2015(e)ko maiatzaren 30(a), larunbata

Jabegabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak Lesakan, abuztuaren 4tik 9ra

2015eko udaran zehar, Jabegabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak egingo dira munduan barrena. Hemen duzue eguneratzen gabiltzan informazioa:
http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/jabe-gabetzearen-nazioarteko-i.html


Hauxe da gure proposamena:


JABEGABETZEAREN NAZIOARTEKO I JARDUNALDIAK NAFARROAN

Lesaka (Nafarroa), 2015eko abuztuaren 4tik 9ra, Matxinbeltzenea Aterpetxe-barnetegian.

Hau da egunez egun egitea proposatu duguna:

Abuztuak 4, 18:00etan: Lesakako jardunaldien aurkezpena. Zer da jabegabetzea? sarrera labur bat. Nazioarteko jardunaldietan zehar Kolonbian, Andaluzian eta Mexikon egindakoaren kontaketa.

Abuztuak 5, 10:00etatik 14:00etara: Partaidetza-motak eta itxaropena (jabegabetzearen zutabea).

Abuztuak 6, 10:00etatik 14:00etara: Hezkuntzaren jabegabetzea eta eraikitze kolektiboa.

Abuztuak 7, 10:00etatik 14:00etara: Eskola komuna.

Abuztuak 8, 10:00etatik 14:00etara: Hizkuntzaren jabegabetzea.


Abuztuaren 5etik 8ra bitarteko arratsaldeetarako, gaiak proposatu ahal izango dira (aldez aurretik edo bertan), edo ibilaldiak egin, bazkalosteko kafean endredatu, deskantsatu, edo besterik gabe, jendearekin egon.

Proposamenik baduzu, bidaliguzu eposta honetara:

ilusionistasozialak@gmail.com


HIZKUNTZAK:

Beste leku batzuetako lagunak etorriko direnez (Andaluziatik gehienbat), goizeko saioak gaztelaniaz izango dira. Arratsaldean... joango gara ikusten.

Nolanahi ere, topaketa hau baliatu nahi dugu Lesakara hurbiltzen den edonorekin hausnartzeko, eztabaidatzeko, esperientziak trukatzeko... elkarrekin eraikitzeko. Seguru elkar ulertzeko moduak bururatuko zaizkigula!


DINAMIKA:

Topaketa hauek edonorentzat daude zabalik. Partaidetza-erak interesatzen bazaizkizu, jakintzak eraikitzeko beste modu batzuk, harreman horizontalak eratzeko moduak, jabegabetzea ("desempoderamiento") hezkuntza komuna, hizkuntza eta ahozkotasuna... animatu eta parte hartu!!!

Ez da beharrezkoa saio guztietara etortzea.

Aldez aurretik gaian sakondu nahi baduzu... hona "Jabegabetzea. Sarrera bat." artikuluaren euskarazko bertsioa:
https://docs.google.com/document/d/1zDu3xiC3guCtjM2XdGdWXa2hd8D-VL6iMJG81d8RShQ/edit?usp=sharing

*parte hartzeko asmoa baduzu, irakurri beherago duzun "ixilpeko klausula"

LEKUA ETA IZENEMATEA:

Ekitaldi hau autogestionatua da eta ditugun baliabideak partekatuko ditugu jardunaldiaz gozatzeko elkarrekin.

Debate-solasaldietan parte hartzeko, ez da beharrezkoa ez izena ematea eta ez izenematea ordaintzea, etorri eta kitto. Hala ere, eskertuko genuke mezutxoren bat bidaltzea, korreoz, feisbukez, watxapetik... jakinaren gainean egon gaitezen.

Matxinbeltzeneako arduradunei esker, gelak erabiltzeaz gain, bertan prestatu ahal izango ditugu otorduak eta baita lo egin ere!
  • Gauez geratu nahi baduzu, 16 euro izango dira gau bakoitzeko. eta aldez aurretik jakinarazi behar diguzu zein egunetan geratuko zaren, gelak antolatzeko. Gelak 4, 6 edo 8 lagunekoak izango dira. Ordainketa norberak egingo du bertan.
  • Otorduetan, norberak dakarrena bertako sukaldean prestatzen denarekin batuko dugu. Adibidez, saioen aurretik gosaltzera bazatoz, zeozer ekar dezakezu edota dirua jarri esnea edo kafea erosteko. Bazkaltzen geratzeko, aldez aurretik abisatzea ezinbestekoa da erosketak eta lana antolatzeko.
  • Kontuan hartu nahi dugu partehartzaile bakoitzak errazena egiten zaiona ekartzea eta jateko-edatekoen antolaketan konfiantzan eta elkarlaguntzan oinarrituko gara. Dagoenarekin joango gara konpontzen.

Inportantea da bazkaltzen edota gauez lotara geratu nahi baduzu, aldez aurretik jakinaraztea eposta guri bidaliz: ilusionistasozialak@gmail.com (ahal baduzu, ekainean zehar abisatu)

Errazena da posta elektroniko bat bidaltzea zure asmoekin (zenbat egunetara etorriko zaren, lotara geratuko zaren, jatekorik ekartzeko moduan zauden...). 

Harremanetan jartzeko watxapa erabili nahiago baduzu, bidali guri eposta bat zure telefono zenbakiarekin eta jarriko gara harremanetan. Watxapeko kudeaketaren arduraduna Ainhoa Ezeiza da eta banaka zein taldeka joango gara antolatzen (partaide guztioi eskatzen dizuegu watxapa neurriz erabiltzea eta telefono zenbakien pribatutasuna gordetzea).

DIRULAGUNTZAK:

ERNE! Dirulaguntzak kudeatzen ari gara EHUko ikasleentzat egonaldia ordaintzeko, interesatzen bazaizkizu, jarri gurekin harremanetan lehenbailehen:

ilusionistasozialak@gmail.com
edo
ainhoa.ezeiza@ehu.eus

Matxinbeltzenea Aterpetxea

Ixilpeko Klausula:

[...]

Zer espero dugu zugandik?

Ba uler dezazula oso urrutitik datozela zenbait pertsona, euren diruaren eta denboraren sakrifizioa eginez etorri direnak zuk adieraziko duzuna entzutera. Ez datoz aisiagatik, ezta zerbait irabaziko dutelako ere. Ez datoz modagatik edo ezjakintasunagatik. Hona datoz beharbada hodei beltz horiek ikusten dituztelako ortzemugan, eurite eta haizeteek astindu dituztelako, ulerminaren gosea ez delako asetzen, ekaitza badakarrela sentitzen dutelako.

Orduan, guk, zapatistok, zu errespetatzen zaitugun bezalaxe, halaxen eskatzen dizugu pertsona horiek errespetatzeko. Izango da baten bat kolatu dena, baina gehienak gure kideak dira. Borrokan bizi eta hiltzen diren pertsonak dira, inork, gu ez bagara, kontuan izango dituena. Beraientzat ez dago museorik, ez estatuarik, ez abestirik, ez olerkirik, ez daude metroko bagoietan, kaleetan, kolonietan. Inor ez dira, egia da. Eta hala ere, edo horregatik agian, guretzat dena dira.

Orduan, ez zaitez iraindua sentitu, ez ekarri konsignarik, dogmarik, autofederik, modarik; ez errepikatu beste batzuek lehenago hemen edo han esandakorik; ez sustatu pentsamendu nagirik; ez saiatu inposatzen pentsamendu dogmatikoa; ez hedatu pentsamendu gezurtirik.

Eskatzen dizugu zure hitza ekartzeko eta horren bidez pentsamendua, hausnarketa probokatzeko. Eskatzen dizugu zure pentsamendua presta dezazula, zorroztu, distirarazi. Pentsamendu horrekin, ez ohoratzea akademia eta bere parekideak, baizik eta jasotzen duen jendea, nahiz astindu moduan, nahiz zaplasteko edo oihu moduan.

Mintegi edo hazitegi honetarako eskatzen dizugun hazia, zalantza eragiten duena izango da, probokatzailea, pentsatzen eta analizatzen segitzea bultzatuko duena. Hazi bat beste hazi batzuek entzun dezaten hazi egin behar dela, eta nork bere erara haz dadin, bere egutegiaren eta geografiaren arabera.

Oh, bai, badakigu: ez duzu zeure prestigioa lodituta ikusiko, ezta zure kontu korrontea ere, edo zure ospea. Ez duzu ikusiko, ezta ere, ea jarraitzaile, dizipulu, artalde gehiago lortuko duzun.

Areago, arrakastaren adierazle bakarra ez duzu ikusiko eta izango da leku askotan, beste egutegi batzuetan, askotariko geografietan, beste batzuek dena desafiatu, eztabaidatu, zalantzan jarri, kritikatu, irudikatu, sortzea.

Hori eskatzen dizugu. Hori, besterik ez.

[...]
Zati hauek hemendik hartuak eta itzuliak izan dira: