan dira egin ditugun gauzetako batzuk, 8 astetan soilik!!! Eta, garrantzitsuena: INOR EZERTARA BEHARTU GABE. Iruditzen zaigu ikasleak behartzen ez baditugu ez dutela ezer egin nahi izango, ez direla klasera etorriko, ez dutela interesik erakutsiko... eta noski, ikasle batzuek ez dute parte hartu... dena delakoagatik... baina gehienek nahiago izan dute klasera etortzea, ostegun eta ostiraletan goizeko 8:30etan (gero kritikatuko da unibertsitarioen nagikeria...), edo ostiralean 13:30ak arte... eta modu aktiboan parte hartu dute, hausnartuz, interesez, jostatzeko eta ikasteko gogoz, umore onez, ikuspegi kritikoz...

Gure geure praktika simulakro bat izan da ezinezkoa posible izan daitekeela egiten/pentsatzen/sentitzen lagundu diguna... eta posible izan daitekeela kolektiboki lan egiten badugu, geure artean zainduz, lagunduz eta lagunduak izaten utziz, elkarrengan konfiantza izanik, jakintzen eraikuntza ahalbidetzen duten keinu eta akzio txiki piloari balioa emanez. Irakaslearen jabegabetzea eta ilusionismo sozialaren keinutxo bat...  

[Ilusionismo sozialaren keinuen inguruan gehiago jakiteko - pdf]


2014(e)ko urriaren 29(a), asteazkena

Partaidetza esperientziak eta ilusionismo soziala Magisteritzan... Hizkuntzaren Didaktikan

2014ko irailean hasita, partaidetza esperientziak bizitzen ari gara Magisteritzan (Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan), 1., 3. eta 4. mailako hainbat talderekin, Javier Encina, ilusionista sozialaren laguntza eta lankidetzari esker, bisitan ere izan genuena aste pare batez saio batzuetan gurekin lanean (mila esker, Javi! <3). 7-8 aste hauetan gauza pilo-piloa gertatu da... izugarri ikasten ari gara eta gainera, alaitasun handiz!

Egunero gertatzen da zerbait zirraragarria, nire kaxkagorkeriak ikusten uzten ez zidan arren... Hona aurrerapen txiki bat, datozen asteotan jarraituko dut kontatzen eta sakontzen. Luzeegi ere ez jotzeko, 3. mailako esperientziatik hastea pentsatu dut, partaidetza-prozesu honetan lehenak izan zirenak hasten.

Hizkuntzaren Didaktika saioak 3. mailan

Esan daiteke hauxe dela talde motorea, egunero ideia berriak sortzen dira partaidetzaren eta eraikitze kolektiboaren ulermenean sakontzen eta, batez ere, gure arteko harremanak hobeak izan daitezen laguntzen digutenak. Proposamen orokor honekin hasi ginen: "irakasgai (denbora) honetan, egin nahi duguna egingo dugu", eta egingo dugu "eraikitze kolektiboa eta partaidetza sustatuz".

Hortik aurrera, hainbat ideia eta proposamenen ondoren, hiru proiektu-aitzakia aukeratu genituen, denbora labur honetan garatzeko modukoak (10 aste, 4 ordu astean):
  • Magisteritza dekoratzea, harremanetarako eta lanerako leku atsegina izan dadin. Hortik sortu zen @decomagis izeneko esperientzia, Eskolako mugimendu sozial bilakatu dena, eskola osoan zehar jasotzen baitira proposamenak; dekorazioa aldarrikapenetarako tresna gisa erabiltzen da, eskatzen diren aldaketak adierazteko, proposamenak erakusteko... eta, hau dena, lan-taldea etengabe zabalduz, edozein pertsona edozein unetan parte hartu ahal izateko, proposamenak entzunez, elkarlanean eta irudimen handi-handiz.
  • Gymkana bat belardian antolatzea, nahi duen edonork parte har dezan. Gymkana hau bihar egingo dugu, osteguna, urriaren 30ean 11etan, eta kontatu ezin ditudan sorpresak egongo dira... baina bertatik pasatzen bazarete, ez izan zalantzarik eta parte hartu, helburua da elkarrekin ondo pasatzea! Antolaketa honetan, proposamena egin zuen taldea lagundua izaten utzi die besteei, eta horrek asko irakatsi digu kolektiboki lan egitea zer den ulertzen. Proiektuaren "arrakastari" lehentasuna eman ordez, elkarrekin lan egitea izan da inportanteena, elkar zaintzea eta elkarri laguntzea. Gymkana iragartzeko pankarta Magisteritzako 3. pisutik 1.era jaisten da:
  • Antzerki-talde bat sortzea: talde honek sormen handiz lan egin du, mini-antzerkiak sortuz, antzerkia planteatzeko modu asko proposatuz publikoa ikusle izatetik partaide izatera pasa dadin, tradiziozko rolak gainditzeko ideiak garatuz... Talde honetan asko eztabaidatu eta hausnartu da indibidualismoaz eta lan kolektiboaz, ikuskizun eta masa kulturaz... eta talde honetako kideak beste taldeei laguntzen aritu dira, beharra sortu denean.

Hau hizkuntzaren didaktika ote?

Proposatzen ari bagara hizkuntza ez dadila testuingururik gabe eta modu isolatuan landu, diziplinartekotasuna bilatzen badugu, ahozkotasunean oinarritu nahi badugu idatzizkoaren ulermena eta ekoizpena eraikitzeko... proiektu hauek ederki erakusten dituzte planteamendu horiek praktikan.

Proiektuen garapenean zehar, ikasleek (eta neuk!) eztabaidatu dute, negoziatu, hausnartu, idatzizko testuak elkarrekin ekoiztu dituzte, berriketan aritu dira... eta gainera, behar izan duten neurrian, Gorputz Hezkuntzako irakasleengana jo dute (gymkanarako materialak lortzeko), Plastikaren Hezkuntzako irakasleengana (pankarta eta dekoraziorako) eta Musika Hezkuntzako irakasleengana (gymkanaren egunean musika jarri ahal izateko).

Diziplinak modu naturalean integratu dituzte. Komunikazioa benetakoa izan da eta askotariko kanalak erabiliz: komunikazio elementu plastikoak, soinuzkoak eta musikalak, fisikoak, testualak... Prozesu osoan zehar, eztabaidak izan ditugu proiektuei sakontasuna emateko eta batez ere taldekideon eta taldetik haratagokoen arteko harremanetan sakontzeko. Kontraesanak topatu ditugu, blokeo eta frustrazio uneak izan ditugu, azpiegitura arazoak... baina arazo horiek konpontzen eta ebazten joan gara, ikuspegi kolektiboaren eta elkarren arteko laguntzaren ikuspegiari esker.

Eta, denetan onena, egiten ari ginenaren ilusioa konpartitzearen alaitasunaz egin dugu lan eta askatasun sentsazioaz, ez baitut nire botere koertzitiboa erabili (proiektua ez dute egin "notarako", nahi izan dutelako baizik), eta horrek erraztu digu komunikazioa horizontalagoa izan zedin.

Fase honen amaieran, klaseko azken bi aste hauetan, ikasiko dugu hau dena nola "justifikatu legez", unitate didaktiko moduko bat proposatuko baitugu egin duguna dokumentatzeko, eta unitate hau egiteko aitzakiaz, egindako lanaren askotariko ebaluazioak egingo ditugu, bizipen desberdinak ditugulako gertatu denaz, eta ebaluazioaren gaiaz debate bat zabalduko dugu.

Hortik aurrera... batek daki zer gertatuko den! Bizitzari sorpresak ematen utziko diogu! ;-)

PD: Hona @decomagis-ek sarrera honi erantsi nahi diona (eskerrik asko!!!):




2014(e)ko urriaren 21(a), asteartea

Hezkuntzaz eztabaidatu nahi? Etorri urriaren 23an Magiseko belardira!

Egun hauetan, greba zela ez zela, konturatu gara gure Eskolan gutxi eztabaidatzen dela ikasle-irakasleon artean. Hori dela eta, datorren ostegunean, urriak 23, klasea belardira eramango dugu!


Goizeko 8:30etan hasita, nahi dugun hezkuntza izango dugu eztabaidagai: zergatik gauden LOMCEren aurka, nolako hezkuntza desiratzen dugun, nola egin dezakegun hezkuntza hobe baten bidea...






Greban egon ala ez, hezkuntzaz kezkatuta bazaude, LOMCEri buruz eztabaidatu nahi baduzu, hezkuntzaz beste pertsona batzuekin eztabaidatu nahi baduzu, hurbildu ostegunean 8:30etan!

Nabaritu dadila Magisteritza Eskolan kezkatuta gaudela hezkuntzaren orainaz eta geroaz eta denok dugula zeresanik!!! Gonbidatu zuen lagun eta ikaskideak etortzera!!!

Irudiaren iturria: sustatu.eus

2014(e)ko urriaren 5(a), igandea

"Autonomía y Autogestión" liburuaren aurkezpena Donostian, urriaren 10ean

Datorren ostiralean, 2014ko urriak 10, 19:30ean, "Autonomía y Autogestión" DVD formatuko liburuaren aurkezpena egingo da Donostiako Udal liburutegi zaharreko sotoan, San Jeronimo kalean (Kriptan).



Liburu honetan, autonomia eta autokudeaketaren gaia Andaluzia, Euskal Herria, Argentina, Brasil, Mexiko, Kolonbia, Uruguay eta Txilen lantzen ari diren hainbat pertsona eta kolektiboren arteko elkarlana, elkarren arteko laguntza, konexioa eta eraikitze kolektiboaren emaitza da. Zenbait kasutan, urteetan gauzatu da harreman hau, eta beste hainbat pertsona eta kolektibo duela gutxi harremanetan jarri izanak gainerakoen arteko lotura berpiztu du, trukean eta elkarren arteko eraikuntzan segitzeko bultzada izan dena. Uneotan, modu autonomo eta mendeartekotasunean gertatzen ari den elkarlanean, proposamen berriak sortu dira, besteak beste jabegabetzearen kontzeptuaren garapena.


Hau da liburuaren aurkibidea, bertan ikusten da askotariko autoreek hartu dutela parte, bai maila teorikoan eta bai munduko leku askotan garatu diren esperientzia zehatzei lotuta:

Egin klik hemen aurkibidea tamaina handian ikusteko


Aurkezpenean, argitalpenaren koordinatzaileetako bat izango dugu, Javier Encina, ilusionista soziala (Sevilla), uneotan gurekin elkarlanean ari dena Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan jabegabetzea eta partaidetza lantzeko, eta neu ere bertan izango naiz liburuaren kolaboratzaile gisa.

Hementxe duzu liburuaren sarrera, irakurri nahi baduzu (pdf).


Harremanetarako:
http://autogestion.ilusionismosocial.org/
ilusionismosocial@gmail.com

2014(e)ko irailaren 10(a), asteazkena

Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiaren hasieran... gure iritziak trukatzen

Atzo (2014/09/9) hasi ginen Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (UPV/EHU) hirugarren mailako ikasle talde batekin Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian. Beno, benetan irakasgaia Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika da, baina, unibertsitatearen bitxikeriak, hizkuntza literaturatik bereiztuta ematen da... hori posible balitz bezala... baina tira, hizkuntza gorputz adierazpenetik, adierazpen plastikotik, ikus-entzunezkoetatik, gizarte, naturatik bereizita lantzen da, ez nintzateke harritu behar... jakinduria eremuka zatitzerik omen dago...

Kontua da aurten hezkuntzaren eta hizkuntzaren jabegabetzearen kontzeptura hurbildu nahi genukeela, partaidetza eta eraikitze kolektiboa ardatz hartuta, ikasleek nahi badute, noski... gaur-gaurkoz ez dakit nondik nora joango den irakasgaia, denon artean eraikiko baitugu... eta irakasgaiaren ikuspegi orokorrera hurbiltzeko, neronek nire ideiak botatzen hasi aurretik ikasleak nigandik defendatzeko tresnak izateko, lehenik nork bere pentsamenduak adierazteko jarduera bat garatu dugu.

Hamar adierazpen pentsatu nituen, hamarrak hizkuntzekin eta hizkuntzen didaktikarekin lotura dutenak, bost esaldiko bi zerrenda osatuta, eta ikasleek adierazi behar izan dute ea ados zeuden, desados ala iritzirik ez zuten egokitutako bost esaldiekin. Ondoren, taldeka eztabaidatu dute, taldekideak mugitzen joan dira iritziak kontrastatzeko eta gero, beste taldekideekin ideiak trukatu dituzte. Azkenean, denon artean hasi dugu debatea, bihar jarraituko duguna.


Esaldiak, bi multzotan banaturik


Hona hamar esaldiak, ea zer iruditzen zaizkizuen:

  • Komeni da haurrek lehenbailehen ikastea irakurtzen, jakintza bereganatzeko.
  • Eskolan gehienbat ahozko komunikazioa sustatu behar da, eta idatzizko komunikazioa askoz gutxiago.
  • Saiatu behar dugu haurrek soilik euskaraz egin dezaten eskolan.
  • Euskalkiak baino hobe da euskara batua irakastea eskolan.
  • Hizkuntza ez da gainerako jakintza eta bizi esparruetatik bereizi behar.
  • Hurrenkera edo sekuentzia didaktikoek mugatu egiten dute haurren partaidetza eta sormena.
  • Partaidetza bide ona da komunikazioa garatzeko.
  • Komunikazioa garatzen lagundu behar dugu partaidetza sustatzeko.
  • Hizkuntzaren egiturak pentsamenduaren egitura baldintzatzen du.
  • Hizkuntzaren lanketaren bitartez, irakasleok pentsamendu eta botere egiturak transmititzen ditugu.

Talde osoa bildu zenean, eskolan transmititzen den jakintzaren estandarizazioaz aritu ginen gehienbat, eta horretan hizkuntza hautaketak, hizkerak, adierak duten zeresana. Nahi baduzu, zure iritzia eman dezakezu eta horrela ideia hauek lantzen lagunduko diguzu ;-)

Oh.: esaldiak eskuz idatzita egotea ez da kasualitatea... estandarizazioaren kontuekin dauka zerikusia... ;-)

2014(e)ko irailaren 7(a), igandea

Nork du agintea hemen?

Somatzen zaitut faltan itsaso ertzean,
Somatzen zaitut faltan iluna heltzean,
Ta ilargia zerutik desagertzean,
Pozik nagoen bakoitzean

Lorea ez doa lurrari baimen eske,
Berak nahi duenean atera daiteke.
Agintzea ez da agintzea hainbeste,
Biok aske izan gaitezke.

Quién manda aquí,quién?
Quién manda aquí,quién?
Tiempo de ver como se levanta la gente yo no necesito poder.



Quién manda aquí,quién?
Quién manda aquí,quién?
Tiempo de ver como se levanta la gente yo no necesito poder.
Quien manda?

Y si ya tengo el agua que me da la lluvia,
Si conozco lo grande que me da el cielo.
Si ya tengo lo oscuro que me da la noche,
Si entiendo lo que pasa cuando arde el fuego.
Si se abren los caminos cuando hay estrellas,
Si puedo vivir por lo que cae al suelo.
Si no me falta la esperanza gracias a la mañana.
Yo no necesito poder.

Quien manda aquí,quien?
Quien manda aquí,quien?
Tiempo de ver como se levanta la gente yo no necesito poder.

Nork agintzen du, nork, nork, nork?
Nork agintzen du hemen eta hor.
Hemen mundu guztia ni banator,
Joko honetan ez diot inori ezer zor.

Bukatu da tximuena, itsu, mutu, gor,
Altxatu jendearekin eta izan bizkor:
Nork agintzen du, nork, nork, nork,
Nork agintzen du hemen eta hor.

Quien manda aquí,quién?
Quien manda aquí,quién?
Tiempo de (nork agintzen du) ver como se levanta la gente, yo no (nork agintzen du, nork, nork, nork) necesito poder.

Quién manda aquí, quién?

2014(e)ko ekainaren 23(a), astelehena

Nire kontraesanen aurrez aurre: PBL ikastaroa Kanarietan eta jabegabetzearen zutabeak

(Sarrera hau 2014ko ekainaren 23an argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)

KONTRAESANEN ZURRUNBILOAN KANARIETAN

Sarrera hau atzeratzen ibili naiz eta dagoeneko hilabetea pasa da Kanarietako ULPGCn (Universidad de Las Palmas de Gran Canaria) PBL ikastaroa eman nuenetik, CICEIk gonbidaturik (16 orduko ikastaroa, 2014ko maiatzaren 27-28an). Egun batzuk lehenago, bizitza irauliko zidan Partaidetza, Autogestio eta Jabegabetzeari buruzko mintegian jardun nuen (hemen blog-sarrera) eta harrezkero, Javier Encinarekin nabil bizitza berri bateko lehen pausoak eman nahian, nire kontraesan guztiak agerian jartzen ari zaizkidalarik.

Kontua da ohartzen hasia naizela bai irakaskuntzan eta baita neure bizitza pertsonalean ere dena kontrolpean izateko grinak kalteak eragin dituela/dizkidala (beheraxeago argituko dut), eta jabetze prozesu horren hasieran egokitu zitzaidan Kanarietara joatea PBL metodologiari buruzko ikastaroa ematera.

PBL METODOLOGIAREN ISPILUA: ZER SUSTATZEN ARI NAIZ???

Lehenago ere PBLan aritua naiz, 2010etik. Uste nuen metodologia honek aukera gehiago ematen zizkiela ikasleei autonomiaz eta euren nahietara lan egiteko, baina orain konturatzen naiz proiektuen bitartez ikastea ez dela metodologia tradizionaletatik apenas urruntzen. Izan ere, irakasleak izaten gara proiektuen egitura proposatzen eta gidatzen dugunak, eta ikasleen arteko harremanak sustatu ordez, jarraitzen dugu edukietan oinarritzen, kasu honetan edukia proiektua bera da.

Irakaskuntza proiektuaren garapenaren onbidean oinarrituta, produktuaren arrakastan, a priori erabakitzen dugu zer ikasi behar den eta nola, zein gaitasun zehatz erabili behar diren produktu hori garatzeko eta zer den ikasleen "jardunbide egokia". Ikasleari askatasun sentsazioa eskaintzen zaio baina ez du askatasunik zirkulu zehatz batetik haratago mugitzeko. Gainera, lan-zama handitzen zaio eta ikaskideak presionatu behar ditu proiektua aurrera ateratzeko. Ondorioz, irakasleok botereari eusten diogu baina erantzukizunak delegatzen ditugu, hau da, boterearen betekizunak ikasleen gain jartzen ditugu.

Arreta proiektuan (edukian) jartzen denez, kooperazioa lehenesten da. Lan kooperatiboa asko azpimarratzen da hezkuntza berrikuntza gisa, baina kooperazioak harreman inpertsonalak sustatzen ditu, objektu edo helburuen garapenean oinarritutako harremanak direlako, aurrez diseinatutakoak. Berrikuntzak, horrela, eredu menderatzailea indartzen du, erakunde edo enpresa kultura, eta aukera gutxi uzten dugu bestelako bizipenak edo ikaskuntzak sortzeko.

Hau ulertzea oso mingarria egin zait, ze lagundu egin dut metodologia hau zabal dadin, nire (ustezko) ideologiaren aurka doanean. Ikasleak indefentsio egoeran geratzen dira eta elkarren arteko lehia sustatzen du, proiektua ahalik eta onena izan dadin baita helburua, prozesuan zehar kalitatea bermatzeko sistemak ezarrita (mugarriak, ebaluazio-irizpideak, kontrasteak...). Enpresa ikuspegia sustatzen da hezkuntza erakundeetan eta ondorioz, boterearen aldeko ekimenak dira.

HAUSNARKETA HONEN ERDIAN... PBL TAILERRA EMATEN

Neure buruarekin borrokatan egokitu zitzaidan Kanarietako PBL ikastaroa ematea ULPGCn. Tailerrean zehar, neure kontraesan guztiekin egin nuen topo eta barne-borroka horretan egin genuen lan. Ikastaroan parte hartu zutenekin benetan eskertuta nago, bereziki Juan Rafael Rodríguez-ekin bere gonbiteagatik, hain atsegina izateagatik nirekin eta ikastaro hau emateko nigan erakutsi zuen konfiantzagatik.

Tailerra hasteko, gure unibertsitatean PBL formazio programa aurkezteko erabiltzen den powerpoint erako aurkezpen bat erabili nuen 10 minutuko azalpen bat emateko, eta gero hainbat galdera zuzendu nien, aurkezpeneko edukien ulermen maila konprobatzeko. Partaideek txintxo egin zuten erantzuteko ahalegina, baina gaizki sentitu ziren, bai azalpenaren trinkotasunagatik eta bai galderak ondo erantzuteko ez zirelako gai izan. Kalifikazio negatiboak jarri nizkien.



Galdetu nien zein izan ziren kontraesanak, eta konturatu ziren apropos sentiarazi niela gaizki, ikasleak nola sentiarazten ditugun ulertzeko. Orduan agerikoena argitu zuten: saio magistrala egiten ari nintzen PBL metodologiaz hitz egiteko. Baina hori ez zen problematikoena... Partaideek ez zekiten ezer nitaz, ezta elkarren berri ere, eta nik beraietaz ere ez. Saioa guztiz inpertsonala gertatzen ari zen, partaideek "ikasle rola" hartu zuten eta ondorioz, partehartzea "arrisku" gisa interpretatu zuten.

Orduan, denak klasetik "bota" nituen eta berriz hasi ginen lanean: ikasgelatik kanpo, pasiloan elkartu ginen berriketan egitera, izenak galdetzera, ikaskuntza zer den eztabaidatzera... eta ikasgelan berriz sartzeko zeudelarik, ordurako abesti hau jarrita nuen:



Abesti hau Javi Encinak hautatu zuen, berak musikaz asko daki eta, eta beharbada ez duzu jakingo baina Kanariar Handietako herri-musikaren ordezkari bikainak omen dira, gainera Kanariar Egunaren bezpera zela egokitu zen eta tinpleak entzunda, gustura sentitu ziren sartzean. Hasieran ez ziren ohartu musika hori jartzearen garrantziaz... tailerraren erdialdean galdetu zidaten zergatik ez jarri euskal musika, horrela eurek nigandik ikasiko zuten... ondoren ulertu zuten garrantzitsuena zela beraiek konturatzea ni, irakaslea, ahalegintzen ari nintzela eurak gustura senti zitezen, ez "nire jakintza transmititzen", jakintzaren transmisioa ez baita garrantzitsuena... Hortik aurrera, tailerrean zehar, PBL metodologiaz aritzeaz batera, ahaluztearen zutabe diren kontzeptuak hainbatetan azaleratu genituen.

Hemen nabarmendu nahi dut PBL metodologia eta ahaluztearen ikuspegia tarteratzea kontraesan handi bat dela, PBL metodologia, esan bezala, boterearen erakusle delako, hain zuzen ere ahaluzteak bilatzen duenaren aurka. Horregatik diot oso tailer kontraesankorra izan zela eta, aldi berean, oso argigarria, kontraesan horiek agerian jartzeak balio handia izan zuelako, neuretzat behintzat...

JABEGABETZEAREN ZORTZI ZUTABEAK: AURKEZPENA

Gertaera hau kontatzen ari naiz blog honetan hemendik aurrera jabegabetzearen zortzi zutabeen inguruan ariko naizelako, modu pertsonalagoan. Kanarietako bizipen profesionala hartu dut abiapuntu eta sarrera hau idaztea asko, izugarri kostatzen ari bazait ere, espero dut hau nire bizi-garai baten amaiera eta berri baten hasieraren erakusle izatea...

Hona zortzi zutabeak, Kanarietan gertatu zitzaidanarekin labur-labur irudikatuta... eta kontuan izanda KONTRAESAN orokor bat dela... kontraesanez beteta bizi baitut azken hilabetea.

1. ZAINTZAK:
Talde-lanak ikaskideak barruraka begiratzera behartzen ditu, euren talderantz. Tailerrean zehar, asko azpimarratu genuen zein garrantzitsua zen ingurura begiratzea, ikustea denok ondo geundela eta elkarri laguntzea, laguntzeak geure lanean atzerapena ekar badezake ere. Proiektua ondo bukatzea baino askoz garrantzitsuagoa da gure taldea, gure kolektiboa edo gure komunitatea ondo sentitzea eta horretarako, arreta jarri behar da ea denok ondo gauden.

Ikusi genuen elkarren arteko zaintzek giro atsegina sustatzen zutela eta ondorioz, askoz hobeto egiten ari ginela lanean. Tailerraren bigarren egunerako, lanerako musika-proposamenak hasi ziren botatzen tailerreko partaideak eta horrela, klaseko giroan hain garrantzitsua izan zen musika irakaslearen kontroletik ikaskideenera pasa zen. Musika atsegina partekatzea elkar zaintzeko modu bat bezala ulertu zen.

Kontraesana: Han nengoela, neroni ez nintzen konturatu ez nintzela nire bizitza pertsonala zaintzen ari, profesionalari lehentasuna eman bainion, eta maite ditudanekin ez nintzela arretatsua izaten ari... nire maitearekin...

2. ASKATASUNA
Disentsuan eta disentsuaren konplexutasunean oinarrituta ulertzen da askatasuna ahaluztean, kontsentsuak botere-bideetara eta izura baikaramatza. Asko hitz egin genuen ikasleen askatasunaren balioaz eta horretarako, proiektuak aurrez diseinatu ordez (metodologia) erabateko irekitasuna baliotsuagoa zela. Ez dugu zertan ados jarri denok proiektu bera egin dezagun edo modu berean egin dezagun. Gure kasuan, partaide batzuk taldeka aritu ziren proiektu bakarrean eta beste batzuk bakarka aritu ziren euren proiektua garatzen.

Interesgarriena izan zen nola ikasi genuen denok proiektu guztietatik "azterketarik" gabe eta ebaluazio prozesurik gabe. Taldea barrura begira egon ordez denok elkarren adi geundenez, elkar zaintzeko, errazagoa izan zen elkarrengandik ikastea, ebaluazioaren botere mugatzailea aplikatu gabe.

Kontraesana: Bitartean, askatasunaz gozatzeko behar den denbora hartu beharrean, saiatzen ari nintzen leku guztietan egoten eta inon ez egotea lortzen ari nintzen... deskokatuta nengoen eta nire ingurukoak ni zaintzen baninduten ere, "mirabetza boluntarioan" nengoen ni... eta neure burua etengabe ebaluatzen...

3. ERAIKITZE KOLEKTIBOA
Kolektiboki eraiki nahi bada, ez da a priori zehaztu behar zer eraiki behar den (horregatik ez da egokia PBL metodologia eraikitze kolektiborako), bestela ez baita kolektiboa, goitik ezarria baizik. Eraikitze horretan, bat datoz pentsatzea, sentitzea eta egitea, hiruretako bat bera ere baztertu gabe, eta elkarrekin eraikitze horrek disentsoaren askatasunean behar du izan.

Kolektiboki gutxi eraiki genuen tailerrean zehar, baina tailerraren programari kasurik egin ez nionez, aukera izan genuen elkarrekin pentsatzeko, gure artean gero eta lasaiago eta giro atseginagoan egoteko eta elkarrekin lan egiteko.



Kontraesana: Gaur gaurkoz, oraindik ez dut lortu sentitu/egin/pentsatu bateratzea... hala ere, tailer hau lehena izan da hiru alderdiak gertu izan ditudanak, nire sentipenak indarrez bultzaka ari zirela eta... lehen egunean sentipenak ixiltzen saiatu ondoren, askatuta dena hobeto zihoala konturatzeko balio izan dit ikastaro honek... eta hori asko izan da...

4. KONFIANTZA
Konfiantza ezinbestekoa da eraikitze kolektiboan eta elkarren zaintzarekin batera doa, zainduta sentitzea eta besteak zaintzeko ardura hartzea konfiantza giroa sortzen laguntzeko gako dira. Konfiantza gauzatzeko, beharrezkoa da arreta harremanetan jartzea eta ez edukietan edo proiektuan. Horregatik izan zen garrantzitsua tailerraren hasieran anonimotasunaren eta inpertsonalitatearen aurrean partaideak agurtzea, besarkatzea, izenak ezagutzea... eta ikasleak ikusi ordez, pertsonak ikustea, jendea.

Irakaskuntzan ez gaude ohituta ikasleengan konfiantza izatera eta hori izaten da botere kohertzitiboa ezartzeko dugun arrazoi nagusia. Konfiantza harremanak bilatuta, ez dugu horrenbeste ebaluatu eta kontrolatu beharko. Juan Rafaelek egiten duen eran, ikasle-irakasle harremana apurtu eta kide-laguntzaile gisa lan egitea da konfiantza izatea irakaskuntza testuinguruetan.

Kontraesana: nire harreman pertsonaletan ezartzen dudan kontrola konfiantza faltan oinarritzen da, baina horretara ohituta, ez nuen sinesten konfiantza egotean ez dela beharrezkoa kontrola izatea... alegia, kontrolari eusteko dudan behar horrek konfiantza falta erakusten du eta horretaz ohartzeak kontraesan mingarria eragin zidan.

5. ELKARREN MENDETASUNA ETA AUTONOMIA
PBL metodologian beti aipatzen da elkarren mendetasunaren ideia, baina PBLn modu kooperatiboan planteatzen da, ez modu kolaboratzaile-eraikitzailean, beti irakaslearen boterepean. Ahaluztean, mendetasuna eta autonomia harremanetan oinarritzen da, ez edukietan, eta horrela, egoeraren araberako lidergoa da jakintzak partekatzeko eta garatzeko modua, errepikapen sortzailean oinarrituta.

Tailerrean, errepikapen sortzailean oinarritu ginen gure i(ra)kaskuntza esperientziak trukatzeko, eta ikusi genuen horrek tentsioa arintzen duela, errepikapenak arindu egiten du berriarekiko tentsioa, eta ekarpen berriak errazago partekatzen dira horrela. Egia esan, oso jostagarriak dira errepikapen sortzaileak, poza eragiten dute. Posterren muntaketan ere, polita izan zen mendetasun hori nola gauzatu zen ikustea, elkarri eman baitzioten laguntza taldekideak izan zein ez.

Kontraesana: konturatzen hasi nintzen nire harreman pertsonaletan "kamaleonikoa" izan naizela, autonomiari uko egin eta mirabekeriaz jokatu izan dudala... alegia, neure nitasunari uko egin eta egoeraren arabera moldatzeko joera izan dut, eta horrek egoera desastrosoetara eraman nau... nahiz eta uste nuen dena ondo zihoala...

6. ALAITASUNA
Zorionak perfekzioa bilatzen du, eta zorion horren bila, azkenean masa kulturan, materialismoan, kontsumismoan eta tristezian erortzen gara. Alaitasuna, berriz, unean unekoa da, ez du eskatzen bilatzea eta oso erraza da lortzen. Tailerrean tentsio uneak izan ziren, eta alaitasunaren bitartez, txantxak eginez, musika atseginaren laguntzaz eta elkarren zaintzaren bidez lortu genuen konfiantza areagotzea.

Kontraesana: Bizitza berrian ematen ari nintzen lehen pauso horiek oso pozgarriak izanik ere, sentipenak egiten ari nintzenarekin eta nire pentsamenduekin kontraesanean zeudenez, une larriak pasa nituen gau kanariarretan... ezin alaiago egon beharrean...



7. DESAZKUNDEA
Desazkundearen kontzeptua tailer honetatik urrun samar dagoela badirudi ere, tailerraren planteamendua izan da desazi egin dena. Konparazioz, Albaidan (Valentzian) eman nuen tailerrean  askoz baliabide, tresna, material eta egitura metodologiko korapilotsuagoa erabili nuen. Tailer honetan, erabaki nuen diseinua apurtzea eta arian-arian garatzea tailerra, sortzen zenari adituz eta partaideekin batera sortzen ziren elkarreraginen arabera.


Jauzi handia izan zen baina askoz jarioakorra izan zen tailerra horrela. Askoz gehiago prestatu behar da dena (materiala, aukera desberdinak...) baina tailerreko partaideekin harreman naturalagoa eta adeitsuagoa izaten lagundu zuen.

Kontraesana: beno... kasu honetan kontraesana zen 5 izarreko hotel batean nengoela... Desazkundearekin askoz hobeto sentitzen naiz eta halako hotelez disfrutatzen badakit ere, leku apalago batean hobeto sentituko nintzen. Eskerrak hotel aldameneko tabernan oso bizipen dibertigarria izan nuela :-)

8. ITXAROPENA
Itxaropena, itxarokizuna... nire itxaropena da kontraesan hauek gainditzeko gaitasuna izatea... segurtasunetik alde egin eta gezurrezko mundua behingoz zokoratu ahal izatea... zenbaitetan zalantzati banabil ere, beldurti... plastikozko bizitza utzi eta sakontasunez, emozioz eta alaitasunez bizi nahi dut... eta onena da laguntza beharko dudala horretarako, ezin baitut bizitza hau bakarrik egin... ;-)

#kfe08 Donostian: Zer da bizirautea? #don01

(Sarrera hau 2014ko ekainaren 23an argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)

2014ko maiatzaren 23an Kfé Innovación-ek antolatutako zortzigarren topaketan parte hartu nuen Donostiako euskarazko egoitzako koordinatzaile gisa (#don01). Deialdi honetan, 28 egoitzak hartu genuen parte, munduko hainbat lekutan barreiatuta (hona egoitzen zerrenda).

Gure topaketa Donostiako Hirikilabs egoitzan izan zen, Donostiako bigarren egoitzarekin batera, #don02, @mertxejbadiola-k koordinatua, #ikaskide1314 ekimenaren barruan, eta eztabaidaren lehen atalaren ostean, bi egoitzak elkartu ginen, BIZIRAUTEAZ zer ulertu genuen trukatzeko.

ZER DA BIZIRAUTEA?

Galdera honetara hurbiltzen hasita, oso deigarria izan zen biziraupena enpleguarekin lotu genuela: zer nolako lanpostua dugun, gure enpresari nola eutsi, nola antolatu gure lan-harremanak... Biziraupena alderdi ekonomikoetan eta enplegu-testuinguruan ditugun harremanetan oinarrituta dugula adierazi genuen hasieran.

Ikuspegi hori oso kezkagarria iruditu zitzaidan, beharbada azken hilabeteko bizipenengatik ez balitz, ez nintzatekeelako ohartuko zein atxikita gauden... Hain garrantzitsua da enplegua gure bizitzan? Lan-merkatuak baldintzatuta bizi gara guztiz?

BOTERE-HARREMANAK LANEAN

Honekin, botere-harremanen gaia azaleratu zen. Enpresaren berrikuntzaren barruan, harreman egituren horizontalizazioa eta elkarlana gako gisa planteatu zen: enpresak edo lan-erakundeak oro har eraginkorragoak omen dira langileen arteko harremanak parekoagoak direnean, ideien trukea eta langintza errazten delakoan.

Gai hau foro askotan ikusi dut eta egia esan, ez nago ados ikuspegiarekin. Azkenean, botere-egitura argia dagoen erakundeetan, "egongo ez balitz bezala" egitea trikimailu kaltegarria da, borroka eteten du eta langilea ahulezian uzten du. Langileen partaidetza enpresariaren mesedetan den bitartean ez dago arazorik, noski... denon artean har ditzakegu erabakiak, zirkulutik irteten ez bagara.

Ahaluztearen kontzeptuan sakontzeko bidea hartu dut maiatzaz geroztik (ikus blog honetan aurreko sarrera adibidez, edo hazten joango den "ahaluztea" kategoria) eta aitortzen dut bizi-ikuspegia aldatu didala guztiz... batez ere harrigarria egiten zaidalako nolatan naizen hain itsua hain agerikoak diren kontuetan... Ahaluztearen ikuspegitik, berez botere-egitura baten egituratuta dagoen erakundean harremanak horrela antolatzea, nire ustez, sumisioa areagotzea da, hau da, boteredunaren eskutan geratzea gure indarra eta berez, sumisioaren onarpena da.

Aukeran, nahiago dut argi geratzea zein den nire lekua botere-piramidean, nahasterik gabe (gainera, esperientzia txar batzuk ere bizi izan ditut itxurazko desegituratze horretan...). Honek, noski, ezinbestez beste hausnarketa batera narama, beldur handixeagoa ematen didana: eskola-erakundeetan ikasleekin ditugun harremanetan ere botere-egitura argia egonik, ez ote da kaltegarriagoa itxuraz horizontalagoak diren metodologiekin lan egitea? Hausnarketa hau gogorragoa egiten zait ze, kasu honetan, irakasleok gara boteredunak, eta botere hori beheraka utzi ordez, metodologia aktiboen bitartez disimulatu egiten dugu...

Azken kontu honetaz aurreraxeago idatziko dut, oraindik ezin dut ondo azaldu kosta egiten zaidalako onartzea eragindako kaltea...

BIZIRAUPEN INDIBIDUALISTA, BIZIRAUPEN KOLEKTIBOA...

Biziraupena enpleguan oinarritzeak bizimodu indibidualistan erortzera eramaten gaituela ematen du. Enpleguan kontzentratzea oso garrantzitsua da biziraupen hori bermatzeko eta ondorioz, nork bere arazoak konpondu behar ditu, nork bere soldata lortu.

Eztabaidan planteatu zen gure egungo enplegu-ezaugarriei esker, askoz bizitza zabalagoa genuela: esperientzia ugari bizi, asko bidaiatu, jende asko ezagutu... eta horretaz ari ginela, galdera: Gure gurasoek baino adiskide gehiago ditugu? Gure adiskideekin harreman sakonak, benetakoak garatzen ditugu?

Solasak, orduan, bide pertsonalagoa hartu zuen. Zeinekin erlazionatzen garen pentsatzen jarrita, konturatu ginen apenas ezagutzen ditugula auzokideak, gure gazteagoko lagunekin aspaldi utziak ditugula harremanak eta burbuila moduko batean bizi garela, behintzat solasaldira hurbildu ginenok. Nola iritsi gara egoera honetara? Nolatan onartu dugu gure arteko harremanak azaleko bihurtzea?

Ikuskizuneko gizarte honek zentzumenak zeinu bihurtu ditu, eduki egin eta beste ezeren gainetik jarri ditu.
Antonio Mandly-k dioen eran, gizarte honek bizitzaren sakontasuna azalezko objektu bihurtzen du; desio/sedukzioa, posesio; komunitatearen esparruak, baliabide; generoa (herriarena), sexu (ekonomiko); politika, pragmatikan; herri-borondatea, gehiengoen borondate; eta hitz egiten deneko mundua - harreman-erak - hitz egiten den mundua - eduki.
Ikuskizuneko gizarte honetan, esan dezakegu herri-kulturak globalizazioari koherentziaz eusten dioten azken aterkia direla. Globalizazioaren aurkako mugimendu alternatiboaren zati handiena globalizatu egin da eta planu berean jokatzen ari den alternatiba bihurtu da.

Formas de relación, contenidos, globalización (itz.)
http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=476

BIZIRAUTEA... BIZITZEA

Eztabaidan, #don01 eta #don02 taldeak elkartuta, ikusi genuen gure taldean ez bezala, #don02 taldean "bizirautea" zentzu negatiboan interpretatu zela, bizirautea minimotan bizitzea balitz bezala, eta nolabait, bizirautetik askatu eta bizitzen hasteko garaia zela aldarrikatuz.

Bizitzaz gozatu, eguneroko bizipenak onak izatea bilatu... Etorkizuneko bizitza idealaren bila - eta horren aldeko borrokan -, egunerokoak ihes egiten digulako, gizartea eraldatzea lan itzela, amaierarik gabea eta zehazgabea delako, gizartea eraldatu nahiak botere-esparruetan borrokatzera eramaten gaituelako, beharbada gauza errazagoak egin ditzakegu, @jmandonegi-k esan bezala, gure bizitza atseginagoa, alaiagoa nola izango den pentsatzen joan, hobeto sentitu eta egiten joan...
Esan...


Eta egin...

Horregatik, pobreziei buruz pluralean hitz egiten dugunean ez da soilik kontu ekonomikoa, hau da, hilabete bukaeran diru gehiago edo gutxiago edukitzea/lortzea, hartara esan dezakegu egoki asetu ez den edozein oinarrizko giza-beharrek giza-pobrezia erakusten duela. Bizi-iraupenari lotutako pobrezia (adibidez, elikadura edo beroki eskasia); babesarena (esaterako, osasun-sistemaren eraginkortasun falta, bortizkeria, eta abar); estimua (adibidez, autoritarismoa, opresioa, ingurumen naturalarekiko ustiatze-harremanak, eta abar); ulerkortasuna (esate baterako, hezkuntza eskasiagatik); partaidetza (adibidez, emakume, haur eta talde gutxituen bazterkeriagatik); identifikazioa (esaterako, lekuko eta eskualdeko kulturetan balio arrotzak ezartzeagatik, derrigorrezko emigrazioa, erbesteratze politikoa, eta abar) eta askatasuna (hala nola, bortxa eta opresioak eraginda, botere metaketagatik, harremanetarako espazio faltak eraginda...).
Encina, Javier, Ávila, M. Ángeles (2014). El desempoderamiento. Viviendo la construcción de un nuevo mundo sin poder. Sevilla: UNILCO - espacio nómada. (21. or., itz.)

Bizirautea, ekonomiaz haratago, BIZITZEA da, nire ustez, biziz gozatzea, gogoz bizitzea, botere bidezko harremanak desegiten joatea eta konfiantzan oinarritutako harremanak sortzea, adiskidantza loturak, elkar zainduz.

ABESTITXO BAT AMAITZEKO...

Sevillanas De La Vida-Alba Molina - Alba Molina - BSO SOBREVIVIRÉ
de Bso Sobrevivire lyrics



Euskaraz...
Maitemindu nintzen, maitemindu nintzen, maitemindu nintzen... maitemindu nintzen.
Zure barreaz, zure ileaz, zure aurpegiaz maitemindu nintzen,
zeruaren paisaia.
Zelaien berdeaz,
aireaz, ametsaz,
irrikatzen dudan gizonaz.
Egunsentiak kantatzen zuen eta goiz-izarrak bainatzen ninduen,
egia borobila kantatzen zuen,
muxukatzen ez banauzu, hil egingo naiz.
Maitemindu nintzen, maitemindu nintzen, maitemindu nintzen.

Bakardadea, bakardadea, bakardadea... nire bakardadea.
Bakardadeak laguntzen dit,
gauez, zure hutsak akabatzen nau eta zauritzen.
Denborari lapurtu geniona,
zure muxuak, nire beldurra, urtarrileko antzigarra.
Bakardadeak irakatsi zidan zu maitatzen zeloen gainetik,
zure pasioari segitzen eta nire kredoan babesten.
Bakardadea, bakardadea, bakardadea.

Zuk zer ematen didazu, zer ematen didazu, zer ematen didazu... zer ematen didazu.
Nire maitazarrea ematen badizut, nire maitasun zintzoa,
nire barrea, nire izotz ahoa.
Airearen garbia ematen dizut,
nire odola, nire gogoa,
nire arnasa, nire gaubeila.
Apirileko loreak ematen dizkizut,
bizitzeko behar dudana,
jasmin ahotsa ematen dizut,
albero-patioa ematen dizut.
Zuk zer ematen didazu, zer ematen didazu, zer ematen didazu.

Aska nazazu, aska nazazu, aska nazazu... aska nazazu.
Aska nazazu beltzetik, zikinetik,
hildakotik, faltsu eta ergeletik.
Eta emadazu Kadizeko zelaien soinua,
zeruaren zuria eta urdina.
Aska nazazu barkamenagandik, inoiz sentitu ez zutenengandik,
maitasunik ikusten ez dutenengandik,
gezurti direnengandik.
Aska nazazu, aska nazazu, aska nazazu.

2014(e)ko ekainaren 9(a), astelehena

EZLN eta jabegabetzea

(Sarrera hau 2014ko ekainaren 9an argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)

Jabegabetzean sakontzen ari naizelarik, hunkitu nauen testu bat ekarri nahi dut hona eta partzialki euskaratu: EZLNren 2014ko maiatzaren 25eko komunikatua. Komunikatu hau garrantzi handikoa da Marcos Azpikomandante Matxinatuaren desagerpenaren komunikazioa delako, ahaluztearen erakusle indartsua, argia, matxinatuen gudaloste handi baten gidari izatetik ezerezera pasatzea, boterea behean daudenei utzita.

Irakaskuntzan, nire bizitza profesionalean eta nire eguneroko bizitzan dudan boterea beherantz uzten saiatzen ari naizen honetan, behin eta berriz iruditzen zait oso zaila dela, korapilotsua, beldurra eragiten didana... baina hau irakurrita... sup Marcosek boterea utz badezake, egoera eta baldintza gogor horietan... nola ez naiz, ba, neu gai izango!

Itxaropentsua egin zait bere komunikatua, posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenerako bidean. Komunikatutik hautaketa txiki bat egiteko atrebentzia izan dut, barkamena eskatzen dut aldez aurretik, entresaka egiteagatik eta hautaketa hori euskaratzeko ausardiagatik. Dokumentua osorik irakurtzea oso baliotsua iruditu zait eta hautaketa eta itzulpen txiki hau testuko hitzekin jolas-solasteko modu bat baino ez da izan.

AHALUZTEAZ BI HITZ, AURRETIK

Jabegabetzea ("desempoderamiento") zer den hobeto ulertzeko, hona azalpen labur bat:
Jabegabetzea boterea beherago daudenenganantz uztea besterik ez da (boterea erabiltzeari uko egitea), gizarte eta natura ingurunearekin harmonian, eraikitze kolektiboa erraztuko duena. Botere uzte hori bizitzaren edozein esparrutan izan daiteke (familia harremanetan, lagunartean, lanean, elkartasunean...), banakoarena izan daiteke (ni aita/ama/seme/alaba... gisa, ni adiskide gisa, ni nagusi gisa, ni irakasle gisa, mediku, funtzionario, aktibista gisa...), kolektiboa izan daiteke (EZLNk 2000 urtean bideratu zuena, mugimendu politiko bihurtu zenean, alegia, gudalostearen boterea utziz Chiapaseko herriek euren oraina eta geroa kolektiboki eraikitzea errazteko: Mundu Berria).

Gehiago irakurtzeko: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=619

EXSUP MARCOSEN AHALUZTEA

Iturria:
https://www.facebook.com/photo.php?fbid=674597449261904&set=a.411296782258640.100156.135243633197291&type=1&relevant_count=1


2014ko maiatzaren 25ean, Marcos Azpikomandanteak bere azken komunikatua argitaratu zuen, bere desagerpena iragartzeko. Testua osorik hemen irakur daiteke eta merezi du arretaz irakurtzea:


ARGIAREN ETA ITZALAREN ARTEAN
[...]
1994an ezustean eta indarrez hasi ginenean, odol eta suz, ez genuen guda geuretzat, zapatistentzat hasi.
Goikoen guda, heriotza eta suntsipenarena, gorpuzki eta umilazioarena, zapalkuntzarena eta galtzaileari ezarritako isiltasunarena, duela mendeak ari ginen jasaten.
Guretzat 1994an hasi zena askotan gertatutako guda da, behekoena goikoen aurka, beren munduaren aurka.
[...]
Heriotzaren aurka, guk bizitza eskatu genuen.
Isiltasunaren aurka, hitza eta errespetua eskatu genuen.
Ahanzturaren aurka, oroimena.
Umilazio eta mespretxuaren aurka, duintasuna.
Zapalkuntzaren aurka, matxinatzea.
Esklabutzaren aurka, askatasuna.
Inposizioaren aurka, demokrazia.
Hilketen aurka, justizia.
[...]
Orduan, galdera erabakigarri bati erantzun beharrean izan ginen:

“Zein da jarraipena?” [...]
Erail ala hil halabeharreko xede gisa?

Ala bizitzaren bidea berreraiki beharko genuke, goikoek apurtu zutena eta apurtzen segitzen dutena?
[...]

Inork ez zuen orduan entzun, baina gure orduko lehen hitz motel horietan ohartu ginen gure ezbaia ez zela negoziatu ala borrokatu, hil ala bizi baizik. [...]
Eta aukeratu egin genuen.

Eta gudariak, soldaduak eta eskuadroiak prestatzeari eman ordez, heziketaren, osasunaren sustatzaileak prestatu genituen, eta gaur mundua liluratzen duen autonomiaren oinarriak eraikitzen hasi ginen.

[...]

Zaila da sinesten, duela 20 urteko "guretzat ezer ere ez" hori ez zela lelo bat, kartel eta abestietarako esapide bat, errealitate bat baizik, errealitatea.

Kontsekuente izatea porrota bada, orduan inkongruentzia da arrakastaren bidea, Boterearen ibilbidea.
Baina guk ez dugu harantz joan nahi.
Ez zaigu interesatzen.

[...]

20 urte hauetan, askotariko errelebo konplexuak izan dira EZLN-n.

Zenbaitzuk soilik argien dagoen erreleboaz ohartu dira: belaunaldiartekoa.

Orain borrokan dabiltza eta erresistentzia zuzentzen ari direnak altxamenduaren hasieran haur ziren edo artean jaioak ere ez ziren.

Baina hainbat ikastun ez dira konturatu beste errelebo batzuez:

Klase erreleboa: klase ertain ilustratu jatorritik indigena nekazarira.

Arrazarena: zuzendaritza mestizotik erabateko zuzendaritza indigenara.

Eta garrantzitsuena: pentsamenduaren erreleboa: abanguardia iraultzailetik obedituz agintzera; Goiko Boterea hartzetik beheko boterea sortzera; politika profesionaletik eguneroko bizitzako politikara; lidergotzatik herrietara; genero bazterkeriatik, emakumeen partaidetza zuzenera; besteren isekatik, desberdinaren ospatzera.

[...]
Zenbaitetan pentsatu nuen aurreratu zirela, gidatu gintuzten eta gaituzten hitzak egutegirik gabeko garaietatik zetozela, geografia zehazgabeetan galduta zeuden garaietatik zetozela: hegoalde duin beti nonahikotik, puntu kardinal orotan nonahi dagoen hegoaldetik.

Gero jakin nuen ez zidatela hitz egin mundu zehaztugabe eta ondorioz nekez gertatzekoa zen batetik.

Mundu hori dagoeneko bazebilen bere pausuan.

Zuek, ez zenuten ikusi? Ez duzue ikusi?

[...]

Eta kontu makabroak egiten hasita: inork heriotza merezi badu, existitzen ez dena eta inoiz existitu ez dena izango da, ordainpeko komunikabideetan arinki baino existitu ez dena.

EZLNko gure kide nagusi eta bozeramaile den Azpikomandante Matxinatu Moisés-ek esan zigun bezala, Galeano hil zutenean, edo edozein zapatista hil dutenean, goikoek EZLNa hil nahi izan dute. Ez gudaloste gisa, baizik eta matxinatu ergel gisa, bizitza eraikitzen eta altxatzen duena beraiek, goikoek, meatze, petrolio, turismo industriaren basamortua nahi duten lekuan, lurraren heriotza eta bertan bizi eta lan egiten dutenen heriotza nahi duten lekuan.

Eta esan du etorri garela, Nazio Askapenerako Armada Zapatistaren Komandantzia Orokor gisa, Galeano hilobitik ateratzera.

Uste dugu beharrezkoa dela gutariko bat hiltzea Galeano bizi dadin.

Eta lotsagabea den heriotza ase dadin, Galeanoren lekuan beste izen bat jarri dugu Galeano bizi dadin eta heriotzak bizitza bat eraman ez eta izen huts bat eraman dezan, zentzuz guztiz hustutako letra soilak, berezko historiarik gabeak, bizitzarik gabeak.

Hala, erabaki dugu Marcosek existitzeari uztea gaur.

Esku itzaletik helduta eramango dute gerlariak eta argitxok, bidean galdu ez dadin, On Durito berarekin joango da, Antonio Zaharra bezalaxe.

Ez dute bere hutsunea nabarituko bere ipuinak entzuteko elkartzen ziren neska-mutilek, orain helduak baitira, zentzutasuna dute, inor baino gehiago borrokatzen dira askatasunaren, demokraziaren eta justiziaren alde, edozein zapatistaren zeregina baita.

Katu-txakurra izango da, eta ez beltxarga, agur kantuaren tonua emango duena.

Eta amaieran, ulertzen dutenek, jakingo dute ezin dela joan inoiz egon ez zena, eta ez dela hiltzen inoiz bizi izan ez dena.

Eta heriotza Galeano izeneko indigena batek engainaturik joango da bere borrokan, eta bere hilobian jarritako harri horiek berriz ibiliko dira eta irakatsiko diete, irakasten uzten denari, zapatismoaren oinarria, hau da, nork bere burua ez saltzea, ez etsitzea, ez amore ematea.

Ah heriotza! Argi egongo ez balitz bezala goikoak liberatuta geratzen direla edozein ardurakidetzaz, heriotz otoitzetik, omenaldi grisetik, estatua antzutik, museo kontrolatzailetik haratago.

Geu? Beno, ba geu heriotzak konprometitzen gaitu bizitzatik duen horrengatik.

Eta, hala, hementxe gaude, heriotzari errealitatean iruzur egiten.

Kide horiek:

Aurreko guztia esanda, 2014ko maiatzaren 25eko 0208ak izanik EZLNko hegoekialdeko borroka frontean, aditzera ematen dut Marcos Azpikomandante Matxinatutzat ezagutzen denak, bere burua "altzairu herdoilgaitzezko azpikomandante" deritzonak, existitzeari utzi diola.

Halaxe da.

Nazio Askapenerako Armada Zapatista ez da nire ahotsez mintzatuko.

Listo. Osasuna eta inoiz ez arte... edo beti arte, ulertu duenak jakingo du horrek ez duela garrantzirik, inoiz ez duela inporta izan.

Errealitate zapatistatik.

Marcos Azpikomandante Matxinatua.
México, 2014ko maiatzaren 24a.

GURURIK EZ, METODORIK EZ, IRAKASLERIK EZ...

Van Morrison: No Guru, No Method, No Teacher...


2014(e)ko maiatzaren 11(a), igandea

Partaidetza, Autogestio eta Jabegabetze Mintegia #ikaskide1314

(Sarrera hau 2014ko maiatzaren 11n argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)

Aste honetan, 2014ko maiatzaren 5etik 7ra, Partaidetza, Autogestio eta Jabegabetze Mintegia antolatu dugu Ikaskidetza Sarean. Lehen saioa (maiatzaren 5ekoa) Ikaskidetza Proiektuaz zehazki hitz egiteko izan da eta maiatzaren 6 eta 7koak zabalik utzi genituen, nahi zuenak parte hartzeko.

Mintegi honetako ponenteak Javier Encina Ilusionista Soziala (UNILCO-espacio nómada) eta Juan José Calderon @eraser (Epistemología y Estética Edudadá) izan dira, eta beraiengandik zenbat ikasteko!

Gure galdera zen ea Ikaskidetza Sarea partaidetza sustatzeko proiektu bat izan zitekeen... eta mintegiaren ostean, ikasi dudan lehen kontua da galderak egitea ez dela ideia ona, galderak baldintzatzen duelako munduaren ikuspegia. Galderak errealitatearen baztertzaile dira, inklusioa-esklusioa... eta erantzuna, hala ere, argia izan da: EZ, Ikaskidetza Sarea, gaur gaurkoz, ez da partaidetza proiektu bat. Ezezko horretatik abiatuta, gainerako guztiaz hitz egin ahal izan dugu.

Hona ideia batzuk, hemen utzi nahi ditudanak. Esan behar dut aste honetan ikasi dudana izugarria izan dela, eraldatzailea eta harrigarriki argia eta xumea. Ez dut espero hemen jartzen dudana bete-betean ulergarria izatea, ulertu nahi duenak ulertuko badu ere. Nahi izanez gero, hemen sakondu dezakezu zer den Ilusionismo Soziala eta Jabegabetzea (desempoderamiento): http://ilusionismosocial.org/


BELDURRA

BELDURRA - MIEDO

 "Cuando bordeamos el abismo y la noche es tenebrosa, el jinete sabio suelta las riendas y se entrega al instinto del caballo" Armando Palacio

Michel Foucault-ek ahaluztearen atea zabaldu zuen boterearen mikrofisika planteatu zuenean, baina ez zen ausartu zeharkatzera. Amildegira hurbildu... eta pausoa ematea falta izan zuen.

Erresistentzia... "NIK BAKARRIK!!!" ... Banakotasunak ahalduntzea bilatzen du, eta ahalduntze horrek harreman hierarkikoak sustatzen ditu. Erresistentziak... erresistentziak agertu ziren mintegian, baina erresistentzia horiek BELDURRAK baino ez dira izan. Ikaskuntza kolektiboak eta autogestio kolektiboak "GOAZEN ELKARREKIN!" elkarmendetasun positiboa eta batera ibiltzea bilatzen du. Jabegabetzea indibidualtasuna alde batera uztea da.

PARTAIDETZA ez da NORK-NORENTZAT, NOREKIN ETA NONDIK baizik.
Norentzat egiten duzu lan? Politikarientzat, enpresarentzat, unibertsitatearentzat... pertsonentzat, jendearentzat... ?

Metodo zientifikoak, txostenek memoriek "jakintzaren sistematizatzea, emaitzak eta aplikazioa" eskatzen dute, eta hala, IKERKETAREN OBJEKTUA identifikatu behar da lehen-lehenik, ESKUHARTZEAREN HELBURUAK finkatzeko. Sistematizazioak esan nahi du a priori antolatzen dela, partaidetzaren objektuen gainean eragiteko.

Partaidetza NORK-NORENTZAT izan beharrean NOREKIN ETA NONDIK pentsatzen badugu, orduan sistematizazioak ez du zentzurik. Pertsonak objektu gisa definitzean, harreman autoritarioa eta goitik beherakoa definitzen dugu eta ondorioz, partaidetzak mugak ditu, muga baztertzaileak; ikerketa-objektu gisa esku hartzeko kolektiboak definitzean, aldez aurretik erabakitzen da zein dagoen barruan eta zein kanpoan.

Sistematizazioa da Akademiak edo Gobernuak eskatzen duena, ez jendeak. Kontua da: NORENTZAT ARI ZARA LANEAN? NOREKIN ARI ZARA LANEAN?

Jabegabetzea da boterea uztea eraikitze kolektiboa posible egiteko. Xumeenetik konplexura eta konplexutik xumeenera. Ez da ikuskizun bat, ez da politikari eta ikertzaileek argazkiak ateratzeko leku bat, ez da ehizaki bat. Bizimodu berri baten bila hasten den prozesu bat da, kultura herrikoietan, elkar zaintzean, askatasunean, konfiantzan, alaitasunean, desazkundean eta itxaropenean oinarritutako eraikitze kolektiboa da.


LEKUAK/DENBORAK eta LURRALDEAK/ORDUTEGIAK
Lurraldeak eta ordutegiak seinalatutako partaidetzak benetakoak ez diren partaidetza-esperientzia negatiboetara garamatza. "Jendeak ez du parte hartzen", "jendeak ez du parte hartu nahi" edo "jendeak ez daki parte hartzen" maiz entzuten diren aitzakiak dira.

Ilusionista Sozialen eta UNILCO-espacio nómada taldeen esperientziek argi erakusten dute hori ez dela hala. Baina parte hartzeko, jendea dagoen eta dabilen lekuetara jo behar da eta jendearen denboretan lan egin.

Autokudeaketa kolektiboak begirada aldatzen digu, boterea hartu nahi izan ordez EGIN/SENTITU/PENTSATU ahal izatera. Horrek Lekuak eta Denborak eskatzen ditu, ezin da gertatu Lurralde eta Ordutegietan. Partaidetza prozesuetan edukiak ez dira garrantzitsuak, harreman-erak baizik. Horregatik, ezin dira metodologiak, teknikak eta antolaketak aldez aurretik zehaztu, arian-arian erabaki eta hautatzen dira lan-tresna egokienak.

Urte hauetan Ilusionista Sozialek eta UNILCO-espacio nómadak garatutako tresnak argitaratuak daude, askotarikoak dira eta egoera zehatzetan garatu dira. Tresna baliotsuak badira ere, tresna baino ez dira. Egoera patxadaz aztertu behar da, partaidetza ez da lau hilabetetan egiten den aurrez definitutako eskuhartzea, sistema perfektu bat aplikatzetik garatzen dena. Partaidetzaren garapen iraunkorrak denbora eta lekua eskatzen du.


"PUNTU NEGATIBOAK", Denok galtzen dugu inork irabaz ez zezan
Ez irabazteko trikimailuak...

Mintegian, beste kontu polit bat "puntu negatiboen" kontzeptua izan da. Puntu negatiboak Javier Encinak ezarri dizkigu asmatzen ez genuenean, eta ahaluztearen kontzeptuari sinbolikoki oso estuki lotuak daude: Denok galtzea inork ez irabazteko.

Arrakasta, irabazi beharra, besteak baino azkarragoak izatea... horrek soilik distantziak areagotzen ditu. Ikaskuntza kolektiboan batera goaz... beno, ez batera zehazki, nork bere erara doalako, baina inork ez du irabazten. Azkarrago doanak trikimailuak ezartzen ditu bidean ez irabazteko, baina ez besteek ez irabazteko baizik eta berau atzean geratzeko, gainerakoekin batera. Jabegabetzea.


Barreak ateak zabaltzen ditu, herri-poza eta berdinen arteko gizartea. Alaitasunez ikasten da kolektiboki, irribarrea eta barrea partekatzeak ematen duen pozak partaidetzarako bideak erakusten ditu.

ILUSIONISMO SOZIALA.
"Zerbait beharrezkoa eta (egungo joko-arauetan) ezinezkoa denean, joko-arauak aldatu egin behar dira eta horrela, ezinezkoa posible egiten da" Jesús Ibañez.

Posible dena azpi-arin bat da.
Zenbait koloretako tubo Seraut bat izateko aukera da azpi-arin bat zer den azaltzeko modu zehatza.
Posible dena inplikatzen duenez, izatera iristea, batetik besterako pausoa, azpi-arinean gertatzen da
.”

Marcel Duchamp, Infraleves (Inframince) 1914 (e-learning, teleformación en red)

"Eta denbora gelditu egin zen espazioetan... eta ezinezkoa zirudiena gertatu zen"

"Ez dut gogoratuko eta ez dut ahaztuko" SMASH
 
"Gogoratzen dut eta ahazten dut"
 "Jabegabetzea zeure begiradan datza"

Posible denaren segurtasunetik ezinezkoen itxaropenera. ILUSIONISMO SOZIALA.



ESKERRIK ASKO! Aste honetako ikaskuntza eraldatzailea izan da niretzat, ezin naiz eskertuago sentitu.


Iturriak:

Javier Encina, Juan José Calderón @eraser. Partaidetza, Autokudeaketa eta Ahaluzte Mintegia. Ikaskidetza Sarea 2013-14
Encina, Javier et al (2014). Participando con y desde la gente. Colectivo de Ilusionistas Sociales y UNILCO-espacio nómada: Sevilla (Andalucía) y Cuernavaca (México).
Encina, Javier y Ávila, Maria Ángeles (2014). Desempoderamiento. Viviendo la construcción de un nuevo mundo sin poder. Autogestión de la vida cotidiana. Colectivo de Ilusionistas Sociales y UNILCO-espacio nómada: Sevilla (Andalucía).